Egitazko Ukraina
Marta Havryshko historialaria da. Eskuin muturrari eta Ukrainan etnonazionalismoak izan duen gorakadari buruz egindako lanaren ondorioz, 2025ean Mirotvorets datu-basean sartu zuten. Webgune horretan, naziek Ukrainaren ustezko etsaiak zerrendatzen dituzte. Marta heriotza-mehatxuak jasotzen ari da eta gaur egun erbestean bizi da, AEBetan.
Etnonazionalismoa Ukrainako mendebaldean zegoen batez ere; izan ere, Bigarren Mundu Gerran eta ondoren, eskualde horretan loratu ziren erakunde erradikal gehienak. Maidango iraultzaren ondoren hasi zen ekialdera zabaltzen, politikari oso erradikalak boterera iritsi zirenean. Horregatik, 2019an, ukrainarren % 73k Zelenski presidente izateko bozkatu genuen, judua zelako eta agenda etnonazionalistarik ez zuelako. Bakea ekarriko zuela eta Donbassko gatazka konponduko zuela agindu zuen.
Garai hartan, Ukrainako gizartea nekatuta zegoen politikaren eta hizkuntzaren auziaren inguruko zatiketa guztiekin. Baina gure agintari nagusiek errusieraz hitz egiten zutenak ez Homo sapiens zirela esaten zuten, eta errusiera etsaiaren hizkuntza, okupatzaileen hizkuntza eta birusa ere bazela zioten. Gaur egun, errusieraz hitz egiten dutenak erasotzen dituzte. Egoera oso arriskutsu bihurtu da.
Errusieraz hitz egiten dutenen askatasuna babesten duen Ukrainako Konstituzioaren 10. artikulua dagoeneko ez da errespetatzen. Errusieraz hitz egiteko eta seme-alabak errusieraz hezteko eskubidea desagertu egin da. Adibidez, errusieraz abesti ospetsuak dituzten abeslari ukrainarrek ezin dituzte abesti horiek errusieraz zabaldu, isunak jartzen baitizkiete, nahiz eta milioika ukrainarrek errusiera ama-hizkuntzatzat hartzen duen.
Zelenski, nazien aldeko judua
23 eta 60 urte bitarteko errusieradun gizonak herrialdean harrapatuta daude. Gizon horientzat, Ukraina espetxe bat da. Ezin dute Ukrainatik irten. Indarrez mobilizatzen dituzte, eta Ukraina honengatik hil behar dute. 2019an, jendea nazkatuta zegoen elite politiko horiekin, eta espero zuen Zelenskik, Ukrainako ekialdean familia errusieradun batean haziak, politika etnonazionalista horri amaiera emanen ziola. Baina Zelenskik politika hori guztia bere egin zuen, eta orain Ukrainako neonazien buru da, bere hautesleak traizionatuta.
Buruzagi eta kolaborazionista nazien gorpuzkiak Ukrainara ekartzen ari dira, eta berriro lurperatzen dituzte, estatu-ohoreekin. Hori guztia, Zelenski bera judua izan arren eta haren familia osoa naziek hil zuten arren. Ukraina mundu osoko neonaziak besoak zabalik hartzen dituen herrialde bihurtu da. Mendebaldeko gure lagunei behin eta berriz gogorarazten diet Ukrainako demokraziaren inguruko kontakizuna iruzurra dela. Gaurko Zelenski ez da 2019koa. Ukraina anitza, demokratikoa eta kulturaniztuna agindu zigun, baina orain nazien kolaborazionisten ikur dugu.
Estatu-mailako nazismoaren errebisionismoa dugu. Errusieradunen aurkako jazarpena dugu. Ukrainako biztanleen erdiari buruzko diskurtso oso toxikoa dugu. Eta gerra-krimenak egiten dira Donbassko eta Krimeako eskualdeetako biztanle ukrainarren aurka. Ukrainarrak direla uste badute, zergatik bonbardatzen dituzte? Zergatik mozten dizkiete gasa eta elektrizitatea? Zergatik hiltzen dituzte haien seme-alabak?
Emakumeak Ukrainako armadan
Ukrainako gerrako propagandak eta Mendebaldeko gerrako propagandak Ukrainako armadan dauden 76.000 emakumeak goraipatzen dituzte, baita borroka-postuetan ari direnak ere. Arrazoi nagusietako bat ekonomikoa da, eta emakume asko armadan sartzen dira Mendebaldeko dirua iristen den eremuetako bat delako. Beren familiak mantendu nahi dituzte, besterik ez.
Ukrainako armadak emakume horiek instrumentalizatzen ditu, eta soldaduak falta zaizkielako hartzen dituzte. Horrek ez du zerikusirik emakumeen eskubideekin edo ahalduntzearekin. Emakumeak helburu politikoetarako erabiltzen dituzte. Hala ere, esan beharra dago gaur egun ehunka mila emakume daudela Ukrainako behartutako mobilizazioaren aurkako erresistentziaren lehen lerroan.
Errekrutamendu-arduradunek indarkeria handiz atxikitzen dituzte gizonak, agiririk erakutsi ere egin gabe. Aurpegia estaltzen dute, gizonak basatiki jipoitzen dituzte eta bahitzaileen moduan jokatzen dute. Dozenaka gizon hil dira bahiketa horietan. Ehunka gizonek jipoi izugarriak jaso dituzte, ospitalean amaitu dute eta desgaitasunen bat geratu zaie.
Bahiketa horietan, gizon horiei laguntzera korrika joaten diren lehenak emakumeak dira. Baina errekrutamendu-arduradunak oso bortitzak dira: emakume horiek ito, kolpatu eta umiliatu egiten dituzte. Odolez estalita ere ikusi izan dugu hainbat.
Emakume gehienak, langile-klasekoak
Ukrainak 27.000 gizon galtzen ditu hilero gudu-zelaian. Zelenskiren kabinete-buruak esan zuen hilero gutxienez 35.000 gizon mobilizatu beharko genukeela, baina dagoeneko ez dago estatu ustel honengatik bizia emateko prest dagoen gizonik. Gaur egun, Ukrainako armadaren % 95 behartutako mobilizazioaren bidez osatzen da. Horregatik ikusten ditugu halako eszena izugarriak, emakumeak beren gizonak salbatu nahian ari diren bitartean.
Emakume horietako gehienak langile-klasekoak dira. Mobilizazioaren zama pribilegio gutxien dituzten gizonen bizkar erortzen da. Dirua dutenek eroskeria ordain dezakete eta bizimodu oparoa egiten jarraitu. Nekazariak, langile-klaseko gizonak eta txiroenak dira errekrutamendu-arduradunek gehien harrapatzen dituztenak.
Horregatik, haien emakumeak dira erresistentzia honetan aktiboenak, nahiz eta Ukrainako estatuak jazarri egiten dituen. Errekrutamendu-arduradunen lana oztopatzen baduzu, 8 eta 15 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezazukete. Estatu honek senarra, semea edo anaia kentzen dizu, eta, gero, kartzelara bidaltzen zaitu. Haien bizitza salbatzen saiatzeagatik.
Zure maiteak salbatu besterik ez duzu nahi. Baina estatu honek dena kentzea du helburu. Horregatik daude emakumeak hain erabakita, eta horregatik izan nahi dut langile-klaseko emakume horien ahotsa. Ni ere langile-klaseko familia batekoa naiz. Nire gurasoak langileak ziren. Armadan amaitu zuten nire senideak ere —horietako batzuk hilda daude gaur egun— langile-klaseko gizonak dira guztiak. Horregatik, pertsona horiek eta haien sufrimendua ikusarazi nahi ditut.
Sozialistak eta komunistak, jazarriak
Ukrainan disidenteak jazartzen dituzte. Gaur egun, sozialista eta komunista guztiak jazartzen dituzte beren ideia sozialistengatik. Gerra honen kostua langile-klaseak ordaintzen duela esaten baduzu, traizioa leporatzen dizute, Errusiako erasoa justifikatzea. NATOren ekarpenaz hitz egiten baduzu —Errusia probokatu izanagatik—, eta gerra hau saihestu zitekeela esaten baduzu, bost urteko edo gehiagoko kartzela-zigorra ezar diezazukete.
Bogdan Syrotiuk-i hori guztia leporatu zioten. Ukrainako nazien goratzea ere kritikatu zuen. 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Marxista zen, eta bere burua komunista gisa definitzen zuen. Ukrainako estatuak disidenteak nola tratatzen dituen erakusten duen adibide argia da. Ez dago adierazpen-askatasun politikorik.
Gure senideak gerra honetan hiltzen ari dira. Zelenskik ez du haiek erasoetatik babesteko baliabiderik, baina gatazka areagotzen jarraitzen du. Horretaz hitz egiten duzunean, traidoretzat jotzen zaituzte eta kartzelan sartzen zaituzte, Errusiako erasoa justifikatzen duzula argudiatuta. Zelenskik egiten duena botereaz abusatzea da. Bere aurkari politikoak hiltzen ari da. Adibidez, Yermolayev-i eta haren familiari Monakon gertatutakoa. Ukrainako inteligentzia militarrak antolatutako hilketa-saiakera izan zen, eta inteligentzia horren burua Zelenski da.
2022an Errusiarekiko negoziazioetan aritu ziren ordezkari nagusietako bat zen Denis Kireev hil zuten. Nork hil zuen Kireev? Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak, zeinaren burua ere Zelenski baita. Eta nork hil zuen Andrii Portnov, Janukovitx presidentearen aholkulari ohia? Seguruenik, horiek berak.
Zergatik ezarri zaizkio zigor pertsonalak Julia Mendeli? Eta zergatik ez zaizkio ezarri Andrii Yermaki, milioika euro lapurtzea leporatu diotenari? Disidenteok atzerrira ihes egin dugu, gure kritikengatik kartzelan amaitzeko beldur garelako.
Naziak, ongietorriak Ukrainan
Ukrainan neonaziek duten zeregina gutxiesten dutenek gogoratu behar dute zergatik doazen neonazi espainiarrak eta beste herrialde batzuetakoak Ukrainara. Soldadu falta dagoelako. Beso zabalik hartzen dituzte. Han ezagutzak eta esperientzia eskuratzen dituzte. Terroristak hazten ari gara. Askok bizirik iraunen dute, beren herrialdeetara itzuliko dira, terrorismoan sartuko dira eta hilketak eginen dituzte.
Beraz, Mendebaldeko zergadunok terroristak eta eskuin muturreko neonaziak finantzatzen ari zarete, eta, gainera, horren garrantzia gutxiesten saiatzen zarete. Presta zaitezte, bada. Pertsona horiek ez dira Ukrainako langile-klaseko gizonak bezalakoak. Langile horiek armadarako errekrutatuta daude, esklaboen moduan borrokatzen, hil arte edo ezindu geratu arte. Zauri larriak dituztenean bakarrik utz dezakete armada. Mertzenario neonazi horiek, aldiz, nahi dutenean alde egin dezakete armadatik. Espainiara eta beste herrialde batzuetara itzuliko dira, eta eskuratutako esperientzia zabalduko dute.
Arazo hau Europa osora hedatuko da. Horregatik, zuen politikariei galdetu behar diezue zergatik posatzen duten neonazi espainiarrek nazien leloekin, askatasun osoz eta NATOren armekin, eta zergatik ari garen haiek finantzatzen.
Herritar gisa, zuen betebeharra da hori galdetzea; zuen komunitateen segurtasuna dago jokoan. Horiek guztiak Bruselako eliteen tresnak dira, haien gerretarako. Oso baliotsuak dira elite horientzat, armekin entretenitzeko eta borrokatzeko irrikan baitaude.
Eskuineko muturraren eta neonazien jazarpenagatik eta jasotzen ditudan heriotza-mehatxuengatik, ezin dut Ukrainara itzuli. Ukrainara joan eta nire familia ikusi nahi dut, baina egungo erregimenarekin bi aukera baino ez ditut: hil edo kartzelan sar nazatela. Ezin dut onartu nire seme bakarra haragi-errota honetara bidaltzea. Agian, egunen batean, Ukrainara itzuliko naiz, baina Ukraina horrek demokratikoa izan behar du, disidenteen aurkako jazarpena amaitu behar du eta bakean bizi behar du.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: