BRICS aurrea hartzen G7ri (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-10-30 15:15

belokijmari@gmail.com 1730476682622

BRICS elkarguneak aurtengo gailurra urriaren 22tik 24ra bitartean gauzatu du Errusiako Kazan hirian. Bertatik zabaldu diren argazkiek argi azaltzen dute hiru egunez iraun duen gailurraren garrantzi itzela. 22 estatu-buruk eta ia 40 herrialdek hartu dute parte bertan, Vladimir Putin presidente errusiarraren zuzendaritzapean. Bloke honen politika berria mundu osoan AEBek izan duten hegemonia gainditzen ari denez, gertakari horren berri zabaltzea interesgarria iruditu zait. Bi edo hiru ataletan analista batzuren iritziak ekarriko ditut. Lehenak Hego Amerikatik datozkigu, Prensa Alternativa izeneko webgunetik.

"Mendebaldeak" onartu du. Gutxi falta da BRICS blokeak G7 nazio industrializatuenen kluba gaindi dezan. Errealitatea aitortzen lehenengoak Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta New Yorkeko Bloomberg Multimedia Taldea izan dira. Hurrengo urteetarako aurreikuspenek mendebaldeko elite ekonomikoak astindu dituzte, zenbakiek egia deseroso bat erakusten dutelako. Txina, India eta Errusia G7rena baino hazkunde handiagoa gidatzen ari dira.

Aldaketa hau “mendebaldeak” Errusiari presioa egiteko ezarri duen isolamendu eta zigor politikaren emaitza izan da. Bidenen administrazioak zuzendutako G7ko potentziek Mosku ahultzea helburu zuen kanpaina bat hasi zuten. Hala ere, neurriek beren helburua ez dutela bete erakutsi dute ondorioek, eta BRICS bloke sendo eta autonomoa bilakatu da.

Bloomberg eta NDFren azken txostenak argiak dira. Etorkizun hurbilean, G7k nazioarteko lidergoa gal lezake merkataritza, dirua, finantzak eta ekonomia arloetan. Erakunde hauek ohartarazi dute BRICSen hazkunde ekonomikoa G7rena gainditzeko bidean dela BPGren terminoetan, hurrengo 5 urteetan zehar. Gainera, erosahalmen-paritateari dagokionez, dagoeneko BRICS aurretik da. G7ren lidergoa soilik beren interesak babesten duen AEBen “arauetan oinarritutako ordenan” finkatu da. Hala ere, Txina munduko bigarren ekonomia bihurtu zenetik eta India eta Errusiaren azken urteetako susperraldi ekonomikoarekin, dena aldatzen hasi da. Herrialde hauek ez dira beren ekonomiak modu ikusgarrian handitzera mugatu; hortaz gain, Hego Globaleko beste herrialde batzuen integrazioa ere gidatu dute.

BRICSek zubi ekonomiko eta estrategikoak eraikitzeko moduak G7ren hegemonia ahuldu du. Errusiari ezarritako zigorrak izan dira pizgarria. Errusia ahultzeko zigor horiek Kremlina beste herrialde marjinatuekin aliantza berriak bilatzera bultzatu zuten. Honela BRICS elkargoa sortu zen eta Hego Globalean suspertzen ari diren herrialdeek BRICS Washingtonen nagusitasunari aurre egiteko plataforma egokitzat ikusi zuten. "Mendebaldeak" Errusiaren boterea murrizteko eginiko saiakerak BRICSen sendotzea bizkortu du. Txina, India eta Errusiak, elkarrentzat lehentasunezko bazkide bihurtuz, sare konplexu eta autosufizientea osatu dute, mendebaldeko ordena zaharrari aurre egiteko arau desberdinetan oinarrituta.

Bien bitartean, Errusiari ezarritako zigorrak EB Europako Batasuna ahultzen ari dira. EBko herrialdeak inflazioa, energia-eskasia eta hazkunde ekonomiko geldoa pairatzen ari diren bitartean, herritarrak gero eta gehiago ari dira zalantzan jartzen Errusiaren aurkako estrategia horrekin jarraitzea, aurkarien ekonomietan baino gehiago beren ekonomietan ari baitzaie eragiten. G7ren barruan denak ez daude gatazka luze honek dakartzan kostu ekonomikoak onartzeko prest. Bidenen politikak, batez ere Errusiako gas hornidura moztekoak, energia krisi historiko batera eraman dituztela ikusi dute Alemania eta Frantzia bezalako herrialdeek, nola industriak hala herritarrak kaltetuz. Washingtonekin lerrokatzea zalantzan jartzen duten alderdi politikoen desadostasuna gero eta gehiago ari da islatzen hauteskundeetan, eta irtenbide eraginkorrak aurkitzeko asmoz Txina eta Errusiarekiko hurbilketa indartzen.

Bien bitartean, BRICS bere eragina handitzen ari da. Kazaneko goi-bileran, AEBen sistema globalari alternatiba finantzario bat sortu eta mundu osoari aurkeztu dio. NDFk eta Bloombergek ziurtatzen dute 2028rako G7 BRICSen atzean geratuko dela, baita BPG globalaren terminoetan ere. Duela oso urte gutxi arte ezinezkoa zirudien zerbait. Ez da soilik hazkunde ekonomikoaren kontua, baita eragin diplomatiko eta aliantza estrategikoak osatzeko gaitasuna ere. G7ko herrialdeek Hego Globaleko herrialdeetan, politika neokolonialen ondorioz ospea galtzen duten bitartean, BRICS aliatuak irabazten ari da ikuspegi inklusibo eta lankidetzazko bat eskainiz. Horren adibide garbia da BRICSen kide berrien atxikimendua, zeinak blokean plataforma bat ikusten baitute beren interesak bultzatzeko. G7rentzat erronka ekonomikoa ez ezik, diplomatikoa eta kulturala ere bada. Historia idazten ari da oraindik, baina ez Washingtonek planifikatuta zuen bezala.

https://www.youtube.com/watch?v=X0Gamcw38Jw&ab_channel=PrensaAlternativa-ElJota

G7 herrialdeak: Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta Italia

BRICS herrialdeak: Brasil, Errusia, India, Txina, Hegoafrika, Saudi Arabia, Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Etiopia

BRICS elkartuak: Aljeria, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Indonesia, Kazakhstan, Malaysia, Nigeria, Thailandia, Turkia, Uganda, Uzbekistan eta Vietnam

 joan mari beloki kortexarena

2024-10-29


Utzi iruzkina: