Errusofobia lehen eta orain (laburpena)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-10-18 02:20

belokijmari@gmail.com 1729269441310

Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen, Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatuz. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren aurkako propaganda erabili zuen, errusiarrak krudelak, autokratak, pobreak eta atzeratuak zirela esanez, Europako mendebaldeko jendea aurrerapenarekin eta zibilizazioarekin lotzen zituelarik. Gerra napoleonikoetan, frantziar propagandak errusiarren aurkako antzeko mezua zabaldu zuen. Napoleonek berak adierazi zuen “Errusia basatien nazioa” zela.

1807an, panfleto anonimo bat azaldu zen. Errusiak nazio txikiak zapaltzen zituela eta bere armada erraldoiak Europa suntsitzeko gaitasuna zuela zioen. Panfletoak Pedro Handia tsarraren testamentu faltsu bat zuen bere baitan eta hurrengo bi mendeetan eragin handia izan zuen. Hitlerrek ere erabili zuen Sobietar Batasuna inbaditzeko justifikazio gisa. Ustezko testamentuan, Pedro I.a tsarrak bere oinordekoei “Europa osoa konkistatzeko eta menperatzeko” aholkatzen zien. David Urguhart idazle eta diplomazialari britainiarrentzat Errusia “despotikoa, tiranikoa, zibilizatu gabeko herrialdea zen, mundu guztia menperatu nahi zuena”. Errusiako eliteak estereotipo horien aurka defendatu ziren, eta horrela sortu zen “errusofobia” terminoa, Fiodor Tiutchev poeta eta diplomazialariak asmatua.

“Errusiarrak gelditzen ez baditugu Europa osoa hartuko dute” behin eta berriz errepikatzea Europako mendebaldea kohesionatzeko, militarismoa sustatzeko eta britainiarren asmo inperialista justifikatzeko erabili zen. Propagandaren bitartez, Errusia oso espantsionista zela eta Europa osora zabaltzeko asmoa zuela sinestarazten zioten jendeari. Baina Errusiak ez zuen lurrik konkistatu Europan. Aldiz, Britainia Handiak lurrak kendu zizkien Frantzia, Holanda eta Espainiari (Gibraltar).

Krimeako guda (1853-1856) hasi aurretik turkiarrak erasotzaile gisa ikusiak ziren, europar kristauak beldurtzen zituen indar islamiko gisa. Krimeako gerra hasi ondoren, britainiarren propagandak otomandarrak biktima gisa aurkeztu zituen eta Errusia, aldiz, erasotzaile basati gisa. Errusofobiaren kapitulu honek 1812an errusiarrek Napoleoni eragin zioten porrota izan zuen aurrekari. Porrot horren ondorioz, britainiarrek betiko etsai frantsesen tokia errusiarrekin ordezkatu zuten. Hortik aurrera, Errusia izanen zen britainiar boteretsuen etsai nagusia eta inoiz ez zituzten errusiarrak europar gisa onartu.

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan zen. Planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBen esku geratu zen, gainerako herrialdeak haien menpeko bihurtu zirelarik. Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen arabera, nazioarteko zuzenbidea nazioen berdintasunean oinarritzen da. Mundu ordena botere-oreka dela alegia, botere-zentro anitz duena. Planteamendu honekin talka egiten duen “arauetan oinarritutako nazioarteko ordena” dago, praktikan araurik gabeko ordena bihurtu dena. Eredua aukera dezakezu, baina multipolarraren alde egiten baduzu, errusiarren alde zaudela dirudi. Gauzak horrela, jende gehiena narratiba ofizialarekin leial mantentzen da, errusiarren alde dagoen norbait bezala ikusia ez izateko.

Gaur egun, Errusiako herriari barre egiten zaio, Ukrainan pala eskutan hartuta borrokatzen ari direla esanez; baina, era berean, haien arma hipersonikoek gure sateliteak mehatxatzen dituztela esaten da. Halaber, Errusiak Ukrainako guda ezin duela irabazi, baina jarraian Europa osoa hartzeko gai dela. Kontraesan hauek ez dute zentzurik. Helburua beldurra eta gorrotoa elikatzea da. Sistemak gorrotoa zabaltzeko zerbait bilatzen du kanpoan, bere baitan batasuna eta kohesioak areagotzeko. Horra hor errusofobiaren esanahia.

Fobia terminoak beldurra irrazionala dela adierazten du. Gure beldurra irrazionaltasunean oinarritzen bada, ez dugu modu arrazionalean jokatuko eta ekintza arrazionalik gabe ezin dugu gure interes nazionalen alde zuzen jokatu. Errusofobia terminoak beldurra nabarmentzen du, baina beldur horren oinarrian gorrotoa besterik dago. Alegia, beldurra faltsua da, lehenago zabaldutako gorrotoak sortua.

Errusiaz mintzatzean klixeez hitz egiten da, beti espantsionismoa bilatzen duen herrialde inperialista eta maltzurra dela ziurtatuz. Baina azterketa egokia egiteko, NATOk eta Errusiak mehatxuak nola identifikatzen dituzten eta mehatxuak gainditzeko zein neurri hartzen dituzten hartu beharko lirateke aintzat.

 

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=E6IfeWW9XTE&ab_channel=SaneVoxEspa%C3%B1ol

Dokumentua: https://es.wikipedia.org/wiki/Rusofobia

joan mari beloki kortexarena

2024-10-17

 


Utzi iruzkina: