Errusia eta Txina isilean lanean
Larry Johnson CIAko inteligentzia zerbitzuko analista izan zen eta AEBetako Estatu Departamenduko Kontraterrorismoko agentea. Errusia eta Txinaren eskua ikusten du Irango estrategiaren atzean.
Negoziazioetan adostasunera iritsi ahal izateko egun distantzia handiegia da. Iranek printzipio kontuak mahaigaineratu ditu. Ez dira amore emateko moduko kontuak. Zigorrak berehala altxatzea nahi du, bere aktiboak desizoztea, Ormuzen duen itsasartearen kontrola aitortzea, palestinarren, libanoarren eta Hezbolaren aurkako israeldarren erasoak etetea… Puntu horietan ez dute atzera eginen eta ez dut uste Trumpek horietan deus onartzeko asmorik duenik. Estatubatuarrak negoziazio osoa gai nuklearrean zentratzen ari dira eta puntu horretan ere Iran zurrun agertuko da. Ez diote uko eginen material nuklearra aberasteko aukerari. Iran herrialde burujabea da. Nuklearra Ez Ugaltzeko Ituna (TNP) sinatua du eta beste edozein herrialde bezala tratatua izan nahi du.
Txina eta Errusia zerbait egiten ari dira isilean. Oraindik ez dugu beren eraginaren ikuspegi osoa. Baina Araghtxi duela astebete Putinekin izan zenean, Putinek Golkoko segurtasun arkitekturaz hitz egin zuen. Gero, Araghtxik Wang Yi-rekin izan zuen bileran ere Golkoko segurtasun arkitekturaz mintzatu ziren. Aurrerago, Saudi Arabiak eta Kuwaitek AEBei beren herrialdeen erabilera ukatu ondoren, Askatasuna proiektuaren amaiera ikusi genuen. Eta Pakistango goi-jeneral batek esan zuen Saudi Arabiak eta Qatarrek AEB handik aterako dituztela beren presentzia militarrari dagokionez. Nire ustez, Txinak eta Errusiak segurtasun-arkitektura berregituratu beharra aipatzen dutelarik, horri buruz ari dira hitz egiten.
Bestela esanda, Saudi Arabia, Qatar, Bahrein eta Kuwaitek uko eginen diote AEBek bertan “babesteko” presentzia militarra izateari. Egia esan, estortsio modu bat izan da. Horren ordez, Txinarekin eta Errusiarekin lankidetzan jardunen dute. AEBen aireko defentsa sistemak oso txarrak direla eta ez dutela beren funtzioa bete ikusi baitute. Bestalde, Errusiak borrokan frogatutako interesatuko zaizkien aire defentsa sistema eraginkorrak ditu. Neurri batean behintzat, honek guztiak azaltzen du zergatik ez dugun oraindik errepresalia militar zabalagorik ikusi Iranen aldetik. Txina eta Errusia Saudi Arabiarekin, Qatarrekin eta Omanekin egiten ari diren lanaren ondorio izanen litzateke.
AEBek Iranen aurkako erasoari berrekingo diola uste dut. Badirudi Trumpek aste honetan bertan Txinara eginen duen bidaiaren ostera arte itxaronen dutela. Nire ustez, Iranek Errusiaren eta Txinaren aholkuak jaso ditu, baita Pakistanen aldetik ere, oraingoz erantzun ez dezan, AEB eskualdetik kanporatzea lortu baitu 15 baseei eraso eginez. Gehienetan AEBek euren langileak erretiratzera behartu dituzte eta beste batzuetan radar nagusiak suntsitu dizkie.
Antzinako segurtasun-arkitekturaren oinarria base estatubatuar horiek ziren. Tranpa bat zen, laguntza armak eta altxorraren bonoak erosteko baldintzapean baitzetorren. Herrialde horiek leporaino erosi zituzten estatubatuarren zorra eta armak. Orain tratu hori apurtu egin da.
Saudi Arabiak eta Qatarrek eragin ekonomiko handia izanen dute nazioartean. Izan ere, oraindik onartu ez dugun gauzetako bat da egindako kaltea zein larria den. Dagoeneko 70 egun daramagu gerran eta handik datozen baliabideak moztu egin dira. Imajinatu ur-tanga bat duzula, eta tanga hori ganaduaren askara konektatuta dagoela. Ura hodi baten bidez ateratzen da depositutik eta behiak, zezenak, zaldiak eta ardiak edatera datoz. Bat-batean iturri hori itxi egiten da. Oraindik ura geratzen da biltegian eta animaliek edaten jarrai dezakete, baina mailak behera egiten jarraitzen du eta egun batean azienda horrek ez du urik. Horrela gaude orain petrolioarekin. Alternatibak bilatu behar dira eta agian ez daude. Horrek munduan eraginen duen kalte ekonomikoa larria izanen da.
Petrolio erreserbak agortu egin dira. Prezioak igotzen jarraituko duen fasean sartzen ari gara, dagoeneko erreserbarik ez dagoelako. Petrolioaren prezioa jaitsaraz lezakeen gauza bakarra eskaria amiltzea litzateke. Baina eskaria amiltzeak ekonomian oso gauza negatiboak gertatzen ari direla esan nahiko luke.
Datorkigun drama ekonomiko hau guztia Iranekin gertatzen ari denaren azterketatik kanpo utzi da. Eta Iran etsipenezko egoeran dagoenaren ideia elikatu da. Ez dakite Pakistanek zazpi garraio-bide dituela zabalik Iranera joateko. Turkmenistandik igarotzen da Txinatik datorren trenbidea, Iranera eta Irandik merkantziak daramatzana. Eta Iranek Errusiara Kaspiar Itsasotik duen sarbidea ere hor dago. Beraz, Irango ekonomia duela urtebete baino hobeki dago, petrolioaren prezioa laukoiztu egin delako. Eta laukoitza esaten dudanean, jendea petrolioagatik ordaintzen ari den benetako prezioaz ari naiz.
AEBekin loturak eten
Badakigu gutxienez 2.000 milioi dolar balio zuten radar sistemak suntsituak izan direla Bahrainen. Beraz, AEBek Bahrainen duten bosgarren flotaren kuartel nagusia bukatua dago. Ez dira hara itzuliko. Qatarko Al-Udeiden aire-operazio konbinatuen zentroa itxi dute eta langileak base horietara berriro eramateko aukera zalantzazkoa da. Dirudienez, leku batzuetan kalteak hain larriak direnez, garestiegia litzateke itzultzea. Pakistango jeneralaren arabera, Saudi Arabia eta Qatar konturatu omen dira AEBekin harremanak hausteko unea iritsi dela.
Saudi Arabiak Askatasuna proiektuaren aldeko hegaldiak blokeatu zituela baiezta dezaket eta Trumpek telefonoz deitu ziola Mohamed Salmani iritziz aldatzeko eta honek uko egin ziola. Saudiarabiarrak txinatarrekin, pakistandarrekin eta errusiarrekin hitz egiten ari dira, eta beste aukera batzuk behar dituztela ohartu dira, AEB ez direlako lehen bezain boteretsuak.
Orain plana Iranen eraso bat eragitea dela uste dut, Ormuzko itsasartea erabiliz. Nahiz eta Iranek bere burua defendatzeko eginen duen, Iranek egindako legez kanpoko pirateria ekintza bezala aurkeztuko zaio AEBetako publikoari eta erasotuak izan direla eta erantzun behar dutela esanen dute. Zerbait muntatuko dute Iranen aurkako ofentsiba bat justifikatzeko, Iran erasotzailea eta honen guztiaren erantzulea balitz bezala. Eta horrek gerra berri bat piztuko du.
Putinek onartzen du egoera hau negatiboa dela, ezegonkortu eginen dituelako, Europa eta Mendebaldeaz gain, hegoalde globaleko zenbait herrialde ere, erregai eta elikagai eskasia dela eta. Indar handiz ari dira lanean Iranekin eta Golkoko herrialde arabiarrekin, lehengaien merkatuak berriro irekitzeko eta Pertsiako Golkotik berriro irten daitezen. Aldi berean, Irani zigorrak kentzeko eskakizuna babestuko dute eta horrek berriro garamatza Trump Xi-rekin aste honetan Pekinen bilduko den unera. Euren eskakizunetako bat zigorrak bertan behera uztea izanen da. Etorkizunean herrialde horiei AEBentzat zigorrak ezartzea ezinezkoa izatea bilatuko dute.
https://www.youtube.com/watch?v=PNaciDyl_mQ
joan mari beloki kortexarena
2026-05-12

Iruzkinak
Utzi iruzkina: