"Beldurrak jota egon beharko genuke"

"Beldurrak jota egon beharko genuke" EUSKAL HERRITIK | 2026-08-28 23:42

"Beldurrak jota egon beharko genuke"

Glenn Diesen gaurkoan Scott Ritter estatubatuarrarekin mintzatu da. Azken hau AEBetako Marineen Kidegoko ofiziala izan zen eta, halaber, NBEren arma ikuskaria. 1980ko hamarkada ezkero armen kontrolaren eta armagabetzearen eremuan jardun zuen lanean.

Glenn Diesen: zuk profesionalki armamentuen kontrolean egin zenuen lan eta, gure klase politikoak ez bezala, oraindik beldur sanoa diezu arma nuklearrei. Orain Washingtonen Iranen kontra arma nuklearrak erabiltzeko aukeraz hitz egiten ari dira, gerra ez baizaie aurreikusi bezala ateratzen ari. Gainera, Errusiako disuasio nuklearraren eta alerta goiztiarreko radarren aurkako erasoak izan dira aurretik. Iraganean sekula egin izan ez genuen gauza asko egiten ari dira orain. Eta espero izatekoa da ausarkeriak gora baino ez egitea izua sortzen denean, bai Ukrainan eta baita NATOn ere. Zenbateraino gaude gerra nuklear batetik gertu?

Scott Ritter: dagoeneko ez dugu armen kontrolerako hitzarmenik indarrean AEBen eta Errusiaren artean. Armen kontrola hil egin da. Arma-kontrolaren funtsezko alderdietako bat zen herrialdeek elkarrekin hitz egiten zutela eta konfiantza sustatzeko neurriak aplikatzen zituztela. Arlo estrategikoaren xehetasun guztien jakinaren gainean zeuden. Armamentuen kontrola ezabatzen duzunean, pentsamolde berri batekin ordezkatzen duzu, botere nuklearra deuseztatzeaz, murrizteaz edo kontrolatzeaz hitz egiten ez duena. Botere nuklearra nola erabil dezakegun aztertzen du bakar-bakarrik.

Gaur egun arduradun politikoek, jarrera nuklearra berrikusten dutenean, armamentuen kontrolari ez diote erreparatzen. New START ituna dagoeneko hilda dago eta AEB ojiba nuklear berriak sartzen ari dira beren armategian.

AEBek potentzia txikiko arma nuklearrak garatuta dituzte eta NATOren eta AEBen disuasio estrategikoaren parte gisa daude hedatuta Europan. Orain Colby jauna, Defentsa Saileko goi-kargu bat, AEBko jarrera nuklearra birformulatzen ari da, edozein krisi garrantzitsuren hasierako fasean arma nuklear taktikoak erabiltzea aurreikusten duena. Gure ohiko disuasio militarra ez baita nahikoa disuaditzeko. Ezin ditugu Iran, Errusia eta Txina garaitu gure ohiko gaitasunekin. Beraz, orain arma nuklear taktikoak azkar erabiltzea da presioa.

Iran

Zer esan nahi du horrek Iranen? Denbora asko daramagu Iranen aurkako gerra nuklearra prestatzen. Iranek estatu nuklearra izateko atarian kokatu zenean indartu genituen geure planak. Gure politikaren arabera, prebentzio-ekintzak egin daitezke, eta gaur, presidenteak mehatxu nukleartzat jo du Iran, eta esan du ez duela onartuko Iranek arma nuklearrak edukitzea. Nola konponduko dugu arazo hori?

Orain beldurra da Iranek %60raino aberastua duen uranioa lekuz aldatu ote duen eta ohiko ekintza militarrentzat zeharka ezina den lurpeko instalazio sakon batean gorde. Beraz, Iranen potentzial nuklearra suntsitzeko erabakia hartuz gero, arma nuklearrak erabiliko lirateke. Oraintxe bertan, Iranen kontra arma nuklearrak erabiltzeko plangintza bat dago martxan.

Taiwan eta Korea

AEBek ez dute Taiwanekiko jarrera aldatu. Taiwani Txinaren helburu politikoekin talka egiten duten gaitasun militarrak ematen jarraitzen dugu eta honek konfrontazio militarra ekar lezake. Eta AEBek ez dute gaitasunik ez euren burua defendatzeko ezta Taiwan defendatzeko ere, Txinarekin gerra irekia izanez gero. Arma nuklearrak erabili beharko genituzke hasieratik. Gauza bera gertatzen da Korearekin. Ipar Koreak arma nuklearrak ditu. Beraz, nuklearrera jo beharko litzateke hasieratik, ez baitugu erresistentziari eusteko gaitasun konbentzionalik.

Errusia

Joan den astean Alemaniako hedabideetan filtratu zen plana, Kaliningradoren aukera, aplikatzeko bezain ergela balitz NATO, laster jo beharko genuke nuklearrera, ez baitugu gaitasunik horrelako deus arma konbentzionalekin egiteko. Zero gaitasun konbentzionala dugu Europan, Asian eta Iranen. Beraz, gatazkarik balego, amore eman beharko genuke, eta ez dut uste AEB horretan geratuko direnik. Arma nuklear taktikoak erabiliko lituzke hasieratik. Eta horrek berehala ekarriko luke truke nuklear orokorra eta bizitza osoaren amaiera planetan.

Kezkatuta egon beharko genuke. Beldurrez jota egon beharko genuke. Parte hartzeko garaia da, eta mundu guztiak armamentuak kontrolatzeko eta murrizteko garrasi egin beharko luke bete-betean, oraintxe baita unea. Arma nuklear horiek gainetik kendu behar ditugu. Urrats hori eman ezean, planetako bizitza osoaren amaiera izanen da.

Glenn Diesen: Trumpek dio ezin duela onartu Iranek arma nuklearrak edukitzea, arma nuklearrak edukiko balitu, erabili eginen lituzkeelako. Hori arma nuklearrak erabiltzearen aldeko argudio bat eraikitzea da.

Scott Ritter: lehenik eta behin, uste dut jendeari gogorarazi behar diogula zein hurbil egon ginen Biden administrazioaren menpeko gerra nuklearretik. Errusia 2024an Ukrainako gatazkari irtenbide bat bilatzen ari zitzaion. Negoziatutako akordio batera iristeko prest zegoen, eta batzuek ahultasun seinaletzat hartu zuten hori. 2024ko abuztuan NATOk Errusia inbaditu zuen Kursk-en, NATOk entrenatutako eta ekipatutako 70.000-80.000 ukrainarrekin. Ez zen nolanahiko inbasioa izan. Zentral nuklear bat hartu nahi zuten Zaporizhie-ko zentral nuklearra abantailarekin trukatu ahal izateko. NATOk planifikatutako operazio handia zen, AEBetako presidentearen, Britainia Handiko lehen ministroaren eta Frantziako presidentearen babesarekin, denek Errusia inbaditzea ideia ona zela esanez. Ukrainarrek Errusiaren barruan asko aurreratzea lortu zuten. Adore handia behar izan zuten Errusiako tropek hau eteteko. Azkenean ukrainar guztiak hil zituzten.

2024ko irailean, Keir Starmer Washingtonera joan zen, Joe Bidenentzako dokumentuak zituen bere ohiko maleta gorri ofizial britainiar handiarekin. Bidenek ukrainarrei Storm Shadow misila erabiltzeko baimena ematea zen helburua, Errusia sakon-sakonean erasotzeko. Horrekin batera, baiezkoa emanen zien ATACMS eraso-misilaren erabilera baimentzeari. Honek Errusiaren doktrina nuklearra aktibatuko luke, zeinaren arabera, arma nuklearrak dituzten estatuek arma nuklearrik gabeko estatuei Errusiaren sakontasun estrategikoari erasotzeko gaitasuna ematen badiete, Errusiak estatu nuklearren eraso nuklear bezala tratatuko luke. Horixe nahi zuten, Kursk-eko inbasioa aprobetxatuz.

Hori jakiteko moduan daudekeen pertsonen arabera, ATACMS-ek edo Storm Shadow-ek Errusiaren barrualdea erasotzen badute, Errusiak erantzun eginen du eta Washington helburuen zerrendan egonen da. Ondorioz, Bidenek ez zituen dokumentuak sinatu.

2022ko otsailean, Bidenen administrazioak konpromiso bat sinatu zuen arma nuklearrak dituzten eta Ez Ugaltzeko Itunean bilduta dauden gainerako estatuekin. Gerra nuklear bat ezin dela inoiz irabazi zen konpromisoa. Beraz, ez dira inoiz libratu behar. Hori da dokumentu batean jasotako Biden administrazioaren ildo ofiziala.

Eta, hala ere, orain baditugu arduradun militarrak esaten AEB prest daudela Errusiarekin gerra nuklear bat egiteko, irabaziko dugula pentsatuz. Irabazteak AEBen heriotza esan nahi du. AEBek existitzeari utziko diote. Orduan ez gara Errepublika konstituzionala izanen, diktadura militarra baizik, oso pertsona gutxi geldituko direlako bizirik, eta bizirik dirauten horiek gobernuak ezarritako biziraupen-erregimen zorrotzaren pean biziko direlako. Beraz, arma nuklearrak erabiliz gero, AEB salbatu ordez AEB hil eginen genituzke.

Batzuetan alarmista naizela leporatzen didate, baina arma nuklearrak direnean hala izan behar da. Ni gai nuklearretan aritzen nintzenean, erabateko beldurra zegoen gerra nuklearrari. Denok ulertzen genuen zer eginen zuen gerra nuklear batek. Gaur ez dago Washingtonen Ronald Reagan baino gogorragorik. Antikomunista erradikala zen. Eta hala ere, kontrolaren eta armamentuen murrizketaren beharra ikusi zuen. INF itunak Europa eta mundua salbatu zituen. Baina gaur egun inork ez du ulertzen zein arriskutsua den egoera.

Jendeak ulertu behar du ez dagoela gerra nuklear mugaturik. Inoiz ez da truke nuklear orokor batean amaituko ez den arma nuklear taktikorik erabil ahal izanen. “Gerra nuklearrak ezin dira irabazi; beraz, ez dira inoiz egin behar” da oraintxe bertan dugun disuasioaren kontzeptua. Hori da oreka estrategikoa.

https://www.youtube.com/watch?v=H_TXK4OcTf0

joan mari beloki kortexarena

2026-08-29


Utzi iruzkina: