Errusofobia lehen eta orain (eta II)
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. 2002an segurtasun kontzeptua oso argia da eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBen menpe egon behar dute. Gainerako herrialdeek menpeko izan behar dute. Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen arabera, nazioarteko zuzenbidea nazioen berdintasunean oinarritzen da. Mundu ordena botere-oreka da, botere-zentro anitz duelarik. Beraz, orain bi arau-multzo dago: NBErena, "mundu multipolar" gisa ezagutzen dena, eta AEBena, “arauetan oinarritutakoa", praktikan estatubatuarrek une bakoitzean asmatzen duena. Eredua aukera dezakezu, baina multipolarraren alde egiten baduzu, errusiarren alde zaudela dirudi. Horren aurrean, jende gehiena narratiba ofizialarekiko leial mantentzen da, errusiarren alde dagoen norbait bezala ikusia izatea saihestu nahirik.
Gaur egun, Errusia herrialde itxurako gasolindegia bezala deskribatzen da baina, aldi berean, Europa osoa irents lezakeen indar izugarri gisa. Errusiako herriari barre egiten zaio, Ukrainan pala eskutan hartuta borrokatzen ari direla esanez eta, era berean, haien arma hipersonikoek gure sateliteak mehatxatzen dituztela azpimarratuz. Halaber, Errusiak Ukrainako herri txikiak ezin dituela hartu baina, horrekin batera, Europa osoa hartzeko gai dela. Hauek guztiek ez dute zentzurik. Helburua beldurra eta gorrotoa elikatzea da. Sistemak gorrotatzeko zerbait bilatzen du kanpoan, bere baitan batasuna eta kohesioak areagotzeko. Horra hor errusofobiaren esanahia.
Mendebaldeko europarrok zibilizatuak garela uste dugu; haiek, aldiz, basati gisa ikusten ditugu. Gu moderno, eta haiek atzeratu. Gu liberal, haiek autokratiko. Gu zintzo, haiek gaizto. Lehen, komunismo atzerakoia kapitalismo aurrerakoiaren aurka zen talkaren itxura. Orain autoritarismoa versus demokrazia.
Fobia terminoak beldur irrazionala adierazten du. Gure beldurra irrazionaltasunean oinarritzen bada, ez dugu modu arrazionalean jokatuko eta ekintza arrazionalik gabe ezin dugu gure interes nazionalen alde zuzen jokatu. Errusofobia terminoak beldurra nabarmentzen du, baina beldur hori maiz oinarrian gorrotoa duen arazo batetik dator. Beste era batera esanda, beldurra faltsua da, lehenago zabaldutako gorrotoak sortua.
Lehen, errusiarrak maila baxuagoko populazio gisa aurkezten zizkiguten, esklabo bihur zitezkeenak. Orain vodka edaleak dira, mundu osoan zabaldutako mafia, zibilizazioa errespetatzen ez duten basatiak, komunista maltzurrak, arazo sortzaileak, autoritarioak, zikinak, eroak... Hori dela eta, sei mila zigor ekonomiko baino gehiago ezarri diegu, Olinpiar Jokoetan parte hartzea debekatu diegu —Hitler bera ez zen horrelakorik egitera ausartu—, errusiar komunikabideetara sarbidea debekatu dugu, geure buruari haien pentsamendura iristea eragotziz… Errusiako kulturari ere ateak itxi dizkiogu, besteak beste munduko onenetakoa den Bolshoi ballet klasikoaren ikuskizunaz gozatzeko aukerak galduta, edota Txaikovskiren Zisneen Aintzira, edota Anna Netrebko soprano bikaina, eta abar.
Errusiarrekiko beldurren aurrean, Errusiaren interesak eta sortzen duten talka aztertuko beharko lirateke. Beldurra irrazionala denean, eta gorrotoak bultzatua, ez ditugu haien interes errealak eztabaidatzen. Ez ditugu Errusiaren benetako interesak jorratzen. Horren ordez, klixeez hitz egiten dugu, beti espantsionismoa bilatzen duen herrialde inperialista eta maltzurra dela ziurtatuz. Hori da gaur egun nazioarteko politikan dagoen arazo nagusia. Azterketa egokia egiteko, bi aldeek segurtasuneko mehatxuak nola identifikatzen dituzten eta mehatxuak gainditzeko zein neurri hartzen dituzten hartu beharko genituzke aintzat.
Zoritxarrez, ia ezinezkoa da Errusiaren segurtasun legitimoaren kezkak aztertzen dituen egunkari edo albistegirik aurkitzea. Horren ordez, Errusiak egiten duen guztia asmo gaiztoz egina dela ziurtatzen dugu eta berarekin bakea ezinezkotzat jotzen dugu definizioz. 1990eko hamarkadan, Errusiak mendebaldeko Europarekin lankidetzan aritzeko ahalegina egin zuelarik, ez zen onartu, positiboa izan arren. Egin zen gauza bakarra aurreko estigmak mantentzea izan zen. Ez genien mahaian gure artean lekurik eskaini.
Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=E6IfeWW9XTE&ab_channel=SaneVoxEspa%C3%B1ol
Dokumentua: https://es.wikipedia.org/wiki/Rusofobia
joan mari beloki kortexarena
2024-10-10
Iruzkinak
Utzi iruzkina: