Datorren gerrarako prest

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-02-20 15:15

belokijmari@gmail.com 1771597008897

AEBak Irani eraso bortitza gauzatzeko azken prestaketak amaitzen ari diren une hauetan, Scott Ritter militar estatubatuarraren iritzia ekarri nahi izan dugu, nahiz partziala iruditzen zaigun. Erasoaren aurretik beta badugu, irandarren ikuspuntua ere ekarriko dugu. Ondorioak irakurleak aterako ditu.

AEBek Iranen erasoa jasan dezakete inguru horretan. AEBak botere militar ikaragarria hedatzen ari dira orain eskualdean, Iranen eraso baten aurrean zaurgarriak diren baseak babesteko. Egin genuen lehenengo gauza misilen aurkako defentsa sistemak zabaltzea izan zen eta orain erasorako gaitasuna zabaltzen ari gara. Eta argi berdea dugunean, presidenteak erasorako agindua emanen du, ez baitugu inolako interesik Iranekin irtenbide diplomatikoa lortzeko. Ez dut ulertzen Irango gobernua oraindik zergatik ez den honetaz ohartu. Gure helburua beti izan da erregimen aldaketa. Iran engainatua izan da negoziazioetan aurrera egin daitekeelako ideiarekin.

Misil balistikoen operadore irandar guztiak kolpatzera goaz. Irango zeruak estaliko ditugu eguneko 24 orduetan astebetez, egunez eta gauez, etenik gabeko aire-kanpaina batean. Misil bat bere ezkutalekutik ateratzen bada, eraso eginen diogu. Hori da plana. Eta hori egiten dugun bitartean, Iran suntsitu eginen dugu.

Abenduan eta urtarrilean, CIAk eta beste batzuek 100.000 Starlink terminal baino gehiago sartu zituzten Iranen. Komunikazio-sare alternatibo bat sortzeko erabiltzen dira eta sare horren bidez zelulak antolatzeko. Istilu zibil bortitz gehiago sortzeko potentzial izugarria dugu. Beraz, estatubatuarrak Iran bonbardatzea, protesta masibo bortitzak eragitea, erregimena kolpatzea eta erregimen aldaketa bat burutzea planeatzen ari dira, buruzagi gorena hiltzea barne.

Gerra masiboa

Zer egin genuen ekainean? Irandarrak lokartu genituen negoziaketekin, eta gero bonbardatu. Oraintxe bertan Iran negoziaketetan sartuta daukagu. Baina ez dago asmo onik. Diplomazia ere lokartzeko planaren parte da, guardia jaitsi dezaten. Eta gero, oso laster, gogor joko dugu Iran. AEBak gerra masibo baterako prestatzen ari dira.

Iranen batasuna egiazkoa da. Irango herriak duen sisteman sinesten du. Eroso sentitzen dira, demokrazia ordezkatzailea delako. Baina irandarren ehuneko hainbatek sistema aldatu nahi du, eta esaten ari zaie hau dela erabakitzeko unea, hau dela aldaketa lortzeko bizitzan izanen duten aukera bakarra. Beraz, Irango hiriak sutan jarriko dituzte. Irango herriak bat eginen du horien aurka eta odola isuriko da kaleetan. Izugarria izanen da, suntsitzailea. Ez dut uste erregimenaren aurkako jendeak arrakastarik izanen duenik, Ali Khamenei hiltzen badute ere, eta hilen dugula uste dut. Adituen asanbladak hurrengo liderra aukeratua du dagoeneko. Hil ezkero lider berri bat jarriko dute, buruzagi gorena funtsezko kargu erlijiosoa baita Errepublika Islamikoarentzat. Gauza bera aplikatzen zaio lehendakaritzari eta Konstituzioaren arabera zainduko dute kargua. Errealitateari ez ikusiarena egiten diogu, eta ezjakintasun horrek aukera ematen digu sinesteko Iran buru erlijioso eta politikorik gabe utz dezakegula. Ez dugu errespetatzen Errepublika Islamikoaren erresilientzia, ezta Irango herriarena ere. Ez dut zalantzarik Errepublika Islamikoa kolapsatzeko gure helburuan porrot eginen dugula.

Iranek garaipena lortzeko behar dituen etengabeko erasoak burutzeko zailtasunak izan ditzake. Baina Irango erregimenak bizirik iraunen du. Iran eta eskualdea suntsituta geratuko dira. AEBak lotsatuta geratuko dira. Eta gatazka honen amaieran mundu guztiak esanen du, "Hau saihestu beharreko gerra izan zen”. Ondorio ekonomiko globalak ere izanen dira, munduko ekonomia kolokan dagoen unean, segurtasun energetikoaren funtsezko zutabeetako bat eraitsiko baita. Iranen aurkako eraso batek munduko ordena osoa aztoratuko du.

Europa hutsaren hurrengoa izanen da berriz ere. Non da Europaren ahotsa gerra hau gelditu nahian? Horren ordez, erasorako babesa xuxurlatzen du.

Normalean eraso honen aurka dauden pertsonak "Ados, uste dut ekiteko unea iritsi dela" esaten aritzeak esan nahi du konfiantza handia dagoela profesional militarren artean. Orduan, arrakasta izan dezakegula uste dut.

Iranek zalantzan jardunen du, baita erasoa jasan ostean ere. Iranen erantzuna neurtua izanen da. Iran beti zalantzan. Iran ez da erabakigarria izan iraganean, ezta Israelen aurkako ekaineko erantzunean ere. Ez zen erantzun erabakigarria izan. Gero, denak hiltzen baditugu, horixe egiten saiatuko baikara, baita ondoen prestatutako pertsonak ere, denbora beharko dute hurrengo maila martxan jartzeko. Horrek are zalantza handiagoa sortuko du. Horrela irabaziko dugu. Hori da logika.

Estatubatuarra naiz eta ez dut estatubatuarrak hiltzerik nahi. Baina irandarra banintz, AEBei esanen nieke negoziaketa hauek martxan diren bitartean, ezin dutela eskualdean indar militarrik hedatu. Eta indar horiek kentzen ez badituzte, eraso prebentiboa eginen dugula. Baina Iran oraintxe bertan eserita dago, diplomaziara jolasten eta AEBei kolpe erabakigarria prestatzen uzten.

Gerra nuklearra

Dagoeneko ez dago armen kontrolik eta inolako murrizketarik AEBen ahalmen nuklearraren inguruan. Herrialdeak arma nuklearren probak berriro martxan jar ditzakeela esan berri du. Ojiba nuklearrak 4.000ra igotzeko prestatzen ari gara, agian 6.000ra. Arma nuklearren kopurua are gehiago handitu dezakegu, ez bakarrik estrategikoak, taktikoak ere, Errusiak gaur egun arma nuklear taktikoetan duen nagusitasunarekin parekatuta senti gaitezen. Ez diogu Errusiari ezertan nagusitasunik eman nahi. Beraz, hori egiten dugun bitartean, ulertu behar da kontua ez dela disuasioa bakarrik, borroka nuklearrerako gaitasuna baizik. Orduan, galdera bat egin behar da: utziko al diogu Irani guri irabazten? Erantzuna ezezkoa da, noski.

Gerra nuklear bihurtu al daiteke? Bai, %100ean.

Ezin dugu onartu inork hegazkin-ontzi estatubatuar bat hondoratzen. Iranek bat hondoratzen badu, ondorioak nuklearrak izanen dira. Berdin Iranek gure ohiko gaitasunak agortzen badizkigu. Ez dut uste amore eman eta alde eginen dugunik.

Zoroek gobernatzen gaituzte, armak kontrolatzeko ondarearekiko inolako behar moralik ez duten pertsona zentzugabeek. Ez dute armen kontrolean sinesten. Gerra nuklear bat irabaz daitekeela eta irabazi egin behar dela uste dute. Ez dute uste inoiz arma nuklearrik erabili behar ez dugunik. Erabili egin behar ditugula uste dute, hori AEBetako boterearen adierazpena baita. AEBen historiako garai kaltegarrienetako batean gaude, literalki. AEBen esperimentu demokratikoaren proba guztietan huts egin dugu eta horrela boterean dagoen gobernua gaur egun inolako kontrolik gabe botere gorena erabiltzen ari da. Zoro bat, diktadore bat, botoi nuklearraren gainean atzamarra duen nortasunaren kultua duzunean, arma nuklearrekin lotutako murrizketa guztiak ezabatu dituen unean, ez harritu gatazka existentzial baten emaitza gerra nuklearra bada.

Errusia borroka existentzial batean murgilduta dago une honetan. Errusia leporaino dago Mendebaldearen eta Ukrainaren aurka bizirik irauteko borrokan. Ezin dute galtzen utzi. Beraz, haien arreta eta ahaleginak gerra horretan zentratuta daude. Iranen alde eginen dute, baina benetako aktorea Txina izanen da. Iran energia-hornitzaile garrantzitsua baita Txinarentzat, eta etorkizunean are garrantzitsuagoa izatea da helburua.

Eskualdean Israelek agindu behar du

Errepublika Islamikoa deuseztatu nahi dugu Israelen eta AEBen aurka egin duen nazio bakarra delako. Erresistentzia ardatza deuseztatzen baduzu, Golkoko herrialde arabiar guztiak morroi eta esaneko bihurtuko dira Israel eta AEB boteretsuagoen aurrean. Beraz, ikuspena da Israelek kalte batzuk jasanen dituela, baina bere etsai nagusia kanporatua izanen denez sariek erruz gaindituko dute jasandako kaltea. Israel goratua izanen da, eskualdeko jaun ekonomikoa bezala. Nazio arabiar guztiak Israel eta AEBen menpe egonen dira. Hori da beren ikuspegia. Ikuspegi ergela dela uste dut. Ez nator bat berarekin. Ez dut uste arrakastarik izanen duenik. Benjamin Netanyahuk historiara Iran eraitsi duen gizona bezala pasa nahi du, Israel suntsitu duen gizona bezala gera daitekeela konturatu gabe.

https://www.youtube.com/watch?v=7rrbtVyP5-8


Utzi iruzkina: