Bakerako 28 puntu (eta II)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-11-25 00:29

belokijmari@gmail.com 1764027272747

Atal honetan 28 puntuen inguruko hausnarketa xumea egin nahi nuke, kaleko pertsona arrunt baten ikuspuntutik ekimen honek izan lezakeen arrakasta neurtzeko. Lehen zatian, puntu zehatzen inguruan jardunen dut, ondoren balorazio orokorra egiteko. Dokumentua gehiegi luza ez dadin, hausnarketak ezinbestean llaburrak izan beharko dute.

  1. Baina zein Ukraniarena? 1991n independentzia eskuratu zuen harena? 2014an Krimea galdu zuen horrena? Ala oraingo OMB amaitzen denean geratuko den Ukraina berriarena?
  2. EB “harrizko gonbidatua” da afera honetan eta Ukraina AEBen beso egile hutsa. Azken dokumentuaren sinatzaileak dokumentua jorratzen ari direnak berak izanen dira, hau da, AEB eta Errusia.
  3. Errusiak hamaika aldiz esana du ez duela Europan lurrik konkistatzeko asmorik ezta beharrik ere. AEBek, berriz, 1991n egin zuten promesa zapuztuta mantentzen dute gaur egun, hau da, NATO Errusia aldera milimetro bakarra ere ez zela zabalduko. Beraz, NATO gehiago ez zabaltzea ala NATOren arma arriskutsuak 1991ko puntura eramatea da kontua?
  4. Puntu honetan datza Ukrainako gerraren muina. AEBek eta Errusiak adostu beharko lukute Europa osorako segurtasun globala. AEB ez dira bitartekariak, eragile nagusietako bat baizik.
  5. Ukrainak eskubidea izanen du kanpotik laguntza jasotzeko. AEB eta Errusiarekin adostuko dute.
  6. 2022an Ukrainako soldadu profesionalak ez ziren 300.000ra iristen. 2022ko Istanbulgo negoziazioetan Ukrainak kopurua 85.000ra murriztea onartu zuen.
  7. Ukrainak ez du lekurik izanen NATOn. Lege bidez jasoa geratuko da.
  8. Ukrainak NATOn lekurik izanen ez duen bezala, NATOren indarrek Ukrainako lurretan ere ez. Hau ere lege bidez jasoa geratuko da.
  9. Puntu hau estatubatuarrek 1991n egindako promesarekin lotuta dago. Arma arriskutsuek ezin dute lekurik izan Alemaniatik ekialdera. Polonian ere ez. Puntu honek garrantzi handia du, zeren Errusiak erantzun simetrikoa emanen balu, arma nuklearrak koka litzake Kuban, Venezuelan, Nikaraguan…
  10. AEBek eta Ukraina berriak beren artean nahi dutena adostuko dute; segurtasun neurri batzuek bezala, konpentsazioak, merkataritza-gaiak eta beste asko ere. Gainerako esaldiak soberan daude.
  11. Ukrainako Gobernu berriak erabakiko ditu inguruko herrialdeekin izan nahi dituen harremanak. Agian Errusiarekin estuagoak nahiko ditu EBrekin baino.
  12. Trumpek lehenbailehen ziurtatu nahi du negozio biribila Ukraina berreraikitzeko lanen bitartez. Orain al da horretaz mintzatzeko garaia?
  13. Bake plan serio batek aurreikus al lezake Errusiari zigor ekonomiko batzuk bakarrik kentzea eta, gainera, auskalo nork erabakita? Puntu honetan berriz azaltzen da Trumpek korporazio yankientzat negozio biribilak ziurtatzeko gogoa. Ez legoke gaizki, baldin eta korporazio horiek bake plana sustatzeko konpromisoa har dezaten balioko balute.
  14. Puntu hau oso-osorik ezabatu beharrekoa da. Errusiak nola onartuko die bere diruarekin besteek erabakitzea zer egin?
  15. Puntu hau atzeegi azaltzen da. Batzorde horretan hitzartu behar baitira, hasieratik, Europa osorako segurtasun neurri guztiak. Ondoren etorriko da jarraipena egitea.
  16. Eta bera erasotzen badute?
  17. Errusiak aspaldi esana du itun hori luzatzea komeni dela.
  18. Proiektu zibiletarako zergatik ez?
  19. IAEA erakundeak Iranen ez al du ongi erakutsi ez dela neutrala? Bestalde, Zaporozhieko zentrala Errusian bada, eta errusiarrena izanik, nork agin liezaioke Errusiari sortzen duen energia nora bideratu?
  20. Tolerantziari buruzko araudiak zergatik EBren irizpideen arabera? Europak erakutsiko al die tolerantzia zer den 180 talde etniko baino gehiago dituen eta beste hainbeste hizkuntza mintzatzen den Errusiako Federazioari?
  21. Errusiak onartuko al du bere Konstituzioan dagoeneko txertatuta dauden bost oblast horien inguruan aldaketa instituzionalik? Bestalde, Vladimir Putinek esana du soldadu errusiarren odola isuri den lur guztiak Errusiaren esku geratuko direla.
  22. Nazioarteko legeria ezarriko da, besterik gabe.
  23. Puntu honetan ere azken erabakiak gerraren bilakaerak erabakiko ditu baldintza guztiak.

25. Azken dokumentua sinatzen denetik hasita agian tartea handiegia izan liteke.

26. Puntu honek bete-betean talka egiten du nazioarteko legeriarekin. Gerra krimenak ez baitute iraungitzen.

27. Puntu hau zehazteko azken dokumentua sinatzeko ordura arte itxaron beharko da.

28. Aurreko puntuan bezala, sinatzeko unera arte itxaron beharko da.

Dokumentu honek funtzionatuko al du? Ba al du onartua izateko aukerarik?

Garbi dago orain idatzita dagoen bezala ez dela inora iritsiko. Puntu batzuk onartezinak dira errusiarrentzat eta beste hainbat, une hauetan, ukrainarrentzat. Vladimir Putinek abiapuntu gisa onargarria dela esan duela izan liteke erabakigarriena.

Atzetik dagoen lana ezaguna ez den arren, estatubatuarren eta errusiarren artean izandako elkarrizketen ondorio dela ikus liteke. Filtrazio bidez ezaguna izateak oraindik zirriborro bat besterik ez dela erakusten du eta, hortaz, eztabaidatzen jarraitzeko dokumentua.

Norbaitek negoziazio prozesu hau eteteko asmoz egin du filtrazioa. Oraindik nor izan den argitu ez den arren, Keith Kelloggen izena zabaldu da, hau da, Ukrainarako Donald Trumpen bidali berezia. Filtrazioarekin batera militar ohi horren dimisioaren berria ere zabaldu da. Zaila da bi berrien artean lotura badagoela ez ikustea.

Dokumentuaren garrantzia azpimarratzen duen beste berri bat Donald Trumpen eta Ukrainako ordezkarien artean Genevan azaroaren 23an egin duten bilera jendetsua da. Ukrainarrek azaldu dituzten kezka eta desadostasun handienak lurralde batasunaren inguruko kontzesioak, armadaren soldadu kopurua eta NATOko ateak ixtea izan dira.

Beraz, dokumentua bi aldeetatik serio hartua izan dela esan liteke.

Zergatik orain dokumentu honen lanketa?

Donald Trump eta Vladimir Putinek Alaskan adostu zutenaz hitz egiterakoan, Zelenskik inola ez zuela onartuko esan omen zion presidente estatubatuarrari. Hori dela medio, D.Trumpek izoztuta utzi zuen V.Putinekin Alaskan hitzartutakoa.

Geroztik bi berri deigarri zabaldu da Ukrainako gatazkaren inguruan: lehena, militarki Ukrainako armada kolapsatzen ari dela hainbat lekutan eta gero eta zabalduago dagoela munduan gerra irabazteko ez duela aukerarik txikiena ere. Bestetik, AEBetatik sekula atera behar ez zuten ehunka milioi dolar aurkitu dutela Zelenskiren konfiantzako jendearen eskuetan.

Ustelkeriaren berriek Zelenskiren sinesgarritasuna oso maila eskasean utzi dute nola munduan hala Ukrainan bertan ere. Bi arrazoi hauek izan omen dira presidente estatubatuarraren ekimena, Alaska ondorengo geldialdia eta gero, orain berrindartzeko arrazoia. Korporazioen interes ekonomikoak dokumentuan sartu izanak indartu egiten du D.Trumpen apustua serioa deneko ustea.

Ondorioa

Gerraren amaiera Errusia eta AEBetako bi presidenteen konfiantzako ordezkarien artean lantzen hasiak dira. Filtratu den dokumentuak ongi adierazten duen bezala, oraindik bide luzea dute ibili beharra bi aldeek sinatzeko moduko hitzarmenera iristeko. Hilabete mordoa seguraski.

Ukrainako eta Errusiako Gobernuen helburuak kontrajarriak dira eta ez dago puntu komun batera iristeko aukerarik. Gerraren bilakaerak finkatuko ditu amaieraren baldintza nagusiak.

joan mari beloki kortexarena

2025-11-25


Utzi iruzkina: