Desdolarizazioa indarrean

BRICS elkargoaren azken goi-bilera egin berria da Brasilgo Rio de Janeiron, uztailaren 6-7an. Komunikabide hegemonikoetan horren berririk azaldu ez bada ere, mamitsua izan da. Batetik, bazkide berriak egin dituelako eta, bestetik, desdolarizazioa indartzeko urratsak ematen jarraitu duelako. Honetaz guztiaz eta dagokion testuinguru politikoaz mintzo zaigu gaurko bideoan Ben Norton analista estatubatuarra.
Hitz hauekin mintzatu zen Donald Trump BRICSen goi-bileraz: “BRICS gure dolarra debaluatu eta mundu mailako estandar gisa kentzeko sortu zen. Horrexegatik BRICS kideek %10eko muga-zerga ordaindu beharko dute. BRICS dolarra suntsitzen saiatzen ari da, beste herrialde bat estandar bihurtzeko asmoz. Guk ez dugu estandarra galduko. Galduko bagenu, mundu gerra handi bat galtzea bezalako zerbait izanen bailitzateke. Ez ginateke gaur garena izanen”.
Baina BRICS etengabe ari da hazten eta zabaltzen. Brasilgo uztaileko goi-bileran lehen aldiz elkartu dira aurten ofizialki gehitu diren hamar kide berriak eta aurreko hamarrak. Ekainean Vietnam egin zen bazkide eta orain Malaysia elkartu da.
Txina, Errusia eta Iran beste herrialde askorekin batera daude BRICS elkargoan. AEBek herrialde horien arteko koalizio bati dioten beldurra ulertzeko, gogora dezagun Zbigniew Brzezinskik “Xake Taula Handia” liburuan idatzi zuela 1997an AEBen inperio polobakarrarentzat mehatxurik handiena Txina, Errusia eta Iranen arteko “hegemoniaren aurkako koalizioa” deitzen zuena zela. Gaur ikusten duguna, alegia. Horrek azaltzen du AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako gerra eta AEBek Errusiaren aurka Ukrainan egindako proxy gerra AEBen inperio polobakar globalaren nagusitasunari eusteko estrategiaren parte direla. Hori da BRICSek goi-bileran eztabaidatu duen gai nagusietako bat, desdolarizazioarekin batera.
AEBetako inperioak hiru arma oso boteretsu ditu. Batetik, armada handia du. Hala ere, bere botereari balio handiegia ematen zaio. Bigarren Mundu Gerraz geroztik gerra gehienak galdu ditu eta orain Ukrainako gerra galtzen ari da. Ezin izanen die inoiz Errusiari eta Txinari irabazi.
Bestetik, mundu osoan eragiten duen propaganda mediatikorako daukan aparatua oso boteretsua da. Komunikabideak ez daude jendea informatzeko, AEBen eraso-gerretarako adostasuna indartzeko baizik. Eragin hori ere gutxitzen ari da denborarekin.
Estatu Batuetako inperioak duen azken arma erreala dolarra da. Hori da AEBek duten armarik boteretsuena. Zigorrak ezartzen dizkie herrialdeei, eta kanporatu egiten ditu nazioarteko finantza erakundeetatik. Munduko herrialdeen herena eta diru-sarrera gutxiko herrialdeen %60 bere zigorren pean daude. Baina, denborarekin, arma hori ere ahulduz joan zaie; izan ere, zigorrez zenbat eta gehiago abusatu, orduan eta gehiago bultzatzen ditu herrialdeak alternatibak bilatzera. Dolarraren gehiegizko pribilegioa galtzea kolpe latza izanen litzateke inperioarentzat.
BRICS elkargoa Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren oinordekoak direla azaldu zuen Lula da Silva presidenteak; mugimendu hori 1960ko hamarkadan sortu zuten aurrez kolonizatuak izan ziren herrialdeek, Lehen Gerra Hotzean AEBetako inperialismoarekin lerrokatzeari uko eginda. Mugimendu hau, era berean, 1955eko Bandungeko Konferentziaren ondorengoa izan zen, lehenago kolonizatuak izan ziren Afrika eta Asiako herrialdeek deitua, kolonialismoaren aurkako borrokan laguntzeko moduak eztabaidatzeko bildu zirelarik. Orain BRICSek kolonien aurkako mantua jaso du eta mendebaldeko inperialismoaren hegemoniaren aurka ari da borrokan. BRICS ordena demokratiko berri bat sortzen ari da, AEBen diktadura globala ez bezala.
Egungo mundu multipolarrak burujabetzan jartzen du bere ahaleginik handiena. Herrialde hauek berdintasunean oinarritzen dute lankidetza eta beren arteko harremana. BRICS mehatxua da AEBentzat, inperio estatubatuarrak nagusitasuna eta hegemonia baino ez dituelako bilatzen, eta beto botererik ez duen erakundeekin bat egiteari uko egiten diolako. BRICSen ez da betorik. BRICSek adostasunez funtzionatzen du, eta bakea eta diplomazia babestea du ardatz.
Desdolarizazioari dagokionez, ekimen garrantzitsuenetako bat GBB-NBD da, Garapen Banku Berria. Munduko Bankuaren alternatiba bat da, non AEBek beto-ahalmena duten. Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiak zuzentzen du GBB-NBD. Lula da Silvaren alderdi berekoa da bera. Horregatik ari da Trump Brasili %50eko muga-zerga jartzeko mehatxua egiten, inperialismo eta Brasilgo barne arazoetan esku-sartze ekintza nabarmena eginez. Horregatik esan zion Lulak Trumpi: “Herrialde subiranoa gara. Txinarekin eta BRICSekin salerosketan arituko gara. Ez zaitugu behar”. Hau mundu multipolarraren indarraren adibide garbia da. BRICS ez balitz, Brasilek ezinen zukeen pauso hau eman.
Dilma tokiko monetetan maileguak sustatzen aritu da eta GBB-NBD zabaltzen. Orain hamaika kide ditu. Brasilgo goi-bileran beste bi kide gehitu ziren, Uzbekistan eta Kolonbia. Beraz, Dilmaren zuzendaritzapean, GBB-NBD dolar estatubatuarren ordez tokiko monetetan maileguak ematen aritu da.
BRICS gainbegiratzen duen beste erakunde bat KEA-CRA da, Kontingentzien Erreserba Akordioa, NDFren (Nazioarteko Diru Funtsa) alternatiba gisa sortu zena, ordainketa-arazoak dituzten herrialdeei epe laburreko likidezia emateko.
Inbertsio-plataforma berri bat ere sortzen ari da, PIN delakoa, batez ere superabit komertzial handiak dituztenei, hala nola Txinari, inbertsio-aukerak emateko. Historikoki AEBen altxorraren balore asko erosi izan ditu, baina orain alternatibak bilatzen ari da.
BRICSek gainbegiratutako beste erakunde bat Bankuen arteko Lankidetza Mekanismoa da, herrialde ezberdinetako bankuak konektatzeko, AEBek kontrolatzen duten Swift banku arteko mezularitza sistematik pasa beharrik izan ez dezaten.
Desdolarizazioa dagoeneko gertatzen ari da. BRICS herrialdeek hitzarmenak sinatu dituzte euren artean bertako monetetan salerosketak egiteko. Erreserba globaleko moneta berria epe ertain edo luzerako prozesua izanen da. Epe laburrean, BRICS herrialdeen arteko merkataritza, inbertsioa eta kapital fluxuak desdolarizatzen ari da.
Artikuluaren iturria: www.youtube.com/watch_channel=DannyHaiphongEsp
BRICSen azken gailurraren adierazpena: noticiaspia.com/declaracion-final-de-la-cumbre-del-brics-en-brasil
joan mari beloki kortexarena
2025-07-25
Iruzkinak
Utzi iruzkina: