Europan gazteak haserre

Europan gazteak haserre EUSKAL HERRITIK | 2026-10-08 01:00

Europan gazteak haserre

Europan gazteen matxinada-olatu berri baten aurrean gaude. Frantziako estatuan, ikasleak mobilizatu eta ikastetxeak blokeatzen ari dira. Espainiako estatuan, gazteak etxebizitzaren aldeko borrokaren lehen lerroan jarri dira. Alemanian, gazteak kalera soldaduskaren aurka atera dira. Europako gazteria altxatzen hasia da hezkuntza publikoaren suntsiketaren aurka, bizitzeko etxe bat eskuratzeko ezintasunaren aurka... Baina, aldi berean, Europako gobernuek gastu militarra handitzen jarraitzen dute, gazteak beren gerretarako kanoi-haragi gisa errekrutatu nahi dituzten bitartean.

Josefina Martínez Madrilgo Puerta del Solen dagoen kanpalekuko Izquierda Diario-ren karpatik mintzo zaigu. Egungo kapitalismoaren ezaugarri nagusietako bat klase nagusiak gehiengo sozialaren aurka aurrera daraman gerra soziala da. Europa horren adibide garbia da.

Frantziako estatua

Joan den ostegunean, Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak 2027ko aurrekontua aurkeztu zuen. Funtzionarioen soldatak, osasuna, hezkuntza, alokairurako laguntzak, pentsioak... murrizten diren bitartean, indar armatuen aurrekontua handitu egiten da.

Testuinguru horretan, gazteen mugimendu indartsua ari da zabaltzen Frantzian, mobilizazio eta blokeoekin bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Mugimendua Parisko aldirietan hasi zen, ikasteko baldintza negargarrien aurkako protestekin. Baldintza horiek, gainera, agerian utzi dute langile-klaseko seme-alabek hezkuntzan pairatzen dituzten desberdintasunak. Handik, ordea, hirigune nagusietako ikastetxeetara zabaldu da eta estatu osora hedatu da. 400 lizeo baino gehiago okupatu zituzten —asteartean 900 inguru aipatu dute hedabideek—, eta mugimendua Belgikara ere iritsi da.

Borroka eskoletako baldintza kaskarrei aurre egiteko hasi zen, irakasleen lan-baldintzak barne, baina berehala politizatu da. Ikasle batek oso ondo laburbildu zuen egoera: «Estatua armatzen ari dira, eta gure etorkizuna desarmatzen». Horri beste aldarri batzuk gehitu zaizkio: arrazakeriaren aurkako salaketa, poliziaren indarkeriaren aurkakoa, Palestinan gertatzen ari den genozidioaren aurkakoa... Mugimenduak duen sakoneko egonezinak ez du erantzunik aurkitzen instituzioen ohiko bideetan eta zuzeneko ekintzara jo du.

Gobernuaren erantzuna gogorra izan da: ia 2.000 lagun atxilotu zituzten ostegunean bakarrik —astearterako 6.500 atxilotu baino gehiago eta 900 zauritu baino gehiago direla zabaldu da—. Polizia-agente batek granada bat jaurti zion 14 urteko gazte bati aurpegira. Langile-auzoetako gazteen kriminalizazioak ikasleen arteko zatiketa bilatu du. Baina errepresioak kontrako efektua izan du: mobilizazioa areagotu egin da. Lizeoko ikasleak unibertsitateko ikasleekin bat egiten ikusi ditugu. Le Havreko hainbat enpresatako langileak, gazteak poliziarengandik babesteko, ikastetxe baten aurrean giza-katea osatzen ikusi ditugu, .

Orain, gakoa zera da: ea haserre hori antolatzen den, eta ea lizeoko eta unibertsitateko ikasleen eta langileen arteko aliantza iraunkor bat sortzen den. Ea borroka hori langile-sektore gehiagotara zabaltzen den eta gazteriaren defentsa borroka orokorra bihurtzen den. Horrela, Macronen gobernuari eta patronalari aurre egin ahal izanen litzaieke, eta burgesiak aurrera daraman gerra sozialari kontraerasoa egin. Frantziak tradizio iraultzaile handia du. Horri jarraitzea da kontua.

Madril

Mari Carmen 87 urteko emakumearen etxegabetzea izan da etxebizitzaren aldeko gazteen benetako matxinada piztu duen txinparta. Milaka gaztek Puerta del Sol hartu dute. Larunbatean, mobilizazio jendetsuak izan ziren Espainiako estatuko dozenaka hiritan, «Greba orokorrerantz» lelopean. Maizterren Sindikatuak/Sindicato de Inquilinas, sindikatu borrokalariek, ikasle-erakundeek eta ezkerreko hainbat erakundek deitu zituzten mobilizazioak.

Aurreko ostiralean, Diputatuen Kongresuak argi utzi du noren interesak defendatzen dituen. Maizterren Sindikatuak larrialdiko hainbat neurri jasotzen zituen dekretu bat proposatu zion eta Kongresuak baztertu egin zuen. Borroka honetan hainbat aldarri elkartu da. Mari Carmen bezalako pentsiodunen aldarria, 87 urterekin alokairua ordaindu ezina. Lan prekarioak dituzten gazteena, gurasoen etxetik alde egin ezina, ez baitute beren kabuz bizitzeko modurik, ezta logela bat alokatzeko ere. Eta soldata baxuek, prekaritateak eta osasun zein hezkuntza publikoaren degradazioak sortutako haserrea.

Etxebizitzaren aldeko borroka, beraz, langile-klase osoa eta gazteria zeharkatzen dituen aldarria bihurtu da. Horregatik bildu du hainbeste ezinegon. Kanpalekuak estatuko beste hiri batzuetara ere zabaltzen ari dira. Milaka gaztek lelo esanguratsu bat oihukatu dute: «Inbaditzaileak inbertitzaileak dira». Eskuinak eta gobernuak sustatu nahi izan duten xenofobiaren aurrean emandako erantzuna da. Izan ere, Marokotik Ceutara iritsi ziren haur eta gazteei Espainiaren subiranotasuna inbaditzea egotzi baitzieten.

Beste irudi esanguratsu bat ere geratu da: milaka gazte, hainbat sektoretako langileekin batera —irakasleekin, haurren zaintzako langileekin, gizarte-sektoreko langileekin eta beste hainbatekin—, aho batez «Greba orokorra behar dugu!» oihukatzen. Gobernuaren aurkako leloak ere entzun dira, espekulatzaileen alde gobernatzen duela salatuz.

Orain, borroka honekin nola jarraitu da eztabaida. Ostiral honetan, Maizterren Sindikatuak eta hainbat sindikatu borrokalarik —CGTk, COVASek, Langile Elkartasuna/Solidaridad Obrerak, CNTk eta beste batzuek— bilera egin zuten eta greba orokorraren sindikatu-mahaia osatu dute. Datozen egunetan ikasle-erakundeei eta borrokan ari diren beste hainbat talderi dei egiteko asmoa dute, greba orokorra behetik eraikitzeko. Izan ere, greba orokorra sindikatu handiei inposatu beharko zaiela planteatzen dute. Kontuan hartu behar da sindikatu nagusiek duela 14 urte egin zutela azken aldiz greba orokorrerako deialdia estatuan.

Natalia Lago, Contracorriente taldekoa: Frantziako institutuetako ikasleen matxinadari izugarrizko ilusioz begiratzen diogu, guretzat inspirazio iturria direlako. Mari Carmen etxegabetu duen eta etxebizitza duina bermatzen ez digun gobernu bera da aurrekontu militarra handitzen ari dena gazteak gerrara bidaltzeko, gure hezkuntza desfinantzatzen duen bitartean. Oso garrantzitsua da antolatzea eta egoera honi guztiari ikuspuntu iraultzailea ematea: gobernuen, kapitalisten eta errentari handien aurka, horiek ez baitute deus onik eskaintzeko.

RUB, bigarren hezkuntzako irakaslea: ekainaren 24an bertan, irakasleen batzarrean greba mugagabera jotzea erabaki genuen, urriaren 14tik aurrera. Ikasturteko lehen egunetik hasi ginen ikastetxeetan batzarrak egiten. Orain, hezkuntzako beste sektore batzuk ere batzen hasi dira. Gakoa greba batzarren bidez eraikitzea da: ikastetxeetako batzarren, zonaldeko batzarren eta irakasleen batzar orokorren bidez. Horiek guztiak funtsezkoak dira sindikatuak greba deitzera behartu ahal izateko. Batzar horiek gabe, goitik egindako deialdi bat baino ez dugu izanen, adabaki hutsa izanen dena.

Lucía Nistal, CRTko (Langileen Korronte Iraultzailea/Corriente Revolucionaria de Trabajadores y Trabajadoras) bozeramailea: ez ditugu iraganeko akats berberak errepikatu behar. Podemos-en zein Sumar-ren gobernuek ez dute inolako neurririk hartu. Eta ez soilik etxebizitzaren arloan: lege arrazistekin ere aurrera egin dute, azken hamarkadetako aurrekontu militar handienak onartu dituzte, eta Ana Botín bankariak txalotu zuen lan-erreforma ere egin dute. Alternatiba politiko propioa behar dugu. Gure antolakuntza propioa: iraultzailea, internazionalista eta instituzioetan gauzak aldatzen direla esaten digutenengandik independentea.

Kazetari askok galdetzen dute ea hau beste M-15 bat ote den. Ez, alde handiak daude. Belaunaldi honek politikarekin egin duen lehen topaketa genozidio baten aurkako borrokak, Europaren bihotzean izaten ari den gerrak eta gobernuek berrarmatze militarrera milioika euro bideratu izanak markatu dute.

2011n, askok ahalegina egin zuten haserre hura guztia instituzionalizazioaren bidetik bideratzeko, Podemos-en aldeko apustua eginez. Gogoan dut Pablo Iglesiasek, Podemos sortu eta gutxira, esan zuen esaldia: «Muturreko ezkerrean ginenean esaten genuen ergelkeria hura —gauzak kalean eta ez instituzioetan aldatzen direla— gezurra da». Ez dugu historia bera errepikatu nahi. Egunotan gertatzen ari denak erakusten du beste bide bat ireki behar dugula.

Izquierda Diario bultzatzen dugunok ezker iraultzaile eta sozialista bat eraikitzeko beharra defendatzen dugu; ez kapitala kudeatzea helburu izanen duen ezkerra, baizik eta sistema bera eraldatzea bilatuko duena.

Buenos Aires-tik, Matías Mayelo: higiezinen espekulazioak kapitalismoaren irrazionaltasuna dakar berarekin: etxerik gabeko jendea eta jenderik gabeko etxeak dituzten hiriak. Hiriaren garapenak klase-borroka agerian uzten du. Alde batean, hiriaz jabetuz aberasten diren putre-funtsak daude; beste aldean, hiria eraikitzen duten baina bertan bizitzeko ordaindu ezin duten langileak.

https://www.youtube.com/watch?v=8jnw7Qv1ROM

joan mari beloki kortexarena

2026-10-08


Utzi iruzkina: