Europa gerra antolatzen hasia da

Europa gerra antolatzen hasia da EUSKAL HERRITIK | 2026-05-18 18:16

Europa gerra antolatzen hasia da

Behin baino gehiagotan ekarri dugu Jeffrey Sachs ekonomialari eta  irakasle estatubatuarra hona. Ospe handiko analista honek oraingoan Europa Errusiaren aurkako gerra antolatzen ari dela diosku eta horretarako, AEB kanpoan utziko dituen NATO berria prestatzen ari dela.

Glenn Diesen: Gerra Hotzaren ondoren, Errusia barne hartzen zuen segurtasun-arkitektura inklusiboa lor genezakeen. Hala ere, blokeen politikara itzuli ginen NATOren hedapenarekin. Orain, Europako buruzagiak Ukraina barne hartuko duen NATO bat prestatzen ari dira, Errusia baztertuta, eta AEBen babesik gabe. Errusiaren aurkako gerrara joateko erabakia dirudi.

Jeffrey Sachs: 1990ean aukera historikoa izan genuen. Mijail Gorbachov presidente sobietarrak proposatu zuen. Bere proposamena Vladivostokeraino hedatuko zen Europa bakarra zen. Gerra hotza bukatutzat ematea zen asmoa. Sobiet Batasunean barne erreformak eginen lirateke, Varsoviako ituna desegin eginen litzateke eta NATOk bere izaera espantsionista eta erasotzaileari uko eginen lioke. Gorbachoven proposamenari erantzunez, 1990ean Alemaniak eta AEBek NATO ekialderantz zentimetro bakar bat ere ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuten.

Hala ere, NATO zabaldu egin zen eta bide horretatik iritsi zen Ukrainan gaur egun dugun gerra. Estatubatuarrak Europan mantentzea erabaki zen. Zergatik? Sobiet Batasuna ordurako ez zen etsaia. 1991ko abenduan 15 estatu independentetan banatuta desegin egin zen eta ez zuen mehatxurik suposatzen inorentzat. Errusia bere barne berregituraketan murgilduta zegoen.

Alemaniak eragin handia izan zuen NATO zabaltzeko orduan, presio handia egin baitzuen. Alemaniako enpresek Polonian inbertitu nahi zuten, Hungarian, Eslovakian… eta beren inbertsioak seguruago sentitzen zituztela zioten, herrialde horiek ere NATOko kide baziren. Beraz, Alemaniak ez zuen bete sobietarrek Alemaniaren batasunari babesa eman zioneko konpromisoa.

AEBek, berriz, NATO zabaltzea hegemoniarako tresna gisa aukeratu zuten. NATO atzerrian botere estatubatuarraren beso militarra bihurtzea zen asmoa, Sobiet Batasuna erori ondoren eraiki nahi zuten mundu polobakar berriaren tresna gisa. Errusia ahul mantendu nahi zuten, baita zatitu ere.

90eko hamarkadan ideia horren ideologo nagusia Brzezinski izan zen. Gizon honek Errusia ahul eta zatitua nahi zuen eta NATOren zabalkuntza helburua lortzeko tresna nagusi bezala ikusten zuen. 1997an idatzi zuen “Xake taula handia” liburuan Eurasia dela munduaren erdigunea zioen, Ukraina dela bere puntu geografiko gakoa eta Ukraina kontrolatzen duenak Eurasia kontrolatuko duela.

Txina bigarren mailako potentziatzat hartzen zen orduan. Errusia zen kontua. Funtsean Europaren eta NATOren hedapena bilatu behar zutela zioen Brzezinskik, maila ekonomikoan zein militarrean, Ukrainara iritsi arte. Ukrainarik gabeko Errusiak ezin baitu inoiz inperioa izan. Hegemonia globala zen helburua eta NATO AEBen boterea Eurasian hedatzeko tresna.

Jack Matlock AEBek Sobiet Batasunean izan  zuten azken enbaxadoreak 1990ean esan zuen: "Ez zabaldu NATO. Horrek Errusiarekiko harremanak pozoitu egin litzake. Bertan behera utz lezake orain argi eta garbi dagoen borondate ona. Ez da Errusiaren aurka jo behar. Errusia elkarlanean saiatzen ari da. Bakerako bide positibo hau ez da aldatu behar”. Henry Kissingerrek honela erantzun zion: "Ez, NATO zabaldu egin behar da. Ahulak direnean ezin badituzu zirikatu, zer eginen duzu indartsuak direnean?"

Ahal zitekeen lurralde guztia okupatzea zen kontua. Aurrerago Kissinger NATO Ukrainara zabaltzea ez zela ideia ona esaten hasi bazen ere, 90eko hamarkadan estatubatuarrak horretan erabat tematuta zeuden. Errusiarrak oso gogaituta zeuden NATO hedatzen hasi zenean. Putin presidentea boterera iritsi zenean, ez zuen Europaren eta AEBen aurkako jarrerarik. Jakina da Errusia NATOko kide izatea planteatzera iritsi zela.

“Aski da, tranpa egin duzue”

2004an Letonia, Lituania, Estonia, Eslovenia, Eslovakia, Bulgaria eta Errumania NATOn sartu ziren, aliantza militar hori Errusiako mugetaraino zabalduz. Zabalkunde hori 2002an, AEBek misilen aurkako hitzarmenetik alde egin eta gero, iritsi zen eta, ondorioz, oreka nuklearra desegiten hasia zen. Beraz, 2004ko hedapenak defentsiban jarri zuen Errusia. Orduan esan zuen Putin presidenteak, 2007ko Municheko segurtasun konferentzian: "Aski da, tranpa egin duzue, hitzarmena hautsi duzue. Ez egin aurrera gehiago".

Baina AEB ez zeuden guztiz pozik hedapen horrekin. NATOren 2008ko goi-bileran, Bukaresten, Ukraina eta Georgia Aliantzara batzeko konpromisoa hartu zuten. Angela Merkelek bazekien NATO Ukrainara eta Georgiara zabaltzeko konpromisoa gerrara eraman zezakeen casus belly bat zela. Hasieran ezetz esan baina azkenean amore eman zuen. Hor Europak dena galdu zuen. Horrek ez zuen zerikusirik ez defentsarekin, ez inbertsioen segurtasunarekin. AEBen hegemonia besterik ez zen. Europari inposatutako AEBen proiektua zen.

Ukrainan 2014ko otsailean AEBek babestutako kolpe bat behar izan zen, Maidanen kolpea, NATOn sartu nahi zuen gobernu bat boterera eramateko. Ukrainar gehienek ez zutelako hori nahi, neutralak izan nahi zutelako. Baina kolpeak, Ukraina mendebaldeko eskuin muturreko paramilitarrek gidatuta, gobernuaren kontrola hartu zuen.

Errusiak planto egin eta esan zuen, "NATO ez da Ukrainaraino hedatuko”. Orduan, AEBek interesa galdu zuten proiektu horretan. Baina europarrek euren proiektu handitzat hartu zuten eta orain Ukraina barne hartuko duen aliantza militarraz hitz egiten ari dira. “Errusiaren aurkako gerra” esaten ari dira. Erokeria da. Ukrainak neutrala izan beharko luke. Hori da bakerako bidea eta europarrak bide hori baztertzen ari dira.

G.D. Europako herrialdeak, Alemania barne, Errusiaren barruan eraso sakonak egiteko helburuz drone handien ekoizpen masiboa bultzatuz, Errusiaren aurkako gerran sartu dira dagoeneko. Zaila da haren asmoa ulertzea.

J.S. Superpotentzia nuklear baten aurkako gerrarako bidea da. Hau Baltikoko herrialdeek eta Poloniak bultzatzen dute, sakon-sakonetik errusofoboak diren estatuak. Bruselan kide berriak pozik edukitzearen menpe dago Europako proiektua. Ez dute politikoki zatitutako EB nahi.

Alemania huts egiten ari da Europan bakea eraikitzeko paper historikoan. Hamarkada luzez, Alemaniako kantzilerrek -Willy Brandt, Helmut Schmidt, Helmut Kohl eta Schroederrek- oso ongi ulertu zuten. Baina Merkelekin huts egiten hasi zen. Ondoren Olaf Scholtz Biden administrazioaren zerbitzari bihurtu zen eta gaur egun Merzek, are okerrago, gerrarako prestatu behar dela esaten digu. Alemaniaren beharren eta munduan duen paperaren interpretazio okerra da. Ikaragarria da. Merzek gerra tamalgarria eragin dezake eta Alemania ekonomikoki are atzeratuago utzi.

Norabide okerra da hori. Europaren mendebalde gehiena agenda horretan hain sartuta ez dagoen arren, Europa gerrara eramanen duten neurriak hartzen ari da. Irudimen politikoaren falta erabatekoa da Europan. AEBen hegemoniarako proiektu gisa hasi zena gerra ekarriko duen proiektu europarra bihurtu da.

https://www.youtube.com/watch?v=Ot3ZOMJQYqg

joan mari beloki kortexarena

2026-05-18


Utzi iruzkina: