Datorrena

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-06-13 02:05

belokijmari@gmail.com 1749773484884

Scott Ritter eta Glenn Diesen analista politiko ezagunek aste honetan egin duten elkarrizketa entzun dezakegu gaurko bideoan. G.Diesenek nola ikusten duen Ukrainako Gudaren bilakaera galdetu dio S.Ritterri eta honen erantzunak jaso ditut gehienbat, militar hau oso jantzia dagoelako arma estrategikoez eta guden irakurketaz.

Ukrainako armadaren kolapsoa

Ukrainako armadaren erabateko kolapsoa iragartzen aritu naiz 2022ko udazkenean gerra areagotu zenetik, hau da, Errusia eraso azkarreko lehen fasetik higadura fasera igaro zenetik. OMB ez zen erabateko garaipen militarra lortzeko diseinatutako ekintza izan. Ekintza mugatua izan zen beti, Ukraina negoziazio mahaian esertzera behartzeko.

Higadura-gerrak inoiz puntu goren bat lortuko du: une batean Ukrainako baliabideak ezin berrituko dira, eta orduan Ukrainako armada pitzatu eta dena amaituko da. Argi zegoen Errusiako makineria militarra Ukrainako makineria gainditzeko gai izanen zela, baita NATOk babestuta ere, Errusiak baliabide gehiago dituelako. Errusiak ahalik eta baja gutxien izateko taktika ezarri du. Ukrainak, berriz, errusiarren higadura-taktikaren bidez baja izugarriak ditu.

Duela gutxi Ukrainako militar bat honela mintzatu zen: "Errusiarrek deszifratu egin dute gure droneen erabileraren kodea. Horiek erabiltzen hasten garen unean, errusiarrek gure operadoreak hiltzen dituzte. Dagoeneko ez dugu droneen babesik. Errusiarrak euren drone propioekin sartzen dira eta ukrainarrak atzera bultzatzen gaituzte, kostu handiz. Errusiak abantaila du alde guztietan eta nagusia da guda-zelai osoan”.

Ukrainak Kursken egindako erasoa inoiz egin den mugimendurik zentzugabeenetakoa izan da. Gaur egun Donbassko frontean eragin handia izanen zuten ongi hornitu eta entrenatutako 70.000-80.000 erreserba xahutu zituen Ukrainak han. Orain, erreserbarik ez edukitzeaz gain, Errusiak Sumi eta Dnipropetrovsk aldera borroka eremua zabaltzen duen heinean, ez du horri aurre egiteko troparik. Ukrainako defentsaren kolapsoa ikusten ari gara.

Aurreratu nuen kolapso militar, ekonomiko eta soziala gertatuko zela, eta kolapso politiko bat eraginen zuela. Une honetan ikusten ari gara, kolapso militarraz gain, ekonomiak ez duela funtzionatzen -zorrak ez dira ordaintzen ari-, ezin dizkiete familiei Errusiak emanen dizkien 6.000 hilotzengatik konpentsazioak ordaindu -eta beste 40.000 ditu izozkailuetan-, dagoeneko ez da muniziorik geratzen, ez da defentsa antiaereorik geratzen... Errusia nagusitzen ari da, eta borrokari eusteko gogoa amiltzen ari da. Ukrainan Zelenski agintetik kentzeaz hitz egiten da, arazo bihurtu baita guztiontzat.

Desnazifikazioa eta desmilitarizazioa, Errusiaren helburu nagusietako bi direnak, ez dira negoziazio mahaian lortuko, naziak ez baitaude negoziatzeko prest. Gatazka bere kabuz kontsumituko da eta horrek Ukraina erabat suntsitzea ekarriko du.

Errusiako triada nuklearraren aurkako erasoak

Gauzak txarretik txarrera pasatzen diren bakoitzean eskalatzeko joera dugu. Duela gutxi harritu ninduen Errusiaren disuasio nuklearraren aurkako erasoak. Hori nire ulermenetik harago doa, nola egin ahal izan zuten hain gauza zuhurtziagabea? Horrek ondorio izugarriak ekar zitzakeen.

NATO garaitzeak NATO politikoki suntsitu behar duzula esan nahi du. NATOk ezin duela aliantza militar kohesionatu gisa existitzen jarraitu eta hautsi eginen dela. Horixe ari da gertatzen oraintxe bertan, Errusiaren aurkako apustua areagotzea erabaki baitu, hazkunde ekonomikoa lortzeko asmoz. Iazko udan gatazkari aterabidea eskaini zion Vladimir Putinek. Orain leiho hori itxi egin da. Errusiarrek erakunde terroristatzat onartu dute Zelenskiren gobernua; beraz, ezin da koexistentzia baketsurik egon eta suntsitua izanen da.

Errusiak Ukrainako aire defentsak deuseztatu ditu, gaur egun Ukraina ia defentsarik gabe uzteraino. NATOri aireko defentsak kendu dizkiote. Europa defentsarik gabe dago Errusiaren aurrean. EBk Errusia estrategikoki garaitzeko konpromisoa hartu du, baina lortu duen gauza bakarra bere kolapsora kondenatzea izan da. Europa erabateko hondamendira doa, esan bezala eskalatzen jarraitzen badu, ez baitu eskalada horri eusteko baliabiderik. Errusiak, ordea, baditu hura suntsitzeko baliabideak. Albiste ona da Errusiak ez diola eraso egin nahi ez Alemaniari, ez Poloniari eta beste inori. Errusiak Ukrainako arazoari konponbidea eman nahi dio, eta hori lortzeko modu bakarra Ukrainak baldintzarik gabe amore ematea dela uste du.

AEBek Errusiaren porrota bilatzen dute, Putinen gobernuaren kolapsoa bezala definitzen dena. Horretarako behar diren baldintza ekonomikoak, politikoak eta abar sortzea bilatzen da. Putinen gobernuaren kolapsoa eraginen dutenak. Hori dela eta, Errusiak 2012an Mendebaldeak finantzatutako GKE guztiak kanporatu zituen, CIAren inplikazioa estaltzeko erabiltzen zirelako. Hori da Donald Trumpek jaso zuen eta oraindik aldatu ez duen politika. CIAk Britainia Handiko MI6 inteligentzia-zerbitzu sekretuarekin dihardu elkarlanean. Errusiako triada nuklearraren aurkako erasoa beraiek burutu zutela uste dut. Ziur nago Trumpek ez zuela agindu, eta gainera ez zuela horren berri.

Presidenteak elkarrizketarekin eta diplomaziarekin konprometitutako lantaldea eraiki du bere inguruan. Hemen gertatzen ari dena da badagoela politika bat bere kontroletik kanpo dagoena, Errusian erregimena aldatzeko politika, britainiarrek zuzendua eta estatubatuarrek erraztua. Errusiako triada nuklearraren aurkako eraso hauek doktrina nuklearrean ezarritako jarraibideak betetzen dituzte. Hau da, oraintxe bertan denok hilda egongo ginateke Errusiak bere doktrina nuklearra jarraitu izan balu. Denok hilda egon beharko genuke. Eskerrak Jainkoari Errusian lidergo arduratsua dugulako.

Istanbul 2.0

Errusiarrak ez dira akordio honetatik erretiratuko. Estatu Batuen ikuspegitik, europarrak eta ukrainarrak ari dira bake negoziazioak saboteatzen. Gatazka hau ez da negoziazio mahaian konponduko. Ukrainaren, Europaren eta NATOko aliatuen jokabidea dela eta, Errusiak ez du konfiantzarik alde horiek bakerako izanen duten jarrera arduratsuaz.

Uste dut errusiarren su artifizialen ikuskizunaren lehen fasean gaudela oraindik. Erdira ere ez gara iritsi. Baina amaiera bat iritsiko da eta izugarria izanen da. Mendebaldean imajinatu ere ezin duguna. Errusiarrak arma berriak izanen dituen amaiera prestatzen ari dira.

Errusiak seinale bat bidali behar du. Mendebaldeari burutik kendu behar zaio Ukrainak horrelako zerbait berriro egiten uztea. Eta hori lortzeko bide bakarra eskalatzea da, mahai gainean zerbait berria jartzea. Uste dut amaiera handi horrek kontinente osoa arriskuan dagoela dioen seinalea bidaliko duela Mendebaldera. Eta honek gogor erantzuten badu, 1985ean geunden abiapuntura itzuliko gara, mundua amai lezakeen gatazka nuklear baten atarira. Oreshnikek ematen dio Errusiari gaitasun estrategiko hori. Errusiak prest 560 Oreshnik dituela kalkulatzen dut. Eskaladaren aldeko apustua egiten jarraituz gero, Europa modu konbentzionalean hilen da, ez arma nuklearrekin. Errusiak suntsitu eginen du, ez baitu airetik babesteko defentsarik. Hori da Errusiak bidaliko duen mezua, hala egin behar duelako.

https://www.youtube.com/watch?v=PnBsjXAX5ms&ab_channel=GlennDiesenEspa%C3%B1ol

joan mari beloki kortexarena

2025-06-13


Utzi iruzkina: