Bonba nuklearren eztanda
Theodor Postol estatubatuarra zientzia, teknologia eta segurtasun nazionaleko politikako irakaslea da Massachussets-ko Teknologia Institutuan. Arma nuklearrak, misilak eta hauen aurkako defentsak jaurtitzeko sistemetan aditua da eta Pentagonoan aholkulari gisa lan egina da. Bonba nuklearren eragin zuzena jakiteko bideo egokia eskaini digu.
Glen Diesen: AEBek eta Israelek 2025eko ekainean Iranen aurkako lehen erasoa egin ostean hitz egin genuen. Une horretan irandarrek nahikoa material nuklear bazutela aipatu zenuen, gutxienez 10 arma nuklear eraikitzeko adina. Eta, beraz, zentzugabekeria zirudiela disuasio nuklearreko elementurik ez garatzea, AEB eta Israel itzuli eginen zirela jakinik.
Theodor Postol: Beharrezko materialak badauzkate. Nire ustez, arma nuklearrak erabiltzen lehenak -erabiltzen badira- ez dira irandarrak izanen. Israelek Iranen aurka egindako eraso nuklear bati Iranek erantzun egin liezaiokeela jakitea une hauetan entzuleentzat garrantzitsua da. Irandarrak hori egiteko gai dira, oraindik arma nuklearrik eraiki ez badute ere, erabaki eta bonba eraiki arteko denbora oso laburra baita.
Jomeini Aiatolaren ediktuaren arabera, baliteke oraindik arma nuklearrik ez edukitzea eta, besterik gabe, materiala gordeta bertan edukitzea. Izan ere, ediktuak jasotzen baitu Iran erasotua bada eta bere existentzia mehatxupean, justifikatuta legokeela bere erabilera.
Ulertu behar da irandarrek arma nuklearrak egiteko gaitasunik badutela, badutelako uranio hexafluoruroa % 60an aberastuta. 25-30 kg uranio hexafluoruro nahikoa da arma nuklear bat egiteko. 408 kg dauzkatenez, 11 bonba atomiko egin ditzakete.
%90 aberastu behar dute. Horretarako, hexafluoruroa zentrifugagailuetan sartu behar da eta irandarrek badauzkate eta badakite nola erabili. Zentrifugatzaile-kaskadak ere badauzkate: uranioa %90 aberastua ateratzen da bertatik. Ehunka metro karratu batzuk baino ez dira behar. Arma nuklear bat oso erraza da eraikitzen eta ez da inoiz probatu behar erabili aurretik. Beraz, jaurtitzeko moduan 10 edo 11 arma eduki dezakete frogatu gabe, funtzionatuko duten konfiantza osoarekin. Kaskada horietako batek lauzpabost aste beharko luke uranio hexafluoruro nahikoa % 90 aberasteko. Baina astebete baino lehen eraiki ahal izanen lukete, zentrifugatzaile-kaskada ugari eduki ezkero.
Helburuak planifikatzen dituen irandar batek, ongi informatuta eta ikasia bada, ahalik eta kalte handiena egin nahiko du, aurretik Israelek zibil irandar asko hil duelako. Errendimendu baxuko arma nuklear batek, segundo frakzio batean, bero kantitate izugarria askatzen du, dozenaka milioi gradutara iritsiko dena. Arma termonuklearra balitz, bero handiagoa askatuko luke. Inguruko airea milioi bat gradu ingururaino berotzen da. Osatzen den suzko bolak 15 edo 30 m-ko diametroa du. Aire masa beroa bortizki hedatzen da. Airea pilatu egiten da, su-bolaren ertzean talka-uhin bat eratuz. Suzko bola bere gehienezko tamainara iristen denean, segundo bat igaro ondoren gutxi gorabehera, Eguzkiarena baino 2000º beroago tenperaturan geratuko da. Suzko bola honek erradiatutako argia eta beroa ikaragarriak dira eta sute izugarriak eragiten ditu.
Nagasaki-n laino gorakor bat ikusi zen, zuria atmosferako geruza baxuenetan ur lurruna kondentsatu zelako. Suzko bola bat sortu zen altuera txikian eta igo ahala zabalduz eta hoztuz joan zen. Zabaltzean eta hoztean ur tantak sortu ziren eta hodei izugarri erradioaktiboak osatu zituzten.
Hiroshima-ko bonba. Kilometro bateko distantziara, segundo hamarren batean, aukera izan bazenu suzko bolaren argi distiratsua haziz ikusiko zenukeen. Eztanda gertatu eta segundo batera, eraikinak kiskalita. 10 edo 11 segundo geroago, talka-uhina eraikinetara iritsi ondoren, eraikina inguratuta, zapalduta eta eragindako kalte izugarriak.
Jendea hiltzen duena sua da
Sua da jendea hiltzen duena. Zure gortinak sutan daude. Paperak, alfonbrak… ere. Ez zara sua itzaltzen hasi. Uhin hedakor bat pasa berri da, eta kalte ugari eragin du etxe barruan. Txiki-txiki egin ditu leihoak eta barruko hormak. Txundituta zaude. Litekeena da zure familiako kideak zaurituta egotea. Batzuk erreta daude, su-bola azala erretzeko bezain distiratsua delako. Ez zaitu kezkatzen su horiek itzaltzeak. Zure etxe barruko suntsipen beldurgarri horretatik urruntzea bakarrik kezkatzen zaitu. Berehala hasi dira barruko suteak airea igoarazten. Airea behetik sartzen da eta, horren ondorioz, sutea inguru osora hedatzen da, gorantz doan aireak su ematen baitio guztiari. Hasieran su hartu ez zuten eremuak egon arren, azkenerako kiskalita bukatzen dute.
Potentzia txikiagoko arma hauen kasuan, erradiazio nuklearra hain da handia, segundo bat baino gutxiagotan izugarrizko energia pila askatzen dutela, bidenabar suzko bolak sortuz. Askoz errendimendu handiagoko armak izan ezkero, erradiazio hilgarria hedatuko litzatekeen eremua handitu eginen litzateke. Hala ere, errendimendu handiagoko arma bat balitz, ez luke merezi berehalako erradiazio hilgarriaz hitz egitea ere, dagoeneko jende guztia hilda egonen litzatekeelako leherketaren eta argi eta bero handiaren ondorioz.
Errendimendu txikiagoko armekin ez duzu zertan berehala hil erradiazioaren ondorioz. Beraz, jende asko egonen litzateke erradiazio horren eraginpean. Batzuek dosi hilgarriak jasoko lituzkete, eta beste batzuek dosi ez hilgarriak askoz urrutiagotik, aste gutxiren buruan hilko lituzketenak, aurretik suak hil ez baditu. Gauzak are gehiago okertzeko, Hiroshiman bezala, euri jasa erradiaktiboa gertatuko da. Sugarrek sortutako keak ura kondentsatuko du eta, urarekin batera, beste substantzia batzuk ere kondentsatuko dira, hala nola hidrogeno sulfuroa, nitrogeno oxidoak, zianuroa, karbono monoxidoa… Eta partikula pozoitsu horiek jendearen biriketara iritsiko dira.
Zure jendea hil dutelako, heriotza eta suntsipena zabaldu nahi badituzu, ahal bezain hiltzaile izateko asmoa baduzu, itsas haizea zure alde izan arte itxoin. Bonba jaurti aurretik, itsasoko haizeek euri erradioaktiboa lur barrura eramanen dutela ziurtatu. Eraso nuklearraren ostean, Tel Aviveko eremu zabalak euri erradioaktiboaren eraginpean geratuko lirateke. Lesio asko eta asko izanen lirateke horren eraginez. Kasu askotan, koagulazioa eragiten duten odoleko zelulak desagertuta, bestetan infekzioei aurre egiteko odoleko osagaiak. Infekzio masibo batek eta barne-hemorragiek jota hiltzen da jendea halakoetan. Ez da hiltzeko modu atsegina, zinez.
Oso arrazoizkoa da hau gerta litekeela pentsatzea. Garrantzitsua da jendeak mezu hau ulertzea. Israelgo lidergo politikoaz ari naiz eta, agian garrantzitsuagoa dena, bere lidergoa bezain erotuta ez dagoen Israelgo herriaz. Iranen aurkako eraso nuklear baten ondoren erantzun nuklear bat jasoko luketela ulertu behar dute.
Ez erabili arma nuklearrik Iranen aurka, milioika pertsona hil eta suntsituko bailirateke bi aldeetan. Eta sute hauen krudelkeriaz ohartzeko, ideia bat. Dozenaka kilometro karratuko lur eremua sutan baduzu, eraikinak ere erre eginen dira. Erretzen ari den material geruza hori oso beroa dago. Geruza horretako airearen tenperaturak uraren irakite-puntua gaindituko du eta, beraz, airearen abiadurak urakanaren indarra eraginen du, aire-bolumena ikaragarri handia baita. Imajinatu su hartu duen eremu handi batean zaudela, zure inguruan 400 m zabaltzen dena eta zu erdian zaudela. Sugarrek erabat inguratuko zaituzte. Orduko ehunka kilometroko abiadura duten haizeak sortuko dira, sua bultzatzen dutenak. Jendea ihes egiten saiatzen denean, bizirik erretzen da tenperatura altuko haizeengatik.
Babesleku batean bazaude, izugarri berotuko zaizu. Babeslekuak behar bezain sendoak badira, jendea ez da leherketaren ondorioz hilen. Baina haien gainean sute handi bat da, suteak 5, 6, 7, 8 ordu iraunen du. Erre litekeen guztiak su hartuko du. Eta hormigoia eta adreilu guztiak oso tenperatura altuetan berotu eta babeslekuak labe bihurtuko dira.
https://www.youtube.com/watch?v=KEetVbrC-Ro
joan mari beloki kortexarena
2026-04-06

Iruzkinak
Utzi iruzkina: