Europako Batasunaren porrot handia
José Miguel Villarroya historialari eta kazetari bezala da ezaguna. Baina lizentziaturak ere baditu Filosofian eta Teologian. Marxista gisa aurkezten du bere burua. Sobiet Batasunan txertatuta egon zen Ekialdeko Alemania (AED) hobeki ezagutzeko, bertan hainbat urte eman zuen bizitzen, bi Alemaniek bat egin zuten arte. Interesgarria iruditu zaigu bere iritzia Saxonia-Anhalt-en izan berri diren hauteskundeetan AfD alderdiaren garaipen handia nola ulertu behar den argitzeko.
Esanahi garrantzitsua duen garaipena da. Nik ez dut uste AfD alderdi nazia denik. Bitxia bada ere, naziak armatzen ari direnak CDU, SPD, FDP eta liberalak baitira, Die Linkeren babesarekin. Beraz, Ukrainako naziak babesten ari zarenean zuk laguntzen ari ez zaienei nazi deitzeak ez du zentzurik.
Nolanahi ere, kolpe handia da. Hainbat baldintza eman da batera. AED Alemaniako Errepublika Demokratikoa erabat desegin zenean, neurri sozial guztiak ezabatu ziren, doako osasuna, doako hezkuntza, jendearen bizi-maila eta bizi-estandar batzuk... Alemaniako länder pobreenak dira AEDko länder zaharrak, Berlin Ekialdea izan ezik, non diru asko sartu zen Alemaniako hiriburu bilakatzeagatik. Industria desegin zen, den-dena desegin zen eta ondoren pobrezia masiboa geratu zen.
Horri ate irekietako immigrazioa gehitu behar zaio, Espainian gertatzen den bezala, hiri eta herrien masifikazioa eragin duena, identitate galerak, bizikidetza arazo larriak, konpontzen ez diren herritarren segurtasun falta arazoak… Eta hori dena alderdiek RDA zaharra egun zorrizutzat hartzen jarraitzen duten bitartean.
AfD jendearen intereseko gaiez mintzatzen da
Jendea aurrean aipatutako guzti horietaz nazkatu egin da. Eta AfD-k jendeari interesatzen zaizkion gauzez hitz egiten du. Immigrazioaren gaia funtsezkoa da, baina, immigrazioa integratzeko eta bizikidetza-arazoak eta herritarren segurtasun-arazoak konpontzeko ezertxo ere egiten ez denez, azkenean, jendeak haiek kanporatzea defendatzen du.
Ni AED-n bizi izan nintzen eta Alemaniako politika interesatzen zait eta jarraitzen dut. AfD-ren mitinak jarraitu egin ditut eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa aldarrikatzen ikusi ditut, AED-ren bandera atera eta AED-ren ereserkia abestuz. Hori egin dute ongi dakitelako AED-n bizi izan zen populazioaren zati handi bat dagoela AED-n zituen bizi-estandarren falta sumatzen duena.
Besteak beste, gainerako alderdiak jendeari interesatzen ez zaizkion istorioetan aritu direlako irabazi dute. Gainera, Errusiaren aurkako diskurtso errusofoboa AED zen horretan ez dator ongi, herrialde aliatuak zirelako eta biztanleriaren zati handi bat, RDA zaharrean bizi izandakoa, ez dagoelako Errusiaren aurka.
Gehiengo osora iristeko falta zaizkion diputatuak Sahra Wagenknecht-en bloketik lor litzake. Dagoeneko esan dute puntu batzuk partekatzen dituztela AfD-rekin eta akordio puntualetara irits daitezkeela. Ikusi beharko da, halaber, aipatzen duten osasun-hesi hori mantentzen den ala ez. Izan ere, CDU-ko zenbait ahots dagoeneko ari dira esaten ez dela deus gertatzen AfD-rekin aldizkako hitzarmenak sinatzeagatik.
Saxonia-Anhalt bi milioi eta erdi biztanle duen land txikia da. Beraz, hauteskunde hauen garrantzia erlatiboa da. Baina oso garrantzitsua da, maila federalean, datorren urteko hauteskunde orokorretarako inkestek garaipena ematen diotela Alternatibari.
Kanpo-politika
Kanpo-politikari dagokionez, ez dut uste ezer aldatuko denik. Hauteskunde orokorrak AfD-k irabaziko balitu, Ukrainaren gaian izanen da aldea. Ez daude Ukrainari babesa ematearen alde. Eta Errusiaren aurkako gerraren kontra daude.
Israeli dagokionez, Israel eta jarrera sionistak defendatzea hobetsi du dagoeneko. Beraz, Ekialde Ertaineko politikari begira ez litzateke inolako aldaketarik egonen.
Saxonia-Anhalt ez da Alemaniako Errepublika Federaleko länder nagusietako bat. Beraz, eragin handiena kanpo-politikan izanen du eta irudi mailan.
Barne politika mailan, CDU-ko sektore eskuindarrenak politika gogorragoa eska lezakete immigrazioaren gaian, herritarren segurtasun ezarekin lotuta. Orain arazoa ez da Alternatiba lehen postuan egotea Alemaniako Errepublika Demokratiko zaharrean, baizik eta Alemaniako Errepublika Federal zaharrean inkestek lehen postua ematen diotela hainbat länderretan.
Politika gerrazalearen porrota
Gobernuan dauden alderdiena eta berau babesten dutenena izan da benetako porrota, beren jarrera errusofoboagatik eta politika gerrazaleagatik. Merzen politikagatik, alegia. Nik oso ibilbide laburra iragartzen diot Merzi. CDU-ren barruan ahots asko hasi baitira dimisioa eman dezan eskatuz, herritarren babesik ez duelako eta CDU suspertzeko gaitasunik ikusten ez diotelako -eta hor bai hauteskunde hauek badutela garrantzia-. Une honetan, inkesten arabera, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Alemaniako Errepublika Federalaren historian babes txikiena biltzen duen kantzilerra da.
Alemania miseriara baldin badaramazu, jendearen lan-eskubideak murrizten ari bazara, erretiro-adina atzeratzeaz ari bazara, pentsioak murriztu behar direla eta erretiratuek minijobetan lan egin behar dutela esaten ari bazara, osasungintzan murrizketak egin behar direla esaten ari bazara, hezkuntzan murrizketak egin behar direla esaten ari bazara... –eta dagoeneko egiten ari zara– eta, gainera, diru hori guztia armagintzara bideratu behar dela... Azkenean, ez da beharrezkoa eskuin muturrekoa etortzea, zu haien politika egiten ari baitzara. Neurri horiek herriaren aurkakoak dira, jendearen kontrakoak.
Ez da CDU bakarrik. Gobernuan dagoen SPD ere hondoratu egin da hauteskunde hauetan, eta kanpotik babesten duen Alderdi Liberala ez da Parlamentuan sartu.
AfD legez kanpo uzteko aukera
Konstituzioak zabalik uzten du AfD legez kanpo uzteko aukera eta aspaldi ari dira kontu horretaz hitz egiten. Erabakia Auzitegi Konstituzional Federalari dagokio eta hiru eskaera bildu behar ditu horretarako. Lehena, Estatuko Fiskaltza Nagusiarena, konstituzionaltasunaren aurkako zantzuak ikusi dituelako, ustelkeria… Bigarrena, Bundestagarena -Diputatuen Kongresuarena, alegia-, gehiengo garrantzitsu bat jaso beharko duena. Eta hirugarrena, Senatua edo Ganbera autonomikoaren parekoa den Bundesrat delakoarena. Hiru horien eskaerak behar dira legez kanpo utzi ahal izateko.
Une honetan AfD legez kanpo uztea gauza zaila dela uste dut. Batetik, land batean hauteskundeak irabazi berri dituelako eta, bestetik, maila federaleko inkesta guztietan hauteskundeak irabaziko lituzkeen alderdi bezala agertzen delako.
Sahra Wagenknecht-en alderdia legez kanpo uzteaz ere ari dira. Orduan, nolako demokrazian gaude? Irabazten duen alderdia gustatzen ez bazait, besterik gabe kendu al dezaket paretik?
"Zuk Saxonia-Anhalt-en egiten duzunaren arabera, AfD legez kanpo utz dezakegu" esatean, Merzek estalitako mehatxu bat egin diola uste dut.
Dena den, argi dago Alternatibaren garaipena kolpe handia dela Alemaniako politikaren baitan. Hitler itzuli dela saltzen ari zaizkigu. Baina Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistaren ideologiara eta AfD-k defendatzen duena antzekoak direla esatea, gaztaina eta arrautza antzekoak direla esatea da.
Seriotasun handiagoa behar da. Diskurtso hori eginen digute, dagoeneko egiten ari dira, ezkerreko mordo batek “Faxistak datoz!” esanez. Bere diskurtso elektoralista da, errealitatea eta jendeak dituen arazo errealak aztertu gabe.
https://www.youtube.com/watch?v=Py2AH7Bn4VA
joan mari beloki kortexarena
2026-09-10

Iruzkinak
Utzi iruzkina: