Estatubatuar baten iritzia errusiarrez
Scott Ritter estatubatuarrak Inteligentzia Sailean jardun zuen AEBetako Armadan 1991ra arte. Ondoren, Nazio Batuen Erakundearentzat, arma ikuskari gisa 1998ra arte. Azken urteotan RT eta Sputnik hedabideetarako aritzen da. Youtuben bere kanala du eta elkarrizketa ugari egiten du geopolitikan diharduten analistekin. Jarraian irakurriko dituzunak Garland Nixon kazetariari esandakoen laburpena duzu.
NATOk Serbian egin zuenaren eta Errusia Ukrainan egiten ari denaren arteko aldea nazioarteko zuzenbidea da. NATOk genozidio akusazio faltsuak asmatu zituen Kosovo legez kanpo anexionatzeko, estatu subirano batetik (Serbiatik) bananduta. Errusiak, ordea, autodefentsarako eskubidea alegatu zuen Nazio Batuen Gutunaren 51. artikuluan oinarrituta (behean testua). Hori da aldea, Errusiak zuzenbide estatua errespetatu egiten baitu.
Zergatik dio jendeak errusiarrak krudelak direla? Benetan Ukrainako herriari min egin nahi izan balio, Errusiak lehen egunetik eginen zukeen. Errusiak ez du halakorik egin, bere helburua ez baita inoiz izan Ukrainako herriari kalte egitea. Errusia beti saiatu da ukrainarrak negoziazio mahaira joan daitezen, borroka eremuan nagusituko ez direla jakinaren gainean jarrita. Baina Ukrainak jendea gerrara bidaltzeko ehunka mila milioi euro eta dolar jaso zituen etengabe, bertako biztanleriaren milioi eta erdi inguru heriotzera eramanez. Errusia lehen egunean egin behar zuena egiten ari da orain. Hau lehenengo egunean egin izan balu, gerra hau askoz lehenago bukatuko zatekeen. Baina Errusiak ez zuen gatazka hau gerra gisa ikusi, operazio militar berezi bezala baizik. Errusiaren ekimenaren jatorria Ukraina izan zen, CIA eta M6ren bultzadari jarraituz, Errusiaren aurkako gerra estrategikoa libratzeko asmoz.
Errusiarrek beste edozein estatubatuarrek baino askoz arrazoi gehiago dute oldarkor, erresumindu eta mendekatzaile izateko. San Petersburgon milioika soldadu errusiar hil ziren 1942 eta 1944 artean, erabat ahaztuta egon zirenak Vladimir Putin agertu zen arte. Eta Vladimir Putinek esan zuen: "Ez dugu inoiz ahaztuko sobietar guztien sakrifizioa." Eta monumentu bat eraiki zuen. Kontua ez da historia ulertzea bakarrik, errusiarrek historia bere sakonean nola barneratu duten mamitzea baizik.
Elkarrizketa zoragarria izan nuen Maria Zakharova Kanpo Arazoetako Ministerioko bozeramailearekin. Amonak Leningradon gose handia jasan ondoren, Alemaniako gerrako presoak ateratzen hasi zirelarik, zein gosetuta zeuden ikusita bere ogi puska eman zien. "Zergatik egiten duzu hori?", galdetu zioten. Eta berak, "Norbaiten semea delako, norbaiten senarra delako, gizaki bat delako”. Hori da errusiarren errukia.
Krimean, bunkerraren museoan, Krimeako azken defentsa-gotorlekuan, korridore bat zeharkatu eta izarrak daude zure gainean, eta, aurrera zoazen bitartean, izarrak finko begiratzen dizuten hildako soldadu eta zibilen aurpegiak bihurtzen dira. Izugarria da. Mezua hau da: "Inoiz ez ahaztu zuengatik sakrifikatu duguna. Inoiz ez desohoratu zuregatik egin genuen sakrifizioa".
Vótkinsk-era joan nintzenean, 1988an, herrian Sobiet Batasuneko heroien monumentua ikusi nuen, gerraren monumentua, Errusiako herri guztietan dagoena bezalakoa. Jendeak denbora guztian loreak uzten ditu. Ez dira monumentu ahaztuak. Benetako monumentuak dira, eta sakon gogoratzen eta hausnartzen dute.
Garaipenaren egunean Moskun izan nintzen. Jendetzaren artean egon behar duzu eta jendearen energia sentitu behar duzu, nazien gaineko garaipenagatik duten harrotasuna mamitzeko. Mendebaldean, AEBetan batez ere, ez dugu hori ulertzen, gure mutilek garaipenaren desfilea egin zutenean, gerrak ukitu ez zituen hirietatik joan zirelako. Errusia osoa suntsitu zuten. 27 milioi pertsona hil ziren, eta hori haien DNAn dago. Errusiarrek ez dute inoiz amore emanen, ez dute inoiz atzera eginen. Imajinaezina den oinazea jasan dezakete. Errusiarrek guk adina maite dute bizitza, eta zentzu askotan, gehiago ere bai, ongi ulertzen baitute zein den bizitzaren benetako balioa. Oso eskertuta egon behar dugu errusiarrak diren bezalakoak direlako, eta ez ni bezalakoak, bultzatzen banauzu borroka bat izanen baituzu. Errusiarrek ez dute borrokatu nahi izaten, baina borrokatzera behartzen badituzu galdu eginen duzu.
Garland eta biok sarri Txetxeniara joanen gara. Bi gerra beldurgarri eta suntsitzaile izan ondoren, Txetxenia eta Errusia egungo egoerara nola iritsi ziren ikasi nahi dugu. Horietako lehena 1993an izan zen eta bestea 90eko hamarkadan hasi eta 2005. urtera arte luzatu zen. Bi bandoetan gauza izugarriak gertatu ziren, teorian belaunaldi osoak sendatzeko beharko luketen emozioak sortzen dituzten triskantzak. Nola iritsi ziren txetxeniarrak 20 urtetan Errusiar Federazioko kide leialenetakoak izatera?
Txetxenia guztiz berreraiki dute. Groznik 2002. urtean Gaza zirudien, erabat suntsituta geratu baitzen. Eta Txetxeniako beste hiri batzuk ere bai. Begira Grozni gaur, zeharo berreraikia, Las Vegas bezalakoa da argiei eta apaingarriei dagokionez. Hiri benetan lasaia da. Borroka oso biziak izan ziren eremuetara joan zaitezke, non biztanleak mendekuan irmoki sinesten duten, baina gaur bake giroa dago Txetxeniaren eta Errusiaren artean. Nola lortu zuten puntu horretara iristea? Hori da Garland eta biok harrapatu nahi dugun formula, Txetxeniako eredua. Ukrainako gatazkaren ondoren bakerako bidea nolakoa izan litekeen ulertzeko funtsezko eredutzat jotzen dugu Txetxeniakoa.
Nire alaba Georgetowneko Unibertsitatera joan zen, eta bertan Kanpo Zerbitzuko Institutuan maisutasun titulua lortu zuen, errusiar eta kaukasiar gaietan espezializatuz. 2023an Errusiara etorri ginen eta ikasi zuenari buruzko ezagutza sakonak garatu zituen. Georgetownera itzulita, ikaskideak mezuak bidaltzen hasi zitzaizkion bere burua hiltzeko esanez, bere buruaz beste egiteko, eskolari programatik kanporatzeko eskatu zioten, berea lotsagarria zela eta. Suposatzen da Georgetownek izan beharko lukeela instituzio akademiko garrantzitsuena kanpo zerbitzurako. Ba, ez dute egia jakin nahi, ez dute errealitatea ezagutu nahi, guztiei errusofobia bera txertatu nahi diete, Errusiarekin zerikusia duen guztia txarra delakoan.
30 urte eta gero itzuli nintzen Errusiara, 2023an, eta esperientzia horrek begiak ireki zizkidan, 1988an Sobiet Batasuna zenean bezalaxe. Ez dugu merezi ematen diguten estatusa. Estatubatuar bat iristen denean, jendeak entzun egin nahi zaitu, AEBei buruzko jakin-min handia dutelako. Vótkinsk-era joan ginen. Hiri erabat itxia zen, kontinente arteko misil balistikoak egiten baitziren han. Ezin da atzerritarrik sartu herri honetan eta gu haien artean bizi izan ginen, Vótkinskeko erdigunean, gure etxebizitzak eraiki aurretik. Hirian barrena gindoazenean jendearekin nahastu gintezkeen, Votkinskeko hiritarrak ginen. Lehenengo aldiz ikusi gintuztenean, umeek galdetu ziguten, "Non daude zuen adarrak eta buztanak?, zuek deabrua zinetela esan ziguten”. Guri beretaz gauza bera esan zigutela erantzun genien, baina pertsona izaten ikasi genuela. Nor garen eta zer egiten dugun galdezka jarraitu zuten. Jakinmin handia zuten gure biziaren inguruan. Ikasteko interesa dute, besterik ez. Eta hori harrigarria da, AEBak gerra egiten ari baitzaizkie, beren bizia arriskutan jartzen eta ekonomikoki itotzen saiatzen.
Errusiarrak zigorren menpe bizi dira 2014tik, Mendebaldean Vladimir Putin ez dutelako gustuko. Dmitri Polianski NBEko alboko enbaxadorea, munduko tiporik atseginena, zaborra bezala tratatu zuten AEBetan. Anatoly Antonovek, Errusiako enbaxadoreak, Amerikan aditua eta Amerika sakonki maite zuenak, Errusia maitatzen irakatsi nahi izan zien estatubatuarrei, kultur trukeak sustatuz. Ba, hau ere gutxietsi eta umildu egin zuten. Ikaragarri tratatu genituen errusiarrak. Baina kalean ibiltzean errusiarrek zaborra bezala tratatzen dituztela esaten duen amerikarrik ez duzu aurkituko Moskun bizitzen. Errusiarrak oso pertsona atseginak dira, besoak zabalik hartzen zaituen jendea da.
https://www.youtube.com/watch?v=3-6s_vx9Shs
NBEren Gutunaren 51. artikulua
Gutun honetako xedapenek ez diote kalterik eginen Nazio Batuetako kide baten aurkako eraso armatuen kasuan banakako nahiz taldeko bidezko defentsarako dagoen eskubide immanenteari, harik eta Segurtasun Kontseiluak nazioarteko bakeari eta segurtasunari eusteko beharrezko neurriak hartu arte. Kideek, beren bidezko defentsarako eskubidea erabiliz, hartzen dituzten neurriak berehala jakinaraziko zaizkio Segurtasun Kontseiluari, eta neurri horiek ez dute inolako eraginik izanen Kontseiluak gutun honen arabera duen agintaritzan eta erantzukizunean, nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko edo berrezartzeko beharrezkotzat jotzen duen ekintza edozein unetan gauzatzeko.
joan mari beloki kortexarena
2026-02-06

Iruzkinak
Utzi iruzkina: