ERRUSIA EUROPA DA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-12-07 00:53

belokijmari@gmail.com 1701971409702

Goiko mapan ikus daitekeen bezala, Errusiaren zati handi bat Europan dago. Berez askoz ere handiagoa da, Asiako kontinentean dagoen Siberia ere Errusiaren zatia delako. Europako zatiaren azalera 4 milioi km2takoa da eta Europakoa 10 milioikoa. Kalkulu matematiko erraz bat eginez, Errusiaren lurra Europaren %40 da. Erditsua, beraz.

Ez dakit denborarekin Errusia eskola mapetatik kenduko duten. Martxa honetan baietz esanen nuke. Oraingoz, komunikabide guztietatik desagerrarazi dute. Noizean behin bere aurka zerbait esateko aipatuko dute -hala ere oso gutxitan-, eta ahal bada presidente "diktadorea" dutela behin eta berriz errepikatuz. Egoera honetara iritsi gara. Eta orain galdera: zer txar, zer kalte, zer min egin digu Errusiak Europako gainerakoei?

Errusia ezezaguna

Aurkako jarrera arrazoitzeko, gehienek -komunikabideek ongi gidatuta- Ukrainako "inbasioa" aipatuko digute berehala. Oraingoz horretan sakontzen hasi gabe -askorako ematen baitu gai horrek-, egin dezagun memoria ariketatxo bat eta saia gaitezen gogoratzen 2022ko otsail haren aurretik ea zenbat aldiz erakusten ziguten Errusia albistegietan, zenbat aldiz ikusten genituen Moskuko kaleak telebistan edo egunkarietan, zenbat film ikus genezakeen zine aretoetan, zenbat aldiz aipatzen zizkiguten Errusiako hauteskundeak eta egiten ziguten emaitzen azterketaren bat, zenbat talde folkloriko ekarri zuten hona guk bertatik bertara beren edertasunaz goza genezan, zenbat berri eskaini ziguten Coviden pandemiaren inguruko hango ekimenez, zenbat erreportaje eskaini ziguten idazle, margolari, eskultore eta gainerako artista errusiarren lanak erakutsiz, zenbat aukera eman diguten hango monumentu izugarriak ezagutzeko... Errusiara inoiz joateko aukerarik izan ez dugunok, edo aukerak aprobetxatu ez ditugunok, ez dakigu deus errusiarren bizimoduaz eta beren kulturaz edota ohituretaz. Hainbeste aldiz ikusi dugun ilargia hobeki ezagutzen dugula esanen nuke. Eskolan erakutsi zigutelako dakigu Errusia Europan dagoela. Hortik aurrera, deus gutxi.

Ezagutzen ez dugunarekin ezin dugu enpatizatu, ezin dugu maitatu. Honela, errusiarrak zein gaiztoak diren buruan sartu nahi digutenean, oso erraz lortzen dute helburua. Presidente diktadorea dutela egunero errepikatzen digute eta, Putinek hogeita lau urte daramala hauteskunde guztiak irabazten izkutatu digutenez, guk ez dugu aurka egiteko daturik. Duela bi urte eskas Ukraina inbaditu dutela esaten digute eta nola 2013tik hango Gobernua egiten ari den genozidioaz ez diguten deus esan, eta urte hartan estatu-kolpea emanez gobernu nazia jarri zutela eta Donbassko bi Errepublikak armak hartuta ari direla geroztik erantzuten, edota Errusiari bere baitan har zitzan eskatu ziotela ... guk itsu-itsuan sinesten dugu. Eta Errusiaren aurkako amorrua pizten dute mendebaldeko europarren barruan. Oso erne ibili behar da, eta orduak eman behar dira informazio egokiaren bila, komunikabide hegemonikoek buruan eta barruan sartzen diguten pozoina gainditu ahal izateko.

Errusia laguna

Baina gauza batzuk oso ongi dakizkigu. Adibidez, II. Mundu Gerra Errusiari ("armada gorriari" zehazki esanda) esker irabazi zela. Nahiz eta hemen AEBei esker izan zela saldu nahi diguten eta hamaika filmetan amarru hori saldu nahi izan diguten. Errusiarrak (sobietarrak nahi bada) iritsi ziren lehenik Berlinera eta beraiek izan ziren Hitlerren azken defentsak hautsi zituztenak. 26 milioi eta erdi errusiarrek galdu zuten bizia garaipena lortu aurretik. Bere populazioaren %14 ia. Eta garaipena lortzeko, hau da, II. Mundu Gerra amaitzeko, ez zuten bonba atomikorik bota, estatubatuarrek Japonian egin zutenaren antzera. Errusiarrek beren odola eskaini ziguten. Ez al gaude zorretan beraiekin? Balentria hori ez al da baloratzen duguna baino zerbait garrantzitsuagoa eta baliotsuagoa?

Denboran hain atzera joan gabe, bada oso ongi dakigun beste gauza bat ere. Duela urte eta erdira arte, Europa osoak erosten zion petrolioa eta gasa Errusiari, oso prezio onean gainera. Honek ahalbidetu zuen Europako mendebaldearen ekonomia oso lehiakorra izatea eta gehienok, oro har, bizi maila txukuna izatea. Zertan gara orain? Yankiek inposatutako eta Europako agintariek onartutako zigorrak moztu egin dutela Errusiarekin genituen merkatal harreman on horiek eta orain gasa eta petrolioa AEBetatik ekartzen dela askoz prezio garestiagoan. Ondorioen artean dugu hainbat enpresa ixtera kondenatu dela, beste hainbat Amerikara joateko prestatzen ari direla, gure bizi maila jaitsi egin dela eta Errusia -lehen lagundu egiten ziguna- orain inoiz baino urrunago daukagula.

Errusiak zerbait egin badigu Europako mendebaldeko herritarroi laguntzea izan da. Eta bere interesen artean betidanik egon da Europako gainerako Estatuekin harreman onak izatea. Baina behin eta berriz bidali dugu haizea hartzera. Zergatik? Hori da hemengo politikoek erantzun beharko luketen galdera eta erantzuten ez dutena. Sekula ez zaigu jarrera horren azalpenik eman. Orain, Ukrainako guda dela eta, aitzakia bezala darabilkigute "inbasioa". Aitzakia diot, Errusiak ez baititu inbaditu bertako agintariek eta herritarrek laguntzera etortzea eskatu dioten lurraldeetan sartzean.

Bejondeizuela!

Bestalde, ez al da arraro samarra Palestinaren genozidioa egunero telebistan ikus ahal izatea eta Gazan gertatzen ari denaz informazio oso eta eguneratua jasotzea? Edo Ukrainako gertakizunetaz hamar urtetan irudirik ikusi ez izana ote da benetan arraroa? Ukraina Europan da, baina urrutikoa hobeki ari gara ikasten auzokoa baino. Interes ilunak daudela pentsatzeko bidea jartzen digute.

Amaitzeko, azpimarra dezagun errusiarrak gu bezain europarrak direla. Eta Europako mendebaldeko agintariak direla gure bizitik urrundu dizkigutenak. Bejondeiela! esan nahi diet errusiarrei argi lerro hauetatik. Zorte handia izan baitute. Orain, mundu osoan barrena adiskide berriak aurkitu dituzte -asko gainera- eta beren ekonomia gorantz doakie, geurea beherantz doakigun bitartean, AEBek bultzatu eta hemengo agintariek onartuta.

joan mari beloki kortexarena

2023-12-8

 

 


Utzi iruzkina: