Errusiaren zalantzak Ukrainan
Ezequiel Bistoletti argentinarra Zientzia Politikoetan doktorea da eta egun Alemaniako unibertsitate batean dihardu. Fernando Moragón espainiarra Geografia eta Historian lizentziatua da eta Errusia eta Txinan dago espezializatua. Ukrainako gerra dela eta, errusiarren zalantzez mintzatu dira. Argentinarrak Errusiak intentsitatearen eskaileran koska bat gora egin beharko lukeela esanez abiarazi du elkarrizketa.
Ezequiel Bistoletti: nik, Errusiaren kasuan, estrategia aldatu eginen nuke eta buruan kolpatzeko erasoak eginen nituzke, beraiek goi mailako militarrekin egiten duten bezala. Hortaz gain, gerra honen babesleak ukituko nituzke, Rutte, Von der Leyen edo Kallas kasu. Buruan joko nuke, eta gero Europako buruzagiek erabaki dezatela bere larrua arriskutan jarrita gerra nahi duten.
Fernando Moragón: Gerra guztietan izaten dira ezagutzen ez ditugun akordioak. Adibidez, gatazka hasi zenean, Zelenski beldurrak jota zegoen, hilko zutela uste zuelako. Mossad Putinekin harremanetan jarri zen eta, ez dakigun zeren truke, Putinek Zelenski ez akabatzea erabaki zuen.
E.B. Gogora ditzagun ukrainarren probokazio handiak. Defentsa estrategikoaren detekzio goiztiarreko radarren aurkako erasoak —gerrarekin inolako loturarik ez dutenak—, esteparen erdian dauden Errusiako radarrak AEBetako kontinentearteko misil balistikoak detektatzeko erasoak, atentatu terroristak Moskun, baita kontzertu batean ere, “Amarauna” operazioa bonbardatzaile estrategikoei erasotzen —erantzun nuklearra eragiteko nahikoa arrazoi dena—, zibilen aurkako erasoak nonahi, azkena 21 ikasle hil zuena, Dugin-en alabaren eta hainbat blogeroren aurkako atentatu terroristak, Errusiaren inbasioa Kursk-en, e.a.
F.M. Errusiarrek beldurra diote NATOri, Errusiak baino gerraontzi eta eraso-hegazkin gehiago daukalako sateliteez aparte. AEBek satelite bidezko ahalmen askoz handiagoa dute komunikazioetan.
E.B. Eta zeren zain daude hori botatzeko? Gehiegizko moderazioa dago Putinen aldetik. Sinpatia handiegia dio Trumpi, azken finean, klase menperatzaile estatubatuarren zerbitzura dagoen txotxongiloa besterik ez da.
F.M. Ez dezagun ahaztu Errusiako egungo buruzagitzako asko Sobiet Batasunaren azken garaiko bitarteko koadroak zirela. Sobiet Batasuna desegin zuten berak dira. Eta zergatik desegin zuten? Ba, Mendebaldeko kapitalistak bezain ongi bizi nahi zutelako. Horretarako, Sobiet Batasuna desegin behar zuten lehenik. Gero, enpresa publikoak pribatizatu eta beren esku hartu. Hori dena eginda, primeran biziko zirela pentsatu zuten. Horrela sortu ziren oligarkak eta haietako zati handi batek sostengatzen du egun Putin. Mendebaldearekin harreman ekonomikoak berrezarri nahi dituzten liberalak dira eta bost axola zaie Ukrainako gerra.
E.B. Baina zer harreman berpiztu nahi dute? Europak argi eta garbi dio Errusiaren aurkako gerra nahi duela. Oligarka horiek harreman ekonomikoak berpiztu nahi dituzte Errusiaren aurkako gerra nahi dutenekin? Tontakeria da, fantasia hutsa. Erabateko eskaladara bideratua dirudi honek.
F.M. Oligarkak, interesengatik, Putinen alde daude, eta Putinek haien babesa behar du. Hau da, liberalek oso garrantzitsuak izaten jarraitzen dute Kremlinen. Egia da Karaganov motako beste sektore bat badela, gero eta gogorragoa dena, eta aurrez aurre daudenak. Baina sakonean ulertu behar da hauek guztiak orain kontserbadore bihurtu diren liberalak zirela. Jende askok Putinek erabat agintzen duela uste du, baina ez da horrela. Kremlin-en tirabirak daude eta Putinek orekari eustea zail du. Nik ere erantzun gogorragoak eman beharko lituzkeela pentsatzen dut. Analista asko esaten ari da gerra izanen dugula Europan, Ukrainatik harago, uda honetan bertan, ez 2029an.
E.B. Fernando Moragón delako batek gerra hasia dela dio.
F.M. Jakina, dagoeneko gerra hasia da. Europa Estoniatik droneak jaurtitzen ari da. Europak droneak bere lurraldean sortu, Ukrainara bidali eta handik Errusia sakonera jaurtikitzen ditu. Bien bitartean, Alemania berrarmatze prozesu azkarrean sartu da, epe motzean arma nuklearrak sortuko ditu eta askoz armada boteretsuagoa osatuko du. Errusiarrak, ohartarazpen gisa, bonba nuklear taktikoren bat botatzera behartuko dute eta hortik aurrera, zernahi gerta liteke. Europarrek daramaten eskaladak gerra nuklear batera eraman gaitzake.
E.B. Vladimir Vladimirovitx, zeren zain zaude, lagun?
F.M. Errusiarrek ez dute NATOren aurkako gerrarik nahi eta horregatik jasaten dute hainbeste. Satelite bidezko laguntza, inteligentziarena, funtsezkoa da eta horretan NATOk errusiarrek baino ahalmen handiagoa dute. Orduan, porrotari aurre egin beharrean aurkituko balira, arma nuklearrak erabiltzera behartuta egonen lirateke eta hori ez dute nahi.
E.B. Arma nuklearren gaia hortxe dute, beren mugetan bertan. Baltikoek eta finlandiarrek AEBetako arma nuklearrak beren lurraldean baimentzeko prest daudela esan dute.
F.M. Nire ustez, Putinek akats handia egin zuen, AEBen presioen aurrean, operazio militar berezia inprobisatu zuenean. 2021etik jakina zen hau horrela amaitu zitekeela. Baina ez zen behar bezalako prestaketarik egin. Hasieran hau ez zen gerra izatekoa, sustoa baizik. Errusiarrek aurreikusi ez zuten zerbaitetara moldatu behar izan zuten. Drone gutxirekin sartu ziren Ukrainan. 2024ra arte ukrainarrek errusiarrek baino drone gehiago zuten. Nola izan zen posible? Izan ere, Errusiako Defentsa Ministerioaren barruko ustelkeria izugarria zen. Hori dela eta, ministroa aldatu eta Belousov iritsi zenean, jeneralak kartzelaratzen hasi ziren. Errusiak arazo asko zituen ustelkeriarekin, nahiz eta ez den sekula Ukrainaren mailara iritsi, hori ezinezkoa baita. Hori bai, ekonomia egonkorra izatea lortu dute eta europarrek beren burua errusiarren kontra behin eta berriz kolpatzea.
E.B. Gerrak saihestezina dirudi. Noiz egin behar zaio aurre? Bidenen garaian, Errusiak Trumpen etorreraren zain eskalada atzeratzea logikoa zirudien, interesatuago zirudielako beste leku batzuetan Ukrainan baino. Eta hala gertatu zen, Ukrainari babesa utzi ez bazion ere. Baina, orain, hori gero eta okerrago doa. Gauzak honela badaude, gerra ez al da hobea orain, geroago baino?
F.M. Hori kalkulatzea oso zaila da. Jakin beharko litzateke Errusiak zer gaitasun duen orain azeleragailua sakatzeko. Errusian inork ez du gerrarik nahi, eta europarrek oraindik gutxiago.
E.B. Europarekiko gatazka baten kasuan, Errusiak Oreshnik-ekin nuklearrak ez diren erasoak egiteko Europako edozein lekutan gaitasuna du. Gainera, eskalada nuklear baten kasuan Europak ezin du Errusiaren aurka egin. Europako leku sinboliko batzuetan nuklear taktiko pare bat bota ondoren, europarrek ez dute gerra gehiago nahi izanen. Eszenatoki ikaragarria da, baina horrelako zerbaitetara goazela dirudi.
F.M. Errusiarrek amerikarrek eta europarrek baino arma nuklear sofistikatuagoak dauzkate. Adibidez, proba nuklear bat egin lezakete beren lurraldean bertan. "Begira, jaunak, froga bat. Nahi baduzue bide horretatik jarrai dezakegu”. Errusiarrek gauza asko egin dezakete, zergatik ez dute egiten? Putin ez den beste lider bat balego, seguruenik askoz gauza gogorragoak egiten ariko lirateke.
https://www.youtube.com/watch?v=0qQ2CpFUlo8
joan mari beloki kortexarena
2026-06-13

Iruzkinak
Utzi iruzkina: