EUROPA 2024: HAUTESKUNDEAK

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-03-05 18:37

belokijmari@gmail.com 1709661913147

Hauteskunde hauek Europako Batasunera mugatuko dira. Soilik mendebaldeko herrialdeek hartuko dute parte, eta ez denek. Britainia Handia, Islandia, Norvegia, Suitza eta ekialdeko asko -Errusia barne- ez dira EBko kideak. Hauteskunde hauetara europarren % 62 inguru izanen dira deituak.

Irabazi erraldoiei stop

Europako Batasunaz hitz egiterakoan, proiektu hau Europaren mendebaldeko elite ekonomikoek abiarazi zutela gogoratu beharko dugu lehenik, Gobernu guztien babesarekin eta herritarrok sorreran parte hartu ahal izateko edo aurka egiteko aukera txikiena ere izan ez genuelarik. Beren diru poltsa erraldoiak areago handitzeko Europa mailako merkatu zabala nahi zuten. Negozioa beren nahierara kudeatzeko Estatuen subiranotasuna haientzat arazoa zen eta traba hori gainditzeko “Europako Batasuna” izen ponposoa duen egitasmoa inposatu ziguten. Kontzeptu hau oso garrantzitsua da, zeren garbi azaltzen digu Europako Batasunak multinazionalen interes korporatiboak Estatuen interesen gainetik paratzen dituela. Eta harrigarria bada ere, Estatuen ordezkari politikoak multinazional horien interesei makurtzen zaizkie, botoa eman dieten herritarrak albo batera utzita. Ondorioak? Lehengo aberatsak aberatsago direla eta lehen justu zebilen herritarren gehiengoa orain eskasago geratu dela. Nekazari eta abeltzainen otsaileko manifestazio indartsuak honen lekuko dira.

Herritarron bizi-kalitatea hobetu

Europa bidezkoagoa nahi dugunok lehen arretagunea puntu horretan kokatu beharko dugu. Neurri ausartak mahai gainean jartzen hasi beharko da multinazionalen eta bankuen irabazi erraldoiei stop egiteko. Irabazi horien portzentaje handiagoak zerbitzu publikoetara bideratzea, sektore estrategiko batzuk estatalizatzea -energia arlokoak bereziki-, elikagaiak bertan ekoitzi eta kontsumitzeko politikak sustatzea, pentsio duinak bermatzea…, hau da, herritarron bizi-kalitatea handitzeko neurri ausartak hartzen hastea behar luke izan gure politikarien iparra. Herritarrok mobilizazioekin bermatu beharko genuke politikariek bide hori jorra dezaten.

Autonomia estrategikoa

Aurreko guztia gauzatu ahal izateko gaur horma handi bat daukagu parean: AEBekiko morrontza gupidagabea. Estatubatuarren interesei makurtzeagatik ekonomikoki oso kaltetuta geratu gara. Halaber, milaka europar hilik geratzen ari dira ekialdeko zelaietan sekula gertatu behar ez zen guda baten ondorioz. Europarrok arras politika desberdina behar dugu, gure interesei erreparatuko diena, herritar xumeoi, langileoi, multinazionalen interes korporatiboetatik urruti. Horrek eskatzen du, lehenik, autonomia estrategikoaren aldeko apustu tinkoa egitea, non europarron interesak izanen diren lehenesten direnak eta ez beste inorenak. Europarrok ez dugu eskutik eramanen gaituen inor behar. Are gutxiago estortsioa eginez Nord Stream gas hodiak lehertzera iritsi den gorilarik. Europa europarrontzat.

Europako Batasun berria

Horretarako Europako Batasun berria beharko da ezinbestean, herritarrei erreparatuko diena, ez aberatsei. Eta herriei ere, erabakiak etxetik ahalik eta gertuen hartze aldera. Kanpo-harremanei dagokienez, EB berriak mundu osoko herrialde guztiekin politika bera garatuko du. AEB, Errusia, Txina, India, Japonia ... edozeinekin sinatuko den hitzarmenetan lehentasuna bi herrialdeen interes ekonomikoek izanen dute, partaideen adostasunean eta elkarrenganako errespetuan oinarrituta. Injerentziarik gabe, jarrera kolonialistarik gabe, partaideen onura lehenetsiz.

NATOren desagerpena

Bigarren aldaketa garrantzitsua -autonomia estrategikoarekin lotuta hau ere- europarrok elkar hiltzeari utziko dion politika exijitzea da. Tinko salatuko ditugu Ukrainako guda indartzeko aldarria egiten duten presidenteen adierazpenak, hainbat kasutan guda nuklearraren arriskua handitzen dutelarik. Europako ekialdeko eta mendebaldeko herrialdeek elkar hartuta ekin behar diegu datozen urteetako erronkei. Arma-industriaren interesak lehenesten dituen NATOri bizkar emanez, Ukrainako guda lehenbailehen buka dadin negoziazio prozesua sustatuko dugu. Defentsarako tresna gisa sortu zela ahaztua duen NATO desegin egin behar da. Gerrak nonahi piztuta eta ehunka mila pertsona hilda, giza-eskubideak inposatu nahi dituen NATO desegitea hobe. Europan bertan gerra nuklearraren arriskua sortu eta kalte ekonomikoa handia dakarkigun NATOren desagerpena gure erronka estrategikoa da.

Armatan inbertsioa handitzeari ez

Otsailean zehar hasita ugaritu egin dira guda-hotsak Europako Batasunako presidente askoren ahotan. Errusiak Ukrainari irabazi eta gero beste herrialdeak okupatzeari ekinen diola esaten digute behin eta berriz. Arrisku hori erreala dela sinestarazi nahi digute, benetan Errusiaren gogoa balitz bezala. Errusiako presidenteak argi eta garbi esan du, hamaika aldiz eta ozenki, Errusiak bakar-bakarrik erasotua bada erasoko duela beste herrialderen bat. Susmagarria da EBetik aldarrikatzen den erasotua izateko arriskua, jarraian Estatu guztiek armak erosteko dirutzak handitu egin beharko direla eransten baitute. Nork irabazten du neurri horrekin? Herritarrok ez, horra bideratuko den dirutza gizarte-zerbitzuetatik kendua izanen delako. Hau da, osasun-etxe gutxiago, mediku gutxiago, irakasle gutxiago, diru-laguntza murritzagoak… izanen ditugu hiltzeko bakarrik balio duten arma horien truke. Armak estatubatuarrei erosi beharko litzaizkieke; beraz, gasarekin gertatu den bezala, armak ere yankiei negozioa emateko izanen lirateke. Gure apustua diplomazian gehiago inbertitzea da, hitz egiten, tratuak egiten, estatu guztiekin ongi konpontzen, bakea ereiten alegia. Hortaz, arma gehiagorik ez. Bultzatuko dugun bake garairako, lehendik daudenak murriztu.

Europa herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki

Garrantzitsua da ere jorratu nahi dugun aliantza politika ongi zehaztea eta publikoki aldarrikatzea. Ultraeskuina indartzen ari den garai hauetan, ezkerrean erreferentzia politiko bizkorrak falta dira herritarren artean. Horregatik, hain zuzen, ari da suspertzen eskuin-muturra. Arlo horretan abertzaleek motor lana egin dezakegu, Irlanda, Gales, Eskozia, Galizia, Flandria, Bretainia, Korsika eta Kataluniako herritarrekin eta herrialde ezberdinetan diren mugimendu eraldatzaileekin elkartuta. Europa berria herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki behar da. Kontinenteko herri eta herrialde guztien arteko harremanak estutzea izanen dugu helburu, Lisboatik Moskuraino.

Kolonialismoa amaitu

Euskal Herriarentzat eskatzen dugun begirune bera izan beharko dugu munduko herrialde guztiekin, Europan oraindik ematen diren kolonialismo mota guztiak errefusatuz. Beren lurretatik Frantziaren ordezkaritzak berriki bidali dituzten Burkina-Faso eta Maliko Gobernuei -eta atzetik etorriko direnei- babes osoa eskainiko diegu. Sahararekin zorretan gaudela ez dugu ahaztuko.   

Genozidioei aurre egin

AEBen morroi izateak ekonomikoki makal uzteaz gain arlo geopolitikoan genozidei lotuta utzi gaitu. Errusia kaltetzeko asmoz Ukrainan guda antolatu zuten eta gu bertan halabeharrez parte hartzera behartu gintuzten gu bezain europarrak diren ahalik eta errusiar gehien hiltzeko. Donbass egunero ari dira bonbardatzen -zibilak hiltzeko asmo bakarrarekin- eta genozidio hau isilean dute gordeta. Israelen bidez beste genozidio bat abiarazi zuten Palestinan eta gu aurkako neurririk -Israelekin harreman diplomatiko eta ekonomikoak etetea, adibidez- hartu ezinik geratu gara, lotuta gauzkatelako. Fentaniloaren herrialdearekiko menpekotasuna gainditzen ez badugu, hondamendira goaz. Betidanik gizartean gatazka nagusia izan den herritarren klaseen artekoa (aberatsa-pobrea) gaur egun itxura berria hartzen ari da eta herrialdeen arteko gatazkarena (hegemonikoa-menpekoa) hartu du.  

Errusiarekiko harremanak berreskuratu

Zer dela eta hartu behar dugu Errusia etsaitzat? 1945ean armada sobietarrak setiatu zuen Hitler barruan gordeta zeukan Berlin, honela II. Mundu Gerraren bukaera eraginez. Geroztik, Errusiak petrolioa eta gasak merke saldu dizkigu eta horretan oinarritu da Europako mendebaldeak egin duen gorakada ekonomikoa. Azken mendean egin dizkigun mesede guztiak ahaztu eta zigor ekonomiko larriak jarri dizkiogu, bidenabar geure buruari kalte ekonomiko handiak eraginez. Enpresa indartsu batzuk ixten hasi dira eta beste hainbat Europatik alde egiten. Europarroi bizia garestitu egin zaigu. Nork azal diezaguke halako kirtenkeriaren komenigarritasuna? Kalte besterik ez dakarkigun jarduera sadomasokista honekin agudo amaitu beharra da. Auzoko dugun Errusiarekin harreman normalizatuak garatu beharko genituzke, egungo zigor politika betiko baztertuta.  

Ukraina Europako Batasunetik kanpo

Azken guda honekin NATOk Putin Gobernutik kendu nahi izan du. Ondoren, Errusiako Federazioa zatituz eta gobernu adiskideak ezarriz, bertako ondasunak eramanez bukatzeko. Mendebaldearen ohiko jarrera kolonizatzailearen ondorio da Ukrainan antolatu duen guda hau. Energia iturriak garestitu dizkigute, europarrok zatitu egin gaituzte, hamar urtetako Donbassko genozidioa babesten ari dira …

Horiek denak kalte handiak dira, baina txikiak gera daitezke EBn bizi garen europarroi etorriko zaigunarekin alderatuta, guztiz xehatuta geratzen ari den Ukraina EBn sartzen badute. Adituen arabera, oraintxe gutxienez 450.000 milioi € pasa beharko lirateke herrialde hori berreraikitzeko. Guda luzatuko den neurrian zenbakia handituz joanen da eta zuloa estaltzeko gutako bakoitzari bizi garen artean kenduko dizkiguten milaka euroren kopurua ere. Von der Leyenek zuzentzen duen Borrellen lorategiaren zaintzak gure etxeko ekonomia hankaz gora jar lezake, berritu baino lehenagoko EBn Ukraina sartzea den astakeria lortzen badute.

joan mari beloki kortexarena

2024-03-05


Utzi iruzkina: