Europak Errusiaren kapitulazioa nahi du
Gaurkoan Pascal Lottaz Kyoto-ko unibertsitateko irakasle suitzarra NBEn urte askotan lanean aritu den BSW taldeko Michael von der Schulenburg europarlamentari alemaniarrarekin mintzatu da. Europako egoera politikoaz jardun dute.
Europa isolatuta dago gaur egun. Horrek eragin izugarria izanen du Europako Batasunaren eta NATOren etorkizunean. Orain galtzaileen aldean gaude. Ez dakigu errusiarrekin hitz egiten eta ez dugu haiekin hitz egiteko aukerarik izanen. Noiz hasi ziren gauzak okertzen NATOko Europako herrialdeentzat? Trump hautatu zutenean, hain zuzen.
Trump presidente hautatu berritan, 2024an, gerra amaitu nahi zuela esan zuen. Gorabeherak gorabehera, Ukrainako gerratik AEB erretiratzeko jarrerari eutsi dio. Europarrek orduan egin behar zuten bat Trumpekin, 2024aren amaieran, gerra Europako kontinentean gertatzen ari baita. Eta europarrak dira gerra hau amaitzeko interes handiena izan beharko luketenak. Baina europarrak Trumpen aurka jarri ziren.
Trumpek gerra finantzatzeari eta armak hornitzeari utzi zion. Egiten jarraitzen duten gauza bakarra CIAren bidez inteligentzia ematea da. Aldaketa izugarria izan zen hori.
Eta guk, europarrok, zer egin genuen? Errusiarrekin hitz egiteko baldintzak jarri genituen, funtsean haien kapitulazioa eskatzea zekartenak: Errusiak lurralde guztietatik erretiratu beharko zuela, erreparazioak ordaintzea onartu beharko zuela, ustezko gerra-kriminal errusiarrak epaitzeko auzitegi berezi bat onartu beharko zuela eta Ukraina NATOko kide bihurtuko zela. Hori errealitateari bizkarra ematea da. Gerra irabazten ari bagina bezala jokatzen ari gara.
Errusia hautsi
Lehen, gerra irabaziko genuela eta Errusia zatituko genuela uste genuen. Errusian matxinadak izanen zirela pentsatzen genuen, ekonomia hondoratuko zela eta jendea, gerraz nekatuta, Vladimir Putin presidentearen aurka protesta egitera aterako zela. Baina kontrakoa gertatu da. Dagoeneko ohartu behar genuen gerra hau ez dela NATOren garaipenarekin amaituko. Ukraina guzti honen barruan odola isurtzeko baino ez dago. EBn edo beste inon ez zaio inori Ukraina interesatzen. Ukraina huts egindako estatua bihurtzen ari da. NATOren eta EBren etorkizuna dago jokoan. Ez dut ikusten nola iraun dezakeen Europako Batasunak; geure buruaz beste egiten ari gara.
Europako Parlamentuko kide gehienak beren burbuilan bizi dira. NBEko ordezkariek baino askoz soldata handiagoak jasotzen dituzte. Europako Parlamentuak demokraziaren itxura ematen du, baina erabakiak beste bulego batzuetan hartzen dira, eta ez dakigu nork hartzen dituen.
Gerra honen helburua Errusia estatu txiki bihurtzea zen, hazkunde ekonomiko izugarria izaten ari baitzen. Ez genuen Errusia superpotentzia izatea nahi. Hemen EBk izan behar zuen superpotentzia.
AEB garaipena errusiarrei ematen ari zaizkie. Eta europarrok ez dugu horretan deus esatekorik. Lehenik, 27 estatu kideak negoziazio-estrategia baten inguruan ez liratekeelako ados jartzeko gai izanen. Ez lirateke ados jarriko negoziatzaile nagusia nor izan behar den erabakitzeko ere. Eta ezin izanen genioke negoziatzaile nagusi horri bakea negoziatzeko behar duen malgutasuna eman. Ez ginateke ados jarriko zer negoziatu finkatzerakoan ere.
Gure egunkari guztiek Errusiaren gerra probokatu gabea aipatuz hasten dute oraindik ere albisteen kontakizuna. Baina negoziatzen badugu, gerra segurtasun-arazoa dela onartu beharko dugu. Eta gerra NATOren hedapenaren ondorio dela onartzean, gerra honen errua gurea dela onartzen ariko gara. Ukrainaren neutraltasuna onartu beharko dugu irtenbide gisa.
Errua gurea izan da
Errusiarrek eta ukrainarrek Istanbulen 2022ko apirileko bake-negoziazioetan Ukrainaren neutraltasuna adostu zuten. Beraz, lehenago lor genezakeen emaitza bera lortuko dugu amaieran. Milioika pertsona horiek guztiek ez zuten zertan hil edo bizitza osorako elbarri geratu. Suntsipen hau guztia ez zen beharrezkoa. Azkenean, Errusiaren esku-hartzea justifikatuta egon zela onartzera ere iritsiko gara. Horrela, gerraren erru osoa gure gain hartuko dugun egoeran aurkituko gara. Eta gure buruzagiek ez dute hori onartu nahi; horregatik uko egiten diote negoziatzeari.
Europarrok ergelak gara eta ez dakigu zer nahi dugun. Ez dugu lidergorik. Errusiak gerra hau irabazi duela onartu behar dugu. Eta Europako Parlamentuaren ebazpen batean aurreikusi genuen Errusiaren zatiketa ez dugu inoiz lortuko.
Errusiarentzat 2022ko otsailean emandako urratsa erabakigarria izan zen. Une hartan egin behar zuten, 2021eko azaroan estatubatuarrek Ukrainarekin NATOko kide bihurtzearen oso antzekoa zen elkarte estrategikorako hitzarmena sinatu zutelako. Errusiak ezin zuen Ukraina NATOn sartu arte itxaron.
Gerokoa Ukraina berria izanen da, ia biztanlerik gabea baina arma ugarirekin. Ukrainarrak gure herrialdeetan izanen ditugu, eta ezin izanen dugu bereizi lagundu behar dugun errefuxiatua nor den eta gainerakoak nortzuk diren. Horrek arazo izugarriak sortuko dizkigu etorkizunean.
Bestalde, bada gerra Mendebaldeko Europara zabaltzeko prest dagoen jendea. Horrela hitz egiten dute Europako Parlamentuan. Errealitatearen zentzua galdu duen pertsona-talde bat dugu. Europak ez du Errusiaren aurka borrokatzeko gaitasunik. Kaliningraden, Itsaso Baltikoan edo Itsaso Beltzean probokazioak egin ditzakegu, baina horrek gerra eragin dezake. Iranen gaur egun gertatzen ari den gerran, hamar egun besterik ez dira behar izan AEBren base militar guztiak borrokarako ezgai uzteko. Eta ez dira konturatzen hemen ere gauza bera gertatuko dela.
Europan, bakea nahi badugu errusiarrekin hitz egin behar dugula esaten duen inor ez dugu. Stubb eta Gahr Støre-k egindako telefono-deiak besterik ez ditugu. Gainera, gerra honek nuklearra bihurtzeko arriskua du.
Ez dut uste hau EBren esparruan konpondu dezakegunik. Baina estatu kideetako baten bat errusiarrekin bere kabuz hitz egiten hasiko balitz, oztopo burokratikoen sare osoa saihestu ahal izanen luke, estatu kideak subiranoak baitira. Beraz, irtenbidea, ziurrenik, estatu kideei botere handiagoa ematetik etorriko da. Kanpo-politika eta segurtasun-politika estatuen eskumenak baitira.
Errusiarekin negoziatu
AfD alderdiaren arrakasta, neurri handi batean, haren bake-politikari zor zaio, hau da, honako hau esateari: «Ukrainara arma gehiago ez bidali, negoziatu egin behar da, Errusiari erosi behar diogu petrolioa…» Ideia horiek guztiek babes handia dute. Itxaropenerako tartea dago guzti honetan, nahiz eta horrek EBren haustura ekarriko lukeen. Hori da, hain zuzen ere, egin behar duguna, EBren gidarien nahien kontra haiei aurre eginez. Gizarte zibila ere inplikatu egin behar dugu, Errusiaren eta Europaren arteko bakea iristen laguntzeko.
Ukraina estatu burujabe gisa bizirik irautea bermatzeko ere Errusiarekin negoziatu behar dugu. Akordio batera iritsi beharko dugu, ezin baitugu onartu Europako herrialde handi bat huts egindako estatu bihurtzea.
Ukrainarrak ez dira faxistak. Baina bertan badira halakoak eta indarkeria erabiltzeko monopolioa dute eta armak dituzte. Sortzen lagundu dugun arazo izugarria da hori. AZOV brigada hauek finantzatzen eta armatzen lagundu dugu.
Kontua da prozesua nola desblokeatu. Izan ere, gerra hau CIAk zuzentzen du, eta oso modu zikinean jokatzen du. Gainera, ez dago AEBko botere exekutiboaren kontrolpean.
Europarren eta estatubatuarren arteko arrakala hain da sakona, ezen hurrengo administrazioarekin ere ez baita itxiko. Esan beharra dago, halaber, Britainia Handiaren eta AEBren arteko harreman berezia amaitu egin dela. Erresuma Batua herrialde txikia da, eta Ukrainari 10.000 milioi dolar ematen ari zaio, ez duen dirua, alegia. Erresuma Batua desegiteko beste urrats bat da hori. Hortaz gain, gogora dezagun duela gutxi Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako lehen ministroen arteko bilera bat egin zela, eta hirurek bat egin zutela Erresuma Batua uzteko helburuan.
Beraz, EB desegin litekeen egoera baten aurrean gaude; Erresuma Batua ere desegin liteke, eta hori guztia Errusia desegiteko saiakeraren ondorio da. Errealitatea onartu behar dugu, eta mundu multipolar batean Europari nolabaiteko etorkizun-ikuspegia emanen dion politika bati heldu. Izan ere, mundu horretan oraindik ere zeregin garrantzitsua izan dezakegu.
Bruselako agintari gorenak saihestu behar ditugun puntura iritsi gara. Informatikan ikasi nuen sistema batean akats bat dagoenean beti daudela hura konpontzeko bi modu. Bata akatsa zuzentzea da. Bestea, berriz, konponbide alternatibo bat bilatzea. Akatsa bere horretan uzten duzu, baina nahi duzun emaitza lortzeko beste modu batean lan eginez saihesten duzu. Egin dezagun hori, ba: saihestu dezagun oztopoa.
https://www.youtube.com/watch?v=7XZbGDYq9F8
joan mari beloki kortexarena
2026-11-10

Iruzkinak
Utzi iruzkina: