Europan, herrialde txikiek dute aukera gehien (I)
Santiago Niño Becerra 1951n jaio zen, Bartzelonan. Ekonomialaria da eta Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitateko katedradun emeritua. Hainbat liburu idatzi du eta 2007-2008ko krisialdia gertatu aurretik aurreikusi eta iragarri zuen. Estatuan ekonomiaren munduan ezaguna den -eta hainbatentzat deserosoa- ekonomialari honek 2.030erako aldaketa handiak iragarri ditu
Sistema kapitalista 1.815ean hasi zen ofizialki. Geroztik hainbat krisi bizi izan du, eredu aldaketaren krisiak denak. Baina kapitalismoak bere ezaugarri guztiekin jarraitu du. Une bakoitzean sistemak nola lan egiten duen eredu baten bidez egiten da. Adibidez, 1.929an izugarrizko krisia lehertu zen, 1.947an amaitu zena. Eredu aldaketa ekarri zuen krisia izan zen. 1.929a baino lehen gauzak modu batean egiten ziren, estatuak ez zuen ezertarako esku hartzen ekonomian, desberdintasunak ez zuen axola, eta abar. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, hori aldatu egin zen, estatuaren esku-hartzearekin hazkundea askoz handiagoa izan zitekeela ikusi zelako. Orduan, babes sozialerako eredua jarri zen martxan eta hazkundea ikusgarria izan zen hurrengo 30 urteetan.
Funtzionatzen ari zen eredua agortu denean eta gauzak beste modu batera egiten hasten direnean sortzen dira krisi garrantzitsuenak. Orain bizitzen ari garena halakoa da. 2008. urtean aldaketa bat hasi zen likidezia faltagatik, gero zor krisia, geroago ekoizpen eta kontsumo ahokatze arazoa. Ondoren COVIDa. Trantsizio epe hori ez da oraindik amaitu.
Duela 15 urte gertatzen ez ziren gauza berriak ikusten ari gara. Lehenik eta behin, teknologiaren botere izugarria. Geratzeko etorri da eta gauzak egiteko modua errotik aldatuko du. Bigarrenik, estatuaren boterea gainbeheran doa. Lehen estatuak oinarrizko boterea zuen. Hirugarrenik, fintech delakoekin banka egiteko modua, bankuak itzalean, eta abar. Laugarrenik, kapitalaren kontzentraziorako joera, enpresen kontzentraziorako joera, hau da, oligopoliorako joera geldiezina. Beste kontu bat da errentaren banaketan dagoen desberdintasuna, eta hori gehiagora doa, kapitalaren kontzentrazioa dela eta.
Eredu trantsizio batean gaude, eta hori beti izan da zerbait dramatikoa. Esate baterako, 1929ko hondoratzeak langabezia izugarri handitzea ekarri zuen, merkataritza-guneak eta produkzio-guneak hondoratzea, eta diktadura-sistema populistak ere sortzea, hala nola nazional-sozialismoa eta faxismoa. Eragin ekonomiko, sozial eta politikoa duten gauzak gertatzen dira. Gaur egun, ordea, gauzak askoz azkarrago gertatzen dira, batez ere komunikazioaren berehalakotasunagatik.
Ameriketako Estatu Batuek defizit kronikoa dute, bai baitaki munduko gainerako herrialdeek jaulkitzen duen zor publiko guztia erosiko diotela eta inprimatzen dituen dolar guztiak onartuko dizkiotela. Baina munduan dolarrarekiko konfiantza galtzen ari da. Txinak eta Errusiak beren diruarekin salerosten dute beren artean, eta denborarekin urrezko babesa duen moneta bakarra sortzeko ideia dute. Gaur egun Txina da urrezko munduko eroslerik handiena. Errusiak ere urre kopuru izugarria du.
Mesfidantza dago estatuetan. Izan ere, estatuek, ekonomia eta finantzak hain globalak izanik, ezin dute egoera ezegonkor bat finantza mailan egonkortu. Ezinezkoa da.
AEBetako boterea ez dio bere armadak ematen. Dolarrak ematen dio. Dolarrean konfiantza galera bat gertatzen bada, partziala bada ere, erabat hankaz gora jarriko da ekonomiaren funtzionamendu eredua eta AEBek arazoak izanen dituzte. Hori seguru gertatuko dela. Ez dakit datorren urtean edo hurrengoan edo bi urte barru gertatuko den, baina seguru gertatuko dela. Batez ere BRICS-en arteko lankidetzak gora egiten duen unean.
AEBentzat zentzugabeki garestia da aterki militarra planeta osoan mantentzea. Maila militarrean hitz egiten badugu, beren etsaia Errusia da. Errusiak 1.710 buru nuklear ditu berehalako batean martxan jartzeko moduan, AEBek dituztenak gutxi gorabehera. Guztira 5.800 buru dituela kalkulatzen da. Txinak ehun baino gehixeago bakarrik. AEBentzat, Txina arazo ekonomikoa da.
Eragin- eta jarduera-eremuak berreratzen ari dira mundu mailan. Trumpen administrazioak Latinoamerikan jarri du arreta berriro, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Latinoamerika berentzat interesgarria izateari utzi zion arren. Amerika osoa amerikarrentzat -estatubatuarrentzat alegia- leloa berriz dugu aurreko puntan.
Asiako ekialdean, orain Japonia eta Txinaren artean nolabaiteko tentsioa dagoen arren, maila ekonomikoan oso ongi ulertzen dute elkar. Izan ere, bien arteko jarduera ekonomikoa oso bizia da. Urteak dira Txina eta Japoniako erosketak eta salmentak moneta nazionalean ordaintzen ari direla. Asiako ekialdean eta hego-ekialdean gauzak nahiko argi daude.
Europak badu arazo bat: herrialde mosaikoa da eta herrialdeek ez dute elkarlanean jarduten. Europari integrazio ekonomikoa falta zaio. Zentzugabea da Europak moneta bakarra eta hogeitaka zerga-sistema desberdin izatea. Ildo nagusiak argi daude: politika industrial bakarra, moneta-politika bakarra, zerga-politika bakarra, muga-zergen politika bakarra, politika komun bakarra. Europak hori egiten ez duen bitartean, protagonismoa galtzen joanen da. Europan gertatzen dena oso bitxia da, orain beste 10 sartu nahi baitituzte, eta guztiz kaotikoa izanen da.
Europak badu alderdi on bat: urteak dira klusterrak sortzen ari direla, oso eremu indartsuak Europan bertan, eta liderrak dira alderdi askotan. Adibidez, Beasain inguruan tren-enpresen kluster bat dago, CAF eta beste, tren-materialaren ikerketan eta garapenean munduko liderren artean daudenak. Gasteizen, Jundiz-ko industrialdean, robotikaren munduan punta-puntan dauden enpresen kluster bat dago. Europan eremu oso indartsuak sortzen ari dira, gauza askoren buruan daudenak, eta beste eremu batzuk, berriz, batere gainbeheran daudenak. Amerikako Estatu Batuetan ere hori gertatzen da, baina mahai gainean kolpea ematen duen gobernu federala dute eta denek zintzo betetzen dituzte aginduak. Europan ez.
Epe ertainean, gizarte-sakabanatze arazo handia ikusten dut, eta hori are gehiago handitu daiteke teknologiarekin. Izan ere, azken urteotan kapitala izugarri handitu da, eta finantza-aktiboak zituztenek beren aberastasuna biderkatu egin zaiela ikusi dute. Baina beren soldataren mende daudenak, eta etorkizunean beren aberastasuna inflazioaren gainetik soldata igotzearen mende, egoera berri honetan zail dute.
https://www.youtube.com/watch?v=aszi6HWOZWo
joan mari beloki kortexarena
2026-07-23

Iruzkinak
Utzi iruzkina: