EUROPAN GUDA?

(azalean, Boris Pistorius Alemaniako ministroa 2025era arte)
Ignacio García Valdecasas Granadan jaio zen 1953an. Enbaxadore titularra izan zen Uruguaien eta Zipren, eta ondokoa Errusian. Gaur egun lanetik erretiratuta dago eta analista gisa jarduten du komunikabideetan. Artikulu honetan José Antonio Viznerrek NegociosTV Youtubeko kanalean berriki egin dion elkarrizketan esan dituen garrantzitsuenak bildu ditugu.
Errumanian argi eta garbi estatu kolpe bat egon da. Auzitegi Gorenak hauteskundeak baliogabetu egin ditu, zein lege edo zein lege-atal edo artikulu urratu den zehaztu gabe.
Von der Leyenek EBko estatuek beren BPGren %3 NATOra bidera dezatela nahi du. Hau eskandalagarria da, azken urteotako eskandalu handiena. %5era iristea nahi dute, AEBek kopuru hori ordaintzen ez duen arren.
Trumpek ez dio industria militarraren konplexuari dirutza hori ordaindu nahi. Europak ordain dezan nahi du. %5 kopuru erraldoia da. Europako Batasunaren urteko gastu guztia bere BPG-ren %1,25 da. Beraz, defentsako gastua %5era igotzen badugu, EBk armamentuan lau aldiz gehiago gastatuko du gainerako atal guztietakoa bilduta baino.
Eta diru hori nora joanen da? AEBetako armagintzaren industriara. Hau nagusiki finantza-operazio bat da. Hau guztia Errusiaren balizko mehatxu baten bidez justifikatzen da. Baina egiazko mehatxua balitz, nola esanen zenioke munduari mehatxatuta zaudela, ondoren defentsarik ez duzula, eta azkenik mehatxuari aurre egiteko hiru, bost edo hamar urte beharko dituzula esanez amaitu. Zure kartak guztiak agerian utziko zenituzke. Mehatxu bat benetan baduzu, ez duzu horrela jokatzen.
Mehatxuarena amarru bat besterik ez da, herritarren aurrean defentsa gastua igotzea justifikatzeko. Europako Batasunak eta Erresuma Batua urtean 400.000 milioi euro inguru gastatzen dugu defentsan; bitartean Errusiak 110.000 milioi besterik ez. Guztira, urtean lau aldiz gehiago gastatzen dugu Errusiak baino. Gure laurdena gastatzen duenaren mehatxua ez da sinestezina.
Europa osoa mehatxatua dagoela esatea iruzurra da. Mehatxu hori ez da sinesgarria, izan ere, bat ere susmagarriak ez diren aditu independenteek, hala nola, Harvardeko Unibertsitateko Wolf irakasleak, Chicagoko Mearsheimerrek edo Columbiako Sachsek, Vladimir Putinen artikulu eta hitzaldi guztiak zehatz-mehatz aztertu ondoren Errusiak Ukraniaren ondoren aurrera eginen duela pentsarazten digun deus ez dagoela baieztatu digutelako. Gaur egun mundu guztiak daki Ukrainak OTANen sartzeko borondatea erakutsi zuelako hasi zela gerra. Errusiak mehatxu existentzialtzat jotzen baitu hori. Kennedyren garaian, AEBek Kuban base sobietar bat jarri izana mehatxu existentzialtzat jo zuten bezalaxe. Errusiaren mehatxuaren mezua negozioa egiteko amarrua besterik ez da.
Europako Batasunak berrarmatzeko jarrerari eutsi eginen dio, batetik balizko mehatxua epe labur, ertain eta luzekoa delako eta, nahiz eta Errusiak baino %400 gehiago gastatzen dugun defentsan, geure burua defendatzeko gai ez garelako, bestetik. Defentsarako BPGaren ehunekoa zehaztea azken erabakia izan beharko luke, aurrez diseinatutako estrategia politiko baten ondorio izan beharko lukeelako. Lehenik, AEBetatik eta NATOtik autonomia estrategikoa izanen dugun erabaki beharko genuke. Baiezkoa erabaki ezkero, defentsarako industria-politika bat zehaztu beharko genuke. Bi urrats hauen ondoren bakarrik erabaki genezake zenbateko gastu behar dugun mehatxuari aurre egiteko. Dagoeneko BPGaren % zehaztuta, gurdia idien aurretik jarri dugu.
Defentsako aurrekontua %5era igotzea ekonomiaren suizidio bat da, industria militarra gizentzea besterik ez baitugu lortuko.
joan mari beloki kortexarena
2025-03-11
Iruzkinak
Utzi iruzkina: