Europa noraezean

Europa noraezean EUSKAL HERRITIK | 2026-11-04 18:32

Europa noraezean

Douglas Macgregor, AEBetako Defentsa Idazkariaren aholkulari ohia, dugu gurekin. Komunikabide nagusietan entzuten eta irakurtzen ez dugun gauza ugari dakarkigu gaurkoan. Glenn Diesen-ek zuzendu du elkarrizketa.

G.D. Finlandiako eta Norvegiako agintariek lau urte eta erdiko diplomazia etena hautsi dute Putin presidenteari deituta. Zer garrantzi du adostasuna hautsi izanak?

D.M. Une honetan, Europa noraezean dabil. Trump presidenteak ez du Europako potentziekin deus egiteko interesik. Bi herrialde horiek aitzindari modukoak dira eta urrats horrekin «gerra hau guk hasi genuen» aitortu dute eta europarrek hitzarmenak egin behar dituztela errusiarrekin.

Hau gerraren amaieraren hasiera da. Aliantza zatitzen ari da eta norabidea aldatzen. Aldaketak Errusiaren eta Europako gainerako herrialdeen arteko harremana bultzatuko du. NATO eta EB desagertzeko bidean dira. Ukrainako herritarrek gorroto dute beren gobernua, eta gerra amaitzea nahi dute. Trumpek ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzen saiatuko da Ukraina hondoratu aurretik.

Etorkizunean, Errusia bere mugakide diren herrialdeekin bilduko den konferentzia motaren bat ikusiko dugu. Estonia, Letonia, Lituania, Bielorrusia, Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Moldaviak ez dute Errusiarekin gerran sartzeko interesik.

Soldadu ugari ditugu han eta hemen entrenatzen, Poloniako eta Errumaniako taberna eta diskoteketara joaten. Horrek guztiak seriotasunik eza erakusten du. Europan, nork hartuko du Errusiaren aurkako gurutzada handi horren gidaritza? Inork ez. Zer eginen dute Macron-ek, Merz-ek eta Starmer-ren ondoren etorri denak? Deus ez. Beraz, zentzugabeko gerra hau eta amaierarik gabeko sarraski hau bukatu eginen dira, errusiarrek eta haien auzokideek amaiera ematea erabakiko dutelako.

Ukrainak bat eginen du Errusiarekin

G.D. Nolakoa izanen da gerraren ondorengo egoera?

D.M. Ukraina ez da NATOrekin lerrokatuko NATO desagertu eginen delako. Eta zer gertatuko da Europako Batasunarekin? Frantzia porrotera bidean doa, eta Alemaniak finantzatzen duen Europako Banku Zentralera jo du. Alemaniarrek Frantzia erreskatatuko al dute? Inondik inora ere ez. Hau guztia hondoratu eginen da.

Ukraina Errusiarekin lerrokatuko da. Azken 500 urteetan, Ukraina ez da inoiz nazioa izan. Bertako jendea desberdina da, eta kultura eta historia desberdinak ditu. Baina Khrustxov-ek izan zuen herrialde berria sortzeko ideia hori astakeria hutsa izan zen. Victoria Nuland-ek eta Tony Blinken-ek gerra hau piztea eta azken ukrainarra bitarte borrokatzea eragin zuten, baina ez Ukrainarekin zerikusirik zuten helburuengatik.

Poloniarrek garai batean Poloniaren administraziopean egondako lurralderen bat berreskuratu nahiko dute. Hungariarrek Ukrainan bizi diren beren herrikideak Hungariara itzultzea nahiko dute. Hori gertatuko dela uste dut. Eta Moldavia? Entitate bitxi hori, kulturaren, etniaren edo beste edozein ikuspegitatik ere homogeneoa ez dena? Egoera hau aukera bat izanen da Errusiak mugak berriro marrazteko ere. Horretara goaz, eta frantsesek, britainiarrek edo beste edonork ezin izanen dute deus egin. Alemaniarrek, berriz, Merz kargutik kendu ondoren, pozarren ekinen diote Errusiarekiko akordio berriak egiteari.

Nord Stream berriro martxan ikusiko dugu. Dena lehengo egoerara itzuliko da. Hori gertatu zaizu deus gutxi dakizun jendearen aurka eta bertan bizi direnentzat inolako garrantzirik ez duten helburuen alde ulertu ez duzun gerran sartu zarelako. Putinek negozioak egin nahi ditu bai AEBekin eta bai Europarekin eta horretarako aukera izanen du.

Europa iraultza-egoeran murgilduko da

G.D. Gerra honen ondoren gauza asko gertatuko da. Europarrek beren ekonomia osoa eta zilegitasun politikoa jokoan jarri dituzte gerra honen alde. Zer etorkizun izanen du Europak?

D.M. Europako edozein herrialdetako bizitza politikoan, ez da gauzatzen herrialde horren historian, kulturan eta herriaren DNAn aurretik presente ez dagoen deus. Etorkizunean Frantzia, Alemania eta Britainia Handia nolakoak izanen diren ulertu nahi badugu, azter dezagun nondik datozen eta zer izan ziren iraganean.

Frantzian zerbait gertatuko bada, aurrez indar armatuen goi-karguak baztertu egin beharko dira. Armadak berriro nazio-identitatea berreskuratzen duenean, dena aldatuko da. Alemania ez da Frantziaren bide beretik joanen. Alemaniarrak nazkatuta daude. Neurriak hartzea nahiko dute, eta, denborarekin, poliziarekin koordinatuta jardunen duen buruzagitza militarra izanen dute. Italian, Espainian eta gainerako herrialdeetan ere ekintzara pasako dira. Biztanleriak ekintza horien alde eginen du, eta jende asko izutuko da, baina gertatu eginen da. Herrialdeak berrantolatu eginen dira, eta Europak bizirik iraunen du.

G.D. Zer dator orain? Iraultza armatuak?

D.M. Ez. Egoera iraultzaile batean amaituko da. Ez dago zalantzarik, baina buruzagitza militarrek erabakiko dute, indarkeriaren monopolioa haien esku baitago. Armadek, nazio-identitatearen gordailu diren aldetik, nolabaiteko normaltasuna berreskuratuko dute. Horrelako zerbait gertatuko da.

G.D. Zer ondorio izanen ditu horrek hemendik aurrerako negoziazioetan? Badirudi AEBek errusiarrekiko harremanak hobetzeko bidean aurrera egin nahi dutela. Zein da Donald Trumpen helburua?

D.M. Ukrainako auzian epe laburrean nolabaiteko ustekabeko garaipen politikoa lortuko duela uste du. Baina ez du funtzionatuko. Errusiarrek erabakiko dute Ukrainako auziaren amaiera, eta horregatik ari dira telefono-deiak jasotzen. Laster, Persiar golkoan negozioak ixtea oso zaila izanen da, baina Europan oraindik ere aukeraren bat egonen da.

G.D. Moskun ez dirudi elkarrizketak oso serio hartzen dituztenik. Behin eta berriz diote arazoa azken 30 urteotan aldarrikatzen ari diren Europako segurtasun-arkitektura batekin lotuta dagoela:. Zer eginen dute errusiarrek hemendik aurrera beren estrategia militarrari dagokionez? Izan ere, akordiorik ez dela izanen aurreikusten dute.

D.M. Errusiarrek Ukrainako agintearen, boterearen, egituraren edo baliabideen edozein zantzu adierazten duen guztia bonbardatzen jarraitzen dute. Geratzen den guztia suntsitzen ari dira, eta presio horri eutsi eginen diote Ukrainako indar armatuak errenditu arte. Indar horien gehiengoa dagoeneko desegite-egoeran da.

Une honetan, presio handia dago Odesa hartzeko. Hiri hori errusiarrentzat etengabeko sufrimendu-iturri izan da. Haren bidez sartu dira mertzenarioak eta legez kanpoko armak, bertan haurren eta emakumeen trafikoa egiten da... Horregatik guztiagatik, geratzen den estatuak ezin du Odesaren kontrola izan. Errumaniako mugatik Odesaraino dagoen lurralde osoa Errusiaren esku ikusiko dugu.

Europa-Errusia gerra arriskurik ez

Errusiarrek ez dute ukrainarrak gobernatu nahi. Moskurekin harreman onak izanen dituen gobernu legitimo bat nahi dute. Seguruenik, Ukrainarekin muga egiten duten gainerako herriek auzi hau nola konpontzen den interes handia izanen dute. Errusiarekiko gerra Europa osora hedatzeko arriskua dagoeneko gaindituta dago. Nahikoa da eseri eta Parisko kaleetan eta beste herrialde batzuetako beste hiri batzuetan gertatzen ari denari erreparatzea. Hori ez da gertatuko.

Errusiarrek beti izan gaituzte begiko estatubatuarrak. Errusiarrek ez digute inolako gorrotorik. Beti nahi izan dute gurekin negozioak egin. Britainiarrek, Errusiari zuzenean erasotzeko bezain ergelak badira, okerrena espero dezakete. Errusiarrentzat ez luke ondorio handiegirik izanen, adibidez, Birmingham egun batetik bestera desagertuko balitz. Eta hori egiteko gai dira. Britainiarrek arrisku horretaz eta duten erantzuteko gaitasunik ezaz ohartu behar dute.

Trump presidente kargura iritsi zenean, boterea, sinesgarritasuna eta zilegitasuna zituen Zelenskiri honako hau esateko: «Kargutik kenduko zaitugu. Washingtonen ez duzu dagoeneko babesik. Hauteskundeak egin eta gobernu berria behar dugu». Baina ez zuen deus egin. Horregatik, Washingtonek orain esaten duen edozer iruzur hutsa da.

Europarrak adierazpen ponposo asko egiten ari dira, baina Zelenskik misil gehiago eskatzen duenean, ez zaio deus iristen. Inork ez du bere misiletatik gehiago bidali nahi. Eta gauza bera gertatzen da euro gehiago eskatzen duenean ere, ez baitute dirurik.

Finlandia horren adibide bikaina da. Duela gutxi, Errusia finlandiarrentzat ez dela mehatxua esan zuen presidenteak. Finlandiarrek negozio bikainak egiten zituzten errusiarrekin, eta alderantziz. Harreman oso emankorra zuten, merkataritza-arloan arrakasta handikoa. Beraz ildo beretik joko duten estatuburu gehiago ikusiko dugula uste dut.

Alemania Europako zati handi bateko estaturik boteretsuena da oraindik. Alemaniarrek NATO eta EB utzi eginen dituzte. Aspaldi egin behar zuten. Eta hori gertatzen denean, Mosku-Berlin ardatza berpiztu eginen da. Bi aldeentzat onuragarria den merkataritza-harremana izanen dute. Alemaniarrek energia merkea eta errusiarrek duten beste hainbat gauza behar dute. Errusiarrek, berriz, Alemania behar dute, haren teknologiagatik eta gaitasun zientifiko eta industrialagatik. Ez genuen Nord Stream gasbidea suntsitu behar. Akats izugarria izan zen. Eta gure jokabide ergelaren ondorioz, estatubatuarron armadak Europako kontinentetik erretiratzen amaituko du.

https://www.youtube.com/watch?v=XL_juPx203Q


Utzi iruzkina: