Azken gertakizunen irakurketa (II)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-01-13 00:58

belokijmari@gmail.com 1768262823584

Oraingo honetan Larry Johnson dakargu txoko honetara, azken gertakizun esanguratsuen inguruan egiten duen irakurketa politikoa ezagutzeko. Beti bezala, oso interesgarriak dira CIAko agentea izan zen gizon honen iritziak. Glenn Diesen analista norvegiarrak egin dizkio galderak.  

GD: egoera baretu beharrean, pirateria ekintzetan murgildu dira AEBetakoak, Errusiako ontzi bat bahituz. Gaur errusiarren erantzuna ikusi dugu, Oreshnik bat, ojibarik gabea. Moskuren azken abisua izan litekeela dirudi, orain han dagoen haserre bizia ikusita. Zer gertatu da?

LJ: abenduaren 28an hasi zen guztia, Vladimir Putinen egoitza ofizialaren aurkako eraso batekin. Nonbait, CIAk Putin etxe horretan zela uste zuen eta hiltzeko benetako aukera izanen zutela. Oraintxe errusiarrak amorratuago daude Crocus City Center-en aurkako atentatu terrorista edo Putinek Kursk-era hegan egin eta bere helikopteroa eraisteko saiakera egin zutenean baino. Orduan Errusiak ez zuen oraingo sumindura berarekin erreakzionatu. Antza denez, Putinen aurkako erasoa Errusiako aginte nuklearraren egitura inplikatzen zuen helburu batekin lotuta zegoelako gertatu da hori. Ekainaren 1ean, AEBek Ukrainari lagundu zioten Errusiaren aireko base estrategikoen aurkako eraso bat aurrera eramaten, Errusiaren ahalmen nuklearraren aurkako beste kolpe bat izan zena. Errusiarrek erantzutea erabaki zuten eta modu egokian egin dute. Ukrainan metatutako gas naturalaren %50 suntsitu zuten, eta Dnipropetrovsk, Jarkiv eta Kiev osoko beste azpiestazio eta energia zentro garrantzitsu batzuei ere eraso zieten. Ukrainako argi guztiak itzaltzeko eta energia eteteko prozesuan da Errusia. Kieven Klichkó alkatea jendeari hiria uzteko eskatzen ari zaio, ura moztu behar dutelako. Bestela, hodiak lehertu eginen dira eta iturgintza sistema guztia hondatuko da. Errusia neurriz jokatzen ari da bere erantzunean. Ez da Europa osoan zehar ero-eroan NATOren baseak erasotzen hasi. Hori Errusiarentzat azken urratsa izanen litzateke. NATOrentzat ohartarazpen bat da: “Ezin zaituztegula harrapa uste baduzue, bai, badezakegu”.

GD: zein hurbil egon gaitezke gerra batetik?

LJ: duela urtebete baino gertuago gaude. Eta ez da hilaren 28an Putinen egoitza ofizialaren aurkako erasoagatik soilik. AEBek Errusiako petrolio-ontzia harrapatu eta abordatu izana ere gertatu da. Gauza surrealista da. AEBak ez dira gauzak argi pentsatzen ari. Errusia Venezuela bezala beldur dezaketela uste dute. Hauetako egun batean marra guztiak gurutzatuko dituzte eta Errusiak Ukrainatik kanpo eraso beharko du. Oraingoz, helburuak Ukrainan kolpatzearekin konformatzen da, NATOren instalazioak barne. Duela hiru egun, Errusiak Dnipropetrovsk, Odessa eta Ukrainako mendebaldeko hainbat instalazio kolpatu zuen, guztiak AEBetako fabrika zirenak, eta suntsitu egin zituen. Errusia mezu argia bidaltzen ari zaio Washingtoni.

GD: Alexei Arestovych Zelenskiren aholkulari ohiak adierazi zuen Vladimir Putinen egoitzaren azpiko bunkerretan dagoela Errusiako aginte nuklearraren zentroa. Horrexegatik zeuden errusiarrak hain haserre. AEBek egindako eraso zuzen gisa ikusten dute. Eredu zabalago baten barruan sartuko litzateke, Engels basearen aurkako erasoarekin batera, non Errusiak bere bonbaketari estrategikoak eta arma nuklearrak dauzkan. Eraso nuklearren abisu azkarra egin behar duten alerta nuklearreko radarren aurkako erasoarekin ere koherentea dela gehitu daiteke. Era berean, 2025eko ekainean, Errusiako bonbaketari nuklearren aurkako erasoa izan zen. Nola interpretatu behar da hori? Lehenengo eraso nuklear baten abisua al da?

LJ: Analista batek aztertu behar duen lehenengo gauza da ea AEBek nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko akordioak errespetatzen dituzten. Ez, ba. Donald Trumpek nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko itunak aitortzeko edozein asmo guztiz baztertu du. Trumpen agintepean dauden AEBak oso argi utzi dute nahi dutena hartuko dutela, nahi dutena eginen dutela eta nahi dutena hilen dutela. Trump eta bere administrazioko kide nagusiak Errusiari esaten ari zaizkio, "Zuen nazioarteko zuzenbidea ipurditik pasatzen dugu." Errusia nazioarteko konbentzioak betetzen eta nazioarteko legeak mantentzen saiatu da, arma nuklearren ekoizpena mugatzeko akordioak barne. Are gehiago, Donald Trumpek aldebakarrez indargabetu zuen irismen ertaineko indar nuklearren ituna, eta oraintxe bertan atzera bota ditu kontinente arteko misil balistikoak kontrolatzeko aukera emanen ligukeen START ituna mantentzeko edo berritzeko eskaintzak. Beraz, hori guztia testuinguru bezala hartuta, Errusiak gerrarako prestatu behar du. AEBek ulertuko duten gauza bakarra indarra baita. Negoziazioak irtenbiderik gabeko kalezuloa dira. Ni bere aholkularia banintz, horixe esanen nioke oraintxe bertan Vladimir Putini.

GD: ontzi errusiarren konfiskazioari dagokionez, AEBak pirateria ekintzak egiten ari dira, itsasontziak bahitzen edo erasotzen. Badirudi Errusia bere ontziak indar militarrez babesten hasiko dela, eta horrek esan nahi du Errusiako Armada askoz aktiboagoa izanen dela Itsaso Baltikoan, Itsaso Beltzean eta baita Artikoan edo doazen edozein lekutan ere. Zure ustez, nora garamatza honek? Izan ere, kalkulu akats batengatik gerra pizteko arriskua izugarri handitzen ari baita.

LJ: Putin presidenteak galdetuko balit, "Johnson jauna, eman al diezadakezu adibide bakar bat non AEBek nazioarteko zuzenbideari lehentasuna eman dioten beren ekintzak mugatzeko orduan?" Ezetz esan beharko nuke. Zer alde dago itsasoko pirateriaren eta lurreko pirateriaren artean, presidente hautatu bat bahitu eta bahitzen dutenean? Baliteke ez gustuko ez izatea, baina Nicolas Maduro nazioartean lider aukeratutzat onartzen zen. Beraz, AEBek inolako lege-murrizketarik ez dutela dute abiapuntu. Beren nahia lor dezaketela uste badute, aurrera eginen dute. Errusiak iraganean itsasontzi “mamu” horietako asko erabili du. Baina Errusia eta Txina ontzi horiek beren banderekin banderatzeko asmotan direla esanen nuke. Eta ez nintzateke harrituko Errusia ontzi horietan 15 edo 30 militar eramaten hasiko balitz, babes gisa; hartara, hurbiltzen den edozein helikopterori aurre eginen liokete. Venezuelako petrolioak Txinarentzat duen garrantziaren gainestimazio izugarria egin da. Mesede bat egiten ari zitzaizkion Venezuelari. Beren petrolioa erosten zuten, behar ez bazuten ere. Txinaren tankeran, influentzia irabazi nahian ziharduen, dirua eta laguntza emanez.

GD: Vladimir Putini aholku ematen ariko bazintzaizkio, zer esanen zenioke Washingtonek negoziazioen inguruan dituen asmoei buruz?

LJ: negoziazioak kale itsuak dira, ez dira serioak. AEBek ez dute benetako asmorik Errusiarekin akordio bat egiteko. Steve Witkoff eta Jared Kushnerrekin eginen duen hurrengo bileran, hau esatea iradokiko nioke Putin presidenteari: "Begira, elkarrizketa hauek arrakastatsuak izan daitezen nahi badugu, zuek serioski ari zaretela erakusten duten neurri zehatzak beharko ditugu." Eta horrek zera esan nahi du:

  1. Errusian Trump presidentearengana sarbide zuzena izanen duen enbaxadore bat izendatzea.
  2. Errusia eta AEBen arteko zuzeneko hegaldien gaineko debeku guztiak kentzea.
  3. AEBetan errusiar kontsulatuak irekitzea galarazten duten muga guztiak bertan behera uztea, bi herrialdeen arteko bidaiak errazteko.
  4. New Yorken eta Washingtonen ditugun misio diplomatikoetan konfiskatu dituzten Errusiaren jabetzak itzultzea eta gure diplomatikoei bidaiatzea eragozten dieten murrizketak altxatzea.

Lau gauza horiek egin eta orduan jakinen dugu serio ari zaretela. Ikusiko dugu egiten duten. Ez dut uste.

https://www.youtube.com/watch?v=Y3JtaGol6-Q

joan mari beloki kortexarena

2026-01-13


Utzi iruzkina: