"Corralitoa" Europako Batasunan?

"Corralitoa" Europako Batasunan? EUSKAL HERRITIK | 2026-09-02 15:28

"Corralitoa" Europako Batasunan?

Berria jaso ez duenari erokeria irudituko zaio aukera hori aipatzea bakarra. Baina Ursula von der Leyen egungo EBko Batzordeko Presidenteak urrats hori emateko aukera baloratzen edo hausnartzen ari dela pentsatzeko bidea eman du berriki, abuztuaren 27an zehazki, Parisen, Frantziako patronalaren udako topaketetan. Hitzez hitz, Europak aurrezki horiek enpresen zerbitzura jarri behar dituesan zuen, aurretik EBko herritarrok banketxeetan aurrezkitan 10 bilioi euro ditugula aipatu eta gero. Bi bideotan aurkitu dut albistea eta bietan egindako aipuen laburpenak ekarri ditut hona.

ISPILUA (“El espejo”)

Oraindik inork uste al du Mendebalde kolektiboak bideragarria dela gizarte zibilizatu gisa? Ezta pentsatu ere, mononeuronal gizagaixo basati batzuk ari zaizkigu gobernatzen, historian inoiz ikusi ez den odol-orgia bati mundura jaurtitzen ari direnak. Dagoeneko ez dago hitzik Mendebaldeko gizarteak definitzeko, kolonizatzaileak izatez eta ideologia kapitalistaz. Dagoeneko erabat desinhibitu gara eta buruzagi gisa aukeratzen ditugunak aske uzten ari gara nahi dutena egiteko.

Mendebaldeko elite batzuk, batere lotsagabeak eta eskrupulurik gabeak, disimulatzen ere ez dira saiatzen. Kolonizazioa txiki geratu zaie, eta orain zuzenean doaz armak hartuta lapurretara, Venezuelan egin duten bezala. Gailurrera iritsi dira, nazio osoen lapurreta gauzatuz.

Testuinguru horretan, Ursula von der Leyenek, Trump baino gutxiago ez izateko eta kutxa egiteko modu bakarra delako, eta, gainera, hori egiteko armadarik ez dutelako, behin egiaztatuta Errusiako Federazioaren aberastasunekin ezin direla geratu, zunda globo bat jaurti zigun atzo, “corralito” baterako presta gaitezen. Entzuten duzuen bezala esanda. Errusiari egin dioten “corralitoan” lapurtutako 300.000 milioi dolarrak, guri egin diezaguketenarekin konparatuta haur jolasa izanen da, sistema kapitalista osoa noraezean baitabil.

Eta EBn, zer egosten da Errusia bereganatu nahian jarraitzeko? Izan ere, Von der Leyenek zunda globo itxurako plan biribil bat aurkeztu baitzigun atzo, daukana lapurtzeko indarra norekin erabili zehaztuz, burutazio adimentsu eta zorrotzak egin ondoren. Banketxeetan Europako herritarrek dituzten aurrezkiak EBko ekonomiaren beharretara bideratzea proposatu zuen. Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuenez, familien aurrezkietan 10 bilioi euro inguru daude gaur egun bankuetako gordailuetan, eta ez diote behar adina laguntzen Europaren ekonomiari. Europak aurrezkiak badituela, bai, baina, zoritxarrez, aurrezki horiek alferrak direla, esan zuen Von der Leyenek.

Erresuma honetako nazi nagusiaren arabera, Europako kapitalaren zati handi bat EBtik kanpo inbertitzen da, eta funts horiek Europako enpresak finantzatzeko erabili beharko lirateke. Europako Batzordearen proposamenek 470 mila milioi euroko inbertsio gehigarria erakar dezaketela dio.

Nik honi zunda globo baten itxura hartu diot, EBko gobernuetako ministroak, otso-talde gisa, komunikabide guztietan zurrunbiloan atera diren arren, hau ez dela “corralitoa” ziurtatzera. Nola sinetsi animalia andana honi?

https://youtu.be/KwlTtvFgTtk

EGUNGO GEOPOLITIKA (“Geopolítica actual”)

Gaurko albiste nagusia, zalantzarik gabe, Ursula Von der Leyenena da, europarren banku-gordailuak hartu behar direla jakinarazi diguna. Mokadu mamitsua inbertsiorako. Europako Batasunean gertatzen ari den birmoldaketa ekonomikoa kontuan hartuta, argi dago inbertsio hori defentsan edo segurtasun nazionalean eginen dela, hau da, Errusiari aurre egiteko.

Kontua da Europaren ekonomia gerrara birmoldatu zutela. Eta orain Von der Leyenek esaten digu herritarren aurrezkiak eskuratu behar dituztela, inbertsioak egin behar direlako. Inbertsioak, zein ekonomia motatan? Aurretik erabilera militarretarako birmoldatutako ekonomian, noski. Ez da beste aukerarik, Europako ekonomia pikutara joan baitzen, egun batean istripu misteriotsu bat gertatu baitzen Nord Stream 2an.

Ukrainako estatua ez da kolapsatuko, Europako Batasunak finantzatuko duelako, esaten digute. Baina EBri ez al zaio dirua amaituko? Ez, herritarrei hartuko baitie. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Europako Batasuneko herritarren banku gordailuak enpresen zerbitzura jartzearen alde agertu da. Europak aurrezki asko ditu. Baina, esaten digu, zoritxarrez aurrezki horiek alferrak direla. Herritarren 10 bilioi euro daude mugitu gabe banku-gordailuetan, eta Europako aurrezkien zati handi bat gure kontinentetik kanpo inbertitzen da. Europak bere enpresen zerbitzura jarri behar ditu orain. Zein enpresa izanen dira horiek, Europako ekonomia jota badago? Ez denak, ordea, armagintzan ari direnak ez baitaude jota.

https://www.youtube.com/watch?v=jJm5HGANtzA

joan mari beloki kortexarena

2026-09-02


Utzi iruzkina: