Bernedo, berriz ere gizartea astintzen

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-01-31 23:22

belokijmari@gmail.com 1769898495998

Gaurko elkarrizketan berriz izanen dugu Zuriñe Ojedari entzuteko aukera. Bera izan zen Bernedoko gertakizunen arriskuaz publikoki arreta eman zuen lehen pertsona. Adrian Zelaia mintzatu da berarekin, gurasoek jarri zituzten salaketen egungo egoera jakiteko.

AZ: Azken egunotan komunikabideetan zabaldu da Bernedoko udalekua bere itzulera prestatzen ari dela uda honetarako, adin txikikoen aurkako sexu-delituak ikertzen ari diren arren. Horrek gaia berriz hedabideetara saltarazi du. Baina has gaitezen gai judizialarekin.

ZO: Horri buruz ez dago berririk. Salaketa 2025eko apirilean iritsi zen epaitegietara, eta urrian hasi ziren ikertzen. Aurrekari kezkagarria da. Fiskaltzak linbo judizialaz hitz egin zuen, zuzenbidean existitzen ez den zerbait, salaketak harrigarriki kaxoiren batean desagertu zirela esateko. Fiskaltzatik diote ikerketa amaitu arte ezin dutela kautelazko neurririk hartu.

AZ: Elkarteak kanpalekuak berriro martxan jartzeko asmoa iragarri izana latza da, pertsona horiek hainbat esparrutan duten babesaren oso adierazgarria.

ZO: Seguru sentitzen dira. Sistema judizialak ere babestu ditu beraientzat linbo hori asmatuz. Instituzioek babestu dituzte, lizentziarik ba ote zuten edo han zer gertatzen zen ikertzeko pausorik eman gabe. Bere garaian salaketak aurkeztu ziren eta inork ez zuen ezertxo ere egin. Komunikabideetan agertzen jarraitzen dute, babesa ematen zaie, teorian feministak diren ezkerreko mugimenduetatik etengabe bidaltzen zaizkie babes-mezuak…

AZ: Gogoratu behar da gizartean modu naturalean sortzen ez den fenomeno batez ari garela, nazioarte mailako korporazio handiek bultzatzen dutena. Milaka milioi inbertitzen dituzte transaktibismoa hedatzeko era guztietako jarduerak finantzatuz, GKEetan, fundazio korporatiboetan, komunikabideetan eta abarretan oinarrituta. Azkenean, estrategia horiek arrastaka eramaten dituzte horretarako prest diren talde politikoak. Euskal Herrian badugu, batetik, ETB, etengabe transaktibismoaren aldeko mezuak zabaldu dituena. Eta hori EAJren ardura zuzena da. Bestalde, euskal ezkerraren inguruko ia komunikabide guztiak daude inplikatuta, eta hori ezinezkoa da EH Bilduren zuzendaritza ados ez bada. LAB eta STEE-EILAS irakaskuntzako sindikatuak ere hor dira, oso zuzenean inplikatuta.

ZO: Hala da. Egungo egoeran, familiak zain daude, prozesu judizialek denbora behar baitute. Aldundiek, Arabakoak batez ere, lehen inplikazio handia izan zuten. Zehazki, deiak, bilerak, mota honetako kanpaleku eta jardueretarako protokoloa eginen zela iragarri zuten, familiak, mugimendu feminista eta abar kontuan hartzeko asmoa. Gerora hori dena deusetan geratu da. Halako batean, El Correo egunkariak adingabe horietako batzuek nozitzen ari diren kalte psikologikoei buruzko artikulua atera zuen, administrazioaren inolako laguntzarik ez zutela argituz. Orduan familiei deitu zieten eta zenbait kasutan sistema publikoaren bidez laguntza psikologikoa eman zaie. Geroztik, berriro ere isiltasuna.

AZ: EH Bilduren zuzendaritzaz eta STEE-EILAS eta LAB sindikatuez gain, gainerako alderdi politikoei hau dena berdin zaiela dirudi. Ez zuten ezertxo ere egin irailean El Correok albistea atera arte. Gero berriro desagertu ziren. Berriz agertu ziren El Correok prozesuak haurrengan eta familiengan duen eragin psikologikoaz idatzi zuenean. Jarraian, berriro desagertu ziren. Orain berriro El Correo agertu da. Eta atzo Arabako Foru Aldundiak komunikatu bat atera zuen Arabako familiei gomendatuz ez dezatela izena eman kanpaleku horretan.

ZO: Fiskaltzak dio ikerketa tramitean dagoela eta amaitu arte ezin dela kautelazko neurririk hartu. Aldundiak erantzun dio beraiek ere kanpamentu horiek eta elkarte hori ikuskatzeko prozesuan direla eta, beraz, ezin dutela deus egin. Azkenean, inork ez du ezer egiten. Gero hirugarren hanka bat dago, Bernedoko Administrazio Batzarra, Bernedoko Udalaren menpekoa, Sarrea elkarteari eremua alokatzen diona. Dirudienez, prest dira lokala berriz alokatzeko.

AZ: Gipuzkoako Foru Aldundia bere tutoretzapean zeuden adingabeak kanpaleku horietatik ateratzera iritsi zen. Horrek esan nahi du kontziente zirela gertatzen ari zenaz. Hala ere, ez zituzten jakinaren gainean jarri beste erakundeak, familiak eta herritarrak.

ZO: Hala da. Badirudi hemen inork ezin duela deus egin, baina mundu guztiak asko egin dezake. Negozio bat baldin badaukazu, irregulartasun txikienean itxi egin diezazukete. Negozio bat ireki behar baduzu eta dena behar bezala ez baduzu, ez dizute pertsiana altxatzen utziko. Eta jende horiek prozesu judizial batean murgilduta daude, eta agian delituak egin dituzte, eta, gainera, administrazio-prozesu ikaragarri batean, 50 urtez ez baitiote administrazioari bere berririk eman. Nola liteke horrekin guztiarekin Arabako diputatua ateratzea gurasoei seme-alabak ez bidaltzea gomendatuz? Pentsa alkate batek esanen balu, "Aizue, ez joan inoiz jatetxe horretara, sukaldea labezomorroz beteta dauka eta”. Hori pentsaezina da, Udalak itxi eginen luke eta. Erokeria da eta, bitartean, familiek babesik gabe jarraitzen dute.

AZ: Unibertsitatean ere bada zer aipatu. Bi irakaslek, sare sozialetan Bernedoko haurren aldeko iruzkinak egiteagatik, jazarpen kanpaina bat jasan baitute EH Bildu eta Podemosen inguruko ikasleen sindikatuen aldetik. EH Bildu-Podemosen eta LAB eta STEE-EILAS sindikatuen kontrolpean dagoen Unibertsitateko zuzendaritzaren inplikazioa ere azpimarragarria izan da. Afera honetan erantzukizun politiko argia dago EH Bilduren zuzendaritzaren aldetik.

ZO: Ados. Erantzukizunak eskatu behar zaizkie EH Bilduko goi-karguei, alderdi politikoetako goi-karguei eta haiek kudeatzen dituzten erakundeetako goi-karguei. Alderdi politikoek eta erakundeek diru publikoarekin baitaude erabat finantzatuta. Porrotaren sentsazio handia dago familietan, azkenean kanpamentuak berriro irekiko direlakoan. Sinesgaitza eta porrotaren sentsazioa. Baina borrokan jarraitzeko asmo sendoa dago.

AZ: Ikastetxeetan gertatzen ari dena ere aipagarria da.

ZO: Egia da ahal duten laguntza guztia behar dutela. Horretan ari dira Dofemco eta Babestu. Gero eta jende gehiago asaldatzen eta kexatzen da. Baina jende gehiago behar da, eta publikoki adierazi behar da. Ostiralean Donostian hitzaldia emanen dugu eta protesta kontzentrazioa deitu dute, guri faxistak garela leporatuz.

AZ: EHGAM, Donostiako Asanblada Transbollomarika eta Gipuzkoako Transasanblada dira deitu dutenak. EHGAM eta gay mugimenduaren inguruan, badirudi nabarmen murrizten ari dela gay kopurua, sistema transaktibista honekin lehen gay zirenei orain ez direla esaten baitiete, beste sexuko pertsonak baizik. Eraldaketa psikologiko, hormonal eta kirurgiko baterantz bideratzen dituzte.

ZO: Lehen esaten zizuten, “Gizona bazara, joka ezazu gizona bezala. Eta emakumea bazara, emakumea bezala”. Orain gorputza aldatzeko esaten dizute. Gizartean gaizki dagoena eraldatu beharrean, zuk eraldatu behar duzu. Eta gorputza kaltetu.

AZ: Leloa beti da transfobiaren aurkakoa, baina oso ongi dakite ez dagoela inolako transfobia arazorik. Inork ez ditu pertsona konkretuen eskubide indibidualak zalantzan jartzen. Zalantzan jartzen dena da dinamika suntsitzaile horiek gizarte osora edo haur guztiengana modu transaktibistan zabaltzea.

ZO: Talde hauek leloak errepikatzera mugatzen dira, ez baitago ezer horien atzean. Askotan deitu dituzte eztabaidetan parte hartzera eta ez dira inoiz joan. Ez baitute argudiorik. Jendea ikaratzea bilatzen dute eta horregatik jende askok ez du aurpegia eman nahi izaten. Iritsi da, ba, beldurra astintzeko ordua. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta min txikiagoa eginen baitute. Aurten berrikuntzak izanen dira Euskal Herrian mugimendu feministari dagokionez, transgenerismo honek min handia egin baitio mugimendu feministari. Mundu osoan eta baita Euskal Herrian ere. Martxoaren 8an, benetako borroka feminista berreskuratzeko asmoz, gai transgeneristarekin nahastea saihestuko dugu.

https://www.youtube.com/watch?v=20AV-zIOHxo

joan mari beloki kortexarena

2026-01-31


Utzi iruzkina: