BRICS herrialdeen adierazpena

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-08-15 01:58

belokijmari@gmail.com 1755216206517

Rio de Janeiro, Brasil
2025eko uztailak 6

BRICS garapen bidean dauden ekonomia nazionalen elkarte ekonomiko-komertziala da, 2000ko hamarkadan garapen potentzial handia zuten Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak abiarazi zutenena, hain zuzen. Gerora, 2025ean, Iran, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Indonesia eta Etiopia integratu ziren. Beranduago, 2026rako, kide izateko modu berri bat asmatu zuten eta “elkartu” gisa honako hauek lotu zitzaizkion proiektuari: Aljeria, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Kazakhstan, Malaysia, Nigeria, Thailandia, Turkia, Uganda, Uzbekistan eta Vietnam. Urtero batzartzen dira -aurten Rio de Janeiron- eta amaieran egitasmoaren nondik norakoak azaltzen dizkigute. Aurtengoan, nabarmen geratu da Mendebaldea deitutakoaren “arauetan oinarritutako munduaren” aurrean BRICSek NBE Nazio Batuen Erakundeak finkatutako nazioarteko zuzenbidea lehenesten duela. Jarraian, 2025eko adierazpenaren hainbat puntu garrantzitsu:

Multilateralismoa indartzen eta gobernantza globala eraldatzen

* Multilateralismoarekin eta nazioarteko zuzenbidearen defentsarekin dugun konpromisoa berresten dugu, Nazio Batuen Gutunean jasotako Asmo eta Printzipioak barne, bai eta NBEk nazioarteko sisteman ardura nagusia duela ere.

* Berretsi egiten dugu Nazio Batuen erreforma integralaren alde gaudela, Segurtasun Kontseilua barne, garapen-bidean dauden herrialdeen ordezkaritza handitzeko, herrialde horiek behar bezala erantzun diezaieten munduko erronka nagusiei, eta garatzeko bidean dauden Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako herrialdeen asmo legitimoei babesa eman diezaieten.

* Multipolaritateak zabaldu egin ditzake Garapen Bidean dauden Herrialdeek beren eraikuntza-ahalmena garatzeko dituzten aukerak. Aldaketa positiboen eragile gisa Hegoalde Globalak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gure ustez, BRICS herrialdeek Hegoalde Globalaren lehentasunen adierazpenean funtsezko papera betetzen dute, baita nazioarteko ordena bidezkoago baten sustapenean ere, nazioarteko zuzenbidean oinarrituta.

* Beren 80. urteurrenean, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua erreformatzeko premiazko beharra berresten dugu, fidagarriagoak, inklusiboagoak, inpartzialagoak… egiteko, haien zilegitasuna indartuz. Beren gobernantza-egitura erreformatu behar dute.

* Kezka handia adierazten dugu merkataritza desitxuratzen duten eta Munduko Merkataritza Antolakundearen (MME) arauekin bat ez datozen muga-zerga unilateralen ugaritzearekin. Testuinguru honetan, MME bere muinean duen merkataritza-sistema aldeaniztun ireki, garden, bidezko, inklusibo, zuzen, ez-diskriminatzaile eta adostasunezkoaren alde gaudela berresten dugu.

* Nazioarteko zuzenbidearen aurkako aldebakarreko neurri koertzitiboak ezartzea gaitzesten dugu, hala nola aldebakarreko zigor ekonomikoak. Berretsi nahi dugu BRICSeko kide diren estatuek ez dutela NBEko Segurtasun Kontseiluak baimendu gabeko zigorrik ezartzen edo babesten.

* Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) NBE Sistemaren esparruan osasunaren arloan nazioarteko lana bideratzeko eta koordinatzeko duen zeregina nabarmentzen dugu, eta haren gaitasunak indartzeko beharra azpimarratzen dugu.

* Onartzen dugu Adimen Artifiziala (AA) aukera paregabea dela etorkizun oparoago baterako garapena bultzatzeko. Azpimarratu nahi dugu AAren gobernantza globalak herrialde guztien beharrei erantzun behar diela, Hegoalde Globalekoak barne.

Nazioarteko bakea, segurtasuna eta egonkortasuna sustatzen

* Kezka adierazi nahi dugu nazioarteko ordenaren egungo zatikatze-egoerarekin. Gastu militar globalen hazkunde kritikoaren egungo joeraren aurrean kezka adierazten dugu, garapen bidean dauden herrialdeen garapenerako finantziazio egokiaren kaltetan.

* Bitartekaritza eta prebentziozko diplomaziaren garrantzia azpimarratzen dugu, krisiak saihesteko eta krisien gorakada ekiditeko funtsezko tresna gisa, Nazio Batuen Gutunaren Helburu eta Printzipioekin bat etorriz.

* Gaitzetsi egiten ditugu 2025eko ekainaren 13tik Irango Errepublika Islamikoaren aurka egindako eraso militarrak, nazioarteko zuzenbidearen eta Nazio Batuen Gutunaren urraketa direnak, eta kezka bizia adierazten dugu Ekialde Ertaineko segurtasun-egoerarekin.

* Ukrainako gatazkari dagokionez, estimu handiz erregistratzen ditugu bitartekaritza eta jardunbide egokien proposamen garrantzitsuak, Afrikako Bake Ekimena eta Bakerako Lagunen Taldea sortzea barne, elkarrizketaren eta diplomaziaren bidez gatazka modu baketsuan konpontzera bideratuak.

* Palestinako Lurralde Okupatuan bizi dugun egoerarekin oso kezkatuta gaudela berresten dugu, Israelek Gazaren aurka behin eta berriz erasotzen duelako eta lurraldean laguntza humanitarioa sartzea oztopatzen duelako. Nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea errespetatzearen alde egiten dugu, eta gosea gerra-metodo gisa erabiltzea gaitzesten dugu.

* Nazioarteari dei egiten diogu Palestinako Agintaritzari laguntza eman diezaion, palestinarrek independentzia eta estatu bat sortzeko dituzten zilegizko asmoak zehazteko erreformak egin ditzan, eta lurraldeko azpiegitura zibilak azkar berreraiki ditzan. Nazioarteko zuzenbideak eta nazioarteko organo judizialek legez kanpoko okupazioaren amaiera eskatzen dute.

* Israel eta Palestinaren arteko gatazkarako konponbide justu eta iraunkorra herri palestinarraren eskubide legitimoak betetzearen menpe dagoela berresten dugu, autodeterminazio eta itzulera eskubideak barne. Palestinaren Estatua Nazio Batuekin erabat bat egitearen alde gaudela berresten dugu, Bi Estaturen Irtenbidearekin dugun konpromiso hautsezinaren testuinguruan. Irtenbide horrek barne hartzen du Palestinaren Estatu subirano, independente eta bideragarri bat ezartzea nazioartean onartutako 1967ko mugen barruan, Gazako Zerrenda eta Zisjordania barne, Ekialdeko Jerusalem hiriburu duela.

* Israeli eskatzen diogu Libanoko gobernuarekin adostutako terminoak errespetatzeko eta bere okupazio indarrak Libanoko lurralde osotik kentzeko.

* Siriaren subiranotasunarekin, independentziarekin, batasunarekin eta lurralde osotasunarekin dugun konpromisoa berresten dugu eta siriarrek gidatutako prozesu politiko baketsu eta inklusibo baten alde egiten dugu, Nazio Batuek sustatuta.

* “Afrikako arazoetarako irtenbide afrikarrak” printzipioak Afrikako kontinentean gatazkak konpontzeko oinarri izaten jarraitu behar duela berresten dugu.

* Sudaneko egoerarekin oso kezkatuta gaude; izan ere, krisi humanitarioa eta terrorismoa hedatzeko arriskua gero eta handiagoak dira. Berehalako su-etena eskatzen dugu, baita gatazkaren konponbide baketsua ere.

* Oso kezkatuta jarraitzen dugu Haitiko segurtasun egoera, egoera humanitarioa eta ekonomikoa etengabe okertzen ari direlako. Segurtasuna eta garapena batera doazela berresten dugu. Egungo krisiak irtenbide bat behar du, haitiarren gidaritzapean.

* Legez kanpoko finantza-fluxuen aurka borrokatzeko konpromisoa berresten dugu; besteak beste, dirua garbitzea eta terrorismoa finantzatzea, droga-trafikoa, pertsonen trafikoa, ustelkeria eta helburu terroristetarako teknologia berriak erabiltzea, kriptodirua barne.

* Gatazka nuklearra izateko gero eta arrisku handiagoarekiko kezka adierazten dugu.

* Garapen Banku Berriak (GBB) Hegoalde Globalaren garapen eta modernizaziorako agente sendo eta estrategiko gisa duen gero eta zeregin handiagoa aitortzen eta babesten dugu.

https://noticiaspia.com/declaracion-final-de-la-cumbre-del-brics-en-brasil/

joan mari beloki kortexarena

2025-08-16


Utzi iruzkina: