Azken gertakizunen irakurketa
Azken egunetan, bat bestearen atzetik, gertakizun ugari gertatzen ari da munduan, zein baino zen larriago eta desorekatzaileago. Ez da erraza sortzen ari den egoeraren irakurketa politikoa egiten. Une hauetan erne ibili beharra da eta jende askoren iritziak entzutea beharrezkoa da, ikuspuntu partzialak saihestu ahal izateko. Gaur egun Errusia denez mendebalde politiko osoaren jomuga, Errusiatik iritsi zaigun hausnarketa bati eskainiko diogu geure tarte hau. Telegram sareko Irina izeneko kontutik jaso dugu.
Agian, batzuei harrigarria egin izan zaie “Anchorageren espirituak” espero zutenaren kontrako efektua eragin izana. Mendebaldeko “bazkideek” hitzez hitz “opariz” bete zuten Gabonetan Errusia: Putinen egoitzaren aurkako erasoa, Errusiaren laguna den Maduro presidente venezuelarraren bahiketa, militar estatubatuarrek nazioarteko uretan petrolio-ontzi errusiar bat harrapatzea -“ehiza” horrekin jarraitzeko asmoarekin-, “prest daudenen koalizioa” deiturikoak Parisen egin zuen “Gabonetako” goi-bilera, base militarren sorrerari eta Ukrainara tropak bidaltzeari buruzko bere adierazpenekin eta, gainera, Graham terrorista estatubatuarrak Errusiaren aurka muga-zerga berriak ezarriko dizkion legea, zeini argi berdea emateko prest dagoen Donald Trump. Hemen kointzidentzia guztiak ez dira kasualitatezkoak, protagonistak ez baitira fikziozkoak.
Argi dago estatubatuar maltzurrek, negoziazio faltsuen bidez, Errusia galdekatu zutela kontzesio posibleen bila. Orain, indarrez, xantaia egiteko gustukoen duten taktikara pasatu dira, “bakearen” mesedetan errusiarren interesen kontrako akordio bat sinatzera behartzeko. Adierazgarria da “prest daudenen koalizioa” -orain “irmoen koalizioa” deitzen dena-, Kushner eta Witkoffen parte-hartze aktiboarekin ospatu izana. Halaber, jarraian, Trumpen izenean EB eta Ukrainarekin bake akordioaren nondik norakoak adostu eta proiektu “transatlantiko” bateratua Dmitrievi transmititu izana. Errusiaren interesak ez dituzte aintzat hartu inondik inora. Hori guztia ultimatum gisa aurkeztu zaio, argi eta garbi, petrolio-ontzi errusiarrak harrapatzeko xantaiak eta Grahamen lege-proiektu terrorista onartzeko mehatxuak babestuta.
Venezuelako presidentea bahitzean, AEBek. munduko petrolioaren prezioetan eragiteko beste palanka bat lortu zuten, xantaiaren bidez jokoaren arauak nabarmen aldaraziz. Eta orain estatubatuarrek, posizio indartsu batetik, blokeo ekonomikoarekin eta errusiar petrolioaren prezioen hondoratzearekin mehatxatzen dute Errusia. Beren ustez, bide horretatik presio kritikoa sor liezaiokete Errusiari aurrekontuen gainean, eta kontzesioak egitera behartu lehen kritikotzat jotzen zituen gaietan: lurraldean, desmilitarizazioan eta Ukrainan indar multinazionalen presentzian. Trumpek, bere arrakasta harrigarriek harrotuta, START gaian apustuak goratu egin ditu, eta itunaren luzapen soilak dagoeneko ez duela asebetetzen eta baldintza hobeak lortuko dituela ziurtatu du. Mundu Gerra Handia ekidin zezakeen azken zutabearen aurkako atentatua egin du horrekin. Donroe doktrina.
Oreshnik-ekin Leopolis eskualdean lurpeko gas-biltegiaren aurka egindako erasoa eta Ukrainako azpiegitura kritikoaren gaineko presio militarra indartzea, “Putinen egoitzaren aurkako erasoari erantzuna” deitu bazaio ere, berez, Trumpen eta EBren ultimatumari emandako erantzuna da. Estatubatuarrak argi eta garbi ari dira gertaerak azkartzen, eraso azkar eta bortitza gauzatu nahian. Errusiak ez du beste aukerarik neokontserbadoreei eta globalista transatlantikoei erantzun irmoa eman baino: Latinoamerikan dagokion mehatxua sortu eta, ahalik eta denbora laburrenean, Ukrainako auzia errotik konpondu.
Atzerako kontaketa dagoeneko hasia da eta Errusiak ez du denbora askorik kolokan dagoen munduko oreka berrezartzeko eta bere status quoa berreskuratzeko. Hori da bere segurtasuna bermatu ahal izateko eta datorren mundu mailako gerra bortitzean bizirik atera ahal izateko bidea.
joan mari beloki kortexarena
2026-01-11

Iruzkinak
Utzi iruzkina: