Azken gertakizunen irakurketa (III)
Atzo Larry Johnson CIAko agente ohiaren eta Glenn Diesen analista norvegiarraren arteko elkarrizketaren lehen atala eskaini genuen. Gaur bigarren atala dakargu, munduan sortzen ari den egoera berria hobeki ulertzeko lagungarri izanen delakoan.
GD: Trumpek bere burua bakegiletzat aurkezten duen bitartean, gerraren planifikatzaileek -Alemaniako jeneral estatubatuarrak eta CIAko agenteak dira- findegien eta ontzi errusiarren aurkako erasoak planifikatzen dituzte. AEBetako kontratistek jaurtitako arma estatubatuarrak dira, satelite estatubatuarrek gidatuak, AEBetako inteligentziak aukeratutako helburuekin. Hortaz gain, Trumpen argudioak ditugu: zigor masiboak ezarri behar dira eta India bezalako herrialdeei presioa egin behar zaie Errusiarekin salerosketak egiteari utz diezaioten. Zergatik jarraitzen dute errusiarrek parte hartzen honetan?
LJ: Beno, uste dut Txinak, Indiak eta, neurri txikiagoan, Brasilek presioa egiten diotela Errusiari AEBekin negoziatzen saia dadin. Hori bai, Putinen egoitzaren aurkako erasoaren eta Maduro presidentearen bahiketaren ondoren, Txinaren, Indiaren eta Brasilen presioa nabarmen jaitsiko da. Uste dut AEBak legerik gabeko herrialdea direla onartzen dutela orain. Donald Trumpek berak onartu du: "Bai, egin genuen eta berriro eginen dugu." Agur NBEri. NBE txantxa bat dela onartu dute, eta horri ez zaio arretarik jarri behar. Oihaneko legea da hau. Hau Vladimir Putinen ikuspegiaren guztiz kontrakoa da, beti esan izan baitu nazioarteko zuzenbidearen arabera jokatu behar dela. Baina AEBetatik esaten ari dira nazioarteko zuzenbideak dagoeneko ez duela garrantzirik. Beraz, Errusiak azken horren arabera jokatzeko prest egon behar du.
GD: AEBek munduari esaten badiote arauak jarraitzeko arrazoi bakarra dela haien aurka erabil daitekeen indarra, horrek estatu asko esnatzea ekarriko du. Parisen, estatubatuarrek Ukrainara tropak bidaltzeko babesa eskaintzen zietela uste zuten europarrek. Eta errusiarrek erasoz gero, estatubatuarrek esku hartuko zutela. Europarrak tropak bidaltzera bultzatu nahian ote dabil Trumpen administrazioa?
LJ: Etsaia bere buruaz beste egiten ikusten duzunean, ez esku hartu hura geldiarazteko. Animatu eta jarraitu. Hori da orain AEBak egiten ari direna NATOri dagokionez. Lehen, errusiarren kezka nagusietakoa zen NATO bateratua. Orain, Trumpen pailazokeriei eta NATO zatitu eta banandu lezaketen NATOko gainerako kideekin liskarrak sortzeko probokazioei erreparatuta, hori sustatzeko Errusiak ahalegin guztiak eginen dituela uste dut. Badirudi Trump Errusiako agente gisa ari dela zentzu horretan. Batasuna sustatu beharrean, liskarrak eragiten ari da Danimarkarekin. Orain Danimarka bere indar militar txikia ari da bidaltzen Groenlandiara, AEBei aurre egiteko.
GD: Norantz doa orain gerra hau? Fronteko Ukrainako lerroek hondatzen jarraitzen dute. Ukrainako energia-azpiegituraren eta ekoizpen-ahalmenaren gainean ere presio handiagoa dago, bai ekonomiarentzat, bai gerrarentzat. Azken norgehiagokarako prestatzen ari ote dira?
LJ: Ukrainak, argi eta garbi, soldadu kopuruarekin arazoak ditu. Errusia, berriz, etengabe handitzen aritu da eta orain Errusiako lurreko indarren soldaduak 1,5 milioi inguru dira. Mobilizazioa eta errekrutatze-kanpainak bultzatzen ari dira, 2 milioiren kopurua gainditzeko. Hau ez da Ukrainara bakarrik, NATOrekin gero izanen duen gerrarako ere bada, horretarako ere prestatzen ari baita. Orain galderak sortzen dituen aldagaia Trumpen jokabide erratikoa da. Trumpek Groenlandiagatik Danimarkarekin duen konfrontazioarekin aurrera jarraitzen badu, NATOren gainbehera azkartuko da eta are gehiago ahulduko du. Izan ere, Meloni Italiako lehen ministroak Errusiarekin hitz egiten hastea aipatu du. Hala ere, Ukrainako egoera militarra oso azkar okertuko dela uste dut, eta Errusiak soldadu ukrainarrak Donetsketik kanporatuko dituela. Putinek argi utzi zuen mahai gainean zegoen akordioa berri batek ordezkatuko duela une horretan, eta horrek esan nahi du, Dnipropetrovsk, Sumi eta Poltava okupatzen badituzte, oblast horiek Errusiaren parte bihurtzeko bozkatzeko aukera izanen dutela.
GD: Errusiarren oraingo taktika Ukrainako hiriak geldiaraztea dela esan zuen duela gutxi Zelenskik. Hiriak gelditzen badira, orain Kievekin gertatzen ari den bezala, herrialdea gelditu eta gerra amaitu eginen da. Baina europarrek oso argi utzi dute ez daudela gerra honi amaiera emateko prest. Trumpek tonu bateratzaileagoa zuen eta akordio batera iritsi nahi zuten. Baina CIAk ez du alde eginen. Orduan, zer gertatuko da gerra amaitu eta hurrengo egunean? Ukrainan talde ezberdinak izanen al dira gerra zibilean? Badirudi hurrengo egunean arazo berriak egonen direla.
LJ: Ukrainan operazio militar edo paramilitarrak aurrera eramateko gaitasuna nork gordetzen duen izanen da gakoa. Haiek hartuko dituzte erabakiak. Apti Alaudinoven iruzkin liluragarri bat ikusi nuen. Bere fede islamikoa eta Errusiako bandera nazionala sinbolizatzen dituen bandera baten aurrean eserita zegoen. “Marinera” itsasontziaren abordaiaren aurrean erreakzionatzen ari zen eta erantzuna jaso beharko duen estatubatuarren eraso zuzena bezala ikusten zuen. Oraingoz Errusiak bere operazio militarrak Ukrainara mugatzen jarraituko du, baina ez nintzateke harrituko egunen batean AEBei esanen balie, "Ohartarazten dizuegu aurrerantzean Itsaso Beltzean edo gure mugetan zehar AEBen errekonozimendu-hegazkinak helburu legitimoa izanen direla eta eraitsi eginen ditugula”. Halaber, bandera errusiarra duten ontzietan ere indarrak jarriko dituzte, eta AEBek ontzi horiei heltzeko egindako edozein saiakerari aurre eginen diote. Horrek koska bat gorago igoko du egoera, eta arriskua egonen da liskar militar bihurtzeko. Orain eszenatoki arriskutsua izanen da gerra galtzen ari direnek, NATO eta Ukrainak, etsi-etsian Itsaso Beltzeko flota errusiarrari eraso egitea edo, agian, Errusiaren aurka misilak jaurtitzen hastea.
GD: Merzek esan zuen Errusiaren baimenik gabe ez dutela Ukrainan indar alemaniarrik zabalduko. Errusiaren baimenik ez baduzu, ez duzula eginen aitortu zuen. Dirudienez, Starmerri oraindik ez zaio mezua iritsi.
LJ: Gure azken 30 urteetako proiektua Errusiarik gabeko Europa sortzea izan da. Errusiak ez duela parte hartuko Europako erakunde nagusietako bakar batean ere ziurtatu dugu. Eta orain ez du ahotsik. Beraz, orain Errusia hor ez dagoela itxura egin dezakegu. Errusiaren baimenik behar ez dugun ideia hori? Behar duzu. Baimenik ez baduzu, Oreshnik jasoko duzu. Benetan ez dut klase politiko hau ulertzen. Gerra Hotzeko guardia zaharra berreskuratu behar dugu. Lider haiek zentzua behintzat bazuten.
GD: Gerra izugarri suntsitzaile batetik zetozen. Lagunak eta senideak galduak zituzten. Beren herrialdeak birrinduta ikusi zituzten. Bazekiten zein zen kostua. Eta ez zuten berriro bide hori egin nahi. Beraz, pizgarri handi bat zeukaten esateko: "Jar ditzagun arau batzuk eta guztiok onar ditzagun muga horietatik atera gabe bizitzeko. Lerro horien barruan geratuko gara, beste gerra bat saihesteko". Donald Trumpekin aurrez aurre daudenak inondik inora horrela gidatzen ez den jendea da. Kontrolik gabe ari dira.
LJ: Ez dugu historiatik ikasten eta hau da askok aipatzen duten madarikazio nagusia, belaunaldi bakoitzak bere kabuz ikasi behar dituela gerraren izugarrikeriak. Bigarren Mundu Gerrako belaunaldia desagertuz doa eta dagoeneko ez da ia inor geratzen izugarrikeria horiek guri gogorarazteko. Belaunaldi honek gerrak zer esan nahi duen Oreshnik gure hirietan erortzen hasten denean ikasiko du.
https://www.youtube.com/watch?v=Y3JtaGol6-Q
joan mari beloki kortexarena
2026-01-13

Iruzkinak
Utzi iruzkina: