Europan, herrialde txikiek dute aukera gehien (eta II)

Europan, herrialde txikiek dute aukera gehien (eta II) EUSKAL HERRITIK | 2026-07-24 18:23

Europan, herrialde txikiek dute aukera gehien (eta II)

Oxford-ko Unibertsitateak teknologiak lan-munduan duen eraginari buruz ikerketa bat egin zuen 2013an. Teknologiak 750 lanbidetan izanen duen eragina aztertu zuen, artean oraindik adimen artifiziala kalean ez zegoela. Besteak beste, lanbide batzuk desagertu eginen direla eta, adinaren arabera, egokitzapena oso zaila izanen dela ondorioztatzen du. Baina, hortaz gain, posible izanen dela BPG ia osoa teknologian oinarrituta soilik sortzea, giza eskulanik gabe. Horrelako egoerarik ez da inoiz gertatu historia osoan.

Biztanleriaren zati handi bat produkziotik kanpo geratuko da, eta ez du eguneroko zereginik izanen lan-harremanei dagokienez. Oinarrizko errentari buruz Europan dagoen aditu handienetako bat da Daniel Raventós. Oinarrizko errentari buruzko hainbat liburu idatzi ditu eta ekonomikoki egingarria dela erakutsi du. Duela hamar urte oinarrizko errenta denek kritikatzen zuten. Gaur egun, zuzendaritzako kide eta politikari askok egiten du bat ideia horrekin. Jeremy Rifkin-ek 2.000. hamarkadaren hasieran argitaratutako azterlan baten arabera, teknologiak ordura arte bezala aurrera egiten jarraitzen bazuen, XXI. mendeko uneren batean munduko biztanleriaren % 5 baino ez zen beharko BPG-ren % 100 sortzeko. Ondorengo ikerketek areago murriztu dute kopuru hori.

Bestetik, biztanleriaren murrizketa dugu. Suitzan, non herritarrek dena bozkatzen duten, ikerketa tekniko bat aurkeztu dute Parlamentuan eta Suitzak 2.050 baino lehen ezin duela 10 milioi biztanlera iritsi ondorioztatzen da bertan. Iritsiko balitz estres demografiko batean sartuko bailitzateke. Oraingoz, etorkinen sarrera-bisekin arautuko dute biztanleria. Beraz, alde batetik, oinarrizko errenta dugu, beharrezkoa izanen ez den jende asko egonen delako eta, bestetik, erregulazio demografikoa dugu, gehiagora joanen dena. Ez da arazoa Mendebaldean jaiotza-tasa oso baxuak dituzten gizarteak egotea.

Demografiari dagokionez, kontakizun faltsua sortzen ari dira, nahita. Espainian esaten da jaiotze tasa jaisten ari dela eta gero eta populazio gehiago behar dela. Espainiaren, Europaren eta, oro har, munduaren arazoa ez da biztanleria falta dela, produktibitate-arazoa baizik. Alegia, kontua ez da gauzak ongi joateko immigrazioaren edo jaiotza-tasaren bidez populazioa handitu behar izatea. Inola ere ez. Produktibitatea txikia dela da arazoa, ez baita nahikoa dagoen biztanleriarekin hazten jarraitzeko.

Espainiaren kasua oso berezia da, Espainia masaren arabera hazten ari delako. Hau da, Espainiara 100 milioi turista iristen ari da urtean. Hortaz gain, erretiratutako biztanleak iristen ari dira Espainian bizitzera. Jende horrek arreta behar du. Lan merkea da, ez da inbertsiorik behar. Espainia turismo horrengatik ari da hazten. Kontuan izan behar da turismoak, ostalaritzak, jatetxeek, garraioak eta merkataritzak Espainiako BPG-ren % 40 osatzen dutela. Immigrazio handia behar da sektore horiei erantzuteko, gutxi ordaintzen den immigrazioa, baina bolumen handia egiten duena. Garestiak ez diren gauzak kontsumitzen dituzten biztanleak. Gutxi irabazten duelako zerga gutxi ordaintzen duen biztanleria. Eta gutxi kotizatzen duen biztanleria, soldatak baxuak direlako. Horren guztiaren ondorioz, Espainia masaren arabera hazten ari da, ez produktibitatearen arabera. Gaur egun, Alemaniak 1996an zuen produktibitatea du gaur egun Espainiak. Alegia, errealitatea ezkutatzen duen kontakizuna saltzen ari zaizkigu.

Produktibitate baxuak soldata baxuak ordaintzen ditu. Hori dela eta, milioi bat pertsonak emigratu dute Espainiatik, kanpoan askoz aukera handiagoak dituztelako maila profesionalean. Espainiaren BPG-ren egitura balio erantsi baxuan oinarritzen da, produktibitate baxuarekin, eta horren ondorio da giza mailan deskapitalizatzea. Espainiara iristen den pertsona asko ez da bere lanbidean lanean ari, garbitzen edo txosna batean kubalibreak zerbitzen aritzen da. Espainia herrialde erabat desorekatua da. Herbehereetan arazoak txikiagoak dira, herrialde txikiagoa delako. Europan aukera gehien dituzten herrialdeak herrialde txikienak dira, gauzak askoz kontrolatuago dituztelako eta BPG-ren egitura balio erantsi handiagoan oinarrituta dutelako. Ez da jaiotza-tasa handitu behar dena, produktibitatea baizik. Produktibitatea handitzen bada, pentsioak ordainduko ditugu, noski.

Pentsioen arazoa konpontzeko biztanleria handitzeak presio handiagoa eragiten dio funtsezko arazoa den etxebizitza eskuratzeari. Etxebizitza-defizitak gora egiten jarraituko du, biztanle berrien etorreragatik eta etxebizitzen eraikuntza-erritmoagatik. Etxebizitzarekin arazoak herrialde askotan daude. Zein herrialdek ez du arazorik etxebizitzarekin? Austriak, adibidez. Austriak, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, alokairu-etxe publikoa nabarmendu zuen, alokairu sozialarekin. Gainera, Austrian asko erabiltzen da etxebizitzen erabilera bikoitza. Ikasturtean zehar unibertsitate-egoitza dena udan hotela da, horrela eraikina etengabe erabiliz. Horrek ideia bat ematen du zer den plangintza, Espainian egin ez dena.

Klase ertaina desagertzen ari da. Klase ertaina Bigarren Mundu Gerraren ondoren asmatu zen. Klase ertainaren kontzeptua Bigarren Mundu Gerraren osteko borondate politiko eta ekonomikoagatik sortu zen. Behar bikoitzagatik sortu zen, sistemari eskulan egonkorra bermatzeko eta bake soziala erosteko. Gaur egun, teknologia dela eta, klase ertaina beharrezkoa izateari uzten ari zaio. Bitarteko lanpostuak husten ari dira, bitarteko lanbideak husten ari dira eta oso maila altuko lanbideetarako joera ari da nagusitzen. Oso prestatuta dauden pertsonak, oso gai diren pertsonak, oso ordainsari altuak dituztenak eta, gainera, gutxi direnak, bilatuko dira gero eta gehiago. Aparte geratzen dira kualifikazio txikiko eta ordainsari txikiko lanbideak. Hauek oraingoz ez dira teknologiarekin ordezkatzen, horretarako teknologia garestia delako.

Gerturatzen ari zaigun egoera guztiz berria da. Inoiz ez gara bizi izan BPG sortzeko gero eta pertsona gutxiago behar den munduan. Horregatik diot bi eratako pertsonak egonen direla. Batetik, ezinbestekoak, funtsezkoak. Eta, bestetik, gainerakoak, non batzuk neurri batean bakarrik izanen diren beharrezkoak. Batzuek inoiz ez dute lanik eginen. Beste batzuk denboraldi batez ariko dira, lanaldi partzialetan, eta gero errotazio batera igaroko dira.

https://www.youtube.com/watch?v=aszi6HWOZWo

joan mari beloki kortexarena

2026-07-24


Utzi iruzkina: