Donbassko errusiar baten testigantza

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-12-22 12:07

belokijmari@gmail.com 1766402133648

Stanislav Krapivnik AEBetako armadako ofizial ohia eta aditu militar-politikoa da, gaur egun Errusian bizi dena. Luhansken jaio zen Sobiet Batasunaren garaian. Haurra zela AEBetara emigratu zuen eta AEBetako armadan zerbitzatu zuen.

Ukrainako hau higadura-gerra da. Higadura gerrak ez du mugimendu handirik hasieran, baina azkenean mugimendu erraldoiak sortzen ditu, etsaia higatuta dagoenean ezin diolako fronteari eutsi. Ukraina kolapsoaren atarian dago, dagoeneko borrokatu ezin izateraino. Animoa erori egin zaio. Ukrainako fiskal nagusiak 400.000 desertzio kasu ireki ditu, hau da, Frantziako eta Erresuma Batuko armaden kopuru osoaren baliokidea. Hau kolapso soziala da. Ez dugu gobernu hau babesten, ez dugu haren alde borrokatuko eta ez gara gobernu honen alde hilen. Gizarte honek ez du sekula gerrarik irabaziko.

Julia Timoxenko Lehen Ministro ohiak kanoi-haragia garela esan zuen, europarrek errusiarren aurka jaurtitzen gaituztela denbora irabazteko eta haiek ahultzeko. Areago, Zelenskik berak, 2022ko martxoan, esan zuen bake akordioa onartu beharrean herrialde asko ari zela Ukraina gerra luzatzera animatzen, horrela aurkari estrategikoa den Errusia ahuldu lezaketelako. Eta hori Ukraina suntsitzearen kontura. Errusiarrak hiltzeko asmoz ukrainarren alde arduratuta egotearen itxura honek ondorioak izanen ditu. Gero eta jende gehiago ari da honetaz konturatzen.

NATOren aurka borrokatzen ari gara. 10.000 hildako poloniarrak ez dira mertzenarioenak, mertzenario gisa kamuflatutako soldaduen batailoi osoak baizik. Finlandiarrak ere horretan ari dira eta gutxienez 2.000 bidali dituzte. Europako beste hainbat herrialdetan ere gauza bera ikusten ari da. Macronek egunen batean azaldu beharko du ehundaka legionario frantses daudela hilda. Lehenago edo beranduago lehertuko da hori. Ipar Karolinako Fort Bragg-eko soldaduek hau diote: "Denok dakigu han lankide batzuk hiltzen ari direla. Familiei isilik egoteko ordaintzen zaie". Ageriko sekretua da.

Mendebaldeak ukrainarrek beren lurraren defentsan borrokatzen dutela eta errusiarrak inbaditzaileak direla … errusiarrontzat hau gure aberria da. Kiev Errusiako hiriburua izan zen, eta horiek guztiak Errusiako lurralde historikoak dira, duela 1.000 urte baino gehiago.

Droneen bidez elizak suntsitzen ari dira eta Errusia barruan ere eliza ortodoxoak erasotzen ari dira. Kristau ortodoxo errusiarrentzat hau gerra santua da. Eta Errusian musulman askok bat egin dute, haiek ere gerra santu gisa ikusten dutelako.

Europaren parte gara, baina ez gara mendebaldeko zibilizazioaren parte eta ez dugu izan nahi. Eta hori da gako nagusia. Hau guztia amaitzen denean berriro ere lehen bezala izanen dela pentsatzen duten Europako buruzagiak oker daude. Errusiak bere indarra sentitu du, zigorrei aurre egin die eta orain lehen ez genekien indarra dugu.

Jende gehienak, baita Errusiatik alde eginen zutela pentsatu nuen askok ere, ez du alde egin. Eta esanen dizute: "Gerra deklaratzen badute, borrokatzera joanen naiz. Ez naiz horren aurretik boluntario izanen. Baina gerra deklarazio bat badago eta borrokatzera deitzen badidate, borrokatzera joanen naiz.

Putinek esan zuenez, mendebaldeko europarrak gerra honetan sartzen badira, ez diete ukrainarrei bezala erantzunen, ukrainarrak anai-arrebak baitira. Europarrak oso modu ezberdinean tratatuko dituzte. Zer gertatuko da europarrak gerran sartzeko bezain ergelak badira? Imajinatu misil bat gas naturala gordetzeko Alemaniako instalazioetan lehertzen eta horrek eraginen lukeen eztanda. Erraldoia izanen litzateke eta dena suntsituta geratuko litzateke. Nik ez nuke NATOren kuartel batean egon nahi NATOk gerra deklaratzen duen egunean. Ez da NATOren kuartel bakarra ere geratuko hortik 30 minututara.

Gerrak maila zeharo desberdina izanen du. Errusia bere botere militarraren %40 baino gutxiago erabiltzen ari da Ukrainan. Lurreko 300.000 tropa baino gehiago dago Ukrainatik kanpo. Txandakatu egiten dira. Batailoiek borroka esperientzia lortzen dute.  Sei hilabete ematen dituzte frontean eta gero ordeztu egiten dituzte.

Ukrainarrentzat ez dago borrokatzea merezi dion ezer. Erabiliak izaten ari dira. Eta mendebaldeko eliteen artean dagoen beldur handienetakoa soldadu ukrainarrak azkenean honetaz ohar daitezen da. Bandoa aldatu eta mendeku hartuko dute zentzurik gabe hil diren kideengatik. Jende horiek ez dira desagertuko, batez ere Ukraina EBn sartu eta Europa osorako bisa gabeko sarrerak lortzen badituzte. Goi-mailako prestakuntza duten tipoak dira, gudu-zelaian eskarmentua dutenak eta ongi armatuak. Indarkeria halako maila batera eramateko prest dauden pertsonak dira, polizia Europako zati handi batean suntsituko dutenak. Europako gizartearen zatirik handiena gerra-krisi bat jasateko zorian da eta ez dago horretarako prestatuta. Jihadista islamiarrak hauen ondoan eskola-ume bezala geratuko dira. Tipo hauek mendeku bila iristen direnean Europa galduta egonen da.

Vladimir Putin nahi duena egin dezakeen diktadorea deneko falazian oinarritzen da Mendebaldea. Ez horixe. Abokatua da, eta zeharo legalista. Errusiako lurraldearen zentimetro karratu bakar bat ere galtzea debekatzen dion Konstituzioa du gainetik. Kargugabetzea dakarren delitua da. Ez du horretarako legezko baimenik eta ez du eginen.

Lehenago edo beranduago, Ukrainako gobernua kolapsatu eginen da. Gobernu hori erortzen den unean, eslovakiarrek, hungariarrek, poloniarrek, errumaniarrek, moldaviarrek eta bielorrusiarrek beren lurraldearen zati bat berreskuratu nahiko dute. Mendebaldeko Ukraina halakoa da. Inork ez du ahaztu berea dena. Leninek sortu eta gero Stalinek handitutako erakundea da. Denek eskatuko dute beren lurra.

1949an NATO osatzen ari zirenean, Stalinek NATOrekin bat egitea eskatu zuen, Europako segurtasun itun bat egiteko. 1992an, Yeltsinek NATOn sartzea eskatu zuen. 2000n, Putinek NATOn sartzea eskatu zuen. 2021ean, Putinek Europako segurtasun itun eta azpiegitura bati buruzko elkarrizketa zuzenak proposatu zituen. Eta ezezko horien guztien ondoren … orain gerran gaude. Erokeria da nola erretratatu duen Errusia Mendebaldeak, errusiarrak direlarik Europak bere burua haustea eragotzi nahi dutenak. Dena saihets zitekeen. Historiako azken 140 urteak oso desberdinak izan zitezkeen.

Europak egin dezakeen gauzarik onena Europako banaketa amaitu eta Errusiarekin bakeak egitea da. Baina, jakina, hori oso zaila da gaur egun defendatzen. Ukrainari babesa eman behar zaiolako aitzakia dela eta. Ustezko laguntza horrek suntsitu du Ukraina. Fronteko lerro bihurtu ez bagenu, Ukrainak Errusiaren eta EBren arteko zubi gisa egin zezakeen aurrera.

Politikari berberek boterean jarraitzen dutenean, beren apustuak areagotu baino ez dute egiten. Beraz, agian odol berria behar dugu, pentsamendu berria. Baina orain pentsamendu berria zigortu egiten da. Hori da Europako Batasuneko askatasun egoera berria.

joan mari beloki kortexarena

2025-12-22


Utzi iruzkina: