Europako Batasunetik datozkigun zigorrak (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-12-29 22:47

belokijmari@gmail.com 1767044956677

Nathalie Yamb emakume suitzar-kamerundarra da. Berriki EBko zigortuen zerrendan sartu dute, nahiz Suitza ez dagoen EBn eta lan politikoa Afrikan egiten duen. Pascal Lottaz analista suitzarraren galderei erantzun die gaur dakargun elkarrizketan. Europar guztion arreta merezi duelakoan, bi atal beteko duen laburpen luzea eskainiko diogu.

PL: Europar Batasunak dagoeneko 59 pertsona zigortu du Ukrainako gerragatik Errusia zigortzeko ahaleginean. Hala ere, horietako asko ez da Errusiako herritarra. Horietako bat da nire herrikide Nathalie Yamb, 2025eko ekainean zigortu duten lehen suitzarra. Youtuberra ere bada eta nahiko ezaguna da sare sozialetan. Ama suitzarra eta aita kamerundarra ditu. Frantzian sartzea debekatua du aktibismo antikolonialagatik eta orain zigortuen zerrendan sartu dute. Zergatik uste duzu gertatu dela?

NY: Ustez, Errusiaren aldeko jarduerengatik. Hara, Afrikako burujabetza eta emantzipazioari buruz egin dudan lanagatik naiz ezaguna. Inoiz ez naiz Errusia eta Ukrainaren arteko krisian inplikatu, Afrikan gertatzen denarekiko kontaketaren faltsutasuna edo nazioarteko ordenaren hipokresia erakutsi nahi izan denean izan ezik. Zigorren deklarazioan idatzi zuten Frantzia eta Mendebaldea Afrikatik kanporatzen inplikatuta nagoela. Hori da arrazoietan agertzen dena. Dirudienez, Afrikatik kanpo lagunak badituzu, Europako Kontseiluaren arabera agente errusiarra zara. Nahiko arraroa da, baina ondorioak larriak dira. Hasieran pentsatu nuen, Suitza EBko kide ez denez, zigorrek ez zidatela eraginen, baina oker nengoen. Izan ere, Suitza, geografikoki, Europaren erdigunean baitago, EBko herrialdeez inguratuta eta, gainera, Suitzak Bruselaren aginduei jarraitzeko gogoz dauden gobernua eta enpresak ditu. Egun batetik bestera hasi zitzaizkidan kreditu txartelak ezeztatzen eta bankuko kontuak eta kriptodiru kontuak ixten.

PL: Eman al zizuten arrazoiren bat zure funtsak izozteko? Galdetu al zizuten zure dirua zein kontutara transferi zezaketen?

NY: Ez. Ez dut banku-konturik Europako Batasunean. Nire kontu bakarrak Suitzan eta Afrikan zeuden. Batean franko suitzarrak nituen eta bestean euroak. Lehenik, biak izoztu zizkidaten. Gero ixtea erabaki zuten, inolako arrazoirik eman gabe. Nire alokairurako, aseguruetarako eta horrelakoetarako egiten nituen ordainketak blokeatu egin zizkidaten. Nire abokatua bankuarekin harremanetan jarri zenean, kontuak erabat itxi zituzten. Nire euroek nonbait gordeta jarraitzen dute, baina dagoeneko ez daukat banku-kontuan sartzerik. Aurrerago, Suitzan dudan kontu bakarra eman nien, blokeatuta eta izoztuta ez dagoena, eta franko suitzarretan neukana kontu horretara transferitu zuten, baina eurotan zegoen dirua desagertu egin da, ez zen inoiz bidali eta ez dute erantzuten.

PL: Sumingarria da. Hori lapurreta da, dirua zurea baita oraindik.

NY: Bai, lapurreta biribila da. Eurotan nuen kontua izoztu egin zuten. Suitzako kontuaren erabilera mugatua dut. Dagoeneko ezin dut Twint-en sartu, gaur egun mundu guztiak Suitzan erabiltzen duen mugikorrerako ordainpeko aplikazioan. Gainera, kreditu-txartela desaktibatu egin dute. Bezero ez naizen beste banku batzuek ere ordainketak ukatu egiten dizkidate. Horra nire amesgaiztoaren hasiera. Atzerrian baldin bazaude gertatzen denean, ez duzu ordainbiderik. Eta eskudirurik ez baduzu, erabat galduta zaude. Hortaz gain, plataforma guztiak mozten dizkizute, Google, Amazon… Nire YouTubeko kanalak erabat desmonetizatuak izan ziren. Zigorraren zati bat zure aktiboak izoztean datza, beste zati bat Europako lurraldean sartzeko, ibiltzeko edo gainetik hegan egiteko debekua da. Eta hirugarren zigorra zigortutako pertsona bati zerbitzuak ematea debekatzea da. Beraz, zure dirua onartzen duen edozein enpresak zigorra jasotzeko arriskua du. Jendeak dena ixteko hautua egiten du. Hegazkin-konpainiek ere bidaiari gisa atzera bota zaitzakete.

PL: Baina Google enpresa estatubatuarra da.

NY: Hara, esperientzia bat izan nuen joan den astean AEBetan egoitza duen Expedia enpresarekin. Hegazkin-txartela erosten saiatu nintzen. Bi mezu elektroniko jaso nituen Expediatik, zigortutako pertsonekin ezin dutela negoziorik egin esanez. Ni ez nago zigortuta AEBetan, Europar Batasunean nago zigortuta. Txartela AEBetatik eta EBtik kanpo zegoen hegaldi baterako zen. "Hegaldia bertan behera utzi dugu eta ez duzu dirua berreskuratuko” esan zidaten.

PL: Hau da EBren beso luzea. Arazorik izan nahi ez duen edozein enpresak, bere borondatez aplikatzen ditu zigorrak, horretara behartuta ez egon arren.

NY: Gauza bera gertatzen da Afrikako bankuekin. "Afrikan, zergatik itxi nahi duzue nire kontua?" galdetu nien eta "Europan banku korrespontsalak ditugu eta ez dugu arazorik izan nahi" erantzun zidaten. Afrikan nituen ia kontu guztiak itxi zizkidaten.

PL: Hori ikaragarria da erabat. Nola moldatzen zara hegaldiekin?

NY: Hegan egin ahal izan dut, baina arriskutan nago, airelineek ez nautela onartzen bidaiari bezala esan diezadaketelako. Dena dago konektatuta. Normalean, Europakoak ez diren airelineak erabiltzen ditut.

PL: Suitzarra zaren aldetik, zure herrialdera itzultzeko eskubidea duzu. Nazioarteko zuzenbidean oinarrizko eskubidea da. Hiritar zaren estatura itzultzea giza eskubidea da. Baina ezin izan duzu itzuli.

NY: Ezin izan dut itzuli.

PL: Jaso al duzu jakinarazpenik zure sarrerako ontzian edo zure postontzian?

NY: Ez, ez nuen jaso. Eurentzat nahikoa da Europako Batasuneko egunkari ofizialean argitaratzea. Googlen aurkitu nuen. Elkartasun mezu asko jaso ondoren bilatu eta aurkitu nuen nire izena Googlen. Ez dizute deitzen, ez dizute inolako prozeduraren berri ematen, ez duzu eskubiderik ez aukerarik haiekin elkartzeko, kontrakoa frogatzeko. 2024an erabaki zuten errusiarren aldeko jardueren aurkako zigorrak ezarriko zituztela Europan. Araudi horretan idatzita dago ezin duzula itzultzeko hegan egin. Eta enpresa batek ontziratzea eta Suitzara bueltan eramatea erabakitzen badu, ezin duzu ziur jakin Suitzatik ateratzeko aukera izanen duzun.

PL: Kasurik onenean, Japoniako Kyúshü uhartea baino herrialde txikiagoan geratuko zara giltzapetuta.

NY: Izugarri digitalizatuta dagoen herrialde batean, plataforma digital guztietarako sarbidea, ordainketa digital guztietarako sarbidea, edozertarako sarbidea eteten dizutenean, ziurrenik bertan geratuko zara, etxerik gabeko pertsona bihurtuz, alokairua ezin duzulako ordaindu. Ez nago prest itzuli eta aire zabaleko kartzela batean harrapatuta geratzeko. Oso erabaki zaila da.

PL: Zer egin zuten Suitzako zerbitzu kontsularrek? Haien zerbitzuen beharrean aurkitzen baitzinen.

NY: Ez zuten deus egin. Nire abokatua Suitzako enbaxadarekin harremanetan jarri zen eta ezin zidatela lagundu esan zioten, Europako Batasuneko delegazioekin harremanetan jartzeko.

PL: Europarrekin koordinatzeko esan zizuten, zigortu zintuzten pertsonekin. Zuri laguntzeari uko egin zioten. Koldarrak dira. Larrialdi-kasu horietan, laguntza hori behar-beharrezkoa duzu, ezta?

NY: Ez da nire lehen esperientzia Suitzako kontsul-zerbitzuaren erantzun ezarekin. 2019an Errusia-Afrika lehen gailurrera gonbidatu ninduten Sotxin. Afrikako estatuburu guztiak zeuden, gutxienez 50 bat. Hitz egitera gonbidatu ninduten. Diskurtsoaren ondoren, Emmanuel Macron haserretu egin zen Frantzia-Afrikaz hitz egin nuelako, hori baita nire borrokaren muina, eta ez zitzaion gustatu. Boli Kostara itzuli nintzenean, han bizi bainintzen orduan, berak telefono dei bat izan zuen presidentearekin. Atxilotu eta Boli Kostatik Suitzara kanporatu ninduten. Normalean pertsona beltzak Europatik Afrikara kanporatzen dituzte. Ni, ordea, Afrikatik Europara kanporatu ninduten. Nahiko deigarria izan zen. Suitzako enbaxadarekin harremanetan jarri nintzen eta ez zidaten erantzun. Boli Kostan ere kontua izoztu zidaten. Negua zen Europan eta nire udako arropa jantzita etorri behar izan nuen. Paperik gabe, arroparik gabe, dirurik gabe, deus gabe. Orduan ere Suitzako enbaxadak ez zidan ezertan lagundu.

PL: Herritar bati laguntzeari uko egitea legez kanpoko ekintza izan beharko litzateke. Suitzako nire lagun diplomatikoei galdetuko diet. Harrituta nago.

NY: Orain sentitzen duzun harridura, Europan ikusten ari zaren izugarrikeria hau, urte askotan Afrikan borrokatu dudana da zehazki. Frantzia-Afrika horretaz ari naiz. Zerbitzu sekretuez ari naiz eta Afrikako estatuetan jartzen diren gobernuez. Nahi dutena egiten ez baduzu, zigortu egiten zaituzte, baita hil ere. Niretzat ez da gauza berria, baina ulertzen dut zuretzat zirraragarria izatea. Hau da 20 urtez egin dudan borrokaren muina. Orain Europara zabaltzen ari da.

https://www.youtube.com/watch?v=ZUiF3gfM5os

joan mari beloki kortexarena

2025-12-29


Utzi iruzkina: