Euskal Herria burujabetzarantz
Egun Donald Trump izanen da ospetsuena emandako hitza betetzen ez duten politikarien artean. Hauteskundeetan garaipenera eraman zuen MAGA mugimenduak ez dio barkatzen hitza ez bete izana eta aurreikuspen txarrak ditu hurrengo hileko hauteskundeetarako.
Europako Batasunako agintariez gauza bera esan dezakegu. Hauteskundeetan hitz politak bai, baina gero gerra hotsa ari dira ozenki zabaltzen lau haizeetara. Faxismoa indartzeko geure sakeletik ateratako milaka milioi euro inbertitzen ari dira eta orain nahitaezko soldaduska ipini beharra dela eta adinduei pentsioa murriztu egin behar zaiela entzuten ari gara. Lau urtez hitz politak, baina ondoren ekintza zakarrak oso.
Aurrean esandakoak berdin-berdin balio du gure estaturako. Presidentearen alderdi politikoak bere estatutuetan Espainia estatu nazioaniztuna dela aitortzen du 2017tik, urte batzuk aurretik estatu federalaren aldeko jarrera estatutuetan jaso eta gero. Pedro Sánchez 2.018tik da estatuko presidentea. Sostenguen artean alderdi subiranistak eta konfederalistak ditu. Baina zortzi urte hauetan presidenteak eta sostengua ematen dioten alderdi horiek guztiek ez dute urratsik eman estatu federala eraikitzeko. Ezta beste aurrerapausoa exijitzen duen estatus konfederala. Are gutxiago autodeterminazio eskubidea onartzeko.
Zer egin dezakegu euskaldunok honen aurrean? Pazientziari eutsi, eta hurrengo hauteskundeetan ea zerbait lortzen dugun itxoiten segitu? Edo hurrengo hamarkadan? Edo hurrengo mendean? Agian Europako Batasuna hausten denean? Azken hau epe motz edo ertainean gerta litekeen zerbait da, baina akats handia litzateke gu horren zain pasiboki geratzea. Burujabetza ekinaren ekinez bultzatu behar dugu.
Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda abian
Irailaren 14an, Erresuma Batuaren barruan dauden hiru nazio horiek batera autodeterminazio eskubidearen onarpena erreklamatu zioten gobernu britainiarrari. Formalki ez dira izan gobernuak eskaera bideratu dutenak, SNP, Plaid Cymru eta Sinn Féin alderdi politiko nagusien ordezkariak baizik. Zehazki, jurisdikzio bakoitzean “konstituzio-aldaketa prestatu, planifikatu eta ahalbidetu” dezala da eskaera. Eskoziak hurrengo bost urteen barruan independentziarako erreferenduma egin nahi du. Galesek, datarik zehaztu gabe, bere etorkizun konstituzionala demokratikoki erabakitzeko eskubidea izan. Ipar Irlandak, berriz, Irlanda batuaren aldeko erreferenduma egin nahi du.
Gure estatuan ere hiru nazio nabarmentzen dira gaur egun. Euskal Herriarekin batera, Katalunia eta Galizia. Ziur hiruetan hainbat eragile politiko garrantzitsu prest egonen dela estatuko gobernuari antzeko proposamena bideratzeko. Galdera da ea oraingo baldintza sozialetan komeni den halako ekimenik bideratzea. Euskal gizartea guztiz desmobilizatuta baitago. Erantzuna ongi pentsatu beharrekoa da.
Prozesu luzea
1.200. urtean kokatzen badugu burujabetza galtzen hasi ginen unea, pentsatzekoa da zortzi mendetan zehar galdutakoa ez dela berreskuragarria izanen hilabete gutxi batzuetan. Eskoziak bost urteko epea jarri dio bere buruari independentziarako erreferenduma gauzatzeko. Kontziente dira, noski, herri dinamika biziak bakarrik sor ditzakeela “E” eguna iristerako garaipena eskuratzeko baldintzak.
Guk urte horiek beharko ditugu, eta agian batzuk gehiago, bakarrik erreferenduma egin ahal izateko eskubidea irabazteko. Aurrean prozesu luzeari ekiteko beharra izanen dugula pentsatu behar dugu. Bereziki garrantzitsua da jendeari ilusioa piztuko dion zerbait eskaintzea. Eta horretarako zerbait berria antolatu beharrkoa da. Protagonismo nagusia gizarte zibilak izanen duena. Gizarte-sektore ezberdinetako jende ezagunak lideratuko duena, herrigintzan nabarmendu den jende ezagunak, ospetsuak nahi baduzu. Euskaldunok, ekimen hau zerbait desberdina dela ikusten badugu, eta zabala, ilusioz har dezakegu, euskaldungoa goseak baitago. Oso goseak esanen nuke. Euskaldunok, geure buruaren jabe izan nahi dugulako. Zalantza izpirik ez horretaz.
Gizarte-sektore guztiak inplikatzea lortu beharko da. Artistak, idazleak, kirolariak, unibertsitateak, abokatuak, medikuak, kazetariak, enpresariak, zientzialariak, historialariak, ekonomialariak, gazte elkarteak, sukaldariak, sindikalistak, euskalgintza, feministak, herri mugimendu osoa… Garrantzi berezia hartuko dute, besteak beste, ekonomia eta finantzen arloetako profesionalek. Borroka ideologiko handia garatu beharko baita aurkarien kontrako defentsan eta Eurkal Herri independentearen bideragarritasun ekonomikoa arrazoitzeko tenorean.
1.931n Eusko Ikaskuntza izan zen Hegoaldeko lau herrialdeetarako lehen autonomi-estatutuaren inguruko dinamikaren lidertza bere gain hartu zuena. Gisa horretako erakunde batek dei lezake prozesua gidatuko duen taldea osatzeko batzarra. Batzar honetara azken hamarkadetan gizarte zibilean egindako lanagatik nabarmendu diren eragileak dei litezke: Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Euskal Herriko unibertsitateetako errektoreak (EHU, NUP, UPPA, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, UNAV, EUNEIZ eta UEU), EIE Euskal Idazleen Elkartea, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea, AEK, Arantzadi Zientzia Elkartea, Elhuyar Fundazioa, Elkar Fundazioa, EKE Euskal Kultur Erakundea, Jakin kultur taldea, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Ekonomisten Nafarroako Elkargoa, Ekai Center, Bertsozale Elkartea…
Alderdi politikoek ere zeregin garrantzitsua izanen dute prozesuan zehar. Beren militante eta boto-emaileak parte hartzera gonbidatuko dituzte, dinamikoak izan daitezen bai talde eragileetan eta bai mobilizazioetan ere. Prozesuaren gidaritza-taldeari babes publikoa eskainiko diote, gizarte zibilaren protagonismoa hauspotuz.
Udalek Errepublikaren garaian izan zuten protagonismoa izan beharko lukete orain ere, beraiek baitira herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak. Euskal Herrian betidanik izan dira erreferente garrantzitsuak eta gero ere hala beharko lukete izan. Ahalik eta udal gehienek beren atxikimendua eman dezaten bilatuko dugu eta herri horietako alkateek leku nabarmena izanen dute prozesuan. Bestalde, euskal instituzio gorenek -Hegoaldeko autonomikoek eta foralek eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak- era guztietako babesa ematera deituak izanen dira, nola ekonomikoa hala instituzionala.
Fase ezberdinak
Lehen fasea, katalanekin eta galiziarrekin batera hitzartua, hiru nazioek barne-antolaketa egokia ziurtatzekoa izanen da. Lehenik, gidaritza-taldea osatzeko deia eginen duen erakundea hautatzea, honek deialdia egitea eta gidaritzarako motor lana eginen duen taldea finkatzea.
Gidaritza-taldeak harremanak landuko ditu goien aipatu ditugun -eta aipatu gabe geratu diren- gidaritza lanetarako egokien izan daitezkeen Euskal Herriko elkarte eta erakundeekin, hauen inplikazioa lortzeko. Harreman hauek emankorrak izatea ezinbestekoa da, elkarte gehienen inplikazioa beharrezkoa baita, Euskal Herri osoa dinamika honetan murgil dadin nahi badugu.
Gidaritza-taldea eta elkarte eta erakundeen harreman-sare zabala finkatu ondoren, herri, auzo eta hirietako talde eragileak osatzea dator. Gune horietan guztietan dago goien aipatu ditugun sektore ezberdinetako jendea eta talde horietan ahalik eta sektore gehienek beren ordezkaritza izan dezaten lortu behar da eraginkorrak izan nahi badugu. Herri, auzo eta hiri guztietan behar dira talde zabalak eta sentsibilitate ezberdinetako jendea bilduko dutenak. Azken ezaugarri honek berebiziko garrantzia hartzen du, pentsamolde ezberdinetako jendea biltzea alegia.
Talde hauek guztiak dinamikoak izanen dira, sortzaileak eta adimentsuak. Zera esan nahi da, ez direla nazio mailako gidaritza-taldetik zain egonen ekimenak prestatzeko eta garatzeko. Gune bakoitzak bere ekimen propioak garatuko ditu, irizpide nazionaletan oinarrituta.
Hirurak bat
Behin Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian sare eragile hori guztia ongi antolatua izan eta, ondorioz, hamarka mila herritar mobilizatzen hasia, Madrili begirako fasea etorriko da. Madrilek baitu autodeterminazioaren giltza. Taktika ezberdinak erabil daitezke borroka honetan. Baina irabaztea da gure helburua, hori ez dugu sekula ahaztu behar. Ez dugu porrota ekarriko duten dinamika edo borroka sinbolikotan nahasi behar.
Saihestu behar da komunikabideek prozesua “Espainiaren aurka” doan mugimendu bezala saltzea. Horregatik, garrantzi berezia hartuko du estatuan prozesuaren aldeko atxikimenduak jasotzea. Elkartasun horrek bete-betean jarriko baitu prozesuaren funtsa bere erdigunean, NBE-k bere Gutunean jasoa duen autodeterminaziorako eskubidean alegia. Estatuko subiranisten eta autodeterminazioaren aldeko jarrera dutenen babesa lortzea lehentasunen artean kokatzen dugun zeregina da.
Estatuak ezezkoaren jarrera hartuko du hasieratik. Jarrera itxi horri aurre egiteko, herritarron presioa lehenetsiko dugu. Estatuaren errepresioari erantzuteko bide onena herritarron mobilizazio zabalak izanen dira. Ez dira aski izanen aldizkako erantzunak. Behin eta berriz, etengabe, herritarron gehiengoak burujabetza helburuari irmo eusten diola erakustea izanen da irabazteko gakoa. Mobilizazioak Madrilgo instituzio gorenetaraino iritsiko dira.
Presio iraunkorra beharko da prozesuak aurrera eginen badu. Bozka ematea ez da aski. Gure ordezkari politikoek instituzioetan bozka ematea nahikoa ez den bezalaxe. Milaka herritarron etengabeko presioa baita bakar-bakarrik burujabetzaren serraila ireki lezakeen giltza.
2026-10-04
joan mari beloki kortexarena
Eranskina
Aurreko azalpenean, azken hamarkadetan nabarmendu diren hainbat eragile aipatu dugu. Baina Euskal Herrian diren guztien protagonismoa behar dugu. Proposamen honen nondik norakoa hobeki ulertzeko, hona hemen zerrendatxo bat, denak aipatzea ezinezkoa baita: EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, IKA Euskaltegiak, Tecnalia, Ikerlan eta BRTA zentro teknologikoak, Nabarralde Fundazioa, EHNE nekazarien elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, EDB Euskal Dantzarien Biltzarra, EHME Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkartea, EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea, MUSIKARIAK Euskal Herriko Musikarien Elkartea, EPE Euskal Produktoreen Elkartea, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea, MIE Musika Industrialaren Elkartea, EWKE Euskal Wikilarien Kultur Elkartea, LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkartea, ZAPART Euskal Artisten Sarea, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, Euskal Irudigileak, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, ESKENA Euskadiko Arte Eszenikoen Elkartea, Euskal Artisten Elkartea, kirol elkarteak, abokatuen elkargoak, kazetarien elkarteak, NAFARPRES Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkartea, sindikatuak, elkarte feministak, herri mugimendu osoa… eta beste hainbat eta hainbat.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: