Europako Batasunetik datozkigun zigorrak (II)
Pascal Lottaz eta Nathalie Yamb suitzarrek egin duten elkarrizketaren bigarren atala
PL: 20 urtez Afrikan pairatu duguna orain Europara zabaltzen ari da. Hemen Errusiaren aurkako zigorrak ditugu, ustez Ukrainako gerrari amaiera emateko erabiltzen direnak, esaten digutenez. Baina zigorrak beren herritarren kontra eta gustuko ez duten edozeinen kontra erabiltzen ari direla ikusten ari gara. Egia bihurritu egiten dute eta zigortuari bizitza jasanezin bihurtzen diote. Zer bide daude egoerari aurre egiteko, bizitzen jarraitu ahal izateko?
NY: Europako Auzitegian errekurtso bat aurkez dezakezu. Auzitegi horretara bakarrik jo dezakezu. Horren ondoren, Europako Justizia Auzitegira jo dezakezu. Jakina, Suitzako bankuei aurre egin behar diezu, Suitzako gobernuak zigor horiek onartu gabe Europako zigorrak aplikatzen dituzten Suitzako banku edo enpresak legez kanpo ari direlako jokatzen. Suitzako enpresa batzuk zigor horiek ezartzen ari dira, baina legez debekatuta dago.
PL: Suitzako legearen arabera, legez kanpokoa da enpresek atzerriko zigorrak borondatez betetzea. Hori garrantzitsua da. Suitzako erakundeek auzitegietara jotzeko esaten dizute, baina haiek ez dutela deus eginen.
NY: Halaxe da. Eta gero Kontseilu Europarra auzitegietara eraman behar duzularik eta Suitzako bankuak auzitara eraman, dirua behar duzu. Baina Suitzan abokatu bat ordaintzea izugarri garestia da, eta zuk dirua izoztuta eta blokeatuta duzu. Amesgaizto amaiezina da. Ni, ordea, ez naiz ezeren errudun. Ez dago egin nuena debekatzen duen legerik. Espedientea bidali zutenean, ikaragarria iruditu zitzaidan maila horretako erakunde bat pertsonak prentsako artikulu soiletan oinarrituta zigortzen ikustea. Parisko Nazioarteko Harremanetarako Institutu Frantsesera gonbidatua izan nintzenean, 2017an, gauza bera esan nuen. Sotxin esandako gauza bera esan nuen. Hortaz, frantses agentea ere banaiz. Donbassen hautesle izatea leporatu didate, eta sekula ez dut Donbassen hanka bat jarri.
PL: Zigorren justifikazioa paragrafo bakar batean idatzi dute, eta zernahi eduki dezake. Ez du zertan egia izan. Estralurtarrekin konspiratzeaz salatua izan zintezke. Eta hala ere zigortuta jarraituko zenuke, besterik gabe zure izena datu-basean dagoelako. Eta ez da prozesu judiziala, prozedura judizialetan errugabea baitzara zure erruduntasuna frogatzen ez den bitartean.
NY: Erokeria da, prozesuan zehar idatzi zutena aldatu egin baitezakete. Demagun haien kontra zoazela. Helegitea aurkeztuko dute. Helegitean beste gauza bat gehituko dute arrazoi gisa. Prozesua berriro hasiko da. Badira bizpahiru aldiz irabazi eta zigorren menpe jarraitzen duten pertsonak.
PL: Itxaron, itxaron. Hori oso garrantzitsua da. Europako Auzitegian irabazi arren, Batzordeak alda dezake besterik gabe eta hutsetik hasi behar duzu? Horrek esan nahi du prozesua mugarik gabe luzatu dezaketela. Beraz, literalki beren menpe zaude.
NY: Herritarrak aurpegirik gabeko burokrata hauen menpe gaude. Hiritar arrunta naiz, suitzarra, kamerundarra, afrikarra, nire bizitza xumea bizitzen, nire bideoak egiten.
PL: Zu neokolonialismoaren aurkako ahotsa altxatzen ari zarelako zigortu zaituzte.
NY: Halaxe da. Eta behin zerrenda batean sartzen zaituztelarik, ez zara inoiz bertatik aterako. Ez dakizu nork eta zergatik jarri zintuen bertan.
PL: Europarrek Europatik kanpoko pertsonen aurka jarduteko modu hau hamarkadetan zehar erabili ohi dute eta orain EBn bertan aplikatzen ari dira bertako herritarren aurka.
NY: Eta senide hurbilenei ere eragiten die. Suitzan bizi den seme bat dut. Laster amona izatea espero dut, baina ezin izanen naiz han egon. Ezin naiteke itzuli. Nire amak 80 urte beteko ditu datorren urtean eta ezin izanen dut ikusi. Gauza horiek barru-barruan eragiten dute, horretarako baitaude pentsatuta. Zure osasun mentalari eragiteko pentsatuta daude. Zure erabakimenari eta erresistentziari eragiteko pentsatuta daude. Ekonomikoki, moralki, psikologikoki eragiteko eta zure borrokarekin jarraitzeko denborarik izan ez dezazun, arazoentzako irtenbideak bilatzen lanpetuta egon zaitezen. Egoera beldurgarria da.
PL: Nola egiten diozu aurre psikologikoki?
NY: Lagunak ditut eta haiek izan ziren nire berehalako laguntza, baita arlo ekonomikoan ere. Hoteleko faktura ordaindu edo botila bat ur erosi nahi duzula uzten ez dizutenean, ezin duzula deus egin konturatzen baitzara. Garrantzitsua da zure inguruan lagunak edukitzea, gizaki izaten lagunduko dizutenak, ezin duzulako ezer egin. Zentzugabea dirudi, baina musika-kanala ere, Netflix, dena mozten baitizute. Horrela deskonektatzen zaituzte egiten duzun guztitik. Liburu bat erosi nahi eta ezin duzu. Europa okupatu honetatik kanpo egonen den ekosistema berri bat eraiki behar duzu zeure inguruan, Europa dagoeneko ez baita askea. Europatik kanpo plataformak bilatzen hasi behar duzu, dena berritik eratu behar duzu.
PL: Aholkurik eman al dezakezu? Izan ere, orain 59 pertsona zarete, baina gehiago izanen dira, ehunka, agian milaka. Tresna hau ez baitute askatuko. Tresna horri eutsiko diote, eta gero eta pertsona gehiago jarraituko dute gehitzen zigortuen zerrendan. Zer egin beharko luke jendeak bertan bukatu aurretik, beldur bada? Zer egin behar nuke nik egiten dudana egiteari utzi nahi ez badiot? Zein dira gomendioak?
NY: Zuk abantaila duzu munduko beste leku batean bizi zarelako. Segur aski, bankuko kontuak eta horrelakoak izanen dituzu bizi zaren Japonian. Hori da lehen gomendioa. Ziurtatu banku-kontu bat duzula zigorrik aplikatzen ez den lekuren batean. Saiatu Txinako Union Pay kreditu-txartel bat lortzen, edo zigorrak sistematikoki aplikatzen ez dituzten beste herrialde batzuetakoa, herrialde batzuek NBEk ezartzen dituenean bakarrik betetzen dituztelako nazioarteko zigorrak. Saiatu banku-kontu bat izaten zigorrik aplikatzen ez den munduko leku batean, mundu arabiarrean edo horrelako lekuetan.
PL: Ez da erraza banku-kontu bat irekitzea bizi ez zaren herrialde batean.
NY: Badaude moduak, baina benetan gogaikarria da. Agian egunen batean bideo bat eginen du aholkuak emanez.
PL: Bai, mesedez. Zure YouTubeko kanala berreskuratu eta berriz monetizatu ahal izan al zenuen?
NY: Oraindik badut. Ez didate ezabatu. Nire bideo batzuk kentzen ari dira, baina ez kanal osoa. Monetizazioa kendu egin didate, Googlek egoitza Irlandan duelako, EBn. Beraz, ezin diete zerbitzurik eman zigortutako pertsonei. Oraingoz argitaratzen jarrai dezaket. Baina zerrendan dagoen Diana Panchenko ukrainarrak, zigortua izan aurretik, 2 milioi jarraitzaile zituen YouTubeko kanal batean. Duela hiru hilabete YouTubek kanala ezabatu zion inolako azalpenik eman gabe. Afrikan jendeari esan ohi diot geure plataformak behar ditugula. Gonbidatua zaren bitartean, beste batzuek ezartzen dituzten arauak bete behar baitituzu.
PL: Astelehenetik zerrenda horretan dagoen Jack Baud koronelarentzako beste gomendiorik?
NY: Europar Batasunetik kanpo kontu bat izaten saiatu beharko lukeela uste dut. Lehenengo gauza da. Bere liburuetarako, agian EBren zigorrak bete behar ez dituen beste argitaletxe batekin kontratu bat sinatzeko modua bilatu beharko luke. Turkia Europa osotik gertu dago eta mundu osoan zehar hegan egiten duen airelinea oso ona du. Gauza horietan pentsatu behar da, nola birkokatu.
PL: Europako Batasuneko eta Suitzako herritarrei kontinentetik ihesi nola joan aholkatzen ari gatzaizkie. Hori da Bruselako munstro horrek lortu duena.
NY: Ukrainaren aurka doazen gauzak egiten ari garelako dela diote, baina Ukraina ez da EBko kidea. Eta EBkoak ez diren herrialdeetako pertsonak ere zigortzen dituzte, suitzarrak kasu, EBkoa ez den Ukrainari buruz esaten dutenagatik. Hau erokeria hutsa da. Afrikan hainbat hamarkadatan bizi izan duguna da hau. Hori da gure egoera normala Afrikan. Horren kontra ari naiz borrokan. Harritu egin ninduen Suitza Europako Batasunarekiko obedientzia maila hori izateak. Suitza galduta dago.
PL: Nathalie, barkamena eskatzen dizut ez naizelako konturatu zer gertatu zaizun, ezta nola erabili den hau afrikarren aurka. Zin dagizut saiatuko naizela ordainarazten, nahiz eta, segur aski, niri ordainaraziko didaten aurretik.
NY: Irtenbide bakarra elkartasuna da. Gizatasun kontua da, giza eskubideei dagokiena. Gure energia guztia bildu behar dugu, gure ideiak, gure erresilientzia. Aurrean dugun etsaia munstroa baita.
PL: Lehen puntua plataforma bat sortzea izanen da, non jendeak bere esperientziak eta aholkuak partekatu ahal izanen dituen. Ideiak partekatu eta gero, hortik abiatuta, eraiki.
https://www.youtube.com/watch?v=ZUiF3gfM5os
joan mari beloki kortexarena
2025-12-30

Iruzkinak
Utzi iruzkina: