Europak ba al du konponbiderik?

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-01-24 22:55

belokijmari@gmail.com 1769292099300

Glenn Diesen analista nekaezinak oraingoan Jeffrey Sachs ekonomialari ospetsua elkarrizketatu du. Gauza askotaz mintzatu dira, baina bereziki Europaren gorabeheretaz. Errealitate ilun eta gordinaren aurrean, J.Sachs ekonomialaria itxaropentsu azaldu da geroari begira.

Kennedy presidenteak 1961ean esan zuen tigre baten gainean ibiltzen denak askotan tigrearen barruan amaitzen duela. AEBak potentzia inperiala direla, eta lotsagabekeriaz eta basakeriaz jokatzen dutela ulertu behar zutela esan nion Europako Parlamentuari. 20 bat urtez, Europako ia lider bakar batek ere ez zuen hitzik esan AEBen portaera harrapari horren kontra. Herrialde bat bestearen atzetik inbaditu, gobernuak eraitsi eta Ukrainan ausarkeriaz jokatu zuen bitartean, europarrak isilik geratu ziren. Ekialde Ertaineko gerretan Israelekin kolaboratzen zuten bitartean, Iraken eta Libian gerrara zihoazen bitartean, Siriako gobernua boteretik kentzeko ahaleginetan ari zen bitartean edo 2014ko otsailean Victor Yanukovich presidente ukrainarrari Maidan antolatu ziotenean bezala. Europako buruzagiak kasu guztietan isilik egon ziren. Joan den ekainean Iran bonbardatu zutenean edo Venezuelako presidentea bahitu zutenean, beste hainbeste.

Baina AEBek "Groenlandia nahi dugu" esan zutenean, bat-batean nazioarteko zuzenbideaz oroitu ziren. Hipokresia handia dago Europan azkenaldian. AEBak matoiak, inperialistak eta zuhurtziagabeak dira eta munduaren zati handi bat miserian utzi dute. Europa beti izan da adeitsua edo konplize Europatik kanpo. Nahiago nuke europarrek aginpide pixka bat erabili izan balute horrela joka ez dezaten esateko.

Europarren errusofobia zentzugabea da. Hori ez da errealismoa, autosuntsiketa da. Errusiarekiko komunikazio ildoak irekita mantendu beharrean, AEBen esku uzten dute dena. Ondorioz, orain erabat inguratuta daude, ez baitute diplomaziarik, ez Errusiarekin, ez AEBekin. Orain Europak ez du segurtasunik, ez du arazoak eztabaidatzeko gaitasunik, eta erabat izututa dabil batetik bestera. Hori da Europaren errealitatea une honetan.

Mark Carney orain Mendebaldeko estatu-politikari garrantzitsuena da, zintzotasunez hitz egiten duen bakarra baita. Davosen egin zuen hitzaldia bikaina izan zen. Txinara egindako bidaiaren ondoren iritsi zen, non Txinarekin Kanadan ibilgailu elektrikoetan inbertitzeko plan bat egin zuen. Hori oso beharrezkoa da, AEBetako automobil-industria desagertzeko bidean delako. Kanada ekonomikoki zein geopolitikoki dibertsifikatzen ari da. Erabaki ausarta izan da, Kanadak muga luzea partekatzen duelako AEBekin, eta Trumpek behin eta berriz adierazten duelako Kanada ere berea dela. Baina Carney lehen ministroak argi hitz egin du eta ez du Txinarekin harreman politiko berriak sortzeko beldurrik izan. Horrek garrantzi handia du. Gobernu batzuk harrituta daude horregatik, ezegonkortasun handia datorrenaren adierazle.

Groenlandiari dagokionez, Trumpek atzera egin zuen Davosen, bezperan indarrez hartzeko mehatxua egin ostean. Agian burtsa merkatua aurreko egunean erori zelako. Hau izan daiteke Trump mugatzen duen gauza bakarra. Milioidun babesleei lagundu nahi die, eta bera ere izututa dago burtsak behera egiten duenean. Agian europar batzuek ere kontzesioak egin zituzten. Groenlandian dituzten baseen gainean AEBei subiranotasuna emateko prest daudela diote.

Davosen AEBetako altxorraren idazkariari egindako elkarrizketak ere arreta merezi izan zuen. Ezohikoa izan zen, Iranen gertatu zena azaldu zuelako. Izan ere, Scott Bessent erregimena aldatzeko operazioa izan zela esan baitzuen. AEBek Irango ekonomia suntsitzea bilatu zuen. Honela aitortu zuen: “Trump presidenteak altxorrari Iranen gainean ahalik eta presio handiena egin zezan agindu zion. Eta abenduan bere ekonomia kolapsatu egin zen. Banku Zentrala dirua inprimatzen hasi da. Ezin dute inportaziorik lortu eta horregatik atera zen jendea kaleetara. Hau diplomazia ekonomikoa da tiro bakar bat bota gabe eta gauzak oso modu positiboan doaz aurrera”. Berak azaldu du Irango ekonomia zapaltzeko estrategia ekonomikoa dela. Bitarteko ekonomikoak dituen gerra bat da, nazioarteko zuzenbidearen guztiz kontrakoa, NBEren gutunaren kontrakoa. Zigorrak legez kanpokoak dira. Hemen ikus daiteke jende hori zein maltzurra den. Gaizkiaren inperioa da, besteen suntsipena bilatzen baitute.

Bessent ez da aditua politika ekonomikoan ezta zerga kontuetan ere. Baina txanpon bat bota dezake eta hori izan zen Iranen egin zuen lana eta barre egiten du. Erregimen aldaketa asko daude orain. Gaur, Wall Street Journal egunkarian, Kubako Gobernuak urtea amaitu baino lehen erori behar duela dio titularrak; beraz, hori da erregimen aldaketa martxan duen beste operazio bat. Bide batez, europarrek Irani buruz ez zuten deus esan AEBak erregimena zapaltzen saiatu zirenean. AEBek gangsterren moduan darabilten jokaera da. Aspaldi gertatzen ari da. Orain europarren aurka egin izanak molestatu egin ditu, baina hori da orain arte defendatu dutena. Ilegaltasunaren alde egonik ezkutatu egin dute eta orain aurka bueltatu zaie.

Europaren akats nagusia errusofobia da. Errusia ez baita gaiztoa eta Europaren arerio gupidagabea. Gorvachovek aldebakarrez desegin zuen Varsoviako Ituna eta Alemania bateratu behar zela defendatu zuen, baldintza oso argi eta esplizitu batekin: NATO ekialderantz ez zabaltzea. Hori guztia lortu zitekeen bi aldeak zintzoak izan balira, baina AEBek eta Europak ez zuten zuzen jokatu, Ekialdeko Europaren errusofobiari jarraituta. Europak bere burua harrapatu zuen eta harrapatuta jarraitzen du.

Gaur posible da Errusiarekin bakea izatea. Europako Batasunaren eta Errusiaren artean dauden estatuen neutraltasunean oinarrituko litzateke, Ukraina barne. Ezin dugu amore eman eta honek erremediorik ez duela esan. Baina premiazkoa da Europak uler dezan Errusiarekin gerra hau aurrera eramaten jarraitzen badu, mundu honetan noraezean amaituko duela, desintegratuta eta ekonomia funtzionalik gabe.

Posible litzateke bide bat aurkitzea Alemaniak, Frantziak eta Italiak arrazionaltasun pixka bat aurkituko balute. Lehenik eta behin, Alemaniak bere joerari buelta eman behar dio, behin eta berriz hautsi baititu bere konpromisoak. Alemaniak hori eginen balu, Frantziak ere egin ahal izan beharko luke. Macronekin elkarrizketa bat izan nuen 2023an, eta bertan aitortu zuen NATOren zabaltzea izan zela probokazioa. Baina ez zuen koherentziaz jokatu. Italiari dagokionez, bitxia bada ere, ez dago errusofobiarik. Italia politikoki eta sozialki eroso dago Errusiarekin, baina lehen ministroak NATOren ildoari jarraitzen dio. Ez litzateke zaila izanen Italian politikoki saltzea diplomazia behar dugunaren ideia. Hiru herrialde handi horietan lortuko balitz, Europako dinamika nahiko azkar aldatuko litzateke. Bide batez esan dezagun Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Hungaria diplomaziaren alde daudela. Diplomaziaren beharra saltzea, beraz, ez da zaila. Bitxia bada ere, esan beharra dut Jens Stoltenbergek, NATOko idazkari nagusi izandakoak, errusiarrekin hitz egiteko garaia iritsi dela adierazi zuela berriki.

https://www.youtube.com/watch?v=bcHEvY30Xbo

joan mari beloki kortexarena

2026-01-24


Utzi iruzkina: