Errusiarrak sentitu
Vitaly Mironov Errusiako humanista handienetakoa da. Mendebaldearekin harreman hobeak nahi izan dituzten errusiarrak jasaten ari diren eragin sakonaz hitz egiten digu. Pascal Lottaz-ekin mintzatu da Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremanei buruz, gerrarako berehalako arriskuari buruz eta errusiar askok zergatik ikusten duten gatazka Ukrainatik harago doan zerbait bezala argituz.
P.L. Vitali, konta al diezazkigukezu Pskov-ko foroaren aurrekariak?
V.M. Pskov-en foro bat antolatzeko erabakia herri errusiarraren eta beste herrialde batzuetako jendearen artean zubi bat zabaltzeko saiakera izan zen. Denontzat hain arriskutsua den une honetan, herrialde ezberdinetako artistak, historialariak, filosofoak… bildu genituen, kontakizun berriak sortzeko eta pertsonen arteko ulermena sustatzeko. Kultura benetako zubia da eta gure artean mantendu behar dugu, mundua hondamendian eror ez dadin.
P.L. Zein da giroa Errusian? Nola ikusten du Errusiak Europa une honetan?
V.M. Orain mendebaldeko munduak ez du Errusia ulertu nahi. Mendebaldea harroegia da eta ez ditu Errusiaren interes nazionalak ulertu nahi, ezta errusiar herriaren kezkak ere. Egoera aldatu egin da eta mundu osoa hondamendi nuklear batera eraman dezake.
P.L. Nola eragotzi gure nazioak elkarren arteko gerra handi batean buka dezaten? Une horretara gero eta gehiago hurbiltzen ari garela sentitzen al duzu?
V.M. Orain beste Putin bat daukagu. Beste Putin bat, iritzia aldatu duelako. Zergatik aldatu du? Badakigu duela urte asko Errusiaren eta Mendebaldearen arteko zubia bide diplomatikotik kudeatzen saiatu zela, baina orain ez. Mendebaldeko buruzagiek Errusia desegin nahi dutela azaldu diete errusiarrei. Eta errusiarrek begiak ireki dituzte eta arazoa ez dutela Ukrainarekin konturatu dira, baizik eta oso oldarkorra den Mendebaldearekin. Ez geunden horretarako prestatuta eta shock bat izan da gu guztiontzat. Zergatik agresibitate hori? Ez diogu ezer txarrik egin Mendebaldeari. Zergatik babesten dituzte hain indartsu Ukrainako erregimeneko naziak?
Horren ondoren, herritarrek ezaugarri berezi bat aurkitu dutela esanen nuke, oso berea. Errusiarren borondate tinkoaz ari naiz. 2024an, mendebaldeko buruzagiak oso zintzoak izan ziren gerra honetan lortu nahi dutena esatean, Errusiaren desintegrazioa eta herrialdearen porrot estrategikoa. Errusiako herriak borondate irmoa duela horri aurre egiteko azpimarratu nahi dut.
Ukrainarekiko egoera izugarria da. Egoera latza da errusiarren bihotzentzat. Gure anaiak izaten jarraitzen dute. Sekula ez dut ezagutu Ukrainan familiarik edo lagunik ez duen errusiarrik. Baina are beldurgarriago egiten duena da konturatzea ez dela Ukraina, baizik eta Mendebaldea, Errusia suntsitu nahi duena. Mendebaldea serio doa honekin eta Errusia suntsitu nahi duela ikusten dugu. Horrek erabat aldatzen ditu jokoaren arauak.
P.L. Nola edo hala saihestu behar dugu hori, baina nola?
V.M. Errusiarren nahia denekin bakean bizitzea da. Geure herriaz gozatzeko behar dugun guztia daukagu. Lurralde ikaragarria dugu, historia luzea eta baliabide ugari. Mundu guztiarekin bakeak egin nahi ditugu. Baina Ukrainarekiko kontu hau errusiarrok eta ukrainarrok kudeatu ez dugun sutea da. Beste bandoak Errusiarekin gerrara joan nahi du. Hori lortzeko ari dira lanean. Errusiak lehenbizi tiro egitea beste aukerarik izanen ez duen egoera bat sortzen ari direla da une honetan Europan dagoen gauzarik okerrena.
P.L. Dagoeneko puntu horretan gaude. Moskura eta beste hiri batzuetara iristen ari diren drone horiek Vladimir Putin lehenbizi tiro egitera behartu lezakete.
V.M. “Aberri Gerra Handia”-ren aurretik, Pskov nire herriak 50.000 biztanle zituen. Alemaniak hiru urtez okupatu ondoren, 50.000 pertsonetatik 350 bakarrik geratu ziren bizirik. Hori gure geneetan dago, gure pentsatzeko moduan. Ez gara gure behar pertsonaletan zentratzen. Errusiar guztientzat, herri bezala, garrantzitsuena gure segurtasuna da, gure izate kultural eta historikoa babestea. Eta zerbait gertatzen den bakoitzean, orain bezala, sentimendu horiek gure odolean daramatzagu, oso barruan sentitzen ditugu. Beraz, Mendebaldearekin dugun gatazka hau duela zazpi edo zortzi mendetik gertatzen ari zaizkigun Europatik noizbehinkako inbasio horien bertsio berri gisa ikusten dugu. “Aberri Gerra Handia”-n errusiar familia guztiek galera asko izan zuten. Nire familiak 80 pertsona galdu zuen. Guk ahaztu ezin dugun oroitzapena da, eta Mendebaldeak ezin du ulertu. Mendebaldeak ezin du irudikatu ere egin zer esan nahi duen 27 milioi pertsona galtzeak. Ezinezkoa da. Guk ere ezin dugu irudikatu, baina sentitu egiten dugu, odolean daramagu. Eta Mendebaldea hain harroa izanen ez balitz, ulertzen saiatuko balitz, gu sentitzen saiatuko balitz, ez genuke hainbeste arazo izanen. Gurekiko ezjakintasun horrek, gurekiko portaera harroputz horrek, sortzen du arazoa.
Errusiarren eta ukrainarren arteko egoera beldurgarria da oraintxe bertan. Urte dezente beharko da bi herriak bake osora iristeko. Bihotzeko bakeaz ari naiz, bi aldeetan jende asko hil baita. Baina elkar ulertzera eta gure anaitasunari eustea posible dela uste dut. Zerk egiten nau hain baikor? Lehenik, gure historia komuna ezagutzea. Iraganean ere gerrak izan genituen. Baina, urte askoren ondoren, berriro ere bakea eta adiskide izatea berreskuratu genituen. Beraz, historikoki posible dela esanen nuke. Eta horrexegatik naiz baikorra. Hortaz gain, bi herrietako kulturak elkarrengandik oso gertu daude. Ia kultura komuna dela esanen nuke. Ukrainar gehienek errusiera ezagutu eta erabili egiten dute. Beraz, kulturalki ere posible da.
Hirugarrenik, bizitza politikoan eta eguneroko bizitzan, gerra amaitzen denean, behar ekonomiko eta sozialek jendea berriro elkartzea eraginen dute. Nork behar ditu ukrainarrak Europa mendebaldean? Inork ez ditu behar. Errusian ez dugu haienganako sentimendu txarrik. Kalean nornahi gelditu eta galdetzen badiozu, "Zer pentsatzen duzu ukrainarrez? Gorroto al diezu?” Ziur nago, “Inola ere ez" izanen litzatekeela %99aren erantzuna. Horietako asko Errusian bizi dira orain. OME hasi zenetik, 4 milioi baino gehiagok emigratu dute Ukrainatik Errusiara.
Pentsamoldea ere oso garrantzitsua eta funtsezkoa. Ia 1.000 urteko historia komunak, esperientzia historiko partekatuak, askoz gauza eta pentsamendu positibo gehiago ematen dituelako 4 urteko borroka honek baino. Laster ez, baina urteekin errusiar eta ukrainar herriak bakean biziko dira berriro. Elkar ulertu ahal izateko bideak aurkituko ditugu. Gauza bakarra behar dugu, ez diezagutela oztoporik jarri. Mendebaldea orain Ukrainarekin egiten ari dena izugarria da. Ikaragarria da erabat. Ukrainako herria erabiltzen ari dira euren helburu estrategiko eta geopolitikoak lortzeko. Mendebaldea azken ukrainarrenganaino ari da borrokan. Orain arazoa da azken ukrainar horrengana hurbiltzen ari garela eta badirudi azken europarrenganaino borrokatzen hasteko zorian gaudela.
Uneren batean argi geratu beharko du Europarentzat Errusiarekiko adiskidetasunak bakarrik duela etorkizuna eta gainerako guztia heriotza eta suntsiketa dela. Espero dut Mendebaldeak ulertuko duela errusiarrak etsairik okerrenak izateaz gain, lagun handiak ere izan daitezkeela.
https://youtu.be/kA92LdaMm3g?is=3qtfe8YuOJebIOM5
joan mari beloki kortexarena
2026-06-07

Iruzkinak
Utzi iruzkina: