Etxebizitza politika

Etxebizitza politika EUSKAL HERRITIK | 2026-11-25 12:31

Etxebizitza politika

EUSKAL LANGILEEN EZKERRA alderdi politiko berria azaldu denez, denon onurarako bere asmo garrantzitsuenak zein diren argitzea garrantzitsua dela uste dugu. Gaur bere programaren lehen puntua argituko dugu, etxebizitza politika, bere helburu nagusiak euskal langile guztiek egungo prezioen azpitik etxebizitza duina eskuratu ahal izatea eta gazteak lehenago emantzipatu ahal izatea direlarik.

Sarrera gisa, irakasle talde batek bizi izan genuen esperientzia bat azalduko dut. 1979. urtea zen. Gipuzkoatik hainbat irakasle etorri ginen herriko ikastolara eta bizitzeko pisu bat alokatu genuen. Pisua handia zen, 110-120 m2, lau gela, bi komun, bi balkoi, etxetik erreka eta ondoko landa eta herria inguratzen duten mendiak ederki ikusten genituela. Ametsetako pisu bat. Jabea herriko mutila zen, kamioizalea eta ia beti herritik kanpo izaten zen bere lanbidea zela eta.

Hileko 3.000 pezeta eskatu zigun. Konparaketa egoki bat egiteko, esan gure soldata 34.525 pezetatakoa zela. Zer esan nahi du horrek? Gure nominaren %8,68 bakarrik eskatzen zigula jabeak. Horren ariora, gaur 1.500 € jasotzen duen gazte batek 130,33€ ordainduko luke.

Herri honetan, orain 500-600€ eskatzen da pisu bat alokatzeko, lau aldiz gehiago guri eskatu zigutena baino, %400eko igoera suposatzen duena alegia. Esan dezagun ere irakasleok, 3.000 pezeta beharrean, 5.000 ordaintzen geniola. Askoz lasaiago eta gusturago sentitzen baikinen 2.000 pezeta gehiago horiek ordainduta.

Herri honetan egun batezbeste 550€ eskatzen da, bai, baina gainerako herrietan beste hainbeste kobratzen delako. Eta hirietan are garestiago dago. Datu hauek emanda gauza bakarra adierazi nahi dugu. Alimaleko igoera hau ez dela bat ere normala, ez arrazoizkoa eta ez onargarria.

Prezioen igoeraren zergatietan orain ez gara sakontzen hasiko. Ez da lekua. Artikulu honen asmoa soluzioak bilatzean datza eta horretara daude bideratuta jarraian irakurriko dituzuen proposamenak. EUSKAL LANGILEEN EZKERRA alderdi berriak honela jaso ditu puntu garrantzitsuenak bere programan:

* Eremu tentsionatuetan etxebizitza pertsona fisikoek soilik eros ahal izatea, putre-funtsei negozioa galaraziz.

* Etxebizitza publikoak eraiki eta sustatzeko enpresa publikoak nazionalizatzea/erostea eta sortzea, etxebizitzak alokairu arautura bideratzeko eta sektorearen %30, gutxienez, publikoa eta irabazi-asmorik gabea izatea.

* Alokairu publikoko Babes Ofizialeko Etxeen aldeko apustua eginez, sustapen guztietan %50 helburu horretara bideratzea eta %10 salmenta tasatura. Halaber, solairu gehiago dituzten etxebizitzak eraikitzea eta logela bat edo bikoak izatea.

* Euskal langileek etorkizuneko proiektuak egonkortasunez planteatzeko gaitasuna izan dezaten eta beren bizitza sustraituta dagoen herria utzi behar izan ez dezaten, alokairu publikoko etxebizitzak eraikitzen diren herrian edo eskualdean denbora gehien daramaten 35 urtetik beherako langileei zuzentzea. Aurreztu eta etorkizunean etxe bat erosteko oinarria izateko eta etxebizitza publiko hori beren herriko beste gazteek alokatu ahal izateko, gehienez soldataren %30 ordaintzea. Errotazioa sustatu.

* Etxebizitzari buruzko lege kaltegarririk ez defendatzea, putre-funtsen edo alokairu turistikoaren aldeko espekulazioa geldiarazteko.

* Kontratuak berritzea sustatu eta KPIaren igoera muga gisa hartzea.

* ETXEBIDE eta NASUVINSA erakunde publikoek ahalik eta alokairuzko etxebizitza gehien kudeatzea, egungo merkatu prezioaren azpitik dagoen prezio tasatua ezarriz. Aipatu bi enpresek bitartekaritza lanak eginen dituzte. Etxebizitza beren esku uzten duen jabeari ordainketa bermatuko diote eta jabeak etxebizitza berreskuratu nahi duelarik maizterrari alternatiba bat eskainiko diote. Bi enpresek egoera onean ez dauden etxebizitzak birgaitzea ere eskainiko dute.

* Hutsik dauden etxebizitzen kasuan:

      ● Eremu tentsionatuetan pisu turistikoen alokairu lizentziak bi herenetan murriztea. Erabilera turistikoko hiru etxebizitza baino                       gehiago duten sozietateek edo jabeek bi etxebizitza bideratu beharko dute alokairu tasatura.

      ● Ikasleentzat egoitza bereziak sustatuko ditugu, etxebizitzak helburu horretara bideratu beharrean.

      ● Adinekoei egoitza publiko batean sartzeko lehentasuna eskainiko zaie, beren etxebizitzak alokairu publiko tasatuan jartzearen                  truke, berreskuratu behar dituzten arte.

* Salmenta prezioa jaisteko asmoz, eskaintza handitzea. Horretarako:

      ● Etxebizitza berriak eraikitzea erraztu. Horrela alokairu publikoko etxebizitza eta etxebizitza tasatu gehiago izanen da.

      ● Beheko solairuetara lekualda daitezkeen negozioei, bizitegi-erabilerako eraikinetan kokatutako etxebizitzak saltzeagatik ordaindu              beharreko zergak murriztea proposatzea.

      ● Hutsik dauden merkataritzako lokalak etxebizitza bihurtzea sustatu.

https://www.ele.eus/eu/


Utzi iruzkina: