Bi gerra, helburu bakarra
Garai eta modu ezberdinetan hasi eta garatzen ari diren arren, Ukraina eta Irango gerrak abian jarri zituztenen helburua bera da: mundu osoan agintzea. Egia geureganatzea ez dugu helburu samurra, komunikabide hegemonikoetan ez baita eztabaida orekaturik egiten. Alde bakar baten bertsioa bakarrik bidaltzen digute. Zorionez, badira bestelako informazio iturriak eta haiei esker ikas dezakegu egia: segurtasun globala hautsita dago, Ameriketan bezala, Europan, Asiako Mendebaldean eta nonahi. Inperioa harrotuta dago.
2026an bi gerra handi eta odoltsu ari gara bizitzen. Biek urrutikoak dirudite, baina biek astindu digute bizimodua. Guri inork ez digu eraso, baina gure agintariak milaka milioi euro eta armak bidaltzen ari dira Ukrainara eta diru hori ez da inoiz inbertituko hemengo ospitaletan, eskoletan edo alargunen pentsioak hobetzen, adibidez. Iran urrutiago dago baina, irandarrek Ormuzko Itsasartea partzialki itxi dutenetik gasolina ederki igo zaigu eta azkar garestituko zaizkigu janariak, jantziak eta gainerakoak.
Ukrainako gerra estatubatuarrek piztu zuten 2014an, Yanukovitx presidenteari estatu kolpea antolatu ziotenean. Presidente horrek bere herrialdean bakea nahi zuen eta horretarako Errusiarekin eta EBrekin negoziatzen zuen. Baina yankien helburuak bestelakoak ziren eta Errusiari eraso egiteko prestaketak abiarazi zituzten, gobernuaren politika aldarazteko asmoz. Horretarako Zelenskirena bezalako gobernua elikatu dute, nahiz eta naziek sostengatuta izan, nahiz eta Sobiet Batasunatik independentzia eskuratzeko Ukrainak 1991n NATOn ez zela inoiz sartuko sinatu zuen, nahiz eta herritarren kexak isilarazteko milaka ukrainar hil duten Donbass behin eta berriz bonbardatuz. Errusia Ukrainako lurretan sartu zenean Errusiaren eta errusiarren eskubideak babesten ari zen, naziei eta bonba nuklearrak bertan jarri nahi zituzten yankiei aurre eginez.
Iranek, berriz, Israelek nahi lukeen “Israel Handia” egitasmoa du aurrez aurre. Palestina, Zisjordania, Libano, Egiptoren eta Siriaren zatiak… nahi baititu. Egungo gerraren aurrekari hurbilena 1980-88an dugu, Sadam Husseinek zortzi urtetako gerra eragin zionean, AEBen beso armatu bezala jardun eta milioi bat inguru irandar hil zuelarik. Oraingo gerra hau 2025ko ekainean hasi zen “12 egunetako gerra” deituan. Israelek hasi zuen eta AEBek eten. Aurrerago, urtarrilean, Mossad eta CIA saiatu ziren gobernuaren aurkako altxamendua eragiten. Horren porrotaren ondoren, otsailaren 28an, AEBek erasoari ekin zioten heriotza ugari eta kalte material izugarriak eraginez. Baina Iran tinko ari zaio eusten eta ez du burua makurtu.
Bi gerrak AEBek piztu dituzte. Bietan zilegizko gobernuak aldatzea bilatu dute. Bietan gobernuburuak hiltzen saiatu dira. Bietan aise gailenduko zirela pentsatu zuten eta bietan galtzen ari dira, harropuzkeria hegemonikoagatik. Errusia eta Iranek beren buruen jabe izaten jarraituko dute.
Europako gobernuek jarrera kontraesankorraz dihardute. Ukrainako gerran, erasotzailearen alde. Iranen kasuan, berriz, erasotzaileei oztopoak jartzen. Bi gerretan AEBak dira erasotzaileak. Errusia eta Iran, berriz, erasotuak. Agintarien eta komunikabideen bide okerra zuzentzeko, Europako herritarrok jarrera aktiboa beharko genuke. Munduaren segurtasun globala dugu jokoan.
OHARRA: Nafarroa Garaiko mendialdeko Ttipi-ttapa aldizkarian, apirilaren 9an, argitaratutako kolaborazioa.
joan mari beloki kortexarena
2026-04-10

Iruzkinak
Utzi iruzkina: