Erne, ba!

Erne, ba! EUSKAL HERRITIK | 2026-07-01 02:39

Erne, ba!

Bihoa lehen-lehenik nire oharra: artikulu hau -eta iturri gisa erabilitako bideoa- ez da sistemari eusten dioten komunikabideen mezuak sinetsi eta ondoren loroak bezala errepikatzen dituztenen gustukoa. Ezta Palestinak, Iranek eta Errusiak arazo-iturri berberak dituztela ukatzen dutenena edota era guztietako errusofoboena. Hobe dute artikulua ez irakurri eta bideoa ez entzun. Ez baitute probetxurik lortuko. Agian, haserretu ere eginen dira, gainera.

Artikuluaren mezua argia da: epe motzean Ukrainako gerra Europako mendebaldera zabalduko da. Gertatzen denean ez gaitu ustekabean harrapatu behar. Errusia era guztietako probokazioak jasaten ari da azken urteotan: zibilak egunero hiltzen dizkiote, triada nuklearrari eraso egin diote, Errusia inbaditu egin dute (Kursk)… eta azken aldian, Europako Batasunean eta Britainia Handian egindako irismen luzeko misilak eta droneak ari zaizkio jaurtitzen egunero, NATOren inteligentzia eta militarrak baliatuz. Errusian jendea -eta militarrak ere- Europari merezi duen erantzuna ematea eskatzen ari dira. Vladimir Putin presidenteak ezezkoan jarraitzen du. Baina ezin izanen du luzaroan jarrera horri eutsi. Eta erantzunak agindu beharko ditu. Lehenak, seguruenik, Londres, Paris edo Berlinen aurkakoak izanen dira. Edo mugakide dituen Baltikoak, Finlandia edo Polonia astinduko dituztenak. Auskalo. Baina misilak Europako puntu desberdinetara iritsiko direla ziurtatzen digute.

Europako geure ingurukook betiko leloak errepikatzera mugatuko al gara? “Errusiar maltzur horiek Ukraina hondatzearekin aski ez eta orain Europa osoa izorratu nahi dute”, adibidez? Gerra Mendebalde Politikora zabaltzen bada, errua Errusiari hamaika probokazio egin diotenena izanen da.

Larry Johnson CIA-ko analista ohia eta Glenn Diesen akademiko norvegiarra dira tertuliakideak.

Glenn Diesen: europarrak Errusiaren aurka gerra zuzena izateko prestatzen ari dira.

Larry Johnson: Sergei Karaganov-i arreta jartzen ikasi dut. Sergei oso tipo gogoetatsua izan da beti, joerak atzemateko oso ona. Utz iezadazu planteatzen Sergeiren ikuspuntua indartzen duen kasua. Sinaloa-ko kartelak, AEBen barruan erasotzeko asmoz, Txina eta Errusiatik droneak eta misilak jasoko balitu, AEBek gerra ekintzatzat hartu eta horren arabera erantzunen lukete. Horrek Sergei Karaganov-en posturara garamatza. Mendebaldeak beldurra galdu dio Errusiari. Nahi duena egin dezakeela uste du, errusiarrak bonbardatu eta hil egin ditzakeela, eskolak suntsitu … eta Errusiak ez duela erantzunen. Errusiak emanen duen lehen pausoa fabrika eta gune militarrak kolpatzea izanen da, marra gorria zeharkatu dutelako erantzuten ari direla argi uzteko. Mendebaldeak ulertu behar du ezin duela horrelako probokazioekin jarraitu. Izan ere, Karaganov-ek adierazi duen bezala, honek jarraitzen badu, hurrengo pausoa arma nuklear taktikoen erabilera izanen baita eta horrek mundua bide guztiz berri batera bultzatuko luke. Mendebaldeak Errusia suntsitu nahi du.

G.D. Arma nuklear taktiko horiek erabiltzeraino erraz iritsiko litzatekeen gerra batera hurbiltzen ari gara.

L.J. Vladimir Putinek, ekainaren 23ko hitzaldian, ohartarazi zuen Mendebaldeak egungo bidetik jarraitzen badu, emaitza Alemaniak eta bere aliatuek sobietarrei eraso eginda, garaituak izan zireneko bera izanen dela. Baina oraingoan Errusia ez da besoak gurutzatuta erasotua izateko zain geratuko. Bestalde, informazio baten arabera, bidoi hori batzuetan material erradioaktiboa zekarren itsasontzi britainiar bat iritsi berri da Odesara. Ezin da baztertu britainiarrak horren gauza eroa egiten saiatzea. Hartza probokatzen ari dira. Errusiari kolpe bat eman eta Errusiak ez duela erantzunen pentsatzen dutela dirudi. Errusiak denbora behar izaten du haserretzeko, baina benetan haserretzen denean ikaragarria da.

G.D. NATOko herrialdeek orain irismen handiko misilak eta droneak jaurtitzen dituzte Errusiaren sakonean, Errusiak NATOren lurraldea ezin duela ukitu uste duten bitartean. Hau ez da sinesgarria.

L.J. Vladimir Putinek ongi daki errusiarrek Kieven aurkako eraso erabakigarriak nahi dituztela eta, orobat, Zelenski, Syrsky eta buruzagitza osoa hiltzea ere. Europarrei dagokien prezioa ordainarazi behar zaiela diote eta jasotako kolpeak itzultzeko txanda iritsi dela. Vladimir Putinen iritziekin baino, Medvedev-enekin gehiago datoz bat errusiar gehienen iritziak. Europarrek prezio bat ordaindu behar dute indarkeria horrengatik. Bestela, eraso nuklear bat ekar lezakeen maila bateraino elikatzen jarraituko dute. Errusiarrak ez dira ausartzen ausartu arte, 2022an egin zuten bezala. Eta orduan, justifikaziorik gabea dela esaten da.

G.D. Europarrek beren asmoak aitortzen dituzte, baina ez dituzte horretarako behar diren gaitasunak. Eta errusiarrek gehiegi itxaroten badute, baliteke egunen batean gaitasun horiek lortzea.

L.J. Errusiari aurre egin eta garaitu eginen dutela diote. Baina, ikus dezagun. Erresuma Batuak ezin du futbol estadio bat bere armadarekin bete. Lehen, ekipo militar aurreratuak ekoizten zituzten Alemaniako fabrikak itxita daude orain. Fabriketako lanpostu asko atzerrira alde egiten ari dira. Horrela dago Europa eta, hala ere,  XIX. mendean nagusi izan zen potentzia militar hori dela pentsatzen jarraitzen dute, edukirik gabeko oskol hutsa baino ez direlarik. Duten botere militarra hutsaren hurrengoa da. Txakurren erakusketa batean chihuahuen mailan egonen lirateke eta, hala ere, rottweilerren maila duen Errusiari aurre egin nahi diote. Europak ez du baliabide ekonomiko esanguratsurik, industria-abantaila galdu du, ez da deus egiten ari zientziaren edo teknologiaren abangoardian, ez dute lidergorik espazioan... Ez dute lidergorik sektore bakar-batean ere.

G.D. Europako Batasunako herrialdeei begiratzen badiezu, politikariak eta hedabideak eslogan emozionalekin bakarrik komunikatzen dira. Hortik aldentzen den edozer gaitzetsi egiten da. Norbaitek planteatzen badu EBko lurraldeak Errusiari erasotzeko erabiltzen badira, agian errusiarrek gerra nuklear batekin erantzunen dutela, putinista dela eta errusiarrekin dagoela esaten zaio. Adierazpen askatasuna, elkarrizketa, eztabaida, dagoeneko galduak dira Europan. Eroetxea da eta orain Errusia garaitzea beste helbururik ez dago.

G.D. Errusiak Europari eraso eginez erantzuten badio, zer eginen dute AEBek?

L.J. Baliteke AEBek gerra horretan sartu nahi izatea, baina ezin izanen du. Iranekiko gerrak agerian utzi ditu bere botere militarraren mugak. Itsas indarra ez da gai hegazkin-ontziak Itsaso Baltikora edo Itsaso Beltzera bidaltzeko. Horrek lurreko tropekin uzten gaitu, eta ez dugu lurreko troparik. 470.000 pertsona inguru ditugu Errusia inbaditzeko. Beraz, ez gara Errusiarentzako lurreko mehatxu sinesgarria. Eta hori egitea pentsatzen ariko bagina, muga zeharkatzeko moduko lekuetan indar hori biltzeko beharko litzatekeen denbora izugarria litzateke. Errusiarrek, drone eta misil balistikoen aro honetan, eraso eta suntsitu eginen lituzkete kanpamendu horiek. Beraz, horrek aireko boterea bakarrik uzten digu. Eta alor honetan ere arazoak ditugu. Ormuz-ko itsasartea berriz ireki eta petrolioaren garraioa normalizatu arte –horrek hilabete batzuk edo urte bat baino gehiago beharko ditu–, ez baita hegazkintzarako erregai nahikorik izanen Errusiaren aurka beharrezkoa den borroka-operazio mota mantentzeko. Aldi berean, AEBek Errusiaren aurkako erasoak egin eta gero, bere lurralde kontinentala salbu geratuko dela pentsatzea akatsa da. Errusiak Burevestnik misil atomikoa zabaldu du, eta AEBetako helburuak erasotzeko prest dago. Benetako amesgaiztoa izanen litzateke. AEBek baliabide militar mugatuak dituzte. Nire ustez, suizidiorako errezeta litzateke.

G.D. Europan gisa horretako suizidiorantz goazela dirudi. Moskun ildo gogorragoaren aldekoen ahotsak gero eta ozenagoak dira eta gero eta jende gehiago dute alboan. Beren argudioa erabateko mobilizaziora joatea da. Zelenski hil, Kieveko eskualde osoa suntsitu eta, bide batez, Errusiaren aurka erabili diren armak ekoizten dituzten Europako fabrika guztiei eraso egin. Eta zerbait gaizki ateratzen bada, arma nuklear taktikoak erabili. Gerraren eskalan mailak ez igotzea ahalbidetzen duen bakarra Vladimir Putin da eta, harrigarria bada ere, Europako buruzagiek gehien desagerrarazi nahi duten gizona da. Txundigarria benetan. Dagoeneko ez dago inolako logikarik, eromen hutsa da.

L.J. Erabateko eromena. Agian nahi dutena lortuko dute, baina ez dute gustuko izanen.

https://www.youtube.com/watch?v=G7fzzGYeLMQ

joan mari beloki kortexarena

2026-07-01


Utzi iruzkina: