EUSKAL FUTBOLA ALDATZEN
Lehen Athletic diru gehien erabiltzen zuen kluba zen. Euskal Herri osoko jokalariak bilatzen zituen eta beti izaten zuen goi mailako taldea. Europako txapelketetarako maiz sailkatzen zen eta horrek ahalmen ekonomikoa handitu egiten zion. Hogeita hamar bat aldiz sailkatu zen Europan barrena lehiatzeko 2017-18 denboraldia bitarte. Geroztik ez du maila horretan jarduteko txartelik eskuratu. Azken bost urteetan Estatuko ligan lortu dituen postuak honakoak izan dira: 8-8-10-11-8, Europako Txapelketa desberdinetan parte hartzeko lehen zazpi postuetan sailkatu beharra delarik.
Urte askotan izan zen Athletic klub hegemonikoa Euskal Herrian. Diru gehien zuen kluba izanik, edozein probintziatik eta edozein klubetik har zitzakeen jokalari onenak. Aski zuen futbolariek eskaintza onar zezaten. Euskal selekzio indartsu bat biltzeko bidea hartu zuela esan liteke. Baina politika horrek arazoak sortzen zituen. Ez baitzuen beti kluben arteko harreman egokiren bitartez gauzatzen. Eta zaletuen eta kluben artean giroa mingostu egin zen hainbat kasutan, harreman instituzionalak hautsi arte, Joseba Etxeberriaren aferan gertatu zen bezala. Baina jokalari gehiago ere joan zen Bilbora Donostian sentsazio txarrak utzita: Iñigo Martínez, Loren, Díaz de Cerio, Castillo eta Iban Zubiaurre, besteak beste. Azken honen kasua denentzat izan zen mingarria: Errealarentzat jokalaria galdu zuelako, Athleticentzat epaileek Errealari bost milioi euro ordaintzera behartu zutelako eta jokalariarentzat, geroztik futbolaren mundutik desagertu zelako.
Nafarroa Garaian ere sentsazioak antzekoak dira. Arrazoia bera da, hau da, arrobiko jokalari onenak eramateko Athleticek erakutsi izan duen jarrera. 2005ean Isma López eta Javi Eraso kadeteak fitxatu zituen eta Osasunako presidenteak -Patxi Izko orduan- "Athleticen jarrera harroputza eta Osasunaren aurkako mespretxua" salatu zituen. 2017an Luis Sabaltza Osasunako presidenteak harreman instituzionalak hautsi zituen Athleticekin Jesus Aresoren fitxaketagatik. Ezin ahaztuko ditugu sona handia hartu izan duten beste hainbat jokalari: Javi Martínez, Muniain, Sancet, Williams anaiak... Giro lardats hau zela medio Osasunak, aurrez Errealak erabakia zuen bezala, kontratuetan Athleticen aurkako klausula jartzen hastea erabaki zuen. Ibili eta buelta, Osasunako zaletuen inguruan giroa Errealakoenean bezalakoxea da: hotza, Athleticekiko harremanei dagokienean.
Deportivo Alavések bere webgunean Athleticekin harreman instituzional guztiak hautsi dituela dioen idatzi ofiziala du oraindik ikusgai 2013-01-23ko datarekin. Kasu honetan ere haserreak arrobiko jokalariak eramateko erabilitako moduengatik eta, ondorengo tirabirak zirela medio, Athleticeko arduradunek arabarrei zuzendutako hitz zakar eta irainengatik. Alavesek bere etorkizuna Arabako arrobian duela azpimarratzen du eta errespetua eskatzen du. Athleticeko Aitor Elizegi azken presidentearekin giroa zerbait leundu dela dirudi.
Aldaketak ekonomian eta kirol emaitzetan
Garbi dago Euskal Herriko lau klub nagusiek arrobian jarri nahi dutela beren etorkizunaren oinarri nagusia. Eta bistakoa da ere, Athleticek hain gaizki tratatu dituen beste hiru klubak gorantz doazela kirol emaitzetan. Gehien nabarmentzen dena Erreala da, 2024rako 150 milioi €ko aurrekontua azaldu duelarik. Inoiz gure lurretan klub batek aurkeztu duen handiena. Datu interesgarria da 2020tik Errealak aurrekontu handiagoak onartzen dituela Athleticek baino. Urtero Europako txapelketetarako sailkatzeak - eta Athleticek ez- zerikusia izanen du horretan, ziur.
Osasuna ere gorantz doa, bai aurrekontuetan eta bai kirol emaitzetan ere. Aurrekontuei dagokienez aurten (79 milioi €) duela lau urte baino %50 inguru handiagoa (54 milioi €) onartu du. Eta iaz ligan zazpigarren sailkatzeagatik aurten Conference League jokatu du, hau da, Europako hirugarren mailako txapelketa ofiziala.
Deportivo Alavések iaz lehena amaitu zuen bigarren mailako ligan, lehen mailara igotzeko saria irabazi zuelarik. Aurten, idatzi hau prestatzeko egunean, 13. postuan da, jaitsiera postuetatik urrun.
Bukaera moduan: orain Euskal Herrian klub hegemonikoa Erreala da, azken urtean Europako Txapeldunen Liga jokatzen ari delarik -eta emaitza izugarri onak eskuratuz gainera-, aurreko hiruetan UEFA League jokatu ondoren. Bigarren posturako, kirol emaitzetan Osasuna Athleticen parean jarri da eta azken urtean aurretik geratu zelako aurten Europara joan ahal izan da. Eliteko futbola aldaketa handiak izaten ari da Euskal Herrian.
joan mari beloki kortexarena
2023-12-02
Iruzkinak
Utzi iruzkina: