Errusiaren itsas armada Kuban eta Venezuelan
Errusiarren gerra-ontziak Kariberaino eraman izana estatubatuarrentzat joko erasotzailea da. Errusian, berriz, txanpon berarekin ordaintzea dela esanen dizute, NATO Errusiaren mugaraino zabaldu izanagatik. Bideo honetan Richard Wolff ekonomialari estatubatuarraren interpretazioa dakargu.
Gerraontziak eta itsaspeko nuklear errusiarrak Karibeko uretan agertu dira azkenaldian, AEBen atarian. AEBen atzeko patioa luzaroan kontsideratu izan den eskualde batean hedatu du bere itsas boterea Moskuko Gobernuak. Zer mezu ari da bidaltzen Errusia eta zergatik orain?
Hurbiltasun hori kalkulatuta dago. Errusiak gerraontziak historikoki Washingtonek menderatutako eskualdean kokatu izana Errusiak AEBen eragin esparruan boterea azal dezakeela esateko da. AEBen zauriezintasunaren mitoari desafio egiteko keinua.
Uneak ere badu garrantzia. Errusiaren itsas hedapena Ukrainan tentsio handiko une batean gertatzen da, NATOren hedapenarekin eta ezarri zaizkion zigor globalekin batera. Karibe aldera nabigatzean, Moskuk AEBen eta Europaren presioari erantzuten ari zio, dituen gaitasunak gogoraraziz. Funtsean, hau adierazten du: "Base militarrekin eta aliantzekin inguratu gaituzue. Ba, gu zuen etxe atariraino goaz”.
AEBek oraindik eska al dezakete beren hemisferioaren domeinu esklusiboa? Errusiako itsas ontziak eta itsaspekoak Venezuelako eta Kubako kaietan ikustea Errusiak AEBei irismen globala duela esateko duen modua da eta indar hori ez dela bere kostaldea zaintzera mugatzen. Gainera, Errusiak Kariben duen presentzia AEBei eskualdean aurre egiten dieten Kuba eta Venezuelako Gobernuekin dituen harremanei lotuta dago.
1962, misilak Kuban
Kariben agertzen diren Errusiako gerra-ontzien irudiak 1962ra garamatza. Urte horretako urrian, 13 egunez, planeta kolokan egon zen gerra nuklearraren atarian. Superpotentzia batek bestearen mugetatik gertu armak jartzeko zuen eskubidea eta arazoa konpontzeko noraino iritsiko zen bando bakoitza jokatu zen Kubako misilen krisian. Aurrez, AEBek misil nuklearrak jarriak baitzituzten Turkian eta Italian, Sobiet Batasuna bertatik bertara mehatxatuz. Horri erantzunez, sobietarrek beren misilak Kuban jarri zituzten, Floridatik 145 kilometrotara.
1962an, estatubatuarrak bat-batean konturatu ziren euren aberriaren segurtasuna ez zegoela bermatuta. Hainbat hamarkadatan gerrak atzerrian, urruti, antolatu zituzten eta ozeanoak haientzat babes-hesiak ziren. Kubako misilen krisiak ilusio hori suntsitu egin zuen. Gaur egun, orduan bezala, estatubatuarrek aurre egin behar diote arerio batek etxetik distantzia oso laburrera mugitzeko duen gaitasunari.
1962an, AEBek beren misilak Turkiatik erretiratu zituen eta sobietarrek Kubatik berenak. Gaur, Errusiak Kariben indarra proiektatzen duenean, elkarren onarpenaren eskaera bera egiten ari dela adierazten du.
Kubako misilen krisiak markatu zuen mundua gerra nuklearrera iritsi zen momenturik hurbilena eta haren itzalak eragin die nazioarteko harremanei geroztik. Oroitzapen hori nahiko ahaltsua da Washingtoni gogorarazteko besteei eragiten dien egonezina sentiaraz diezaioketela berari ere.
Gerra-ontziak Karibera iritsi izana mezu bat da Washingtonentzat: AEBek Errusiako mugen aurka presioa egiten jarraitzen badute, Moskuk baditu bitartekoak eta borondatea mesedea itzultzeko. Polonian, Errumanian eta Ekialdeko Europako estatuetan misil eta base estatubatuarren presentzia ez da defentsiboa, probokatzailea baizik.
Belaunaldiz belaunaldi, AEBek mendebaldeko hemisferioa jo izan dute beren eragin-eremu esklusibotzat, 1823ko Monroe doktrinaren ildoari jarraiki. Doktrina horren arabera, atzerriko ezein potentziari ez zitzaion utziko Ameriketan sartzen errepresalia estatubatuarrei aurre egin gabe. Gainera, Monroe doktrina behin eta berriz aipatu izan da AEBek Latinoamerikan egindako esku-hartzeak justifikatzeko, ezkutuko estatu kolpeetatik hasi eta okupazio militarretaraino.
Polobakartasunaren amaiera
AEBek beti espero izan dute zigorgabetasunez jardutea, beste batzuk portaera beragatik kondenatzen dituzten bitartean. Errusiaren mugimendua nazioarteko legeriaren aldeko jokaldi estrategikoa da, eta mundua sistema poloanitzerantz mugitzen ari deneko baieztapena indartzen du. Kuban eta Venezuelan Errusiako gerraontziak agertu izanak polobakartasuna higatzen ari dela adierazten du eta eszenatokia orain aktore berriz beteta dagoela, beren eragin-zatia eskatuz.
Errusiak Txinarekin koordinatuta dihardu eta loturak ditu Venezuela, Kuba eta Iranekin. Errusiako gerraontziak Habanan edo Caracasen porturatzen diren bakoitzean, AEBetako buruzagiak negoziatzera, amore ematera eta beren boterea jada erabatekoa ez dela aitortzera behartzen ditu. Mendebaldeko hemisferioak AEBen eragin eztabaidaezinaren hipotesiari desafio zuzena egiten diote.
Errusiak Kariben egiten dituen itsas maniobrak AEBen nagusitasunaren aurkako desafio-eredu zabal baten zati dira. Txinak bere eragina hedatzen du merkataritzaren eta azpiegitura-proiektuen bidez. India potentzia teknologiko eta diplomatiko gisa agertzen da eta Turkiatik Brasilerainoko eskualde mailako aktoreek ahots sendoagoa eskatzen dute munduko arazoetan.
AEBek 800 base militar baino gehiago dituzte mundu osoan. Munduan ez da kopuru horretara hurbiltzen zaion herrialderik. AEBetako hegazkin-ontziek ozeano guztiak patruilatzen dituzte. AEBetako borroka hegazkinak milaka kilometrora dauden herrialdeetan daude aparkatuta eta AEBetako misilak Errusia, Txina, Iran eta Ipar Koreatik erasorako distantziara daude. Errusiak, aldiz, bi dozena base baino gutxiago ditu, antzinako errepublika sobietarretan gehienak.
AEBek ez dute onartu nahi beste potentzia batzuek beren eragin-esparruak aldarrikatu ditzaketenik beren mugetatik gertu. Moskuk NATOren hurbiltasunagatik protesta egiten duenean, Washingtonek paranoia gisa baztertzen du. Baina ontzi errusiarrak Karibera doazenean, estatubatuarrek beste batzuei ukatzen dien logika bera erabiltzen dute. Hori da mundu poloanitza bultzatzen eta indartzen ari den arrazoietako bat. Herrialdeak gero eta uzkurragoak dira Washingtonek ezartzen dituen arauak onartzeko.
Kariben gerraontzi errusiarrak sartu izanak Washingtonek aurkariak inguratzeko eskubidea zergatik dagokion, baina aurkariek zergatik ezin duten AEBetako mugetara hurbildu, galdetzera behartzen gaitu. AEBek bere salbuespen-egoeran sinesten dutela da erantzuna. Baina aurkariek indarra hartu eta beren eragina zabaldu ahala, gero eta zailagoa egiten zaie salbuespenezko egoera horri eustea.
https://www.youtube.com/watch?v=gu7eXdPUazc
joan mari beloki kortexarena
2025-11-13

Iruzkinak
Utzi iruzkina: