Burutsu ala burugabe?

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-11-04 23:21

belokijmari@gmail.com 1762296306393

“40 akademikori arrazoi bakar batekin irabaz diezaiokezu, baina ergel bati ezta 40 arrazoirekin ere”.

Arrazoia erabiltzen duen pertsonak desinformazioaren aurrean autodefentsarako arma baliotsua du eta ez da erraz erabilia izanen. Arrazoitzen ez duenak, berriz, desinformazioari aurre egiteko ez du armarik eta erraz erabilia izanen da. 

Zer da kritikoki pentsatzea? Pentsaera kritikoa begien bistakoa dirudiena zalantzan jartzea, onartu aurretik ikertzea, uste bat ontzat eman aurretik frogak eskatzen dituen ohitura da. Areago, norbere ondorioak zalantzan jartzea egiatzat hartu aurretik.

Noiz sortu zen pentsamendu kritikoa? Erantzuna aurkitzeko duela 2.500 urteko Greziara joan behar da, Sokratesen garaira. Sokratesen pentsamoldea ez zen erantzun argiak ematea, pertsonen ziurtasunetan ezkutaturiko kontraesanak azaleratzen zituzten galdera deserosoak egitea baizik. Horrekin erakusten zuen sendoa zirudien asko hauskorra eta gaizki funtsatua zela berez. Sokratesek betirako ikasgaia utzi zigun: “Gauza bakarra dakit, ez dakidala deus”. Apaltasun intelektual hori, norberaren ezjakintasuna onartzeko ausardia hori, pentsamendu kritikoaren oinarria bihurtu zen.

Sokratesek oso garesti ordaindu zuen bere ausardia. K.a. 399an gazteria usteltzea eta hiriko jainkoak ez errespetatzea leporatu zioten. Benetako krimena, ordea, beste bat zen. Dena zalantzan jartzen eta gogoeta independentea estimulatzen tematu izanak, Atenasko konforta eta sinesmenen egonkortasuna mehatxatzen zituela. Horren emaitza heriotza-zigorra izan zen. Sokratesek bizitzarekin ordaindu zuen askatasunez pentsatzea aukeratu izana.

Bere ikasle Platonek, eta geroago Aristotelesek, arrazoitzearen metodoa zabaltzen jarraitu zuten. Mende batzuk geroago, Immanuel Kant bezalako filosofoek ezjakintasunetik ateratzeko deia egin zioten gizarteari “Ausar zaitez zeure kabuz pentsatzera” leloarekin. Voltairek eta beste batzuek jarrera hori indartu zuten, dogmei aurre eginez eta arrazoia aurrerapenaren eragile gisa sustatuz. Horrela, pentsamendu kritikoa zientziaren, demokraziaren eta berrikuntzaren funtsezko oinarri bihurtu zen.

Luzaroan, pertsona adimentsuen ezaugarri nagusitzat hartu izan da trebetasun hori. Argudioak aztertzeko, ebidentziak alderatzeko, ilusioak zalantzan jartzeko eta narratiba faltsuetatik askatzeko gaitasuna. Zergatiak galdetzeko, itxuren gainazala zeharkatu eta munduaren itzalen artean argitasuna bilatzeko askatasuna bezala iraun du pentsamendu kritikoaren ondareak.

Pentsaera kritikoa gaur egun

Gaur kontrakoa ikusten ari gara. Ahalmen horren gainbehera bizi dugu. Aro honetan, edozein erantzun Googletik klik bakar batera dago. Daniel Kahneman psikologoak bi pentsamolde deskribatu zituen. Lehenengoa azkarra, automatikoa, intuitiboa da, bat sistema deritzona. Bigarrena motela da, zorrotza, analitikoa. Bigarren sisteman dago benetako pentsamendu kritikoa, zalantzan jarri eta aztertzen duena. Baina arazo larri bat dago. Aplikazioek, kalkulagailuek eta adimen artifizialek gure lekuan ahalegin hori egiten dutenean, bigarren sistema geldi geratzen zaigu, eta lantzen ez den edozein gihar bezala, arrazoitzeko gaitasuna atrofiatzen hasten da. Ia inoiz ez gara hausnartzen gelditzen eta horrela poliki-poliki geure kabuz pentsatzeko gaitasunari uko egiten diogu. Eta hutsune horretan, pentsamendu kritikoa hiltzen doa, isilik.

Oraindik bada beste gauza arriskutsuagorik. Sinesten duguna bakarrik entzuteko joera. Gaur egun, algoritmoek “atsegin dut” bakoitza arakatzen dute, eta, hortik abiatuta, dagoeneko uste duguna areago indartzen duen eduki gehiago ematen digute. Gure iritzien berdinak diren iritziez inguraturik amaitzen dugu. Pixkanaka, buruak desafiatua izateko ohitura galtzen du, erosotu egiten da, munduaz duen ikuskera baieztatzen dion guztia onartzen du eta gainerakoak faltsutzat baztertzen ditu automatikoki.

Taldearen iritzia sakratutzat hartzen denean, gure arrazoiketarik sakonena isildu egiten da. Orduan talde-pentsamendua sortzen da. Tribu bakoitza egia absolutuaren jabe dela konbentzitzen da; kanpokoak, berriz, ezjakinak dira. Gizarte horretan dogmak elkarrizketa ordezkatzen du eta tribuarekiko leialtasuna garrantzitsuagoa bihurtzen da egiarekiko leialtasuna baino. Kritikoki pentsatzea egia bilatzeko ausardia izatea da, eta ez erosotasuna. Min ematen badu ere, ideia deserosoei aurre egiteko prest egotea da.

Bada eragiten digun hirugarren indar bat, sentsazionalismoa. Izenburuak gaur ez daude informatzeko eginak, probokatzeko baizik. Ia beti, istorioak era kezkagarrian moldatzen dira, mundua une oro hankaz gora jartzeko arriskutan balego bezala. Dramarik gabe ia inor ez da konektatzen. Jarrera horrek anestesiatu egiten gaitu. Pertsonek pazientzia galtzen dute ñabardurekin, analisi sakonagoekin nekatu egiten dira eta emozioek arrazoiaren lekua hartzen dute. Pentsamendu kritikoak ez du bizirauten gai bakoitza hil ala biziko borrokatzat hartzen den giroan.

Horrek guztiak arreta galtzen duen gizartea eta gero eta gutxiago hausnartzen duen gizartea dakar. Beti ari gara erreakzionatzen, baina gutxitan pentsatzen. Diskurtso arrazionalerako espazioa desagertu egiten da. Pentsamendu lasai eta arretatsuak lekuz kanpokoa ematen du, ia barregarria erreakzio inpultsiboekin konparatzen denean. Eszenatoki honetan ergelkeria kolektiboa hazi egiten da.

Pentsaera kritikoa nola landu

Nola eragotzi pentsamendu kritikoa moteltzen jarraitzea? Hasteko, jakin-mina piztetik. Einsteinek, maiz apala ez bazen ere, behin esan zuen "Ez dut talentu berezirik, sutsuki kuriosoa baino ez naiz”. Jakin-mina da buru-nagikeriaren aurkako benetako antidotoa. Jakin-mina dutenak ez dira lehen erantzunean geratzen. Behin eta berriz galdetzen dute ea zergatik, azaleko azalpena gainditu arte.

Badira ikerkuntza sokratikoaren espiritu hori berreskuratzen lagun diezaguketen praktika sinpleak. Hala nola, arretaz irakurtzea eta eztabaidetan parte hartzea. Hauek adimenari esnatzen eta aktibatzen laguntzen diote. Funtsezko beste urrats bat dezelerazioa da. Izenburu txundigarri bat aurkitzean, ez gelditu azaleko lehen irakurketarekin. Artikulu osoa irakurri. Ezagutu jatorrizko iturria.

Hausnartu iritzi bat osatu aurretik. Itxura sinpleko keinu hori iraultzailea da ia inor pentsatzen gelditzen ez den garai hauetan. Daniel Kahnemanek gogoratu zuen bezala, benetako pentsamendu kritikoa bigarren sistema deiturikoan datza, arrazonamendu motel, neketsu, analitiko horretan. Hor gertatzen da azterketa serioa, funtsezkoa eta beharrezkoa ez dena bereizten dituen hausnarketa.

Sistema hau indartzea ez da konplikatua. Egin buruz kalkulu sinpleak, kalkulagailura joan beharrean. Prestatu zure argudioak. Erabaki bat hartu aurretik, alde onak eta txarrak aztertu. Ariketa horiek bizirik eusten diote teknologiak atrofiatzen digun buruko muskulaturari.

Funtsezko beste puntu bat iturriak dibertsifikatzea da. Ideologia ezberdinetako hedabideak irakurri. Ados ez zauden pentsalariei jarraitu. Beste kultura batzuetatik datozen ikuspuntuak esperimentatu. Horiek guztiek erronkak ipiniko dizkizute. Adierazpen zirraragarriak aurkitzen dituzun guztietan, segi datuak iturriraino. Pentsalari handien lanetan murgiltzea burua zorrotz mantentzen duen ariketa da.

https://www.youtube.com/watch?v=fJ8M9kLo7qg

joan mari beloki kortexarena

2025-11-04


Utzi iruzkina: