BRICS aurrea hartzen G7ri (III)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-11-06 02:03

belokijmari@gmail.com 1730855194183

BRICS komunitateak 2024an Kazanen egin berri duen gailurraren oihartzuna jasotzen jarraitzen dugu. “BRICS aurrea hartzen G7ri” sailaren III. atal honetan Koldo Salazar (analista geopolitikoa eta idazlea), Juan Antonio Aguilar (Instituto Español de Geopolítica-ko zuzendaria) eta Guillermo Rocafort (abokatu eta analista geopolitikoa) hirukoaren iritziak dakartzagu, laburtuta.

KOLDO SALAZAR

Kazango goi-bilera historikoa izan da. Kontutan izan behar da BRICSen ekonomiak munduko BPGaren %30 baino gehiago osatzen duela. BRICSek munduko biztanleriaren erdia ordezkatzen du. Errusiak hazkunde eta egonkortasun sozial eta ekonomiko oso garrantzitsuak ditu. Ezarri dioten zigorrak bi ondorio izan ditu: lehenik eta behin, guri gehiago eragin digu zigor horrek beraiei baino (Errusiak urtean %3ko hazkunde-tasa du gu %1era iristen ez garen bitartean), eta bestetik, eurak atlantismoaren aginduetatik kanpo dagoen sistema paralelo propioa sortzera bultzatu ditu.
Kazanen proiektu berri bat sortzen ari den herrialde multzoa da. Besteak beste, AEBek hainbat herrialderen aurka zigor izugarriak aplikatzeko NBE Nazio Batuen Erakundea erabili duelako. Proiektu berriaren oinarria nazioen subiranotasuna da. BRICSen ez da barne-politikan esku-hartze elementurik ikusi. Mundu multipolarra eraikitzen ari dira eta horrek estatuen subiranotasuna errespetatzea dakar. Hemen beste potentzien menpe egoteaz nekatuta dauden herrialdeak ikusi dira. Eta aurrerantzean ez dute ez AEBen eta ez beste inoren mende egotea onartuko.

JUAN ANTONIO AGUILAR

Argi geratu da Errusia isolatuta dagoela gezurra dela. 41 herrialde, 22 estatu-buru eta hainbat nazioarteko erakunde egon dira; besteak beste, Nazio Batuen Erakundea bera eta Antonio Guterres bere idazkari nagusia. Vladimir Putinek aldebiko 17 bilera baino gehiago egin ditu bertan ziren herrialdeekin. Horien artean, India eta Txinarekin egindako bilera nabarmen daiteke, biak potentzia nuklearrak baitira. NATOko kide den Turkiarekin ere bilera egin du; horrek Turkiak aliantzarekiko norabide desberdina hartu duela esan lezake. Planetako ia 5.000 milioi biztanleren ordezkariak egon dira Kazanen.

Kazango bilkuratik irten den gauzarik garrantzitsuena prozesua geldiezina izanaren sentsazioa da. Goi-bileraren arrakasta BRICSek lehen ez zuen egitura sortu izana da. Urrats hori beharrezkoa zen sartzeko zain dauden herrialdeen ilara oso luzea delako. Orain kideak eta bazkideak daude. Bazkideek kide izateko egokitzapen-prozesuan baleude bezala hartzen dute parte. BRICSek munduko ordenan arrakala bat ireki du eta zabalduz joanen da. Demografia handiagoa dute, kostaldeen gaineko kontrol geografiko handiagoa dute, elikadura-subiranotasun handiagoa dute, lehengaiak dituzte, mineral estrategikoak… Gainera, badira ideia komunak: multipolaritatea, subiranotasuna, garapena, kulturen eta gobernu-formen errespetua, kideen barne-gaien gaineko ez-esku-hartzea… BRICS indar handiz abiatu da. Adibide gisa, Garapen Banku Berriak (GBB) gaur egun Nazioarteko Diru Funtsa (FMI) baino kapital handiagoa du.

Bost kide berri onartuta, iaz eman zuen urratsa handia izan bazen ere, aurtengo goi-bilerak eman duen urratsa handiagoa da. Orain BRICS Pay txartela bezalako proiektu praktikoak daude, ez soilik teorikoak. Agintaritza zaharra ahultzen ari da eta hura ordezkatuko duen ordena alternatiboaren jaiotza bizitzea egokitu zaigu. Prozesua amaitzen denean, munduko errealitate geopolitikoa oso bestelakoa izanen da.

GUILLERMO ROCAFORT

Espainian informazio falta eta manipulazioa oso nabarmenak dira. Espainiako herritarrei BRICS zer den galdetuz gero, %95ek ez luke jakinen zer den esaten.

Nazio hispaniarrei dagokienez, Argentinak, akats larrian oinarrituta, baztertu egin du BRICS familia handi honen parte izatea, bertan sartzeko ilara luzea dagoen garai honetan. Gero Venezuela eta Brasilen arteko tirabirak izan dira. Azkenik Mexiko dugu, BRICSen egon behar zuen nazioetako bat dela iruditzen zait, baina Estatu Batuen itzalpean dago.

Mundu arabiarraren presentziak atentzioa eman dit (Iran, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Egipto), multipolaritatearen zibilizazio handienetako bat ordezkatzen baitute. Gogoan izan dezagun multipolaritatearen teoriak zazpi zibilizazio handi aipatzen dituela, eta bost dagoeneko bertan dira. Anglosferakoa falta da, sartuko ez dena noski, eta Iberosfera, gurea. Hau da gure erronka: multipolaritatean sartzen gara ala angloen menpeko izaten jarraituko dugu.

Azpimarratzekoa da Bolivia BRICSen kide elkartu gisa sartu dela, eta horrek esan nahi duela dagoeneko barruan gaudela. Boliviar bat badago, espainiar bat dago han. Ez dezagun ahaztu multipolaritatearen teoriak ez duela nazioez hitz egiten, zibilizazioez baizik.

www.youtube.com/live/a6xqyfxZfKA

G7 herrialdeak: Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta Italia
BRICS herrialdeak: Brasil, Errusia, India, Txina, Hegoafrika, Saudi Arabia, Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Etiopia
BRICS elkartuak: Aljeria, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Indonesia, Kazakhstan, Malaysia, Nigeria, Thailandia, Turkia, Uganda, Uzbekistan eta Vietnam

joan mari beloki kortexarena

2024-11-03


Utzi iruzkina: