Errusiarren 200.000 € Zelenskirentzat?
Alexander Mercouris eta Alex Christoforou dira elkarrizketa honetako bi mintzakideak. Biek egunero eskaintzen dizkigute beren ikuspuntuak arlo geopolitikoko arazo nagusiez. Bideo honetako azken atalean, EBko agintariek Errusiak Belgikako Euroclear-ren dituen 200.000 euroak hartu eta Zelenskiri emateko duten irrikaz mintzo zaizkigu.
Rishi Sunak itzuli egin da. Eta Errusiako aktiboez jabetzeko plana berriro ere mahai gainean jarri du. Egia esan, ez zen inoiz desagertu. Iaz, belgikarrek ezetz esan zuten eta Ursula von der Leyen oso haserretu zen horregatik. Zelenskirentzat 90.000 milioi euroko mailegua lortu zuen eta hura abiadura izugarrian gastatzen ari da gizona.
Hori da kontuan hartu beharrekoa. Gastatu egin duela. Kaudimengabe arduragabeek egiten dituzten gauzak egiten ari da. Jendeari esaten ari zaio: “Begira, Europako Batasunaren 90.000 milioi euro jasoko ditut. Beraz, eman dirua. Orain 10, 20 edo 30 gastatuko dut. Eta ez kezkatu, diru guztia ordainduko zaizue, azkenean Europako Batasunatik jasoko baitut diru hori”. Horixe egin du. Eta are harrigarriagoa da diru hori berme gisa erabili duela gastatzeko. Beraz, dirua jaso aurretik gastatzen aritu da.
Orain aurrekontu-defizit izugarri handia du. Defizit astronomikoki handia ezarri du. Dirua azkar behar du. 27.000 milioi euro behar du. Dioenez, 27.000 milioi euro horiek lortzen ez baditu, ezin izanen du dronerik fabrikatu, eta ezin izanen dio jarraitu guztiek abian jarri zuten droneen erasoaldi handiari. Jakina, europarrek ezin diote dirua emateari utzi, bestela hainbeste diru eta kapital politiko inbertitu duten Ukraina izeneko proiektua karta-gaztelu baten moduan bertan behera erortzen ikusiko luketelako. Horregatik ari dira berriro Errusiako aktibo izoztuak erabiltzeko aukera aztertzen.
Beti nahi izan dute Errusiako aktibo horiez jabetu. Dirutza horrek zehazki Ukrainari ez dio lagunduko, baina Zelenskiri beste hilabete batzuetarako ezinbesteko laguntza suposatuko dio. 200.000 milioi euroak 90.000 milioiak gastatzen ari den bezain azkar gastatuko ditu. Baina horrek esan nahi luke epe laburreko beharrak ase utziko lituzkeela.
Konfiskatutako errusiarren diruarekin pilatzen ari diren zorrak estali litzakete eta ez lukete beren aurrekontu-defizitak handitu beharrik izanen, ezta parlamentuen bidez Europako herritarren sakeletara jo beharrik izanen ere. Dirutza hori oso erakargarria egiten zaie, baina betiko arazo berberekin egiten ari dira topo. Iaz proposatu zituzten mekanismo berberak planteatzen ari dira berriro eta, iaz guztiz legez kanpokoak baldin baziren, orain ere.
Legez kanpokoa den zerbait legeztatzeko plan bat prestatzen duzunean, ez duzu legeztatzen. Ezinezkoa da. Egiten ari zarena legez kontrakoa dela agerian uzten ari zara eta, gainera, legez kanpokoa dela badakizula. Beraz, fede onez jokatu zenuela eta egiten ari zinenaren ondorioez ez zinela jabetzen defendatzeko aukera baztertzen ari zara. Hortaz, Errusiaren aktibo horiez jabetzea helburu duen tren hori, legez kanpokoa izan arren, berriro geltokira sartzen ari da. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen asteetan. Oraingoz, badirudi belgikarrek irmoki aurka egiten jarraitzen dutela.
Belgika eta Euroclear aurka
Euroclear ere erabat aurka dago. Agintariek eskatzen dutena eginez gero, enpresaren suntsipenari aurre egin beharko lioke. Antza denez, Europako Batzordeak bide horretatik jarraituko balu Batzordearen beraren aurka auziak jartzeko mehatxua egin du. Baina, errealistak izanda, gerrari amaiera emateko, Ukrainako proiektua ixteko eta errusiarrekin benetako hitzarmenen batera iristeko inolako urrats seriorik emateko prest ez daudenez, zer aukera dute? Dirua aurkitu behar dute. Eta hortxe dute diru hori. Hura eskuratzeko nahia eta beharra gaindiezina egiten hasi zaie.
Duela bi urte esan genuen diru horren bila joan eta eraman egiten bazuten, Ukrainako proiektuaren gatazkaren amaiera izanen zela. Seguruenik, Europako Batasunaren amaieraren hasiera ere izanen litzateke. Oraingoz, dagoeneko zati bat hartu dute (oharra: 9.000 milioi, interesen kontzeptuan).
Belgikak ez du ezetzik esan eta baldintza argi bat jarri du. Ukrainari dirua emateko prest dago, baldin eta Europako Batasunako estatu kide guztiek diru hori bermatzen badute, erantzukizuna beren gain hartzen badute eta legezko ondorioetan laguntzen badute. Orain arte inork ez du berme horiek bere gain hartu nahi izan, operazioa legez kanpokoa dela ongi dakitelako. Baina orain presioa duela urtebete baino askoz handiagoa da, Zelenskiren finantza-zuloa dela eta.
Frontean egoera txarra da, airean egoera are okerragoa da, baina oraintxe bertan denei loa kentzen diena diruaren arazoa da, agortzen ari zaielako. Demagun Europatik datorren diru-fluxua mozten dela. Kasu horretan, Zelenskik gerra finantzatzeko dirua inprimatu egin beharko du, eta ezerk babesten ez duen dirua inprimatuko lukeenez, ezinbestean hiperinflazioa izanen lukete Ukrainan. Orain, Ukrainako hiperinflazioa ezartzea eragozten ari den babesa Europako Batasunak Zelenskiri etengabe ematen ari zaion dirua da. Diru-fluxu hori etengo balitz, Ukrainako finantza-sistema osoa hondoratu eginen litzateke, eta hori amesgaizto beldurgarria da EBko agintari horientzat guztientzat.
Amesgaiztoa izateaz gain, ezinbestean kolapso militarra ekarriko luke, eta hori hondamendi geopolitikoa izanen litzateke. Europako ekonomietan eragin zuzena izanen luke, han diru izugarria inbertitu dutelako. Hainbat bankuak eta finantza-erakunde erreskatatu beharko litzateke. Jendeak nabarituko lukeen zerbait izanen litzateke, Europako Batasunan eta Mendebaldean aurrekontu-arazoak gero eta handiagoak diren une honetan.
Horrek are gehiago azkartuko luke kolapsoa. EBn zertaz ari dira mintzatzen etengabe? Dirua nondik aterako Zelenskiri lagundu eta erreskatatzeko. Zelenski erreskatatzeak beren buruak erreskatatzea esan nahi duelako. Eta Errusiako dirua hor dagoenez, hura konfiskatzeko tentazioa gaindiezina bihurtzen hasi zaie. Eta, jakina, horretaz gain, errusiarrak geldiarazten saiatu behar dute. Bestela, urtebete barru egoera berean aurkituko baitira berriro, baina ordurako ez dute konfiskatzeko Errusiako aktiborik izanen eta mundu osoan egun duten kreditu-sinesgarritasuna desagertuta.
https://www.youtube.com/watch?v=1UAaOq5fQoc
2026-10-02
joan mari beloki kortexarena

Iruzkinak
Utzi iruzkina: