Ceuta, Israelen aurkako politikaren ordaina
Seyed Mohamed Marandi Teherango Unibertsitateko irakasle irandarrak oso ongi ezagutzen ditu Asiako mendebaldearen eta Afrikako iparraldearen egoera politikoak. Gaur Ceutan gertatzen ari diren gertakizunen nondik norakoen inguruko bere iritzia azaltzen digu.
Glenn Diesen: 50.000-60.000 marokoar ikusi dugu masiboki muga zeharkatzen, Afrikako iparraldeko Ceutako lurraldean sartzeko. Ikusten ditugun irudien arabera, kamioietan iritsi ziren, eta badirudi guztia oso modu koordinatuan egin zela. Gainera, Europako Batasuneko hainbat diplomatiko entzun dugu esaten hori Marokoko gobernuak antolatutako ekintza izan zela, eta lurralde horren gaineko Espainiaren subiranotasuna zalantzan jartzeko modu bat izan dela. Beraz, garrantzi politiko izugarria du.
Seyed Marandi: uneak berak garrantzi handia du. Trumpek eta Netanyahuk Espainia mehatxatu zuten, eta haren politikengatik prezioa ordaindu beharko zuela esan zuten. Ikusi ditugun irudiek argi erakusten dute gertatutakoa sistematikoa eta oso antolatua izan zela. Ez dirudi berez edo modu naturalean gertatutako zerbait denik. Eta, nire ustez, zerikusi handia du Espainiak Europako gainerako herrialdeek eta Mendebalde kolektiboko beste estatuek baino politika zertxobait desberdinak jarraitu izanarekin. Jakina, batzuek esanen dute Espainiako gobernuak ez duela inondik ere nahikoa egin. Baina, nolanahi ere, Espainiak egin duenak Israelen aldeko Mendebaldeko politikari garrantzitsuenen artean haserrea eragin du. Eta gero eta gehiago zabaldu da gertatutakoa Espainiako gobernuaren politiken aurkako zigor modukoa izan dela.
Glenn Diesen: urte honen hasieran, esaterako, AEBetako Kongresuan eragin handia duen Mario Diaz-Balart politikaria ikusi genuen, Kongresuan bertan hainbat kargu duena eta atzerriko laguntzaren finantzaketa gainbegiratzeko ardura duena. Oso argi esan zuen Ceuta ez litzatekeela Espainiako lurraldetzat hartu behar, Marokoko lurraldetzat baizik. Eta hori ez zuen planteatu printzipiozko jarrera baten moduan, ezta historiari edo moralari buruzko bere ikuspegi pertsonal gisa ere. Aitzitik, oso adierazpen gogorrak egin zituen, esanez Maroko aliatu leiala dela frogatzen ari dela, Espainia ez bezala. Beraz, Espainiarekiko dagoen ezinikusia kontuan hartuta, badirudi Maroko bere leialtasunagatik saritu nahi izan zuela.
Seyed Marandi: Marokoko erregea Israelgo erregimenaren oso aliatu hurbila da. Azken hiru urteotan, munduko iritzi publikoa gero eta gehiago Netanyahuren, sionismoaren eta Israelgo erregimenaren aurka jarri den bitartean, Marokoko erregeak harreman estua mantendu du Israelgo erregimenarekin.
Nire ustez, gero eta zabalduago dagoen iritzia da Espainiako gobernua zigortzen ari direla bere politikengatik. Espainiaren jarrera, izan ere, askoz ere gertuago dago munduko eta Europako iritzi publikotik, batez ere Israelgo erregimena kritikatzerakoan. Helburua, beraz, Espainiari edo egungo Espainiako gobernuari kalte egitea dela dirudi.
Baina, nire ustez, AEBen eta Israelgo erregimenaren politika horren arazoetako bat da Israelgo erregimena are gehiago agerian uzten duela, benetan den bezala.
Tucker Carlson-ek badu barneko informaziorako sarbide handia. Ez da ohiko kazetaria. Barrutik datorren informazioa dauka, eta guk ez dugun sarbidea du. Eta berak esan izan du israeldarrek Europa suntsitu nahi dutela eta ez dutela europarrekiko inolako maitasunik. Beraz, Espainiako gobernuari bere politikengatik egiten ari zaizkion presioak, Netanyahuren semearen, Israelgo hainbat funtzionarioren eta Trumpen adierazpenak, eta gertakari horiek une zehatz honetan gertatu izanak, nire ustez, zerbait argi erakusten dute: Israelgo erregimenak ez du inolako errespeturik Europako gobernuekiko, ezta Europako subiranotasunarekiko ere. Eta haren aldekoek ere ez dute errespetu hori. Beren interesak aurrera ateratzeko beharrezkoa ikusten duten guztia egiteko prest daude.
Espainiak Israelen politikak babestu behar ditu
AEBek Espainiarekiko duten politika hobeto ulertzeko, kontuan hartu behar da Espainiak AEBen obedientziaz jokatu behar duela eta, batez ere, Israelgo erregimena eta haren politikak babestu behar dituela.
AEB eta Israel oso urrun iristeko prest daude. Eta hori inork baino hobeto dakite Libanok, Yemenek, Iranek eta Siriak.
Badago, gainera, beste ideia garrantzitsu bat: hegemonia duen potentzia bat gainbehera erortzen hasten denean, haren helburu nagusia hegemonia hori mantentzea bihurtzen da. Horretarako, aliatuei gero eta gehiago exijitzen hasten zaie eta aliatu horiek tresna gisa erabiltzen ditu gorantz datozen estatu lehiakideen aurka.
Une horretan, iraganeko arauak bigarren mailan geratzen dira. Eta hori da, nire ustez, orain ikusten ari garena. Gainbehera doan hegemonia gero eta basatiago bihurtzen ari da. Ez ditu soilik aliatu leialak saritzen; desleialak direla uste duen herrialdeak ere zigortzen ditu. Eta, jakina, Espainia zerrendaren goialdean dago.
AEB Europako aliatuekin egiten ari direna ez da haien mesederako. AEB gainbehera joan arren, erakusten ari diren eskrupulu faltak harremanak kaltetu baino ez die eginen.
Gainera, politika horretan Israelgo erregimenaren eragina oso handia da. AEB Europako zati batekin duen harremana sakrifikatzen ari dira, Israelgo erregimenak hori nahi duelako.
Beste modu batera esanda, Espainiak Trumpen ustez politika okerrak jarraitu dituelako. Politika horiek lotuta daude, batetik, AEBek Iranen aurka daramaten gerrarekin eta, bestetik, Israelgo erregimenak Asia Mendebaldean duen jokabidearekin. Horregatik, AEB prest daude Israelgo erregimenaren alde beren interesak sakrifikatzeko.
Beraz, nire ustez, guztiz argi dago Israelgo erregimena zama bat dela AEBentzat. AEBetako kanpo-politikan eragin suntsitzailea du, oso suntsitzailea.
Mendebaldeko Europako herrialdeek Iranen aurka, Errusiaren aurka eta Txinaren aurka jarraitu dituzten politikek Europa ahultzea eragin dute azken urteotan. Eta Europaren gainbehera AEBena baino are azkarragoa da.
Golkoko monarkiak eta Hego Korea
Begira gure eskualdeari. AEBek urte hauetan guztietan presionatu eta ustiatu dituzten herrialde horiek guztiak sakrifikatu egin dituzte. Zergatik? Haien obedientziagatik. Beste modu batera esanda, AEBekiko obedientziak ez ditu indartu; aitzitik, ahuldu eta suntsitu egin ditu, gerra honetan ikusten ari garen bezala.
Duela aste batzuk Oman Iranekin negoziatzen hasi zen, itsasartea elkarrekin kudeatzeko moduren bat aurkitzeko eta gatazka saihesteko. Trumpen erantzuna honakoa izan zen: “Irandarrekin akordio batera iristen bazarete, suntsitu eginen zaituztegu”.
Hego Korearen kasua ere oso esanguratsua da. Lehenik, THAAD misil-sistemak erostera behartu zituzten. Oso politika eztabaidagarria izan zen. Eta, behin sistemak instalatuta, AEBek kendu eta israeldarrei eman zizkieten. Korearrek prezio politikoa eta ekonomikoa ordaindu zuten, AEBen politikak bete zituzten eta, hala ere, kaltetuak atera ziren.
AEBen aliatua izatea ez da zertan mesedegarria izan. Aitzitik, askotan kalte egin diezazuke.
https://www.youtube.com/watch?v=9Sb79hm02fY
joan mari beloki kortexarena
2026-08-31

Iruzkinak
Utzi iruzkina: