EPSTEIN Sarearen nondik norakoak

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-03-08 23:50

belokijmari@gmail.com 1773010312368

Evarist Bartolo Maltako  Kanpo Harremanetarako ministroa izan zen. Duela gutxi “Haustura askoz ere sakonagoa da” izenburua duen artikulua idatzi zuen. EPSTEIN Sarearen -psikopatek osatutako eliteen- nondik norakoak argitu nahian idatzi zuen.

Haustura aipatzen dudanean Kanadako Banku Zentraleko buru izandako Mark Carneyren azken hitzaldian aipatu zuen hausturaz ari naiz. Carneyrentzat, haustura AEBek menderatzen duten Mendebaldearen zatiari eragiten dion lekuan gertatzen da, orain arte nahiko ondo moldatzea lortu baitu. Mark Carneyk esan zuen bezala, orain gutxi arte arauetan oinarritutako ordena deiturikoak ongi funtzionatu du diseinatu zutenentzat, AEBentzat alegia, munduaren %12-14 horrentzat hain zuzen. Ongi egon zen funtzionatu zuen bitartean eta funtzionatzeari utzi zionean … haustura etorri zen.

Haustura sakona da, Epsteinen artxiboek ez baitituzte han-hemenka usteldutako sagar gutxi batzuk bakarrik azaltzen. Baratzea osorik dago ustelduta. Ez dira sagar gutxi batzuk, ezta zuhaitz gutxi batzuk ere. Eta artxibo horietan sortzen den sareari erreparatzen badiozu, enpresa-interesak, teknologia, armada, segurtasuna, komunikabideak biltzen dituen informazioari erreparatzen badiozu, ekosistema oso bat dela antzemanen duzu, habitat oso bat.

Erresuma Batuko hedabideek kazetaritzaren arloan ikerketak duen garrantziaz pentsatzeko hezi gintuzten, botereari erantzukizunak eskatu behar zaizkiola eta galdera zailak eta deserosoak egin behar zaizkiola nabarmenduz. Epstein kasuan hori ez da betetzen. Inplikatutako pertsonek, AEBetako presidente ohiak, ministro ohiak edo oligarka handiak izan, oso tratu atsegina jaso zuten komunikabideen aldetik. Ez zitzaien galdera deserosorik egin. Hau sistema bat da. Teoria abstraktuei gehiegi heltzen ari gatzaizkie eta ez diegu gure ikasleei munduak benetan nola funtzionatzen duen erakusten. Mundu errealak gehiago funtzionatzen baitu Epsteinen artxiboetan ikusten den moduan geopolitikaren teoriek azaltzen duten moduan baino.

Zentzuzkoa litzateke sare hau benetan zer den ulertzen saiatuko bagina, sistemak funtziona dezan eta beren alde funtziona dezan elkartzen den oso pertsona boteretsuen multzoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren gauzatu zen finantza- eta enpresa-egituraz hitz egiten dugunean, ustelkeria-sare baterako baldintzak ere sortu zirela esaten ari gara, enpresa-interes oso boteretsuen sare bat, desberdintasun eta bidegabekeria soziala ez ezik, gerra ere sortzen duena.

Klase agintariak, munduko %1ak, diru asko duen jendeak, dirua euren arteko eragin politikorako erabiltzen duela erakusten digute Epsteinen artxiboek. Harrigarria da zein handia eta hedatua zen jardunbide hori. Eta nonbait mendebalde kolektibo ia osoaren fenomenoa da hau.

Sare transatlantikoa da gehienbat, eliteko zirkuluz osatua, eta haien artean sortzen dituzte eroskeria-sistema horiek. Dena delako Epstein sare hori, izan Israelentzat edo izan bere helburu propioentzat, proiektu euroatlantikoa izan zen, euroamerikarra. Jarduera modu hau ez da berria. Mendetan zehar eliteek horrela jokatu dutela erakusten digu historiak; beraz, ez genuke harritu behar.

Latinezko esaera batek dio lege bat dagoela jainkoentzat eta beste bat animalientzat. Jainkoen legea pribilegiatuentzat da, eta hauek ezartzen dituzten arauak jasotzen ditu bere baitan. Arauetan oinarritutako ordena da. Gero abereentzako legea dago, kolonizatuentzakoa alegia, munduaren %88arentzako arauak jasotzen dituena. Abereei ez zaizkie pribilegiatuen legeak aplikatzen, %1 aberatsenaren interesak babesteko bakarrik balio baitute. Beraz, arauetan oinarritutako ordenak ez duela funtzionatu esan beharko litzateke, planeta honetan bizi garen pertsona gehienentzat benetan ez baitu inoiz funtzionatu.

Mendebaldean demokrazian bizi garela sinesten dugu. Eta sistema inperfektua den arren eta batzuetan eroskeriak dauden arren, herriak gobernatzen duela pentsatzen dugu. Orokorrean, hauteslekuetara joaten gara, bozkatzen dugu, gure iritziak adierazten ditugu eta egunaren amaieran herriaren boterea gailenduko delakoan gaude. Fartsa bat da. Bai baita klase oligarkiko bat herrialde horiek feudoak balira bezala gobernatzen dituena. Ez da berria.

Itzul gaitezen Greziako klasikoetara, gure demokraziaren oinarri izan zirenetara. Aristotelesek esan zuen Greziako demokraziak muga oso zorrotzak bazituen ere, emakumeak, pertsona arruntak eta esklaboak kanpoan uzten baitzituen, bazela mekanismo bat oligarkak kontrolatzeko. Diru asko zuten aberatsak sistematik kanporatzen zituzten, usteldu egiten zutelako. Gure kasuan, sistema politikotik ez kanporatzeaz gain, sistemaz jabetzen uzten diegu.

Honek AEBetako Auzitegi Gorenak 2010ean emandako epaira garamatza, hautagaiak eta alderdi politikoak finantzatzeko dirua mugarik gabe erabil ahal izatea baimendu zuenekora. Harrezkero, AEBetan gertatu zena Mendebalde politiko osora zabaldu da eta gure demokraziak plutokrazia bihurtu dira, dirua duten pertsonek euren interes propioan zuzentzen duten sistema.

Jendeak konfiantza galdu du gure alderdi eta politikariengan, sistemak boteretsuentzat eta aberatsentzat funtzionatzen duela ikusten duelako, non diru-emaileek boto-emaileek baino askoz gehiago balio duten. Beraz, gure demokrazia deiturikoetan egiten diren agendak aberatsen agendak dira, herritarrek behar dugunaren ordez.

 

https://www.youtube.com/watch?v=_Z92alx7wQk

joan mari beloki kortexarena

2026-03-08


Utzi iruzkina: