Bakerako 28 puntu (I)
“Ukraina eta Errusiaren arteko bake akordio baterako proposamena”
Egun hauetan mundu osoko komunikabide guztietan bolo-bolo dabil ustez Donald Trump presidente estatubatuarrak prestatutako 28 puntu dituen bakerako proposamena. Volodimir Zelenskik azaroaren 27rako eman behar dio erantzuna. Oraingoz bakarrik herrialdearen duintasuna eta interesak defendatuko dituela esan du, ontzat eman ala baztertu eginen duen argitu gabe. Jarraian, 28 puntuak dituzue, Aljazeeraren ingelerazko testua oinarritzat hartuta.
1. Ukrainaren subiranotasuna berretsi eginen da.
2. Errusiaren, Ukrainaren eta Europaren artean eraso ez egiteko akordioa sinatuko da. Azken 30 urteetako anbiguotasun guztiak konpondutzat hartuko dira.
3. Errusiak inguruko herrialdeak ez inbaditzea eta NATO gehiago ez zabaltzea espero da.
4. Errusiaren eta NATOren arteko elkarrizketa eginen da, AEB bitartekari direla, segurtasun arazo guztiak konpontzeko, gatazka arinduko duten baldintzak sortzeko, segurtasun globala bermatzeko eta etorkizuneko lankidetzarako eta garapen ekonomikorako aukerak handitzeko.
5. Ukrainak segurtasun berme fidagarriak jasoko ditu.
6. Ukrainako indar armatuen tamaina 600.000 soldadura mugatuko da.
7. Ukrainak onartzen du bere konstituzioan NATOn ez sartzea jasotzea eta NATOk onartzen du bere estatutuetan Ukrainari etorkizunean sartzea ukatuko zaiola jasotzen duen xedapen bat sartzea.
8. NATOk Ukrainan tropak ez kokatzea onartzen du.
9. Europako borroka-hegazkinak Polonian kokatuko dira.
10. AEBek, segurtasun bermeen truke, konpentsazioa jasoko dute. Ukrainak Errusia inbaditzen badu, bermea galduko du. Errusiak Ukraina inbaditzen badu, erantzun militar koordinatu eta irmoaz gain, zigor guztiak berrezarriko zaizkio, lurralde berrien onarpena eta hitzarmen honen gainerako onura guztiak ezeztatuko zaizkio. Ukrainak inolako arrazoirik gabe Mosku edo San Petersburgoren aurka misil bat jaurtitzen badu, segurtasun-bermea baliorik gabe geratuko da.
11. Ukraina EB Europako Batasuneko kidetza lortzeko hautagaia da eta, gai hau aztertzen den bitartean, epe laburrean lehentasunezko sarbidea jasoko du EBko merkatura.
12. Ukraina berreraikitzeko neurri global indartsuen pakete bat eskainiko da. Besteak beste, hauek izanen ditu:
- Ukrainaren Garapenerako Funtsa sortzea, hala nola teknologian, datu-zentroetan eta adimen artifizialean inbertitzeko.
- AEB Ukrainarekin lankidetzan arituko dira Ukrainako gas-azpiegiturak, gasbideak eta biltegiratze instalazioak elkarrekin berreraikitzeko, garatzeko, modernizatzeko eta kudeatzeko. Halaber, gerraren eraginpean dauden eremuak berreskuratzeko, berreraikitzeko eta modernizatzeko.
- Azpiegituren garapena.
- Mineralen eta baliabide naturalen erauzketa.
- Mundu Bankuak finantzaketa pakete berezi bat garatuko du ahalegin horiek bizkortzeko.
13. Errusia ekonomia globalean berriro integratuko da:
- Zigorrak kentzea etapaka eta kasuan kasuko azterketarekin eztabaidatu eta adostuko da.
- AEBek epe luzeko lankidetza ekonomikoaren akordioa sinatuko dute energian, baliabide naturaletan, azpiegituretan, adimen artifizialean, datu-zentroetan, Artikoan lur arraroen metalak erauzteko proiektuetan eta elkarrekiko onuragarriak diren beste aukera korporatiboetan.
- Errusia G8ra berriro sartzera gonbidatuko da.
14. Funts izoztuak honela erabiliko dira:
- Errusiaren aktibo izoztuetako 000 milioi dolar AEBek bultzatutako Ukrainaren berreraikuntza eta inbertsio ahaleginetan inbertituko dira.
- AEBek ekimen honen irabazien %50 jasoko dute. Europak 000 milioi dolar gehituko ditu Ukrainaren berreraikuntzarako eskuragarri dagoen inbertsio kopurua handitzeko. Europako funts izoztuak desblokeatu eginen dira. Errusiaren gainerako funts izoztuak inbertsio-tresna errusiar-estatubatuar berezi batean inbertituko dira, zeinak arlo zehatzetan proiektu bateratuak gauzatuko dituen. Funts honen helburua harremanak indartzea eta interes komunak handitzea izanen da, gatazkara ez itzultzeko pizgarri sendoa sortzeko.
15. Segurtasun arazoei buruzko lan-talde errusiar-estatubatuar bateratua sortuko da akordio honen xedapen guztiak sustatzeko eta betetzen direla bermatzeko.
16. Errusiak legerian jasoko du Europa eta Ukraina ez erasotzeko politika.
17. AEBek eta Errusiak armak ez ugaltzeko eta kontrolatzeko itunen indarraldia luzatzea hitzartuko dute, START I Ituna barne.
18. Ukrainak NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren arabera, Estatu ez-nuklearra izatea onartzen du.
19. Zaporozhieko Zentral Nuklearra IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen ikuskaritzapean berrabiaraziko da eta sortutako elektrizitatea Errusiaren eta Ukrainaren artean erdibana banatuko da.
20. Bi herrialdeek eskoletan eta gizartean hezkuntza-programak ezartzeko konpromisoa hartzen dute, kultura desberdinen ulermena eta tolerantzia sustatzeko eta arrazakeria eta aurreiritziak ezabatzeko:
- Ukrainak EBren irizpideen arabera arautuko ditu erlijio-tolerantzia eta hizkuntza-gutxiengoen babesa.
- Bi herrialdeek neurri diskriminatzaile guztiak indargabetzea adostuko dute eta Ukrainako eta Errusiako hedabideen eta hezkuntzaren eskubideak bermatzea.
- Ideologia eta jarduera nazi guztiak baztertu eta debekatu behar dira.
21. Lurraldeak:
- Krimea, Luhansk eta Donetsk de facto errusiartzat aitortuko dira, AEBek barne.
- Jerson eta Zaporozhie harreman-lerroan izoztuko dira, eta horrek de facto aitorpena ekarriko du harreman-lerroan zehar.
- Errusiak uko eginen die bost eskualdeetatik kanpo kontrolatzen dituen beste lurraldeei.
- Ukrainako indarrek gaur egun kontrolatzen duten Donetsk oblasteko inguruetatik atzera eginen dute, eta eremu hori eremu neutral desmilitarizatutzat hartua izanen da eta nazioartean Errusiako Federazioarena den lurralde gisa aitortua. Errusiako indarrak ez dira sartuko eremu desmilitarizatu horretan.
22. Lurraldearen inguruko akordioak adostu ondoren, Errusiako Federazioak eta Ukrainak akordio horiek indarrez ez aldatzeko konpromisoa hartzen dute. Segurtasun bermeak ez dira aplikatuko konpromiso hau hausten bada.
23. Errusiak ez dio eragotziko Ukrainari Dnieper Ibaia merkataritza-jardueretarako erabiltzea, eta akordioak lortuko dira Itsaso Beltzean zehar zerealen garraio librea egiteko.
24. Giza-laguntza batzorde bat sortuko da oraindik konpondu gabeko gaien korapiloak askatzeko:
- Gainerako preso eta gorpu guztiak "guztiak guztien truke" irizpidearen arabera trukatuko dira.
- Atxilotutako zibil eta bahitu guztiak itzuliko dira, haurrak barne.
- Familia-bateratze programa bat ezarriko da.
- Gatazkaren biktimen sufrimendua arintzeko neurriak hartuko dira.
25. Ukrainak 100 eguneko epean hauteskundeak eginen ditu.
26. Gatazka honetan inplikatutako alderdi guztiek amnistia osoa jasoko dute gerran zehar egindako ekintzengatik eta konpromisoa hartuko dute etorkizunean erreklamaziorik ez egiteko edo kexarik ez aztertzeko.
27. Akordio hau legez loteslea izanen da. Bere ezarpena Bake Kontseiluak gainbegiratuko eta bermatuko du, Donald J Trump presidentea buru dela. Arau-hausteak direla-eta zigorrak ezarriko dira.
28. Alde guztiek memorandum hau adostu ondoren, su-etena berehala jarriko da indarrean, alde biak adostutako puntuetara atzera egin ondoren, akordioa ezartzen hasteko.
joan mari beloki kortexarena
2025-11-24

Iruzkinak
Utzi iruzkina: