Epstein eta Trump lotuta?

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-07-18 02:02

belokijmari@gmail.com 1752797087882

Jeffrey Epstein Birjina Uharteetan zeukan etxe batengatik egin zen ezaguna inguruotan. Neska gazte asko eta politiko eta jende ezagun ugari pasa zen bertatik. Etxe hori sexu gehiegikeriengatik azaldu da maiz komunikabideetan eta gisa horretako delituengatik izan zen kartzelatua Epstein. Egun batean hilik azaldu zen ziegan eta geroztik zurrumurru ugari zabaldu da etxe horren inguruan. Batez ere, nortzuk diren etxe horretatik igaro diren politikari eta jende ezagunak eta zergatik Donald Trump presidenteak ez dituen ezagutzera ematen bildutako ehunka dokumentuak. Bideo honetan El Doomer izengoitia darabilen youtuberrak bere hausnarketak eskaintzen dizkigu.  

Jeffrey Epsteinek bezero zerrendarik ez zuela eta bere buruaz beste egin zuela ondorioztatu du Justizia Sailak AEBetan. Ikerketa itxi da eta horrek susmo asko piztu ditu. Ofizialki Epsteinek bere buruaz beste egin zuen eta ondorio hori, agintarien arabera, kartzelako bideo batekin babesten da. Hil zen gauean bere ziegara inor ez zela sartu frogatuta geratzen omen da. Ikertzaileek ez zuten figura boteretsuak inplikatzen zituen kontaktu libururik aurkitu. Ez zen aurkitu Epsteinek pertsona ospetsuei xantaia egiten zieneko frogarik. Ghislaine Maxwelli, Epsteinen neska-lagun ohiari, 20 urteko kartzela-zigorra ezarri diote, Epsteinentzako adingabeak irlara eramanez sexu-trafikoan izan zuen paperagatik. Maxwell eta Epstein espetxeratu egin zituzten pertsonen trafikoa leporatuta. Baina norentzat trafikatzen zuten? Ez da argitzen.

Ondorio horiek Kash Patel eta Dan Bongino FBIko egungo zuzendariek iraganean agindutako teoriekin kontraesanean daude. Pertsona eta bideo zerrenda bat zegoela aipatu zuten, eta bertan haur eta emakumeak astakeriak jasaten ikusten zirela. Munduari nortzuk ziren erakutsi behar zitzaiola eta haien bila joan behar zela esan zuten. Hori MAGA (Make America Great Again) mugimendutik orain Trumpen gobernua osatzen duten pertsonek defendatu zuten eta denek esan zuten arazo hau oso larria dela eta argitu egin behar dela. Baina orain, boterera iritsi direlarik, "hemen ez da deus gertatu, hau ez da existitzen" diote. Elon Muskek, berriz, bonba tzar hau askatzeko garaia dela esan du berriki; hau da, Donald Trump Epsteinen artxiboetan azaltzen dela eta hori dela publiko ez egiteko benetako arrazoia.

Justizia Sailak emandako bideoan inkongruentzia batzuk ikusten dira. Hasteko, Epstein giltzapetuta zegoen sarrerako atea ez da ongi ikusten. Eta sinestezinagoa dena, segurtasuneko grabaziotik minutu bat falta da. Hortaz gain, bideoaren irudian jauzi bat ematen da. Lehen esan zuten irudiak desagertu egin zirela, espetxeko segurtasun kamerek akats teknikoengatik ezabatu egin zituztelako. Hori Epstein hil eta gutxira esan zuten. Orain kamerek ongi grabatu zutela. Bideoa ukiturik gabe erakutsi zutela esan zuten. Baina bideoa askotan editatu dela egiaztatu da. Froga nagusietako bat manipulatuta egotea eskandalu handia da.

Pamela Bondy AEBetako fiskal nagusiak esan zuen bere idazmahai gainean zituela froga guztiak, astakeria ugari erakusten zuten milaka ordu bideoetan. Orain ez dagoela bideorik dio. Beste esperpento bat.

Bere sare sozialean, Truth Socialen, Donald Trumpek erreakzio negatibo gehiago jaso du positiboak baino. Horrek MAGA mugimenduaren barruan gertatzen ari dena islatzen du. Jendea haserre dago ume eta emakumeei astakeriak egiten zizkien jende boteretsuaren zerrenda bat badagoela esan eta gero gaia estali nahian ari direlako.

Sarah Ransomek, Epsteinen etxeko biktimetako batek, Trumpen, Clintonen eta Ingalaterrako Andres printzearen sexu zintak zeudela ziurtatzen du. "Ez dago sekreturik, dena grabatuta geratu da", esan zuen Sarahk. Halaber, egunean hiru aldiz egiten zizkiotela abusuak, eta ez zela uharteko neska bakarra. Eta behin eta berriz biktimizatzen zituzten nesken jarioa etengabea zela.

50 urte lanean daraman mediku forentse batek autopsiak egiten ditu modu profesionalean eta Epsteinen lepoan ikusi zituen zauriak 50 urte horietan egindako autopsiekin ez zetozela bat diagnostikatu zuen. Zauriak ez zetozen bat bere buruaz beste eginda geratzen diren zauriekin; bai, ordea, beste norbaitek eragindako hilketarekin.

Intercept-eko kazetari batek dio “Epsteinen zerrenda” izen okerra dela, Epstein-en etxeetatik ateratako ehunka dokumentu, argazki eta bideo daudelako. Hauek oso zehazki erakusten dute goi-mailako jendea biktimizatu zituzten adingabeekin interakzioan. “Hau da Trumpek ezkutatzen duena eta gezurretan aritzeko arrazoia”, dio Intercept-eko kazetariak. Eta jarraitzen du: " Epstein eta Maxwellekin inor ez da argazki gehiagotan atera Trump baino; hori lotzen duen dokumentazio asko dago”.

Epsteinen proiektuaren nondik norakoak

“Epstein inteligentziakoa zela esan zidaten, eta bakean uzteko” esanez, Alexander Acosta Miamiko fiskal ohiak azaldu du zergatik eskaini zion Jeffrey Epsteini 2007an auzipetua ez izateko akordioa. Akordioaren arabera, Epsteinek 15 hilabeteko kartzela-zigorra baino ez zuen bete adingabeen aurkako sexu-delituengatik. Era misteriotsuan, fiskalari desagertu zitzaizkion azken 11 hilabeteetan Justizia Sailetik bidali zizkioten mezu elektroniko guztiak. Epsteinen etxetik ebidentzia guztiak galdu ziren FBIk miatu ostean. Auzi honetan dokumentazioa desagertu egiten da.

Whitney Web kazetariak “Nazio bat xantaiapean” liburuan argi azaltzen du nor den Jeffrey Epstein. Matematikako irakaslea, ez zetorren familia aberats batetik. Unibertsitatea utzi eta eliteak zerabilen Manhattango Dalton School ospetsuaren irakasle bihurtu zen, beharrezko titulurik izan gabe. Bear Stearns inbertsio bankuan bolada labur bat eman ondoren, ezerezetik bere finantza-enpresa sortu zuen: J. Epstein and Co. Izan zuen arrakasta izugarria eta ulertezina izan zen. Bezero misteriotsu bati egozten zaio, milioi askoren jabe den Lesley Wexnerri. Gizon honek bere aberastasun izugarriaren kudeaketa osoa Epsteinen esku utzi zuen, inola uler ez daitekeen konfiantza eskainita. Nola utz lezake gizon aberats batek milioika dolarren aberastasuna ezertxo ere ez duen norbaiten esku? Zergatik lortzen zuen hainbeste diru eta botere Epstein honek?

Aktiboa zelako. Sare baten barruan ziharduen pertsona zen,  sare oso baten aurpegi publikoa. Politikariak eta munduko herrialde boteretsueneko pertsonaia garrantzitsuenak kontrolatzeko xantaia- eta estortsio-sarea zen. Hor dago kontua. Horregatik ikertzen du estatuak bere burua eta ondorioztatzen du deus ez dela gertatu.

Epsteinek bere aktiborik nabarmenenak modu ilunean eskuratu zituen, prezio sinboliko baten truke Manhattaneko etxe handi bat barne. Baita Birjina Uharteetan bere irla pribatu ospetsua ere. Denbora gutxian, kredentzialik gabeko irakasle izatetik milaka milioi edukitzera iritsi zen eta eliteko presidente, printze eta zientzialarien adiskide izatera. Zorteaz haragoko azalpena eskatzen duen botere neurrigabea.

Whitney Weben ikerketa-liburuaren tesiak enigma horri erantzun bat ematen dio. Epsteinen boterea ez zen berea. Hanpa izenaz ezagutzen den krimen antolatua eta CIA eta MOSSAD estatu agentziekin erlazionatzen zituen sare baten kudeatzailea zen bera.

Jende horrek sexua material konprometigarria lortzeko erabiltzen zuen, jende boteretsua kontrolatzeko. CIA bezalako agentziek Roy Kon abokatua bezalako figurak erabili zituzten mafia eta elite politikoa lotzeko. Xantaia zen arma estrategikoa. Sarearen asmo nagusia ez zen plazerra, xantaiarako materiala ekoiztea baizik. Festak, Lolita Expresseko hegaldiak eta bere etxean adin txikikoekin egiten zituen egonaldiak munduko elitea grabatzeko baino ez ziren. Sexua tresna bat zen, ez helburua. Erabaki politikoetan eragitea, kontratuak ziurtatzea eta sarearen inpunitatea bermatzea zen helburua. Kontu honek oso sustrai sakonak ditu eta Epstein ez zen inoiz burua izan. Pieza garrantzitsua zen, baina pieza bakarra. Eta Trump oso tresna baliagarria izaten ari da afera behingoz ixteko.

Honelako jendilajeak zuzentzen gaitu eta astakeria hauek egiten dizkie emakume eta haurrei. Hauek dira herrialdeak gobernatzen dituztenak eta gerretan sartzen gaituztenak. Orain boterean daudela, etxea garbitu eta alfonbra azpian sartzen dute zikin guztia.

 Jeffrey Epsteinen gorabeherak hobeki ezagutzeko: https://www.bbc.com/mundo/articles/ck74vx1wn39o

“El Doomer”-ren hausnarketa osoa entzuteko: https://www.youtube.com/live/vGgfAtK0-lA?si=nDm79qkkvPpIp0oY

joan mari beloki kortexarena

2025-07-18

 


Utzi iruzkina: