Errusia inbaditua
Kursk Errusiako eskualde historikoa da. Bakean bizi zena abuztuaren 6ra arte, armada ukrainarra bertara sartu zen arte. Hamabost mila inguru tropa sartu omen ziren. Ehunka tanke, ibilgailu blindatu, artilleriako pieza, aire-defentsarako radar… egun dauden arma modernoenak, mundu osotik ekarriak: AEBetatik, Britainia Handitik, Alemaniatik, Poloniatik, Lituaniatik, Espainiatik, Italiatik… Operazioaren burutza militarra NATOk jarria. Inteligentzia estatubatuarra eta britainiarra. Satelite bidezko geolokalizazioa estatubatuarrek jarria. Ehunka mertzenario susmagarrik lagunduta. Susmagarri diogu, berez uniformea aldatu duten beste herrialdetako soldaduak direlako datu zehatzen arabera: frantsesak, poloniarrak, yankiak, britainiarrak, alemaniarrak... Errusia zeinek inbaditu du, Ukrainak ala NATOk?
Sartu orduko izua zabaltzen hasi ziren. Autoa hartuta ihesi zihoazen zibilak tirokatuta, gutxienez 17 hildakoen zerrenda dago. Beste asko kamioietan modu zakarrean eta fusilen kulatarekin kolpatuta sartzen ikusi ditugu bideotan. Sarraskiak eta lapurretak ez dira falta izan. Zein dira balentria hauen guztien helburuak? Tropa ukrainarren kasuan gorrotoak eragindako ekintzak izan daitezke. Baina NATOk operazio hauek ez ditu erraiekin diseinatzen. Aitzitik, logika militarrari guztiz lotuak izaten dira.
Inbasioaren helburuak
Mundu osoan barna, analistak inbasio honen helburuak asmatzen saiatu dira. Hainbat aukera aipatu dute: lur jota geratzen ari diren tropa ukrainarren animoak goratzea, garaipenaren uste osoa duten errusiarren artean nahasmendua sortzea, Donbass eta ekialdeko fronteko garaipenen prozesua geldiarazteko Ukrainak bertatik tropak erretiratzea, Errusia erantzun militarretan jauzi kualitatiboa ematera behartzea eta, ziur aski egiara gehien hurbilduko dena, Kurskeko zentral nuklearra beren esku hartzea.
Lortzen ari ote dira helburuak? Egia ote telebista eta komunikabideetan saltzen ari zaizkigun ukrainarren garaipen itzela? Egia alderantzizkoa dirudi. Mendebalde osotik iristen ari dira porrotaren oihartzuna ziurtatzen duten analisten hitzak. Diotenez, ukrainarrak gehiago aurreratu ezinik geratu dira, errusiarren armadak mugatik 20 kilometrotara topea jarri baitie. Hortaz gain, zenbakiei dagokienean, batzuk izugarriak bezain esanguratsuak dira: ehunera gerturatzen da kiskalitako tankeen kopurua, laurehunera ibilgailu blindatuena… eta, garrantzitsuena, sei milara hildako eta elbarritutako soldadu ukrainarrena. Bi aste eta erdian osatu den zenbaki horien parera iristeko, Ukraina osoan azken 6-7 hilabeteetan hondatutako guztiak batu beharko lirateke, esaten digutenez.
Inbasioaren porrota
Galdutako tropa horien hutsuneak betetzeko asmoz, ekialdeko frontetik soldadu gehiago ekartzea erabaki dute. Honela areago ahuldu dute lehendik nahiko makal zegoen Donbassko beren defentsa-sistema eta azkartu errusiarren garaipena ekialdeko fronte osoan. Mendebaldeko militarren arabera, XXI. mendean ezagutu den porrotik handiena izaten ari da Kurskeko bataila hau. Ekimen honekin kolapsoaren unea azeleratu egin dutela esan liteke eta, berarekin batera, gudaren amaiera.
Gudaren azken bataila izanen al da hau? Galdera honi erantzuterakoan, lehen-lehenik gogoan izan behar dugu Errusia guda ez dela Ukrainaren aurka egiten ari, NATOren aurka baizik. Ukraina une hauetan ez da gai errusiarren armadari aurre egiteko ez eta egun bakar batez ere. Beraz, galdera da: NATOk ba al du oraindik beste jauzi kualitatiboa emateko baldintzarik? Erantzuna: bai, noski.
NATOk xaxatzen segiko du
Orain artean egindakoen zerrenda luzea eta aipagarria da: dozenaka batzuk mertzenarioekin lur errusiarretan (Belgorod) inkurtsioak egiten hasi ziren, Moskuko Crocus City Hallen 144 hildako eta 551 zauritu eragin zuen ekintza terroristarekin jarraitu zuten, misil nuklearrak detektatzeko Armavir eta Orskeko radarren aurkako hiru atentatuak etorriko ziren geroztik, Europako handiena den Zaporozhyeko zentral nuklearraren aurka behin eta berriz lehertu dituzte droneak, egunero-egunero jarraitu dute zibilen aurka droneak bidaltzen -etxean direla, autoan doazela, erosketak egiten ari direla, paseoan doazela, hondartzan egunpasa direla…-, hildako ugari eraginez. Eta abar. Kurskeko inbasio honek marra gorri guztiak igaro ditu, orain arteko probokaziorik handiena izan da eta, ia ziurtzat eman liteke, gudari amaiera elkarrizketatua emateko aukera guztiak zapuztu ditu. AEBek eta Europako Batasunak ez dute bukaerarik negoziatzeko asmorik eta Errusia xaxatzen jarraituko dute. Egindakoen zerrenda luzea da oso, baina NATOren irudimena halakoak egiten jarraitzeko handia da… eta horretan segiko dute. Zalantzarik ez.
Elite ekonomikoak izututa daude
Elite ekonomiko globalistak izututa daude. Mundu mailako hegemonia ezezik, Europakoa ere galtzeko arriskua ikusten dute. NATOk Ukrainako guda galduko balu, beren etorkizuna kinka larrian geratuko litzatekeela ikusten dute. Hegemonia politikoa eta ekonomikoa ezezik beren biziak ere ez dituzte ziur ikusten. Berentzat ere guda hau existentziala bihurtu da. Horregatik diogu Kurskeko porrotaren ondoren beste ekimen garratz eta bortitz gehiago espero litekeela. Estatubatuarrek ez dute berehalakoan etsiko.
joan mari beloki kortexarena
2024-08-27
INFORMAZIO-ITURRIAK:
https://www.youtube.com/live/zK8iTJht3gE
https://www.youtube.com/live/H8g3bdpZe3w
https://www.youtube.com/watch?v=dpbL8tEQVNU&ab_channel=SaneVoxEspa%C3%B1ol
Iruzkinak
Utzi iruzkina: