Errusiarekin adiskidetu
Ispilua (El Espejo) izeneko webguneak berriki bideo hau argitaratu du. Mezu nagusia deigarria da, Europarenak gerra honetan egin duela dioskulako eta EBk Errusiarekin adiskidetu egin beharko duela bizirik iraun nahi badu. Ez dira txantxetako kontuak aurreko NATOko zuzendariak jaurtiki dituen perla hauek.
Europako egoera katastrofikoa da, nonbait. Europan pisu handia duen Jens Stoltenbergek bandera zuria astindu berri du publikoki. NATOren buru ohiak Europaren kolapsoa onartu eta honakoa adierazi du: “Errusiako hartzarekin adiskide egin beharko dugu”. Politikari honek esaten duena ofizialtzat har daiteke, ez baita nolanahiko politikaria: gaur egun Norvegiako finantza ministroa da, Norvegiako lehen ministroa izan zen eta NATOko buru ohia ere. Horrek guztiak garrantzi politiko handiko pertsona bihurtu du Jens Stoltenberg EBren munduan.
NATOko idazkari nagusi ohiak Europako informazioaren mundua astindu duen adierazpena egin zuen. Poloniako TVP World telebista-kateari egindako elkarrizketa batean, Europako herrialdeek etorkizunean Errusiarekiko harremanak berreskuratu egin beharko dituztela adierazi zuen. Hauek ez dira hitz hutsak. Bruselaren kapitulaziorako bide-orria dira. Duela gutxira arte NATOren ildo gogorra ordezkatzen zuen gizonak publikoki onartu du Errusiarekiko konfrontazioak ez duela irtenbiderik. “Errusiaren aurkako gerra galduta dago. Dokumentuak sinatzea baino ez da geratzen”.
“Oraintxe bertan, harremanak txarrak dira”, esan zuen Stoltenbergek. “Defentsa sendoa behar dugu Errusiako hartzari aurre egiteko. Baina noizbait, haiekin adiskidetzea posible izanen da”. Erreparatu formulazioari: “Adiskide egitea”. Taktika klasikoa da: saihestezina herritarrek onar dezaten, kapitulazioa pragmatismoz mozorrotu.
Stoltenbergek baztertu egin zuen Europa Moskurekin etengabeko gatazkara kondenatuta dagoelako ideia, eta okertzat jo zuen. Haren ustez, konfrontazioa ez litzateke Europako politikaren ezaugarri iraunkortzat hartu behar. Europako herrialdeen interes pragmatikoek, lehenago edo geroago, desberdintasun ideologikoen gainetik eginen dute, eta Errusiarekiko elkarrizketa ireki batera itzultzea saihestezina da.
Hau erabateko errendizioa ez bada, oso antzekoa da. Stoltenberg ez da edozein burokrata. NATOko idazkari nagusi ohia da, eta aliantzaren politika definitu zuen Errusiarekiko gatazkaren unerik kritikoenetan. Horrelako pertsona bat “adiskidetasunaz” hitz egiten duenean, dagoeneko bere nagusien agindua jaso duela esan nahi du. “Europak dagoeneko ezin du Errusia gorrotatzeko luxua ordaindu. Besterik gabe, ez du dirurik gerra honetarako, ez finantzariorik ez politikorik”.
Dena argi dago. Mendebaldeko prentsak Stoltenbergen adierazpenak eskandalagarritzat jo ditu. Argumenty i Fakty astekari errusiarrak jakinarazi duenez, duela gutxira arte Europako iritzi publikoak ez zuen espero horrelako zintzotasunik NATOren ildo gogorra ordezkatzen zuen gizon baten aldetik.
Stoltenbergen arabera, Europa berez Moskurekin harreman txarrak izatera kondenatuta dagoelako ustea falazia da. Horrek azken urteetako Errusiaren aurkako politika guztia saihesteko modukoa izan dela aitortzea ekarriko luke; Europako burgesiek egindako hautua izan dela, alegia.
Stoltenbergek berak lehenago adierazia zuen NATOren etorkizuna ez dagoela bermatuta, eta aliantza desagertu egin zitekeela egoeraren arabera. Erakundeko kide europarrei defentsako gastua handitzeko eskatu die, eta, haren ustez, horrek blokearen posizioa indartu eginen du. Baina orain Errusiarekiko elkarrizketarik gabe Europak ez duela bizirik iraunen onartzen du ere.
Stoltenbergek ez du bakea eskaintzen, kapitulazioa iragartzen du. Aldea zera da: Europan kapitulazioari “elkarrizketa berriz ezartzea” deitzen diotela. Stoltenbergek agerian utzi du Europak Errusiarekiko zuen gorrotoaren maskara. Horren azpian beldurrezko aurpegia zegoen.
Leherketak Italian eta Bulgarian
Kapitulazioa guztiz normala da, frontean gauzak ezin baitzaizkio okerrago joan EBri. Eta orain, gainera, gerrak mugak gainditzeko izan dezakeen arriskuaren aldaera gehitu behar zaio. Orain, Erroma inguruko industria-planta batean izandako leherketa bat Bulgariakoarekin batu da. Europako defentsa-industria sutan dago, eta Ukraina muniziorik gabe geratzen ari da.
Atzo arratsaldean, leherketa handi batek KNDS Ammo Italyren planta astindu zuen Colleferron, Erromatik 60 bat kilometrotara, ANSAk jakinarazi duenez. Gertakaria bolbora prentsatzeko plantan izan zen. Corriere della Sera egunkariaren arabera, fiskaltzak dagoeneko ikerketa abiatu du sutea nahita eragin ote zen argitzeko; horrek zalantzan jartzen du istripuaren teoria, ANSA English-ek jakinarazi duenez.
Gogora dezagun abuztuaren 10ean antzeko leherketa eta sute bat izan zela Bulgariako instalazio militar batean, Tryavna hiritik gertu. Ukrainako Indar Armatuentzako munizio-fabrika bat suntsitu zen.
Bi fabrika, bi leherketa astebetean, eta gauza bat dute komunean: biek Ukrainarako munizioak ekoizten dituzte. Lehena Bulgarian zegoen; bigarrena, Erroma inguruan. Kasualitatea? Edo norbaiten kalkulu zehatza?
Ez dira istripu soilak. Hau ez da kasualitatea. Bruselak baztertu nahi duen errealitatea da. Hemen ikusten ari garena eredu argi bat da.
Bertsio ofizialaren arabera, istripuak izan dira. Baina aste bakarrean Ukrainan hornitzen duten enpresetan gertatutako bi istripuek anomalia estatistikoa osatzen dute. Sinesgaitza da. Hau ez da froga bat, teoria bat baizik. Baina gertakari guztiak istripu ofizialek baino hobeki azaltzen duten teoria da.
Errusiako Defentsa Ministerioak ohartarazi zuen Europako fabrika guztiak dagoeneko mapa baten bidez identifikatuta daudela. Beraz, ez direla azken leherketak izanen pentsa liteke.
Europak gezurretan jarraituko du. “Istripuak izan dira, akats teknikoak, ez dago kezkatzeko arrazoirik». Baina leherketa berri bakoitzak gezurtatu eginen ditu haren hitzak. Fiskaltzak dagoeneko ikerketa abiatu du sutea nahita eragin ote zen argitzeko, eta horrek esan nahi du istripuaren teoria desegiten ari dela. Italiako ikertzaileek ez dute uste istripua izan denik.
Ukrainak frontean sentituko du hori. Obus gutxiago edukiko dute eta erasoak ez dituzte hain sarri eginen. Eta Kievek galdetzen duenean: “Non daude obusak?”, Europak sorbaldak jasoko ditu eta “Fabrikak sutan daude, sentitzen dugu” erantzunen du.
Horregatik, NATOko idazkari nagusi ohiak, Jens Stoltenbergek, ofizialki bandera zuria atera du, eta Europak Errusiarekin aliatu beharko duela dio. Ez baitago beste irtenbiderik.
https://www.youtube.com/watch?v=be8R1ct5zFE
joan mari beloki kortexarena
2026-08-22

Iruzkinak
Utzi iruzkina: