Europa klasearteko borroka baten atarian
Alex Krainer kroaziarra idazle, merkatu-analista eta inbertsio-funtsen kudeatzaile ohia dugu. Gaurkoan Frantzia eta Europako gatazkez duen ikuspuntu kritikoa azaldu digu. Ustezko borroka horien guztien atzean botereen eskua ikusten du.
Oro har, oso eszeptikoa naiz Frantzian gertatzen ari denari azalpen erraz bat ematen duten kontakizunekin eta «demokratikoak» diren herrialdeetan zeregin garrantzitsua betetzen duten GKEen kopuru amaigabea kontutan hartzen ez dutenekin. Frantzian egoera aspaldi da zaila. Txaleko Horien protestetatik hona mota guztietakoak ikusi ditugu. Orain, protesta guztiz espontaneo hauek ditugu. Inork ez ditu antolatu, inork ez du jendea kalera ateratzera bultzatu. Eta, hala ere, manifestarien artean baziren prest eta antolatuta zeuden batzuk: polizia mozorrotuak, protestan sartu eta arpilatzen, gauzak apurtzen eta ke-granadak jaurtitzen hasi zirenak, kaosa sortzeko. Gainera, norbaiti bururatu zitzaion manifestarien eskura beirazko botilen paletak uztea, modu txukun eta profesionalean paketatuta, poliziari jaurtitzeko. Beraz, dena da oso susmagarria.
Jakina, diskurtso nagusiek beti joko dute energiaren eta gasolioaren prezioetara, inflazioaren gorakadara eta zailtasun ekonomikoetara. Baina faktore horiek guztiak hor zeuden duela hilabete, duela sei hilabete eta duela bi urte ere. Horregatik idatzi nuen artikulu bat, gai honi guztiari buruzko nire eszeptizismoa adierazteko eta iradokitzeko Frantziako gobernuaren barruko Estatu sakonaren egiturak egon litezkeela protesta horien atzean, horrelako kaosa sortu nahian. Gobernuak dagoeneko protestak debekatuz erantzun du, aurreikusita jendea are haserreago egonen dela datorrenarekin. Eta orain etxeratze-aginduak ezartzen eta elkarretaratzeak debekatzen hasi dira.
Protesta horiek zailtasun ekonomiko eta sozialei herritarrek emandako erreakzio espontaneoa direla pentsatuko nukeen azken gauzetako bat da. Susmoa dut gaur aurrez planifikatutako protestak ikusten ari garela, agian iraultza edo gerra zibila saihesteko asmoz, etorkizunean etorriko zaizkigun hondamendi sozial eta ekonomiko askoz handiagoen aurrean.
AEBek eskura GKE ugari dutela pentsatzen ari nintzen. 2025eko AEBen Segurtasun Nazionalerako Estrategiari erreparatzen badiozu, Europan erresistentzia politikoa sustatzearen alde egiten du. Estrategia horren helburua Europako herrialdeen barruan Europak gaur egun daraman norabidearen aurkako erresistentzia sustatzea da. Argudioa da Europa bere burua suntsitzen ari dela immigrazio masiboaren ondorioz, eta AEBei dagokiela norabide hori zuzentzea. Jende askok galdetzen du ea horrek zerikusirik ba ote duen protestekin.
Europan, denak abentura inperialen alde lerrokatzen ari direla dirudi. Ez dago «jar gaitezen berriro Europaren ekonomia suspertzera, Europaren demokrazia eta gizarte zibila biziberritzera, prentsa-askatasuna berrestera eta hezkuntzan, osasungintzan, berrindustrializazioan, ekoizpenean eta energia-merkatuetan berriro inbertitzera» esanen duen erdibideko proposamenik. Batzuek Ukrainaren alde eginen dute. Besteek subiranotasunaren eta independentziaren alde daudela eta Errusiarekin harreman onak izan nahia itxuratuko dute; baina, aldi berean, Ekialde Hurbilean Israeli babesa ematen jarraituko dute eta Israelen alde gerrara joanen dira. Beraz, Europan ez dut babestuko nukeen indar politikorik ikusten. AfD alderdiak ere eszeptizismoa sortzen dit.
Akordio ekonomikoak, negoziazio politikoa indartzeko
Errusiarrak AEBekin dituzten merkataritza-akordioez baliatzen ari dira AEBetako gobernuarekin lankidetza eraikitzailea berraktibatzeko. Hala adierazi zuen duela gutxi Kiril Dmitriev-ek. Harremanaren merkataritza-alderdiak lankidetza diplomatikoa hobetzeko balio du. Gasolioarekin merkataritzan aritzen dira, ongarriekin ere bai… Azkenean, pixkanaka-pixkanaka, harreman ona eraikitzen da. Eta konpondu beharreko arazoren bat baduzu, deitu eta honela esan diezaiekezu: «Eser gaitezen elkarrekin eta saia gaitezen guztiontzat onargarria den irtenbide bat aurkitzen».
Hori da auziaren muina. Orain Washingtonek norabidea aldatu izana presio izugarria eragiten ari zaie europarrei, bai diplomatikoki, bai ekonomikoki. Arlo politikoan, estatubatuarrak errusiarrekin hitz egiteko prest egoteak europarrak oso egoera deserosoan jarri ditu. Hortaz, orain negoziazio-mahaian egotea eskatzen dute, auzia Europarekin lotuta dagoelakoan. Aldi berean, egiaz ez dute errusiarrekin hitz egin nahi. Beraz, negoziazio-mahaian eseri nahi dute, baina hitz egin gabe. Hori da arazo nagusia.
Eta, zein dira Europaren proposamenak? Ba, berehalako su-etena, Ukraina NATOn sartzea, Errusiak kalte-ordainak ordaintzea… Haien proposamen guztiak bideraezinak dira. Europarrek kapitulazio-baldintzak ezarri nahi dizkiete errusiarrei. Horrek esan nahi du ez estatubatuarrek eta ez errusiarrek nahi dituztela negoziazioetan. Izan ere, eginen luketen gauza bakarra elkarrizketak trabatzea izanen litzateke.
Datorkigun krisi ekonomikoa
Europako krisi ekonomikoa dagoeneko erabakita dago. Kasurik onenean ere, bi modu hauetako batean garatuko den krisi baterantz goaz: depresio deflazionarioa edo estanflazioa. Une honetan, ezerk ezin du hori aldatu.
Ordaindu ezinezko zor izugarria dugu. Alemania, Frantzia, Britainia Handia eta Europako beste herrialde batzuetako gastu publikoak dagoeneko barne-produktu gordinaren ia erdia hartu du. Zorrek hazten jarraituko dute, interes-tasek gora egiten jarraituko dute eta inflazioak ere gora egiten jarraituko du. Beraz, bi aukera hauetako bat izanen dugu: depresio deflazionarioa (prezioen beherakadarekin batera datorren depresio ekonomikoa) edo estanflazioa (prezioen igoerarekin batera datorren geldialdi ekonomikoa).
Estanflaziora kondenatuta gaude. Horrek esan nahi du ekonomia geldia eta gero eta inflazio handiagoa izanen ditugula. Eta inflazioa, Leninek zuzen esan zuen bezala, indar suntsitzaile guztien artean suntsitzaileena da, ez baitu inor bereizten. Gizartearen oinarriak suntsitzen ditu, monetak balio guztia galtzea eragiten duelako. Aurrezkiak dituen edonork ia dena galduko du. Bizimodua diru-sarrera finkoen mende duten guztiek, pentsiodunek kasu, dena galduko dute. Horixe da Europako Batasunaren etorkizuna. Matematikoki saihestezina da.
Funtsean, 1991an Sobiet Batasuna desegitean gertatu zenaren antzeko zerbait izanen dugu. Urte askoz aurretik hasi zen krisia prestatzen eta gauzak gero eta okerrago zihoazen. Bizitza gero eta zailagoa bihurtzen ari zen. Jendea gero eta atsekabetuago zegoen egoerarekin, eta, bat-batean, dena erori zen. Inflazioa izugarri igo zen, langabezia-tasak nabarmen handitu ziren, gizarte-zerbitzuek hondoa jo zuten…
Gobernuek, normalean, dirua inprimatuz erantzuten diete horrelako egoerei. Bankuek eta enpresek dirua masiboki inprimatzearen onurak jasoko dituzte eta, aldi berean, austeritate-neurrien bidez herritar arruntak ito eginen dituzte. Hezkuntzan, osasungintzan, gizarte-zerbitzuetan murrizketak egiten dituzte eta dena hondatzen eta blokeatzen hasten da. Funtsean, Estatuak behar bezala funtzionatzeari uzten dio eta, prezioen igoerarekin batera, gizartearen kolapsoa etorriko da.
Sobiet Batasunan bezalatsu
Eta orduan Sobiet Batasunean ikusi genuenaren antzeko zerbait gertatuko da: bat-batean, herrialdea ia inflaziorik ez izatetik %500eko inflazioa izatera igaro zen egun batetik bestera. Hori Europara, Erresuma Batura eta beste ekonomia askotara iritsiko dela uste dut. Soluzioak hainbeste denboraz atzeratuta, oinarriak hondatuta geratu dira eta gobernu-aldaketa huts batek gainbehera hori nekez iraul lezake.
Trantsizio-aldia zaila izanen da eta ez dakit zenbat iraun dezakeen. Agian urtebete edo bi, gerra saihestea lortzen badugu. Errusiaren aurkako gerra pizten bada, luzaroago iraun dezake. Trantsizio horren ondoren Epstein tankerako klase politikoaren indar zaharrek porrot eginen dute eta gobernatzeko beste modu bat sortuko da. Agian, demokrazia zuzenago baten nolabaiteko eredua.
Baikor izateko arrazoia historian lehen aldiz sare sozialak eta Internet edukitzea eta informazioa denbora errealean trukatzeko aukera izatea da. Duela 30 urte inguru, egunkarien, aldizkarien, telebistaren eta irratiaren mende geunden munduan zer gertatzen ari zen jakiteko. Beraz, komunikabide horiek nahiko erraz kontrolatzen zuten kontakizuna. Orain, ordea, egoera bestelakoa da. Ez dago horren aurrekaririk. Horregatik, oraindik ez dakigu elementu berriek gizartean nola eraginen duten.
Botereek Errusiaren aurkako gerrara joan behar dugula dioen diskurtsoa areagotu dute. 2029 edo 2030 inguruan izanen omen da. Diskurtso horiek 2024 edo 2025 inguruan hasi ziren. Baina, bat-batean, duela aste batzuk honela esaten hasi ziren: «Ez, hori askoz lehenago gertatuko da». Interes-tasak izugarri igotzen ari zirela ikusi zuten, estatu-bonuak hondoratzen ari zirela eta inflazioa bizkortzen ari zela. Beraz, bazen herritarren atsekabea kanpoko etsai baten aurka bideratzeko garaia. Eta orduan gertatu zen -ustez- Errusia Europako aireportuen aurka droneak jaurtitzen ari zela eta kontakizun hura. Hamaika mila pertsonak sare sozialetan honela erantzun zuen: «Errusia ez da nire etsaia». Beraz, herritarren erreakzioa eliteek lortu nahi zutenaren guztiz kontrakoa izan zen.
Klasearteko borroka Europan
Botereek herritarrak kanpoko etsai baten aurkako gerrara eramatea lortzen ez badute, orduan gatazka klase-borroka bihurtuko da. Jendeak honako hau baldin badio: «Errusia ez da nire etsaia. Nire etsaiak nire gobernua zuzentzen dutenak dira», klase-borroka bat dugu begien aurrean, agintzen ari diren eliteak, oligarkiak eta beren botere politikoak alde batean eta herritarrak bestean.
Europan ikusten ari garen asaldura, istilu eta protesta hauek etorriko denari aurrea hartzeko modu bat dira botereen aldetik. Istilu hauek benetakoak etorri aurretik eragiten dituzte eta, ondoren, honako hau esaten dute: «Ezin dugu hau onartu. Dena mugatuko dugu. Etxeratze-agindua ezarriko dugu. Amaitu dira jendaurreko elkarretaratzeak. Amaitu dira manifestazioak eta gainerakoak». Funtzionatuko al du? Ez nago ziur. Gu haiek baino askoz gehiago gara. Eta edozein Estatuk duen segurtasun-aparatuak jendea espetxeratzeko, epaitzeko eta manifestari horien guztien auziak izapidetzeko duen gaitasuna oso mugatua da, matxinadek har dezaketen tamainarekin alderatuta. Une batean, egoerak gainezka eginen die.
https://www.youtube.com/watch?v=bU77XuYDqZ4
joan mari beloki kortexarena
2026-11-02

Iruzkinak
Utzi iruzkina: